www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN ERAKUSALDIA

 

baña bataioko Sakramentuaren gañean bostgarrena.

 

ALABATUA &

 

        Aditu zenduan, Kristaua, azkeneko aldian, zer ondasunak dakartzian bataioko Sakramentuak artzallearen animara. Aditu zenduan gañera, nolako prestaera eskatzen duan, baldiñ artzallea gaitzaren, eta onaren ezagueran sartua bada; baña geienak, edo aldealdean guziak artzen due Sakramentu au jaiota laster, eta prestaerarik ezin egin zezakeen adiñean. Au onela izanik ere, ez uste izan, nolanai eman digula Elizak Sakramentu au. Etzigun eman, eta ez dio iñori ere ematen, agindugabe, leialki gordetzea Jesu-Kristoren lege Santa, eta uztea betiko bekatua, eta bekatuaren bideak. Aurrak ezin agindu zezakean au berez, eta orregatik aurraren lekuan jartzen dira, Aita ta Ama pontekoak, eta aren izenean ematen due itza, esan dana egiteko. Beartuak gaude, Aita, ta Ama pontekoak gure ordez agindu zuena egitera, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala. Etzuen alabaña ezerere. agindu, nai, ta nai ez Zerurako egin bear dana baizik. Orregatik gauza txit egokia da ongi begiratzea, lenengo lekuan: zer gisatan artu ginduan Eliz Ama Santak bataioko Sakramentura, eta zer agindu genduan. Urrena, nola eranzun diogun egun andi artan aginduari. Enzun, Kristaua, arreta andiarekin.

        Eliz Ama Santak, bataioa norbaiti emateko, eskatzen du Aita, edo Ama pontekoa, edo biak. Au da lenengo zeremonia. Zertako egiten du au Elizak? Egiten du, benik beiñ, aurraren izenean izan dedin norbait, bataiorako bear dana agintzen duana. Orregatik deitzen zate batzuetan: Sponsores, eta esan nai du: Agintzen, edo itzak ematen duenak. Eskatzen du gañera Elizak Aita edo Ama pontekoa, gurasorik gabe aurra geratuko balizere, izan dezan nork erakutsi Zerurako bidea. Asko da berez Aita, edo Ama pontekoa, baña ipiñi ditezke biak, ez ordea bi Aita, edo bi Ama. Aita, ta Ama pontekoak bear litukee izan gitxienez, amalau urte Aitak, eta amabi amak, baña batzuetan ipintzen dira adiñ au ez duenak ere. Eta ongi litzake konfirmatuak egotea. Ez dira Aita, ta Ama pontekotzat autu bear fedegabeak, exkomikatuak, ezagueran sartugabeak, dotrinarik ez dakienak, eta bizitza gaitztokoak; erakusle txarrak dira alabaña onelakoak Zerurako bidea erakusteko. Era berean ez dira autu bear Erlijioko Ordenaren batean bizi diranak. Autu ote ditezke Apaiz, Erlijioko Ordenakoak ez diranak? Ez du au Ritualak debekatzen, baña debekatu zuan S. Karlos Borromeok, eta au bera egin izan due beste Obispo askok ere. Aita, eta Ama pontekoak aide egiten dira, aurrarekin lenengo mallan, eta aurraren gurasoakin bigarren mallan.

        Bigarren zeremonia: ekartzen da aurra Elizako ateetara, baña ez da barruna sartzen, aienatu artean argandik etsaia. Aurrarekin datozenak ekarri bear lukee agiria, esaten dala: zer orduz jaio dan aurra, ura eman zaion, edo ez: non jaio ziran, eta bizi diran gurasoak: nola derizten; eta era berean alde bietako Aiton, eta Amonak; baña asko dira gai onetan zabarrak. Orregatik ez da erri batzuetan iñor bataiatzen bear dan agiria ekarri dediñ artean.

        Irugarren zeremonia: Artzen du Aita edo Ama pontekoak (edo bestela Elizara ekarri duanak) aurra buruaz eskuiko besoaren gañean, eta ipintzen zaio izena. Lege zarrean, gizonezkoai beintzat, ipintzen zitzaten izena zirkunzisioko marka ezartzean, eta au egiten zan jaiotzatik zortzigarren egunean, baña Jesu-Kristoren legean izena ipintzen da bataioko egunean zeña ipintzea gurasoai dagote, baña oen ordez ipiñi oi due Aita, ta Ama pontekoak. Ez da ipiñi bear idolo, edo Jainko gezurrezkoen izenik. Ezta berez gaizki dan gauza lege zarreko Santuen izena ipintzea, egin dezagun kontu: Abrahan, Isak, Jakob, Dabid; baña obe da lege berriko Santuren batena ipintzea, eta ala agindua dago emengo legeetan. Herejeak, gure legeko Santuak ez onratzeagatik, lege zarrekoenak artzen ditue, eta guri dagokigu gure Santuak onratzea. Ez dira ipiñi bear izen asko; zeren emendik etorri oi dan zenbait aldiz, libruan era batera ezarriak egotea izenak, eta ez ala deitzea etxean. Gero hidalgiak ongi egiteko datoz milla neke.

        Laugarren zeremonia: Bataiatzalleak galdetzen dio bataioa artzeko dagoanari: Urlia, zer eskatzen diozu Jainkoaren Elizari? Erantzuten du: fedea; baña ez nolanai fedea, baizik fede bizia, edo esnatzen duana Kristaua amatzeko Jauna biotz guzitik, eta lagun urkoa geren buruak bezala. Au eragiten ez duan fedea illa da. Orregatik berriz galdetzen dio bataiatzalleak: Zer ematen du fedeak? Eta erantzuten dio: Betiko bizitza. Orduan dio bataiatzalleak: Betiko bizitza iritsi nai badezu, gorde itzatzu Mandamentuak.

        Bostgarren zeremonia: agintzen zaio etsaiari, aldegin dezala aurragandik, eta utzi dezala toki ura Espiritu Santuarentzat: eta iru bider asnasa ematen du aurraganonz. Au egin zuan Jesu-Kristok, eman zienean Apostoluai, bekatuak barkatzeko eskua. Arrezazue Espiritu Santua, esan zien, asnasa ematen zuala aetaronz: eta dirudi, Jesusek orduan egin zuanetik artu duala Elizak zeremonia au, adirazteko, aurraren animara jatxiko dala Espiritu Santua.

        Seigarren zeremonia: askotan egiten du bataiatzalleak gurutzearen siñalea aurraren gañean, aienatzeko etsaia.

        Zazpigarren zeremonia: bi aldiz bataiatzalleak ipintzen diozka eskuak aurrari buruaren gañean, baña ukitugabe, eta da Espiritu Santuari deitzea bezala, jatxi dedin aurraren biotzera, eta argitu dezan, betiko bizitzari dagozkan, gauzetan.

        Zortzigarren zeremonia, gatz bedeikatua ipintzen zaio auan. Zer aditzera eman nai ote du zeremonia onek? S. Isidorok dionez, aditzera eman nai du, Kristauaren mihia, utzirik betiko birauak, juramentuak, itz loiak, eta lagun urkoen kontrako erausiak, geratzen dala konsagratua bezala, Jauna alabatzeko, ta bedeikatzeko.

        Bederatzigarren zeremonia: ematen dio bataiatzaileak aurrari estolaren erza, esaten diola: Urlia, sar zaite Jaunaren etxean, Jesu-Kristorekin parte izan dezazun betiko bizitzan. Sartzen dan denboran, esaten ditu bataioa artzera dijoanak berez, edo bestez Aita gurea, eta Kredoa. Elizaren lenengo denboretatik gorde izanda ardura andiarekin zeremonia au.

        Amargarren zeremonia: pontera baño len geratzen dira bataiatzallea, eta bataioa artu bear duana: berriro agintzen zaio etsaiari, dijoala ordu gaiztoan andik, zeren Jesu-Kristok deitu dion aur ari bere Elizara, izan dedin Jainko biziaren, eta Espiritu Santuaren bizi leku. Zenbat eta bataioaren alderago arkitzen dan aurra, anbat amorru andiagoarekin jarraituko dio etsaiak, eta Jaunak ez eragoztera, irintsiko luke, leoi aserre batek bildotsa bezala; eta orregatik Jesu-Kristoren izenean agintzen zaio, aldegin dezala andik.

        Amaikagarren zeremonia. Istuarekin ukitzen dira aurraren belarriak, eta sudurrak. Zeremonia au artu zuan Elizak Apostoluetatik, eta oek, Jesu-Kristok gizon gor, eta mutu batekin egin zuan, mirari batetik. Eraman zioen Jesusi gizon gaixo au: atera zuan besteen artetik: sartu ziozkan belarrietan beatzak, eta bere istuarekin ukitu zion mihia. Jaso zituan Zeruronz begiak, eta esan zuan: Epheta, au da; idiki bitez zure belarriak. Onela sendatu zuan Jesusek gizon gor, eta mutu ura. Jesusek orduan egin zuana gizon gor, eta mutuarekin, egiten du Elizak bataioa artu nai duanarekin, Gorra dago au Jaunaren itza entzuteko, eta ez du Jesusen lege ederraren usai gozoa aditzen, eta ukitzen du istuarekin belarrietan, eta sudurretan, eta esaten dio Epheta. Zertako uste dezu? Idikiak iduki ditzan belarriak, Jaunaren itza entzuteko, eta sudurrak Jesusen lege, eta mandamentuen usai gozoa aditzeko. Amabigarren zeremonia: eramaten da bataioa artu bear duana pontera, eta egiten zaizka zenbait galde, jakiteko, prest ote dagoan bekatutik, eta bekatuaren bideetatik betiko aldegiteko. Esan diteke, bataioko egun andian Jaungoikoaren, eta gizonaren artean egiten dala igual bat, beti gogoan erabilli bear gendukeana. Joungoikoak agintzen diozka gizonari betiko bizitza, eta ondasunak, eta Kristauak bere aldetik agintzen du oraiñ esatera noana. Aditu kontuz, Kristaua. Urlia esaten dio bataiatzalleak: urlia, gaurdanik betiko uzten dituzu Satanas, eta Satanasekin batean beraren lagun, eta langilleak, zeñak diran mundu galdua, edo munduan bizi diran gaiztoak, eta aragiaren gura txarrak? Abrenuntias Sathanae? Esaten balio bezala. Begira ondo, biotzik ote dezun onetarako: ezpadezu, ez dago zuretzat bataiorik. Bataioa artu nai duanak eranzuten du: bai, betiko uzten det Satanas, bere lagun, eta langilleakin: Abrenuntio. Urlia, esaten dio berriz: gaurdanik betiko uzten dituzu Satanasen lan, eta obra guziak nola diran bekatua, eta bekatuaren bideak Et omnibus operibus ejus? Ez edo bai. Eranzuten du: Bai, Jauna, beti betiko uzten ditut: Abrenuntio. Urlia, esaten dio irugarren aldian: gaurdanik betiko uzten dituzu Satanasen arrotasun, eta zorakeriak, dala janzian, janean, edanean, eta beste gastuetan, dala atsegin, eta jolasetan? Et omnibus pompis ejus? Ez edo bai? Bai Jauna, dio. beti betiko uzten ditut: Abrenuntio. Ezin gorde diteke Jesu-Kristoren legea, gauz oek egiten ezpadira: orregatik ez dio Elizak bataiorik eman nai, au guzia egiteko biotzik ez duanari. Egiten du onetan Elizak, Jedeonek Jaunaren agintez gudari, edo soldadu beldurtiakin egin zuana. Bilduziran ogei, ta amabi milla Israeltar, Jedeon Agintari zuala, Madiantarren kontra gerra egiteko. Etsaiak prest arkitzen ziran pelearako, eta esan zien Jedeonek bere Israeltarrai: ea, beldurtia dana, edo etsai oriek garaitzeko biotzik ez duana, biurtu bedi etxera. Zenbat, uste dezue, biurtu zirala? ogei, ta bi milla biurtu ziran. Elizak bada bataiora dijoanari begien aurrean ipintzen diozka, garaitu bear dituan etsaiak, eta ezpadu onetarako biotzik, ez dio emango bataioa, eta bidalduko du etxera. Qui formidolosus, et timidus est, revertatur (judicum 7).

        Amairugarren zeremonia: Ganzutzen da bataioa artu nai duana olioz bularrean, eta sorbaldan. Etsaia garaitzeko, ez da asko itzez agintzea, esaten dala: Abrenuntio, baizik peleatu bear da gogotik, eta au aditzera ematen du zeremonia onek. Anziñako denboran festetan irten oi ziran gudariak elkarren kontra peleatzera; kentzen zituen soñeko guziak, izan etzezan etsaiak nondik eldu, eta ganzutzen ziran olioz gorputz guzian, itsasteko denboran irristatu zekion etsaiari atzaparra. Gisa onetan bada Elizak ganzutzen du olioz bataioa artu nai duana, eta aditzera ematen dio, nola guda, edo pelean bizi bearra dan Demonioaren, munduaren, eta gura txarren kontra.

        Amalaugarren zeremonia: uzten du bataiatzalleak estola morea, eta ipintzen du zuria: aditzera ematen zaio bataioa artzera dijoanari, utzi bear duala Adanen soñeko zarra, edo bekatua, eta artu bear duala graziaren apaindura ederra.

        Amabostgarren zeremonia: galdetzen dio: Urlia, sinisten dezu Jaungoiko Aita guziz Poderoso, Zeruaren, eta lurraren Kriadoreagan? Eranzuten du: Sinisten det. Galdetzen dio berriz: Sinisten dezu: aren Seme bakar Jesu-Kristo gure Jaunagan, zeña jaio, eta gurutzean il zan? Eranzuten du: Sinisten det. Galdetzen dio irugarren aldian: Sinisten dezu Espiritu Santuagan, Eliza Santa, Katolika, Santuen Komunioa, bekatuen barkazioa, aragiaren piztutzea, eta bizitza betikoa? Eranzuten du: Bai sinisten det. Iru bider galdetu zion Jesusek S. Pedrori: Pedro amatzen nazu? eta iru bider eranzun zion, baietz: eta emendik artu zuan Elizak, iru galde oek fedearen gañean egiteko bidea.

        Amaseigarren zeremonia: fedearen aitormen, edo konfesio au egiñ ondoan, galdetzen dio bataiatzalleak: Urlia: ta oraiñ artu nai dezu bataioa? Vis baptizari? Esaten balio bezala: aditu dezu, nola peleatu bear dan Demonioaren, munduaren, eta gura txarren kontra: ezpadezu biotzik iru etsai oek garaitzeko, biur zaitezke etxera; etzera alabaña gauza Jesu-Kristoren gudari, edo soldadu izateko. Baña baldin prest, eta alai bazaude, au guzia egiteko, ona ni ere prest, zuri bataioa emateko. Artu nai dezu bada bertatik Sakramentu au? Vis baptizari? Eranzuten du, bai, nai det. Volo. Orduan ematen zaio Sakramentua.

        Amazazpigarren zeremonia: emanik era onetan bataioa, ganzutzen da buruan krismarekin, edo olio, eta balsamoarekin. Aditzera ematen du zeremonia onek, Kristaua geratu dala Jesu-Kristori, bere zepari bezala, itsatsia. Aditzera ematen du gañera, bataiatuaren anima ganzutu duala Espiritu Santuak bere doaiakin.

        Emezortzigarren zeremonia: ipintzen, edo ematen zaio janzi, edo zapi zuri bat. Anziñako denboran bataiatuak lenengo zortzi egunetan ibilli oi ziran bataioan artu zuen janziera zuriarekin: orregatik Pazkoatik urrengo igandeari deitzen zaio: Dominica in albis, esan nai du: janziera zuria uzten zan igandea. Zer aditzera ematen ote digu zeremonia onek? Aditzera ematen digu, benik beñ, Espiritu Santuak animari bataioan ematen dion soñeko ederra. Aditzera ematen digu urrena, soñeko eder au arreta andiarekin gorde bear dala.

        Emeretzigarren zeremonia: ematen zaio bataiatuari kandela erazeki bat. Zer aditzera eman nai du zeremonia onek? Aditzera eman nai du, Zeruko erreñua irabazteko, ez dala asko bataiatua izatea, ez eta gauza gaiztoriz ez egitea ere, baizik bakoitzak bere estadu, edo bizimoduan argi egin bear duala obra onakin. Orregatik esan zuan Jesu-Kristok:Beude zuen eskuetan argi erazekiak: sint.... lucernae ardentes in manibus vestris.

        Ekusten dezu, Kristaua, nola artu ginduan Eliz Ama Santak bataioko Sakramentura, eta zer agindu genduan? Jaungoikoa bere aldetik beartua, edo obligatua geratu zan, guri ematera betiko bizitza, eta betiko atsegin-kontentuak, leialki egiten badegu agindu deguna; eta gu beartuak geratu giñan eman ginduan itzai eranzutera. Itz oek eman ginduan Aingeruen, eta Elizaren aurrean, eta gure izenak letraz ezarri ziran Elizako liburuan. Ongi: eta nola eranzun diogu egun andi artan aginduari? Au da oraiñ ekusi bear deguna:

 

 

§ II.

 

        Zuk, Kristaua, bataioko egunean artu zenduan auan gatz bedeikatua, eta zure mihia geratu zan konsagratua bezala Jauna alabatzeko: ordutanik utzi zinduan betiko birauak, juramentuak, itz loi-desonestoak, eta lagun urkoaren kontrako erausiak. Nola eranzun diogu orduan aginduari? Ea Kristaua, ager ezazu mihi ori: Ez da ezagun, artu zenduan, gatz bedeikatuaren kutsurik batere: eta guzia dago loitua, eta zikindua.

        Zuri bataioko egunean ukitu zizkitzuen belarriak, eta sudurrak istuarekin: belarriak, enzuteko gogotik Jainkoaren itza, eta sudurrak aditzeko Jesusen lege Santaren usai gozoa: eta ordutanik agindu zenduan, ikasiko zenduala Jesusen lege Santa, eta Zerurako bidea. Nola eranzun diozu egin-bide oni? Aspaldi da igesi zabiltzala Jaunaren itzagandik, eta aditzen dezunean ere, ez diozu gustorik artzen. Sorra, eta gorra zaude animari dagozkan gauzetan eta au da marka guziz gaiztoa, edo Deabruarena.

        Zuk bataioko egunean eman zenduan itza, utzitzeko Satanas, eta Satanasen langilleak, nola diran lagun gaiztoak. Nota eranzun diozu egin-bide oni? Ai! Zure atsegin guziak dira lagun gaiztoakin gau ta egun, eta animak galeraztea da zure lan, eta egiteko gozoa. Zuk eman zenduan, itza, utzitzeko bekatua, eta bekatuaren bideak. Nola eranzun diozu egin-bide oni? Ez dituzu utzi nai oitura lizun-lotsagarri oriek: ez dituzu utzi nai, bekaturako bidea zuretzat dakarten, etxe, adiskidetasun, eta jolas oriek. Zuk eman zenduan itza, utzitzeko munduko arrotasunak, eta zorakeriak, dala janzian, janean, eta edanean, dala gastuetan. Eta zer da zuk egin dezuna?

        Zuk egun andi artan, eta guziok artu genduan graziaren soñeko ederra, eta au aditzera eman zigun janzi, edo zapi zuriak. Non da apaindura ura? Atzenean agindu zenduan zere estadu edo bizimoduan obra onakin argiegitea. Nola eranzun diozu egin bide oni?

        Nere, Kristaua, ongi begira dezagun, zer agindu genduan bataioko egun andian, eta nola eranzun diogun aginduari, eta arkituko degu negar egiteko gai ugaria. Aditzen danean, erlijioko ordenaren batean sartu zan, gizon, edo emakumen bati gertatu zaiola bekaturen batean erortzea, miretzitzen da mundua, eta asitzen da ozka, eta aginka erlijioko ordenetan bizi diranen kontra, zeren bati gertatu zaion utsegite larriren bat, zergatik ori? Zeren bizimodu ura artu zuanean, utzi zituan bekatua, ta bekatuaren bideak, eta emen zuan itza bizitzeko, autu zuan bizimoduak eskatzen duan eran. Au bera agindu geuduan zuk, eta nik: utzi ginduan betiko bekatua, eta bekatuaren bideak bataioko egunean: orduan emandako itzak obeto gordetzeko, bakoitzak aututzen du beretzat egokia deritzan bizimodua, bata sartzen da Erlijioko ordenaren batean, bestea egiten da Apaiz: bata ezkontzen da, bestea geratzen da ezkongai, eta guziok ematen degu geren bizimoduan bekatutik aldegiteko itza. Nola bada miretsitzen da mundua, Erlijioko ordenaren batekoari bekaturen bat gertatzen bazaio, eta ezertan artzen ez ditu, beste bizimoduetakoak ugari egiten dituen bekatuak? Kristaua, noizbait zentzatu gaitezen; edozeñ estadu, edo bizimodu artu dezala batek, guziok gaude beartuak bataioan, eta bizimodua artzean aginduari erantzutera. Egin dezagun au leialki bakoitzak bere bizimoduan, eta onela emango digu Jaunak agindu digun betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa