www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA ZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amaseigarrena

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko iru Erakusaldietan itzegin dizut, Kristaua, konfesioaren, edo egindako bekatuak aitortzearen gañean. Emendik igarotzen da lenbiziko Komunioko liburua, konfesio on bat egiteko bear dan, bostgarren gauzaren gañean itzegitera, eta galdetzen du, gisa onetan.

        «Konfesio on bat egiteko bear dan, bostgarren gauza zeñ da? Eranzuten du: Satisfakzioa. Zer aditzen dezu Satisfakzioaren izenez? Konfesoreak emandako penitenzia leialki egitea. Konfesoreak ematen dion penitenzia egiteko, asmo gabe konfesatzen danak zer bekatu egiten du? Bekatu larria. Emandako penitenzia autsitzen, edo egin gabe uzten duanak, zer bekatu egiten du? Autsitzen badu penitenzia larria, eta aintzakotzat emana, bekatua izango da larria; baña autsitzen duan penitenzia txikia bada, txikia, edo beniala izango da alde onetatik egiten dan bekatua ere, gizon jakintsuen iritzian. Konfesoreak agintzen dizun penitenzia ezin ongi egin dezakezuna bada, zer egingo dezu? Umilki eskatuko, edo erregutuko diot, alda degidala beste penitenzia batera, alda baditeke.

        Konfesoreak ematen diezten penitenziaz gañera zer egiñ oi due Kristau onak? Ontzat edo Jaunaren izenean artzen ditue emengo gurutze, edo samintasunak; eskintzen diozkee Jaun berari beren obra guziak, eta egiten due alegiña, induljenziak, edo barkazioak irabazteko. Ona lenbiziko Komunioko liburuak Satisfakzioaren gañean dakarrena».

        Gauz oek zuk ongi ezagutu ditzatzun, aditzera emango dizut gaur, benik beñ: zeñ gauza bearra dan Zerurako gure bekatuai dagoten penitenzia egitea. Urrena, zer penitenziak ematen dituen Konfesoreak, eta nola oek egin bear diran. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Guk, nere Kristaua, bekatuari leku ematean, utzi degu Zerurako egin ginduan Jaun ona: eta au da bide gabe guziz itsusia, ta deritza obena, edo kulpa. Barkatzen dio au Jaunak bekatariari, biotz osoz beragana biurtzen danean, dala onezko damu, edo kontrizioarekin, dala konfesio onaren bidez. Bekatuari leku ematean, galdu genduan Zerurako esku guzia, eta geratu giñan betiko erbestetuak Zerutik, eta egon bearrak betiraunde guzian infernuko su, eta garren artean. Au da bekatu larri, edo mortalak berekin dakarren pena: eta au ere barkatzen dio Jaunak ongi konfesatzen danari. Emendik konfesio onak biurtzen dio bekatariari, galdu zuan Zerurako eskubidea, eta barkatzen diozka, betiko su, eta garren artean igaro bear zituan, neke, ta oñazeak. Ala erakusten digu gure fede Santak. Alaere geratu oi zaizka bekatariari barkazio onen ondoren bere bekatuen bi kutsu, edo arrasto, eta dira, lenengoa: betiko penaren lekuan emen, edo Purgatorioan igaro bear dituan neke, eta penak, ez betikoak, baizik denboraz bukatuko diranak. Askotan gertatzen da Erregek, Prinzipe, eta Erregiñaren erreguz eriotzaren pena irabazi duanari barkatzea, eta amar urte Iruñeko gazteluan igarotzeko pena ipintzea: eta onen anzeko gauza bat egin oi du Jaunak ongi konfesatzen dan bekatariarekin. Jesusen eriotza, eta Birjiña txit Santaren erreguak bitarteko dirala, barkatzen diozka egin diozkan bide gabeak, baita betiko su, eta garren artean egon bearra ere, eta betiko penaren lekuan, ematen diozka, emen, edo purgatorioan igaro bearko dituan nekeak. Barkatu zion Adani, fruta debekatua janda egin zuan bekatua, eta oni zegokan betiko pena, baña igaro bear izan zituan bederatzi eun, eta geiago urte neke andien artean. Barkatu zion Dabidi, egin zuan bekatu itsusia, bai ta betiko pena ere, baña onen lekuan eraman zituan nortaki zenbat gurutze. Au onela egin oi du Jaunak geienetan; baña biurtu liteke bekataria Jaunagana biotz añ prestu, ta damu añ andiarekin, non iritsi lezakean bekatuaren barkazioa ezezik, pena guziarena ere bai. Ala uste degu, iritsi zuala Santa Maria Magdalenak, baña au gutxitan gertatzen dan gauza da, eta bekatua barkatuta ere, geratzen da onen zorra, edo igaro bear dan penaren arrasto, eta kutsua. Au osotoro kendu artean ez dago Zeruan sartzerik. Orra zeñ gauza bearra dan alde onetatik bakoitzak bere bekatuen penitenzia egitea.

        Konfesio onarekin bekatua barkatuta, geratu oi dan bigarren kutsu, edo arrastoa da gaitzeronz makurtua eta etziña geratzea bekataria, bekatu egin duan alde artatik. Au ongi aditzeko, enzun ezazu Kristaua, esatera noana. Egin zuan Jaunak gizona Zerurako. Apaindu zuan graziaren soñeko ederrarekin, eta eman zion gañera beste doai bat Zuzentasun, edo justizia orijinala deritzana. Doai bat añ miragarria, non gizona gordeko zuan, bera nor izatera, gaitz guzietatik, zartzetik, eta eriotzatik. Doai bat, gizonaren gura, ta griña guziak zeduzkana ezaguera, ta borondatearen mendean, eta borondatea prest zegoan Jaunak nai zuana egiteko. Gizonaren gura ta griñak ziran orduan morroi leial batzuen eran. Etziran altxatzen borondatearen kontra, baña prest arkitzen ziran onek agintzen ziena egiteko. Onela bizi zan gizona pake gozo batean. Baña autsi zuan Adanek Jaunaren agintea, jaten zuala, Jaun berak debekatu zion, arbola baten fruta: eta bekatu onekin galdu zuan beretzat, eta guretzat graziaren soñeko ederra, bai ta zuzentasun, edo justizia orijinalaren doaia ere: eta ordutanik asi ziran gizonaren gura, eta griña guziak etxeko pakea galtzen, bakoitza bere aldetik. Presa bat urratzen danean, len geldi zeudela zirudien uurak indar andiarekin abiatzen dira beren bidean: eta au gertatu zan galdu zuanean gizonak justizia orijinalaren doaia: len geldi zeuden gura, eta griñak, ekin zioen eren bideari, bakoitzak bere aldetik, eta geroztik ez dioe pakerik eman nai animari. Oraiñ, bear bada asaldatzen du antuste, edo soberbiak, gerosêago enbidiak, edo aragiaren atsegin lizunen gurak: oraiñ, nagitasunak; gerosêago jan, eta edan nai geiegiak. Ekusten dezu, Kristaua, nolakoak utzi gaituan Adanen bekatuak? Gura oek ez liokee gizonari kalterik ekarriko, arretarekin eziko balitu, baña geienetan, ezi bearrean, berai jarraitzen die, eta egiten ditu asko utsegite, edo bekatu. Zer dator emendik? Makurtua ta etziña geratzea bekaturik geiena egin duan alderonz, eta batzuetan ainbesteraño, non zentzua galtzeko perillean arkitzen dan. Onelako bekatariari, ongi konfesatzen bada, barkatzen diozka Sakramentuak bere bekatuak, baña ez dio osotoro kentzen gaitzerako makurtasuna, edo bekatuari jarraituaz bere buruari erantsi dion gose gaiztoa: eta au sendatzeko, edo aienatzeko gauza bearra da penitenzia egitea. Dakuskun oraiñ nolako penitenziak ematen dituen Konfesoreak, eta nola oek egin bear diran.

 

 

§ II.

 

        Konfesoreak geienetan beintzat, ipiñi bear diozka bekatariari penitenziak, bekatariaren adiñari, era eta bekatuai begiraturik. Esan det geienetan; zeren gertatzen dan zenbait aldiz, norbait iltzeko zorian, eta atzeneko asnasetan arkitzea, eta orduan eman oi da batzuetan absoluzioa peniteñziarik ipiñi gabe, zeren eria edo itz gabe, edo ezin ezer egin dezakean eran dagoan. Era berean bekatariak, konfesatzera datorreneko, bizitza onarekin eranzun badie bekatuen zorrai, eta aurrerako sendatua, eta sendo badago, orduan ez legoke konfesorea beartua penitenziarik ipintzera. Jubileoko urte batean Ines (Enperadorearen emaztea) joan zan Erromara: berritu zituan bizitza guziko konfesioak S. Pedro Damianekin, eta ekusirik, zeñ bizitza ederra egin zuan, eman zion absoluzioa, penitenziarik batere ipiñi gabe, Aita Santu Benedikto amalaugarrenak dionez. Baña gutxitan gerta ditezke onelako gauzak, eta neke da Konfesoreak ezagutzea (Jaunak agertzen ezpadio), bekatariak erantzun diela bere utsegiteen zorrai, eta sendatua dagoala osotoro. Orregatik ipiñi bear dio penitenzia.

        Konfesoreak ipintzen ditue era askotako penitenziak. Oetatik batzuek dira ariñak, besteak andiak. Batzuek isîllak, edo bakoitzak bere bakarrean isilik egiten dituanak; besteak agiriak, zeren, agirian egiten diran. Anziñako denboran izan zan beste penitenzia bat, agiria ezezik, Elizak ipiñirik zeduzkan zeremoniakin, eta denboretan egiñ oi zana; baña penitenzi-mota oek guziak biurtu ditezke bitara. Bata da kitagarria, au da egindako bekatuen zorrari erantzuteko, eta Jaunarekin kito geratzeko ematen dana, egin dezagun kontu egin dedilla onenbeste, edo ainbeste limosna, edo atera ditezela astean, edo illean onenbeste barau sei illabeteren barrunbean, bisita ditezela aldareak onenbeste bider. Beste penitenzia-mota da sendagarria, au da bekataria sendatzeko, eta aurrera bekatuan erori ez dediñ ematen dana, nola izango litzakean goiz arratsetako jaiera egitea, San Ignazioren liburutik egun oro zerbait irakurtzea, ill oro konfesatzea. Askotan gertatzen da bekatariari ez ematea, egin dituan bekatuen zorrak ateratzeko diña penitenzia, zeren ainbeste neke irozotzeko kemenik ez daukan, edo zeren induljenzia, edo barkazioren bat irabaztera datorren. Orduan askok eman oi due penitenziatzat, induljenziak eskatzen dituan, obra onak egitea. Ala egiten zan Elizaren lenengo denboretan: Martirioa igarotzeko zeudenak erregutzen bazioen Obispoari, penitenziako malletan zegoanen baten alde, barkatzen zitzaion penitenzia. Esan det, dagonkan baño penitenzia gutxiago eman oi zaiola bekatariari induljenzia, edo barkazioren bat irabaztera datorrenean; baña au aditzen da, egindako bekatuen zorrari bakarrik begiratzen zaiola; zeren aurrerakoari begiratzen bazaio, ez dira gutxitu bear induljenzia, edo Jubileoaren aitzakiarekin bekatuan ez erortzeko bear dituan sendagaiak, edo penitenzia sendagarriak, induljenziak alabaña ez dio bekatariari kentzen gaitzerako makurtasuna, eta griña gaiztoa.

        Konfesoreak ematen duan penitenzia artu bear du bekatariak, ez nolanai baizik leialki egiteko asmoarekin; bestela egiten du bekatu larria geienak, edo aldealdean guziak erakusten diguenez. Eziñ ongi egin dezakeana bada, erregutu degioke, alda degiola beste penitenzia batera (alda baditeke). Gerta diteke, bekatariari aztutzea eman zaion penitenzia; orduan biurtu bedi konfesoreagana, eta esango dio, zer egin bear duan. Konfesorea urruti bizi bada, egon bedi besteren batekin, eta egin beza onek esaten diona: eta au neke andia bada, gogora ekarri beza, zer bekatu zituan konfesio artan, eta nolako penitenziak eman oi diozkeen alako aldietan, eta egin bitza beste ainbeste. Ala erakusten digue gizon jakintzu batzuek. Penitenzia egin bear da agindu dan denboran; baña luzapen piska bat ez da berez bekatu larria. Penitenziatzat eman zaizkan obrak egin bitza bekatariak Jaunaren grazian dagoan bitartean, bekatuen zorrai erantzuteko: egia da, askoren iritzian ez dala bekatu agindutako obrak bekatuan egitea, batez ere bekaturako gogo, ta asmoak utzi badira. Batzuetan Konfesoreak agintzen dio bekatariari, absoluzioa, edo Komunioa artu baño len egin dezala zerbait, egin dezagun kontu irten dedilla etxe artatik, biur dezala besteren gauza, edo beste zerbait: gauz oek egin bear dira agindu diran bezala. Konfesoreak agintzen dituan obrak, ongi egiten badira, ugaritzen due animako grazia, eta ekarri oi ditue, aurrera bekatarik ez egiteko, Zeruko lagunzak, eta atzenean kentzen due bekatuen zorra, edo guzia, edo zerbait, Asko da gaurko.

 

 

§ III.

 

        Aditu dezu, Kristaua, zeñ gauza bearra dan Zerurako gure bekatuai dagoten penitenzia egitea. Aditu dezu gañera, zer penitenziak eman oi dituen konfesoreak, eta nola oek egin bear diran. Ez dago Zerurako biderik, bekatu egin ezkero, ezpada penitenzia. Orregatik esaten digu Jaunak: ezpadezue egiten penitenzia galduko zerate: Nisi paenitentiam egeritis, omnes similiter peribitis. Penitenzia da, Jaunari egin diozkagun bidegabeen barkazioa iristeko. Penitenzia, bekatua barkatuta, geratzen dan zorrari erantzuteko, eta aurrera bekatura ez biurtzeko: bide au bakarra da guretzat Zerurako. Egin dezagun alegiña bide oni jarraitzeko. Onela uste izan dezakegu gure bekatuen barkazioa, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa