www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA AMAIKAGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Mezako Sakrifizio miragarriaren gañean bigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian asi ninzan Mezako Sakrifizioaren gañean itz egiten. Aditu zenduan orduan, Kristaua, nolako ongi nai, eta amorioa agertu digun Jesus onak, Mezako Sakrifizio miragarria ipintzean: Sakrifizio bat anziñako guziak baño geiago balio duana, eta bakarra: Sakrifizio bat egiazkoa, eta egun oro, ta egunean eziñ konta al bider Jaunari eskeintzen zaiona. Aditu zenduan gañera nola egon bear gendukean Sakrifizio au egiten, eta eskeintzen danean. Zeruko Aingeruak arriturik arkitzen dira Aldarearen inguruan: eta nola egon bear genduke, guk? Oraiñ lenbiziko komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Zertako eskeintzen zaio Jaungoikoari Mezako Sakrifizioa? Eranzuten du: Bost gauzatarako. Zeñ dira? Lenengoa: eman alditekean onrarik andien, eta garaiena emateko. Bigarrena, beraren esku ongilleak egin dizkigun ontarte, edo mesede guzien eskerrak emateko. Irugarrena, beraren aserrea palakatzeko, eta gurekin lagun-urkoen bekatuen barkazioa iristeko. Laugarrena, gure, eta Purgatorioko animen bekatu barkatuai dagozten, penak pagatzeko. Bostgarrena, Zerurako bidean bear degun guzia, batezere bekatutik aldegiteko, eta onean irauteko Zeruko lagunza ugariak iristeko.

        Zergatik Mezako Sakrifizioa eskeintzea da eman al ditekean onrarik andien, eta garaiena Jaungoikoari ematea? Zeren eskeintzen zaion bere seme bakar Jesus Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, eta ofrenda au dan neurririk, eta mugarik gabe onragarria. Nola Sakrifizio onek barkatzen ditu bekatuak? Iristen dituala Jaunagandik, bekatutik irteteko bear ditugun, Zeruko lagunzak. Au onela izanik, nola geratzen dira asko beren bizitza gaiztoan? Zeren baliatzen ez diran, bekatutik irteteko, Jaunak bidaltzen diezten, lagunzaz». Ona lenbiziko komunioaren liburuak aldi onetan erakusten diguna.

        Gaurko itz aldia izango da ukitu diran bost gauz oek ugarixeago adiraztea, eta emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Enzun arreta onarekin.

 

 

§ I.

 

        Jesusen guganako ongi nai, ta amorio geiegiak asmatu zuan guri utzitzea Mezako Sakrifizio guziz miragarria, len ekusi degun eran. Zertako ote? Lenengo lekuan Jaunari emateko eman al ditekean onrarik andien, eta garaiena. Jauna da gauza guzien asiera, iturburua, ta iraupena: da izate miragarri bat, zeñagandik datozen gauza guziak itsasotik iturriak datozen bezala: eta gauza guzien asiera oni zor zitzaion onrarik andien, eta garaiena. Egia au ezagutu zuan gizonak, Jaunak eman zion argitasunarekin, eta bereala asi zan berari eskeintzen doai, ofrenda, ta Sakrifizioak, oen artean anzumeak, bildotsak, zekorrak, amarrenak, eta primiziak. Salomonek, bukatu zuanean Jerusalengo Eliza, eskeñi ziozkan Jaunari doai, ta Sakrifizio txit ugariak, bada eskeñi ziozkan ogei, ta bi milla zekor, eta eun, eta ogei milla ari. Baña zer ziran gauz oek Jaunaren anditasunari zor zaion onrari eranzuteko? Zer dira munduko gauza guziak Jaunaren aldean ipintzen badira? Ezer ez bezala, dio Isaias Profetak, eta diran apurra ere berak emana da. Orragatik gizonak, egiñ al guzia egiñ, eta eman al guzia eman arren, etzuan zerekin onratu Jauna zegokan eran. Zer egin zuan Jesus onak? Utzi zigun Mezako Sakrifizioa, non eskeintzen zaion Jaunari doai bat neurri, ta mugarik gabe onragarria, doai bat Jaunarekin guzian berdiña.

        Sakrifizio au eskeintzen zaio urrena Jaunari, egin dizkigun ontarte, eta mesede guzien eskerrak emateko. Ontarte, ta mesedeak artzen dituana beartua dago, bere ongillea aintzakotzat idukitzera, eta berari eskerrak ematera, artu dituan mesedeai dagoten eran. Baña nola emango diozkagu Jaunari, egin dizkigun ontarte, ta mesede guzien eskerrak? Berak eman zigun, eta gordetzen digu degun izatea. Berak ederki prestatu zituan guretzat Zeruak, lurra, eta bizitzeko bear ditugun gauza guziak: eta egin ginduan berarekin batean Zeruan bizitzeko. Galdu zuan Adanek Zerurako esku au ala beretzat, nola guretzat, eta oker au zuzentzeko, bidaldu zuan mundura bere seme bakarra. Ainbesteraño maite izan ginduan, non eman zuan bere seme bakarra, dio S. Juanek: Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret. Egin zan gizon seme au, eman zuan gurutzean bere bizitza, eta ipiñi ginduan Zerurako bidean. Zer geiago? itsasoan arraia urez inguratua arkitzen dan eran, ala gu inguratuak gaude alde guzietatik Jaunaren ontarte, ta mesedez, eta mesede oek egun oro, ta ordu oro berritzen dira. Zer ordañ biurtuko diot Jaunari, egin dizkidan ontarte, ta mesede guziakgatik, zion Dabidek? Quid retribuam Domino pro omnibus, quae retribuit michi? Eta zer esango zuan, geroztik Jaunak gure alde egin dituan gauz arrigarriak ekusi balitu? Ainbeste, ta añ andiak dira Jaunagandik artu ditugun mesedeak, non gai, edo gauza ez geran oen diñako eskerrak emateko. Orregatik utzi zigun Jesu-Kristok Mezako Sakrifizioa, onekin Jaunari emateko zor diogun guziaren eskerrak, Jaun berari, eta artu ditugun mesedeai dagoten eran. Emendik deitzen zaio Sakrifizio oni esker onaren Sakrifizioa.

        Mezako Sakrifizioa eskeintzen zaio Jaunari irugarren lekuan, beraren aserrea palakatzeko, ta gurekin lagun-urkoen bekatuen barkazioa iristeko. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Lege naturalean, edo letraz ezarritako legea Jaunak eman zuan baño lenagoko denboran, eskeintzen zitzaizkan doai, eta Sakrifizioak beraren aserrea itzaltzeko, eta bekatuen barkazioa iristeko. Ala egun oro egiten zuan Job Santuak bere seme, ta alaben bekatuakgatik. Moysesen legean ere baziran bekatuen barkaziorako eskeintzen ziran, Sakrifizioak. Oek Jaunaren begietan utsa, edo ezer ez bezala ziran berenez, S. Paulok dionez; alaere agradatzen zitzaizkan Jaunari, zeren Jesusen gurutzeko eriotzaren anza, eta gereiza ziran. Kendu zituan Jesusek anziñako Sakrifizio aek, ta aen lekuan utzi zigun Sakrifizio bat ezin geiagoraño Jaunari agradatzen zaiona: eskeintzen zaio alabaña bere seme bakarra, eta onegan ditu bere atsegin-kontentuak betikotasunetik: In quo mihi bene complacui. Sakrifizio onek itzaltzen ditu Jaunaren aserreak; bestela munduaren zori gaiztokoa! Gañera Sakrifizio onen bidez ematen dizkigu Jaunak, bekatutik irteteko, eta bizitza onean irauteko, Zeruko laguntzak. Alaere geienak geratzen dira bekatuan, zeren beren griña txarretan itsutuak bizi diran, eta baliatzen ez diran Jaunak bidaltzen diezten lagunzaz.

        Mezako Sakrifizioa eskeintzen zaio Jaunari laugarren lekuan, gure, ta Purgatorioko animen bekatu barkatuai dagozten, penak pagatzeko. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Ekusten zuan Jesus onak, gutxitan izango zala gugan bekatuen damua añ andi eta bizia, non iritsiko genduan, bekatuaren barkazioa ezezik, bekatuaren penarena ere bai. Ekusten zuan, egunetik egunera aziaz joango zala gure bekatuen zorra, eta zor au atera gabe etzegoala Zerurako biderik: eta au guzia ongi zekusanak bezala, ipiñi zuan Mezako Sakrifizioa bekatu barkatuen zorrak, edo penak barkatzeko. Emen galdetu oi dira zenbait gauza, eta oetatik batzuek dira oraiñ ukituko ditudanak. Lenengoa: urliak ateratzen du Meza bat, edo geiago bere bekatuen zorrai eranzuteko; baña Meza esaten danean arkitzen da bekatuan, barkatuko ote zaio bekatuen zorrik? Ez, zeren zor au barkatzen ez da, bekatua bere oñean dagoala; baña emango diozka Jaunak bekatutik irteteko Zeruko lagunzak. Jaunaren grazian arkitzen bada Meza esaten danean, orduan barkatuko dio Jaunak bekatuen zorra, edo guzia, edo zerbait; eta zenbat eta jaiera, edo debozio andiagoarekin ematen duan Meza esateko limosna, anbat ugariagoa izango da barkazioa. 2.a Sandiak ez du Meza ateratzeko erarik, baña Meza nagusietara dator, bere mallari ongi dagozkan, doai edo ofrendakin, eta enzuten du Meza jaiera, ta debozio andiarekin; onek frutu gutxiago ote du Meza esan erazten duanak baño? Ez, baizik geiago, dio Pedro Soto jakintsuak. Alde batetik alabaña Jaunari eskeintzen diozka bere doaiak Mezan, eta bestetik Meza enzuten du jaiera, edo debozio andiarekin; baña Meza ateratzen duanak ez oi du enzun. Esan det bere mallari ongi dagozkan, doai, eta ofrendakin, zeren doai, edo ofrendak ez dira arrotasunez egin, edo eskeñi bear, baizik Jauna onratzeko, eta aitortzeko, bera dala gauza guzien jabe, ta emallea. Doai, edo ofrendarik ezpadezu, Kristaua, ez du ezer esan nai, eskeñi zaiozu Jaunari zure biotza egindako utsegiteen damu andiarekin, eta aurrera bera amatzeko, ta serbitzeko asmo osoarekin, eta uste det, era onetan zuk Meza nagusitik ondasun geiago aterako dezula, beste batzuek Meza ateratzearekin baño; Elizaren lenengo denboretan Errege, ta Erregiñak, andi, eta txikiak Meza nagusietara zijoazen beren ofrendakin, eta S. Karlos Borromeok alegiñ asko egin zuan jai egunetako ofrendak anziñako oñean ipintzeko. Emendik atera ezazu, Kristaua, gai onetan ez dala itz egin bear erraz, eta gauzen berri ongi jakin gabe. Irugarrena: galdetu oi da, obe lizakean guzia Mezatako utzitzea, ezen ez onrak, ofrendak, limosnak egitea? Gerta diteke, erri batean izatea premia estuan dauden bearsuak, eta orduan ez da ongi guzia Mezatarako utzitzea, Domingo Soto gizon txit jakintsuak dionez. Gerta diteke gañera erri bateko Apaizen errentak nolerebait moldatuak izatea onra, ta ofrendakin: orduan ez da ongi oitura ona utzirik, guzia Mezatan biurtzea; baizik egin bear dana da alferrikako gastu gabe erriko usanza gordetzea, eta zerekin duenak atera ditzakee Mezak. Jakizue, Elizaren anziñako usanza dala illai onrak egitea, ta onetarako dira illeta, herena zazpigarrena bederatzurrena, ogei, ta amargarrena, eta urtebetegarrena. Esan ditut gauz oek zeren gaurko egunean noizean beñ agertu oi diran, jakintsuen idurian, aditzen ez dituen, gauzak itz egiten dituenak gai onetan.

        Atzenean Mezako Sakrifizioa eskeintzen zaio Jaunari, Zerurako bidean bear degun guzia iristeko, betezere bekatutik aldegiteko, eta bizitz onean irauteko Zeruko lagunza ugariak. Añ eriezerezak gera animari dagozkan gauzetan, non gauza ez geran gerenez Jesus bat esateko ere bear bezala. Ala esaten digu S. Paulok: Nemo potest dicere Dominus Jesus, nisi in Spiritu Sancto.

        Au onela izan, eta ez ote gera Sakrifizio onezaz baliatuko gaur aditu ditugun gauzetarako? Jesusek guri ongi naiez añ ederki prestatu Sakrifizio au, gure onerako: eta gu izango ote gera oraindaño bezeñ eskergabeak? Ez det uste: eta gaur bear bezalako asmoak sortzeko jarri gaitezen belauniko Jaunaren aurrean, eta gogoan erabilli ditzakun ukitu diran gauzak. (Belaunikatzen dira guziak eta Erakuslea ere bai).

 

1

        Begira, Kristaua, zertako eskeintzen zaion Jaungoikoari Mezako Sakrifizioa? Eskeintzen zaio eman alditekean onrarik andien, eta garaiena emateko: egin dizkigun ontarte, ta mesede guzien eskerrak emateko. Eskeintzen zaio beraren aserrea palakatzeko, eta gurekin lagun-urkoen bekatuen barkazioa iristeko: gure, eta Purgatorioko animen bekatu barkatuai dagozten, penak pagatzeko: atzenean Zerurako bidean bear degun guzia iristeko. Nori gogorako zitzaion, Jesus ona etzala kontentatuko Sakramentu ori ipintzearekin? Eta utzi naiko zigula Sakrifizio arrigarri au? Ongi nai, ta amorioaren geiegia?...

 

2

        Begira urrena, nola baliatu geran Sakrifizio orrez. Baliatu ote gera Jaunari onrarik andiena emateko? Baliatu ote gera, egin dizkigun mesedeen ezaguera, eta esker ona agertzeko, edo esan diran beste gauzetarako? Ai! Au egin bearrean, zenbat bider gure gogo, eta biotzak ibilli dira beste gauzetan? Zenbat bider Jaunari onrarik andiena eman lekuan bide gabe, ta eskergabekeria berriak egiten zaizka Mezako denboran? Eta alaere ez du gure artetik iges egin gure Jesus onak? Ez ote degu beste bizimodurik artu bear?... (Altxatzen da Erakuslea, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Aditu dezu, Kristaua, zertako eskeintzen zaion Jaungoikoari Mezako sakrifizioa: eta nai, ta nai ez ezagutuko zenduan sakrifizio onez ez gerala baliatu bear gendukean eran. Zeñ eskergabekeri itsusia! Zer ote da guk oraiñ, ta gero egin bear deguna? Guk egin bear deguna da Jaunari barkazio eskatzea oraindañoko utsegiteaz, eta aurrera Mezako sakrifizioa eskeintzea, eta enzutea Jesus onak nai duan bezala, onela iristeko bizi on bat egiteko Zeruko lagunza ugariak, eta gero betiko atsegin-kontentuak. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa