www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA EMERETZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña ezkonzako edo Matrimonioko Sakramentuaren gañean laugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Ezkonduak elkar amatu bear due beti, ta ongi nai, ta amorio garbi batekin. Azkeneko aldian itz egin nien emakume ezkonduai, eta al nuan ongiena aditzera eman nien, zer egin bear duen eren aldetik, elkarri zor dioen ongi nai ura aitu, edo itzali ez dedin. Gaur aditzera eman uste det, zer egin bear duan gizonak onetarako. Era onetan ez due izango biderik espadasunak erakusteko nere kontra, zeren emakume ezkonduai zerbait esan nien leneko Erakusaldian. Asi gaitezen bada bertatik.

 

 

§ I.

 

        Egin zuan Jaunak emakumea, biotzaren urrena gizonak zedukan saietsezurretik, dio S. Franzisko Salesek, eta ozta ekusi zuan Adanek esan zuan: Au da nere ezurretatik bat, eta nere aragiaren puska: orregatik gizonak utziko ditu bere Aita, ta Ama, eta biziko da bere emaztearekin. Emendik agirian dago, beartua dagoala gizona amatzera bere emaztea. Gizonak maite izan itzatzue zeren emazteak, Jesu-Kristok bere Eliza maite duan bezala: Viri, diligite uxores vestras, sicut Chtus Ecclesiam. Ongi nai, ta amorio au itzali ez dedin, egin bear du gizonak bere aldetik alegiña.

        Jauna, eta zer ote da bada nik egin bear dedana? Ara zer. Ezagutu bear dezu benik beñ, emaztea ez dala zure neskamea, baizik betiko laguna: eta aintzakotzat iduki bear dezu. Au esan zizun Elizak paramendu ziñanean, itz oekin: laguna ematen dizut, ez neskamea: maite izan ezazu Jesu-Kristok bere Eliza maite duan eran: Socian trado tibi, non ancillam: dilige illam, sicut Chtus diligit Ecclesiam? Zer ongi nai, ta amorio izan diteke zurekin-emaztearen artean, ezertan ezpadaukazu zure lagun ori? Alaere askotan gertatzen da munduan, gizonak begi onez ez ekustea emaztea, batezere azalprinza zimurtzen, eta ortzak erortzen asi bazaizka, edo nekeari jarraitzeko gauz ezpada. Esan diteke: asko gizonen emazte izatea baño obe lizakeala mundurako esne-bei izatea.

        Bigarrena: zuk gizona, ez diozu eragotzi bear emazteari sarritan konfesatzea, Jaunaren itza enzutea, liburu onak irakurtzea, Jesusen neke-oñazeen gañean otoiz, edo orazio pixka egitea, baldin gauz oek egiten badira etxearen kalte gabe. S. Franzisko Salesek dio, nai bear lukeela gizonak, jaieratsuak izatea eren emazteak; zeren ala ez izatera, utsegite askotan erortzeko perill andia duen. Espiritu Santuak dio: zori onekoa andre onaren gizona: Mulieris bonae beatus vir. Zori onekoa, zeren etxeko kezkarik gabe bizi ditekean. Zori onekoa, zeren umeak ongi azitzeko arreta izango duan. Zori onekoa atzenean, zeren emaztearen erregu, eta obra onak itzaliko duen Jaunaren aserrea, eta iritsiko dituen Zeruko lagunzak, ala beretzat, nola gizonarentzat. Santa Monikak bere erregu, ta bizitza onarekin iritsi zuan Jaunagandik, senarra gure fede Santara jartzea, eta bere seme Agustin Santu andi egitea. Alaere badira gizon batzuek añ aberekiak, non ezin eraman duen, emazteak denbora apur batzuek obra onetan igarotzea, etxearen kalte gabe au egiten badu ere. Diot etxearen kalte gabe; zeren etxea ta umeak nola nai utzirik, denbora luzeak igarotzen baditu Elizan: goiz jaikita bere obra onak egin litzakeala, jaiera, edo debozioaren aitzakian goiza igarotzen badu ezer egin gabe, ez da au izango jaiera, edo debozio egiazkoa, baizik erraz, eta nekerik gabe bizitzea.

        Irugarrena: opa bear diozu emazteari, bere mallan dagokana, ala janzian, nola beste gauzetan; eta au bera aditzen da ume, eta etxekoentzat bear danaren gañean. Gizona da etxeko buru, eta bere gaiñ artzen du emaztearen, ume, ta etxekoen kargua. Ezpadu batek bereen, batezere etxekoen ardurarik, ukatu du eman zuan itza, eta fedegabea baño ere gaiztoagoa da, dio S. Paulok: Siquis suorum, et maxime domesticorum curam non habet, fidem negavit, et est infideli deterior (1 ad Timot. 5). Alaere arkituko dira munduan egin-bide, edo obligazio onez oroitzen ez diranak. Batzuek ezkontzen dira, aragiaren atsegin loiai bakarrik begiratzen diezala, eta gero emaztea, ta umeak dijoazela larrera. Argatik ekusten dira ainbeste ume, ta emakume erriz erri eskean, eta bear bada gauza gaiztoagoetan. Zergatik eragotzi bear etzate onelakoai ezkonza? Beste batzuek nekatzen dira, eta irabazten due ongi, baña ondatzen due edanean, jokoan, edo trabesean, eta emaztea, ta umeak geratzen dira ezer gabe. Badira beste batzuek zerekin bizi duenak, eta emazteak, ume, ta etxekoak bear duena ateratzeko guziz zekenak. Onelako gizonen emazteak urrikalgarriak dira, bada beti ibilli bear due bear danaren billa: egiten ditue zorrak: eta oek estaltzeko baliatzen dira ixilka artoaz edo gariaz. Eta zer egingo due, salgai ipintzen ezpaditue eren buruak? leoiak, arzak, eta otsoak ere opa dieza eren emeai bizitzeko bear dana; eta oek baño gogorragoak dira zenbait gizon zeken. Atzenean badira beste batzuek bizitza ateratzeko saiatzen ez diranak. Alperrak dira emaztearen negarrak: alperra umeen arloteria, ez dira onelako gizonak lanari jarraitzera oituko, begien aurrean betiko su, eta garrak ekusi arren.

        Laugarrena: ordu onean etxera bear dezu. Ez du gizonak beti egon bear etxean, marisa bezala: gogaitzen zate emakumeai onelako gizonakin: eta askoz naiago due, gizonak lagun artera joatea, eta zerbait denbora lagun onakin igarotzea, ezen ez emakumeak zaitzen egotea. Baña sarritan berandu etxeratzen bada, eta bearbada zagi egiña: etxera dijoanean pakearik ezpadu ematen, edo jartzen bada sukaldean lerdea, eta itz loiak dariozkala zer gustorekin biziko da emaztea onelako gizonaren aldean? Zer ongi nai, ta amorio izan diteke onelako ezkonduen artean? Ezkon gura baziran onelako gizonen emazteak, badue era eren utsegiteen gañean negar egiteko.

        Bostgarrena: etzabiltzala Jainkoaren itza enzutetik, errosario, bezpera, ta Sakramentuetatik igesi. Ez det esan nai gauz oetatik bakoitzak beartzen zaituala bekatu larri, edo mortalaren azpian: baña oetatik oituraz igesi bazabiltza: izan era Sakramentuak artzeko, eta urtean beñ, eta orduan bortxaz bezala artzen badituzu: Elizaren aldean bizi, eta dotrinarik, bezpera, eta errosariorik enzuten ezpadezu: zer biziera izango da zurea? Zer erakutsiko diezu emazteari, umeai, ta etxekoai? Badakit, asko dirala gaurko egunean Meza nagusietara, eta Sakramentuak artzera datozenak, eta oei ezkerrak ematen dieztet. Baña begira, nor diran oek. Oek izango dira geienak beintzat, beti batzuek, eta non bizi dira gañerakoak? Zoaz jakitera. Eta nor dira sarritan Sakramentuak artzera datozenak? Geienak emakumeak. Oen kontra esaten dira asko gauza, baña ezin ukatu diteke, errietako jaieraren geiena ekumeetan dagoala.

        Seigarrena, etzaitezela izan zure bizi lagunarekin mukerra, garratza, gozakaitza. Onelako gizon mukerraren emazteak alde-aldean sinits dezake, gaztañ-ondoren batekin ezkondu zala, eta ez duala ekusiko alegeranzaren pixkarik bere bizitza guzian. Ez da au ongi dirudian gauza. Orregatik esaten die S. Paulok gizonai: etzaiteztela izan garratzak, eta samiñak zeren emazteakin: Nolite esse amari. Gañera ez da ongi, gizona emakumeen egitekoetan sartzea; bestela aserratuko zate, eta ez due gauza zuzenik egingo.

        Zazpigarrena: ez diozu eman bear emazteari zeloak artzeko biderik, dala usai txarreko emakumeakin itz egiñez, dala norbaitekin adiskidetasun gaiztoa artuaz, edo onelako esanmesak ipiñiaz. Eriotzaren pena ipiñi zion Jaunak, bere emazteaz kanpora, besterekin erortzen zanari: eta au bera agintzen zuen Españako legeak. Ez due zer egiñ andirik eman oi gai onetan emengo gizonak. Alaere askoren artean arkituko dira zenbait, aragizko atsegin lotsagarrietara añ itsatsiak, non dabiltzan leku guzietan agertu oi duen beren griña gaiztoa. Arkituko dira etxeko ogi zuria ezertan ez daukeenak, eta kanpoko arto urdindua pozik jango duenak. Oroi zaite, gizona, ezkonzako egunean eman zenduan itzaz. Ordutanik betiko utzi zinduan garbitasunaren kontrako gogorazio, itz egite, ibillera, eta adiskidetasun guziak:

eta au leialki gordetzen ezpadezu, emango dezu ezkonduai dagoten pake, ongi nai, ta amorioa galtzeko bidea.

        Zortzigarrena: ez degiozula zure emazteari eragin, Jaunak debekatzen duan gauzarik, dala garbitasunaren, dala beste edozeñ mandamenturen kontra. Judas Patriarkaren bi semeri bizia kendu zien Jaunak, zeren emaztearekin egin zituen gauz itsusi-nazkagarriak. Gertatzen da beñ baño geiagotan, emakume bat Jaunaren beldur Santuan, eta garbitasunean ezkonzaraño bizitzea, eta gero bekatu guziz nazkagarrietan erortzea, zeren suertatu zaion gizon bat, abererik zikiñena baño, zikiñagoa. Ote da onelakorik Eliz onetan? Ez det sinisten; baña baldin bada, jakin beza, Españako legeak agintzen duela, ken dakiola bizia, eta erre dedilla auts biurtzeraño. Ala egin da askotan; eta berak ekusi zuala, dio Gomez jakintsuak, kastigu au Españako erri batean. Oraiñ ere kastigu au emango litzakee zenbait gizon enasi, bear bezala agertu al-balidi egia.

        Azkenean, zu, gizona, etzaitezela izan zelotsua, bide txit andi gabe: eta zure ustean bide andia izan arren, ez sinistu osotoro gauza gaiztoa; zeren askotan engañatzen geran. Badira zenbait añ idurikorrak, non asko duen ekustea emaztea onekin edo arekin itz egiten, farra egiten, iduripen gaiztoetan asitzeko. Emendik gau illun baten anzeko kopeta ipintzea emazteari. Emendik zelatan ibiltzea. Badira beste batzuek, bekatuaren eskolan maisu andi izan diranak: eta onelakoak erraz sinistu lezakee emaztearen kontra gauz okerra: esana dago: egillea pentsatzalle. Atozea gizona, eztakizu, ezin dagokeala emaztea onekin, edo arekin bear danean itz egin gabe? Au egin bear ezpadu, erabiltzu zerekin zorro batean sarturik. Utzi itzatzu zorakeri oriek: ez ibilli zelatan, esaten dizu Espiritu Santuak: ez ibilli zelatan, eragin ez degiozun, len gogora etzaion gauzaren bat: Non zeles mulierem sinus tui, ne ostendat super te malitiam dotrinae nequam.

 

 

§ II.

 

        Ekusten dezu, gizon ezkondua, zer egin bear dezun zere aldetik, zurekin-bizilagunaren ongi nai, ta amorioa itzali ez dedin? Baña egiñ ote dezu oraindañokoan? Beldur naiz ezetz: eta beldur naiz zu, eta zure anzeko asko bizi zeratela, konfesio gaiztoak egiten dituzuela, eta gazteluetan katez beteak dabiltzanen eran.

        Zer ote da zuk egin bear dezuna, bizitza onean jartzeko, eta kate astun ori gozatzeko? Zuk egin bear dezuna da Jaunarekin pakeak egitea, eta aurrera zere aldetik alegiña egitea, zure bizilagunarekin ongi nai, eta amorio garbi batean irauteko. Egizu au, ta zure gurutzea arinduko da, eta uste izan dezakezu, zure egunak Jaunaren grazian bukatzea, eta iristea betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa