www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña bataioko Sakramentuaren gañean lenengoa.

 

ALABATUA &

 

        Itzegin dizut, Kristaua, bost Erakusalditan Sakrakramentu guzien gañean. Aditu dezu, Sakramentuak dirala, Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan, siñale agiri diran batzuek, oen bidez grazia, ta birtuteak guri emateko. Aditu dezu gañera, zeñ miragarria dan graziaren doaia. Asi gaitezen oraiñ Sakramentu bakoitzaren gañean itzegiten: oen artean lenengo lekua eman bear diogu Bataioari, au da alabaña beste guzietarako atea. Aurrena begiratu bear degu, zer, eta zenbat gisatara dan bataioa. Urrena, zeñ gauza bearra dan Zerurako. Atzenean, nolako ontasun, eta amorioa agertu digun Jaunak bataiora deitzean. Enzun arretarekin, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Fedeko gauza da, Adanen ondorengoak sortzen, eta jaiotzen dirala bekatuan, eta bekatu oni deitzen zaio etorkia, eta jatorrizkoa, eta erdaraz orijinala. Etorkia, zeren gerok egingabe bestegandik, edo lenbiziko gurasoetatik datorkigun. Deitzen zaio jatorrizkoa edo orijinala, zeren jatorriz, edo kastaz datorkigun. Bekatu au kentzeko bada, edo barkatzeko, ipiñi zuan Jesu-Kristok Bataioa esaten diogun Sakramentua. Zoazte, esan zien Apostoluai, zoazte mundu guzira, aditzera eman giezue jende guziai nere Legea, bataiatzen dituzuela Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Esan det, bekatu jatorrizko, edo orijinala barkatzeko ipiñi zuala Jesu-Kristok bataioa deritzan Sakramentua; baña bataiatzen danak balitu berak egindako bekatuak, oek ere barkatuko liozke, prestaera onarekin artzen badu Sakramentu au.

        Bataioa da len bataiatua ez dagoan gizon, edo emakumea urez garbitzea bear dan eran, denbora berean esaten dirala Sakramentu oni dagozkan itzak. Sakramentu oni deitzen zaio sortze ta jaiotza berria, zeren Adanen bekatuarekin illa zegoan anima piztutzen duan, ematen diola graziaren bizitza. Deitzen zaio gañera fedearen Sakramentua, zeren Sakramentu au artu nai duanak, aitortu bear dituan fedeko Misterio nagusiak. Orregatik Elizaren sarreran esaten du Kredoa, eta bataioa artzeko pontean prestaturik jartzen danean, berriro aitortzen ditu Misterio andienak. Misterio oen aitormena bakoitzak berak egiten du gaitzaren, eta onaren ezagueran sartua bada, bestela egiten due Aita, ta Ama ponteak, edo orduan an arkitzen danen batek. Atzenean deitzen zaio bataioari Elizarako atea, zeren Sakramentu onen bidez sartzen da Kristau fededunen artean: egiten da Elizaren ume, eta beste Sakramentuak artzeko gai.

        Iru gisatara da Bataioa. Bata urezkoa, bestea garrezkoa, eta hirugarrena odolezkoa. Urezkoa da, len esan dan eran, bataiatua ez dagoan gizon, edo emakumea urez garbitzea bear bezala, denbora berean esaten dirala Sakramentu oni dagozkan itzak. Au bakarrik da Jesu-Kristok utzi zigun bataioko Sakramentua: beste biak dira onen ordekoak estutasun batzuetarako, gero esango dan bezala. Bataio-ordeko oetatik bata da garrezkoa, ta au da fede, esperanza, karidade, ta onezko damua, bataioa artzeko gogo, ta borondatearekin, deitzen zaio garrezko bataioa zeren Jaungoikoaganako onginai ta amorioa Espiritu Santuaren garra bezala dan. Bigarren bataio-ordekoa da odolezkoa, edo Martirioa. Ez da egiaz Sakramentu, baña batzuetan Sakramentua adiña, edo Sakramentuaren lekuan balio du, gero ekusiko degun bezala. Dakuskun oraiñ, zeñ gauza bearra dan urezko bataioa Zerurako.

 

 

§ II.

 

        Fedeko gauza da, berez gauza bearra dala Zerurako urezko bataioa. Ezpada bat berriro, jaiotzen uretik, eta Espiritu Santuagandik, ezin sarditeke Zeruetako erreñuan, esaten digu Jesu-Kristok: Nisi quis renatus fuerit ex aqua, et Spiritu Sancto, non potest introire in Regnum Caelorum. Lege naturalaren denboran, au da, Adan bekatuan erori zanetik Jaunak Moisesi letraz ezarritako legea eman zion artean, barkatzen zitzaten aurrai bekatu jatorrizko, edo orijinala gurasoen fedearekin, eta Abrahanen ondorengo semeai Zirkunzisioko marka, edo epaiarekin: eta bear zana egin gabe iltzen bazan aurra, etzan Zerura joango. Etorri zan Jesu-Kristo, aitu zan Moisesen legea, eta guzientzat ipiñi zuan bataioko Sakramentua, eta berez bearra da au, bekatu jatorrizko, edo orijinalaren barkazioa, eta Zerua iristeko.

        Esan det, berez gauza bearra dala Zerurako urezko Sakramentua; zeren gerta diteke beñ baño geiagotan alako estutasuna, non urezko bataioa artzeko edo emateko leku, eta erarik ez dan, eta galdetu oi da, ote dan bideren bat urezko bataio gabe Zeruratzeko. Demagun, urlia ez dagoala ongi bataiatua, zeren emagiñ ezjakin batek bataiatu zuan uste du ongi bataiatua dala, eta bizi da alde onetatik kezkarik gabe. Nola joango da au Zerura? Ezagueran sartua bada, Zerura diteke, egiten dituala fede, esperantza, ta karidadezko afektoak, oek alabaña orduan izango dira garrezko, edo amoriozko bataio-ordekoa; baña gaitzaren, eta onaren ezagueran sartua ezpada, ezta gai karidadezko afektoak egiteko, eta bitarte orretan iltzen bada, galdua da. Orra; zergatik emagintzan ibilli bear ez duen, bataiatzen ongi ez dakienak. Valentiniano Enperadoreak egin zuan bataioa artzeko asmoa: ari zan onetakako prestaera ekiten, baña Sakramentua artzeko zegoan egunetan ill zuen eta joan zan mundu onetatik bataiogabe. Alaere S. Anbrosiok dio. Enperadore ark artu zuala, Sakramentuak ematen duan grazia, zeren eskatu zuan, eta artzeko prestatu zan.

        Demagun, Sandia ere bataioa artugabe arkitzen dala, zeren erarik izan ez duan; bizitudan lekuan, edo zeren bataiatua zegoala uste zuan. Ez ote da onelakoarentzat moduren bat urezko bataioa gabe Zeruratzeko? Gaitzaren, eta onaren ezagueran sartua bada, Zerura diteke fede; esperanza, karidade, ta onezko damuarekin, oraiñ Valentiniano Enperadoreaz esan dan eran; bai ta gañera martirioarekin ere; au da bizitza Jesu-Kristogatik ematea; baña bear ditu iru doai, edo kondizio. Lenengoa da bestek bizitza kentzea orregatik beren buruak iltzen dituenak, ez dira Jesu-Kristoren martiriak, baizik Deabruarenak. Oetatik asko izan oi dira Nortealdean: bukatzen ditue oek eren buruak, suerte onik munduan ez dakustenean. Martirioaren bigarren doai, edo kondizioa da bestek emana izatea, ez nolanai, baizik Jesu-Kristoren Legearen gorrotoz. Ala izan zan Apostoluak igaro zuen martirioa, eta era berean beste askorena. Martirioaren irugarren doai, edo kondizioa da Martirioa artzea Jesu-Kristoren izenean, artarako bear dan prestaerarekin. Martirioak, doai oek dituanean, bataioak bezala barkatzen du bekatu jatorrizko, edo orijinala, baita gañerako guziak ere. Barkatzen du gañera bekatuen zor guziaere. Orregatik ez du Elizak erregutzen martirien alde.

        Au aditzen da, martirioa igarotzen duana gaitzaren, eta onaren ezagueran sartua danean. Baña ezpada ezagueran sartua, eta ezpadu artu urezko bataioa, oniere barkatuko dio martirioak bekatu jatorrizko, edo orijinala, eta zuzen Zerura joango da. Au ezagutu dezakegu Inozenteen egunean Elizak egiten duan festari ongi begiratzen badiogu. Herodes Jesusen jaiotzako berriakin beldurtu zan, galdu zezan bere erreñua, eta artu zuan Jesusi bizia kentzeko asmoa, eta illerazo zituan Belenen, eta inguruan arkitzen ziran bi urtez beronzko aur guziak. Aur aen artean batzuek egongo ziran Zirkunzisioko marka artugabe, etzan alabaña Zirkunzisiorik ematen, aurrak zortzi egun izan zitzan artean. Orregatik aur jaioberri oek arkitzen ziran, martirioa eman zitzatzen artean, bekatu jatorrizko, edo orijinal arekin. Alaere Elizak guziai egiten die festa, eta aditzera ematen digu; Jesu-Kristogatik igaro zuen martirioak kendu ziela bekatu jatorrizkoaren mantxa. Au bera esaten digue gizon jakintsuak, baldin aurdun dagoan amari Jesu-Kristoren gorrotoz bizitza kenduko balioe aurrarekin batean. Baña era onetan amaren sabelean dagoanak Jesu-Kristogatik bizitza ematea gutxitan gerta diteke. Gauz oek guziak aditzera ematen digue, zeñ arreta andia bear dan aurrai bataioa ongi emateko. Ekusi dezagun oraiñ, nolako ontasun, eta amorioa agertu digun Jaunak, bataioko Sakramentura deitzean.

 

 

§ III.

 

        Gu, nere Kristaua, autu gaitu Jaunak, eta deitu digu bataioko Sakramentura: Sakramentu onekin barkatu digu bekatu jatorrizko, edo orijinala; apaindu gaitu graziaren janziera ederrarekin, egin gaitu Zeruaren jabegai, edo heredero. Nondik niri onenbeste ondasun, eta mesede? Unde hoc mihi? Ondasun oek ote ditugu gure guraso, eta aurrekoetatik? Ez egiaz; oetatik datorkiguna da alabaña bekatuan sortuak izatea. Orra, zion Dabidek, bekatuan sortua naiz, eta gaiztakerietan egin ninduan nere amak: Ecce enim in iniquitatibus conceptus sum, et in peccatis concecpit me mater mea.

        Gu bizi gera Jesu-Kristoren fede, eta Elizan, eta gu nor bagera, bizi gaitezke Jaungoikoaren Semeai dagoten eran. Onetarako prest arkitzen dira Elizaren Sakramentuak, eta oen emalleak, eta aditzera ematen zaizkigu Zerurako jakin, eta egin bear ditugun gauzak. Beste ezin konta al bizi dira bataiorik, eta federik gabe. Nondik niri ondasun, eta mesede au guzia? Unde hoc mihi? Ez datorkigu au gizonetatik: Non ex hominibus, dio S. Juanek.

        Gu jaio giñan, eta artu genduan bataioko Sakramentua, eta geratu giñan betiko bizitza iristeko era ederrean; eta beste asko ill dira bataiorik gabe. Nondik niri onenbeste ontarte, eta mesede? Unde hoc mihi? Mesede au ote datorkigu, zeren bataioa dan errian sortuak izan giñan? Ez, asko dira alabaña, onelako errietan ere, bataiogabe iltzen diranak. Ote datorkigu gure obra onetatik? Are gitxiago; bataiatu ginduenean alabaña ezgiñan gai, edo gauza obra onik egiteko, zeren alde batetik ezaguerarik ez genduan, eta bestetik bekatuan arkitzen giñan. Nondik bada guri onenbeste ontarte, eta mesede? Unde hoc? Nondik, ezpada Jaunaren Ontasun, eta amorioagandik?

        Bedeikatua izan bedi betikotasun guzian, onenbeste ontasun, eta amorio agertu digun, Jauna. Zer egin aldezakegu amorio oni eranzuteko? Quid retribuam Domino? Guk egin dezakeguna da, bere bataio, ta federa deitzean agertu digun ontasun, eta amorio enegatik eskerrak ematea. Guk egin dezakeguna da oraiñdañoko eskergabekerien barkazioa eskatzea, eta aurrera Kristauari dagokan eran bizitzea. Onela iritsi dezakegu Jaunaren barkazioa, eta betiko bizitza doatsua: Amen.

 

aurrekoa hurrengoa