www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMASEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean bostgarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Aditu zenduan, Kristaua, azkeneko Erakusaldian, zer dan, konfesio ona egiteko bear dan, examina. Aditu zinduan gañera, examinaren aurretik, eta examinako denboran egin bear lirakean, asko gauza. Orduan itzegin nuan azkeneko konfesiotik oraindañoko examinaren gañean bakarrik. Askotan gertatzen da, Kristaua arkitzea konfesioak berritzeko premian, zeren lenekoak gaiztoak izan ziran, eta orduan, gauzak ongi egiteko, jakin bearda, zer gisatan egin bear duan examina, eta au guri erakusteko, lenbiziko Komunioaren liburuak dio era onetan.

        «Esan dezu, nola egin bear dan azkeneko konfesiotik oraindañoko examina. Demagun, aurtasunetik, edo geroz egin dituzula konfesio gaiztoren batzuek, nola egingo dezu, oek berritzeko bear dan, examina? Eranzuten du. Lenbizia jarriko naiz Jaunaren aurrean, eta adoratuko det umiltasun, eta errespeto guziarekin. Bigarrena, emango diozkat eskerrak Junari, egin dizkidan mesede guziakgatik, baña batez ere zeren oraindaño itxedon didan bekatutik irteteko, eta beragana biurtzeko. Irugarrena eskatuko diot Espiritu Santuari argia, eta lagunza. nere utsegiteak ezagutzeko, ongi damutzeko eta konfesatzeko. Laugarrena, begiratuko det, zenbat denbora, edo urte dan, gaizki konfesatzen asi ninzala: bataz beste urtean zenbat konfesio, eta Komunio egin ditudan bitarte orretan. Bostgarrena, konfesatzen nitzanean, oroitzen ote nintzan leneko Konfesio, eta Komunio gaiztoaz. Seigarrena, animaren begien aurrean ipiniko ditut Jainkoaren Legeko amar Aginteak, Eliz Ama Santaren bostak, nere estadu, bizimodu, eta karguak dituan eginbideak, eta kontu aterako det, nola, eta zenbat bider utsegin dedan bakoitzaren kontra. Zazpigarrena, zenbat bider utsegin dedan oroitu ezin banaiz, alik ongiena kontu aterako det, zer oitura gaizto izan dedan Mandamentu bakoitzean, astean edo illean zenbat bider erortzen nintzan, pensamentuz, itzez, eta obraz gutxi gora bera». Orra zer erakusten digun lenbiziko komunioko liburuak, konfesioak berritzeko egin bear dan, examinaren gañean. Onenbesterekin molda diteke konfesioak berritzeko premian arkitzen dana, batez ere mugonean konfesorearekin itzegiten badu bere premia onen gañean.

        Konfesioak berritzeari deitzen zaio Konfesio jenerala egitea, zeren azkeneko konfesiotik oraindañoko bekatuak ezezik, lenekoak ere berriro esaten diran. Konfesioak berritze au batzuentzat da kalte andiko gauza; besteentzat txit ona, eta askorentzat premiazkoa. Orregatik gaur aditzera eman nai dizut, Kristaua, lenbizia: norentzat izan oidan kalte andikoa. Bigarrena, norentzat ona. Irugarrena, nor diran konfesioak berritzeko premian bizi diranak. Asi gaitean bertatik.

 

 

§ I.

 

        Konfesioak berritzea, edo konfesio jenerala egitea batzuentzat da kalte andiko gauza. Ala erakusten dige animen Maisu andiak. Norentzat ordea izan oi da kaltetsua Konfesio jenerala? Len prestaera onarekin konfesio jenerala eginda bizitza onari jarraitu dioen animentzat, batezere berenez beldurtiak badira. Onelakoak, leen ematen bazate, garizuma, eta Misio guzietan, beren, eta konfesoreen buruak berotuko ditue, eta jarriko dira zenzua galtzeko perill andian. Jauna, esango due: eztakit konfesio jeneralean bear adiña esan nuan, edo ez: eztakit onelako, edo alako bekatu aditzera eman nuan, edo ez, bear bezala. Atozea: etzenduan orduan esan, ziñakian, eta ezagutzen zenduan guzia? Etziñan asmo orrekin prestatu, eta jarri konfesatzen? Etziñan orduan poz andi batekin geratu? Zer zabiltza bada zere barren guzia erretzen, eta kiskaltzen gauza zar oriekin? Onelako bekatarientzat ez da beste sendagairik, Konfesorearen esanera itsu-itsuan jartzea baizik. Au da gizon jakiunde andikoak erakusten diguena. Kontatzen da, ill bat agertu zitzaiola bere adiskide bati. Adiskide au zan animako gauzetan txit beldurtia, eta kezkaz beterik erraz, eta bide andigabe ibilli oi zana. Bereala asi zitzaion illari bere beldur, eta kezkak esaten, baña etzion besterik eranzun illak, ezpada: galde zaiezu jakintsuai, eta egizu oen esana.

 

 

§ II.

 

        Konfesioak berritzea askorentzat da txit ona. Ara norentzat. Lenbizia: estadu, bizimodu, edo kargu perill andikoren bat artu bear, edo artu duanarentzat, dala Apaizen, dala ezkonduen, dala erretoreen bizimodua. Orregatik pregoiak eskatzen dituenai esan oi diet, presta ditezela denborarik galdu gabe, konfesio jeneral bat egiteko, nai duenarekin, eta ez ditezela elkarrekin bakarrik jarri. Bigarrena, ona da konfesio jenerala urteren batzuetan zenbait bekatutan askotan erori, eta bizitza onari txit benaz ekin nai dioenentzat. Ala S. Franzisko Salesek jaiera, edo deboziozko bizitza artu nai duanari, beste gauzen artean, erakusten dio konfesio jeneralaren bidea. Irugarrena ona da errietako karguetan nastuak bizitu diranentzat, batez ere erriaren, edo komunaren ondasunak eskutartean erabilli badira. Erri batzuetarako adizten diran gauzak, egiak badira, neke da alako tokietan kargudun izatea, eta anima ez galtzea. Eta zer diot kargudun izatea? Neke da batzarreetan sartzea, eta Satanasi ez jarraitzea. Laugarrena, aserrean, auzi eta esanmesen artean bizitu diranentzat ona izan oi da konfesio jenerala. Bostgarrena, ona ezezik premiazkoa izan oi da asko ezkondurentzat, zeren elkarganako onginai, eta amoriorik. izan ez duen, edo zeren gauz itsusi, ta debekatuak, (aur asko izateko beldurrez) egiñ izan dituen, eta garbiro konfesatzeko biotzik izan ez duen. Seigarrena, ona izan oi da konfesio jenerala amasei, edo ogei urteetan sartzen diranentzat: zeren asko adiñ orretaraño joaten dira konfesatzera, besteak egiten duena egiteagatik, austerrez autsa artzera joaten diran bezala. Atzenean ona da konfesioa jenerala, len egin ez duenentzat, beren ustean zintzoro bizitu balirake ere. Dakuskun oraiñ, nor diran konfesioak berritzeko premian bizi diranak.

 

 

§ III.

 

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira lenengo lekuan lotsaz, beldurrez, edo gaiztakeriaz bekatu eriozko, edo mortalen bat konfesioan utzi duenak. Oetatik asko izan oi dira, batezere emakumeen, eta ezkonduen artean. Au bera gertatzen da zenbait aldiz gizonak gizonakin, emakumeak emakumeakin, baikotzak bere buruarekin, edo animaliakin egindako gauz itsusiak egin dituenean.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira bigarrena, bekatu eriozko, edo mortala ote dan, edo eztan, beldurrarekin gauz itsusiren batzuek egiten dituenak, eta galdetzeko arretarik ez duanak. Onelako ez gutxi arkituko dira ezkonduen artean. Suerteak eman dio urliari, edo sandiari gizon bat añ zikiña, enasa, ta nazkagarria, non eragiten diozkan, Jaungoikoak debekatzen dituan, asko gauza emazteari. Kezka andiarekin bizi da au, bekatu ote diran edo ez; baña losatzen da konfesoreari galdetzeko, eta senar zikiñak beartzen du bekatu diran gauzetara. Kezka oekin bizitu danak berritu bear ditu konfesioak, igaroa igaro dan bezala aitortzen duala.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira irugarrena, len konfesio jeneralak egin bazituen ere, baldin orduan lotsaz, edo bestela gaiztakeriaz konfesatu gabe utzi bazuen bekatu larri, edo mortalen bat, edo aintzakotzat zeukeena. Demagun, urlia gaizki bizitu dala, eta lotsaz uzten zituala konfesatu gabe zenbait bekatu. Egiten du garizuman, edo Misioko denboran konfesio jenerala, eta aitortzen edo esaten ditu, len lotsaz esan gabe uzten zituan bekatu aek ere: ez ordea lotsaz utzi zituala. Au egin badu, oartua zegoala, berritu bear ditu konfesioak, dana dan bezala esaten diola konfesoreari.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira laugarrena, Kristauak jakin bear duan dotrina ikasteko. saiatu ez diranak saiatu litezkeala. Negar egiteko gauza da arkitzea zenbait Kristau adiñean sartuak, añ landu gabeak, eta jakinezak, non eztakien onezko damu, edo akto kontriziozkoa, bekatu jatorrizkoaren, edo orijinalaren berririk ere ez: eztakie zer eskatzen duen Aita gurearen erregu labur-ederrean eztakie zer dan grazia: eztakie zer diran, eta zertako Sakramentuak. Oek ez dira saiatu jakin bear duena ikasteko, eta nolakoak izango ziran oen konfesioak?

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira bostgarrena, bekaturako bide, eta perill urkoak uzteko biotzik izan ez duenak, utzi zitzakeela; bitarte orretan alabaña ez due izan bizitza ontzeko asmo oso, ta eragillerik. Nola ori? zeren bizitza ontzeko asmo oso eragillea duanak, artzen ditu onetarako neurri egokiak, eta oetatik bat da bekaturako bide, eta perill urkoak utzitzea. Nekazari batek nola izango du artoa, ta garia egiteko asmo osoa, ezpaditu artzen artarako neurri egokiak, nola diran lurrak maneatzea, azia ereitea, eta beste lan asko? Gazteak, gaitzeronz kolokatzen diranetik, asitzen dira bekatuen sarea berentzat, eta besteentzat eotzen: gaur auzoko etxean izan oi diran, neskatxen, eta mutillen bilkui, edo batzarreetan, bigar erriko, eta inguruko festetan; gaur iñuteriko lasaikerietan, bigar Tolosan. Eorik gisa onetan bekaturako sareak uura bezala edaten dira bekatuak, eta ez dira ezertan artzen, araurreneko bekatura iristen ezpadira: eta alegeranzaren izena eman oi zate. Alferrik geienean egingo due konfesoreak alegiña, betiko utzi ditzeen onelako gazteak perill oek: eta emendik dator konfesio gaiztoak egitea, eta berritzeko premian bizitzea.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira seigarrena, bekaturen baten oitura uzteko saiatu ez diranak, edo artarako neurri egokiak artu nai izan ez dituenak. Oetatik izan oi dira biraugilleak, juramentuak nolanai, naiz egiaren, naiz gezurraren gañean egiten dituenak: gurasoai edozeñ lotsagabekeria eranzuten diezanak: edanean maiz igarotzen diranak: edari bizietara itsuturik, artoa, oiko zapiak, gonarik onenak, gorputza, ta anima saltzen dituenak: itz loi desonestoak esaten, keñada lotsagarriak, ukitze zikiñak egiten dituenak oituraz: oek, eta beste oen antzeko asko bizi dira konfesioak berritzeko premian, zeren oitura gaiztoa uzteko asmo oso, eta eragillerik izan ez duen. Eta nola ongi berrituko ditue, onelako asmorik ezpadue? Eta nola asmo au izango due, ezpadue biotzik oitura gaiztoa garaitzeko neurri, edo modu egokiak artzeko? Oek au egin baño len, elurra bezala zurituko da Etiopiako beltz bat: eta lenago katamotzak utziko ditu bere mantxa nabarrak, Jeremiasek dion bezala: Si Aethiops mutare potest pellem suam, aut pardus varietates suas, et vos poteritis bene facere, dum didiceritis malum. Esan beza ezperen oraindaño ekusi danak; esan beza Pazkoa ondoan gertatudanak.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira zazpigarrena, lagun urkoaganako gorrotoan, edo beintzat gorrotoaren siñaleak agertuaz iraun duenak denbora luzean; gaiztoak dira alabaña, bitarte orretan egin dituen, konfesioak Ez nik gorrotorik, esango due; baña beti daude prest etsaiari txarkeria egiteko, era datorkienean, azaria olloa atxitzeko prest dagoan eran. Onelakoetatik asko izan oi dira auzo, aide, eta errenteroen artean, noizbait txarkeriaren bat egin badie lagun urkoak. Onelakoen artean bekatu jatorrizkoaren eran igaro oi da aurrekoetatik ondorengoetara gorrotoa. Ez nik gorrotorik dio besteak ere, baña poztutzen da, lagun urkoari etorri bazaio kalteren bat, eta barrena illuntzen, eta tristuraz betetzen zaio aren berri onak aditzean. Ez nik gorrotorik; baña ukatzen, edo muzinka egiten due diosala. Onelakoak ez oi due egin konfesio onik, eta bizi dira egindakoak berritzeko premian.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira zortzigarrena, lagun urkoari egindako kalteak desegiteko, eta bakoitzari berea biurtzeko arretarik gabe bizitu diranak. Oetatik asko omen dira, errietako ondasunai eskua egozteko era izan duenen artean, asko edanean, jokoan, apainduretan, zorrak ateratzeko beardana, ondatzen duenak.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira bederatzigarrena, guraren bati biotza osotoro itsatsia iduki duenak, alako eran, non gura ura atzeratu gabez, bizitu diran Mandamenturen bat autsitzeko perill urkoan. Au gerta diteke edozeñ gurarekin, baña batez ere onraren, ondasunen, edanaren, alperkeriaren, eta ezkonzaren gurarekin. Gura oei, lapa arkaitzari bezala, itsasten bazate biotza, ipiñiko due perill urkoan bekatu askotan erortzeko.

        Konfesioak berritzeko premian bizi dira amargarrena, beren estadu, eta karguaren eginbideak jakiteko, zabarrak izan diranak. Ezpadu arretarik Erretoreak bere karguaren eginbideak jakiteko, nola oei eranzungo die? Era berean Alkate, Errejidore, Bolsero, Bezino, Diputaduak ezpadakizki bere egin bideak, eta jakin ere nai ezpaditu: ordenanzak irakurtzen ezpaditu, nola eranzungo dio bere karguari? Nik dakidana da Santo Thomasekin Teologoak erakusten diguela, bekatu larri, edo mortalaren azpian beartuak gaudela, gure estadu, eta karguari dagozkan gauzak jakitera: Singuli autem tenentur scire ea, quae ad eorum statum, vel officium spectant. Emendik atera ezazue zeñ perill andiko gauza dan errietako kargu, eta batzarreetan batek bere burua sartzea. Guziok dakigu, zeñ zintzoak diran emengo Jaunak; alaere askoren artean izango dira bearbada itsuitsuan erriko batzarre, eta kargetan sartu ziranak, eta beren eginbide, eta ordenanzen berririk gabe bizitu diranak. Eta ekusia dago oen premia konfesioak berritzeko. Zer esango det gurasoaz? Oetatik askok eztakie, zer eginbide dituen, eta nola eranzungo dieza? Baña geieki luzatuko nintzake guzia ukituko banu.

 

 

§ IV.

 

        Baderitzat, nere Kristaua, aditzera eman ditudan gauz oetatik igerri dezakezula, nor diran konfesioak berritzeko premian bizi diranak. Ez ote zera zu ere oetatik bat? Ala bazera enzun ezazu esatera noana. Lenengo lekuan, ez utzi egiteko ori eriotzako ordurako. Orduan ez dizu bearbada lekurik emango gaitzak: ala gertatu zate askori: Jauna, esaten zidan batek: nere konfesioak berritu nai nitukean. Eranzun nion: eztago orretarako lekurik: zeren eriotza alde aldean daukagun; egin dezagun alegin guzia damu egiazkoa, eta bizitza ontzeko asmo osoa zortzeko. Ill zan konfesioak berritzeko lekurik gabe. Eta gaitzak leku emango balizu ere, nola moldatuko ziñake zure konfesio okerrak zuzentzeko? Gaitzak aldebatetik, eriotzaren, eta ondorengo kontuen beldurrak bestetik utziko zindukee ezertako etzerala.

        Bigarrena, lenbait len asi zaite zure prestaera egiten, eta au ongi egiten dezunean zoaz Konfesoreagana, eta umilki esan giozkatzu zure utsegiteak. Onena da lenagotik Konfesorearekin egotea, era bada. Ez luzatu lan au egunetik egunera, bestela zure gain izan liteke batetan Jaunaren aserrea, Espiritu Santuak esaten dizun bezala.

        Irugarrena, ona da, ta ona ezezik bearra bekatuen kontuak arretarekin ateratzea, baña askoz bearragoa da damu egiazkoa, eta bizitza ontzeko neurri egokiak artzea. Egizu, nere Kristaua, denbora dezun bitartean alegiña, bizitza ontzeko: bizi zaite Jaunaren pakean, eta emango dizu zuretzat prestatua daukan betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa