www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amabostgarrena.

 

ALABATUA &.

 

        «Konfesio on bat egiteko bear dan laugarren gauza zeñ da? galdetzen du lenbiziko komunioko liburuak eta eranzuten du: konfesioa. Zer aditzen dezu konfesioaren izenez? Aditzen det, egindako bekatuak aitortzea, edo esatea barkatzeko eskua duan Apaizari. Aitortu, edo konfesatu bear ote dira bekatu benialak ere? ona da, baña ez da premiazko gauza eta nola konfesatu ditekean, bekatu benialak baizik ez duana, esan da bederatzigarren Erakusaldian.

        Zer doai edo kondizio bear ote ditu Konfesioak? Irutara biur ditezke guziak. Zein dira? Umilla, egiazkoa, ta osoa izatea. Zer da konfesio umilla? Umiltasun, eta lotsa eder batekin bekatuak aitortzea. Zer da konfesio egiazkoa? Aitortzea bekatuak examinan arkitu diran. eran, eta adiña. Zer da konfesio osoa? Bekatu larri konfesatu gabeak osotoro aitortzea.

        Konfesatu gabe utzitzen badezu bekatu larriren bat, zeren examinan gogora etzatzun, edo zeren gero aztu zatzun, gaiztoa izango ote da zure konfesioa? Ez Jauna, on nere kulpaz gertatzen ezpada; baña geratuko naiz aztutako bekatu ura gero konfesatu bearrean.

        Lotsaz, edo gaiztakeriaz bekatu larriak edertzen, edo isilik gordetzen badira konfesioan, zer bekatu egiten da? Sakrilejioa deritzan bekatua. Zer egin bear du onelako bekatariak? Berritu bear ditu, gaizki konfesatzen asi zanetik egindako konfesioak. Beraz konfesatu gabe utzi zituan bekatuak ezezik, konfesatuak ere berriro aitortu, edo esan bearko ditu? Bai, Jauna, zeren konfesio onarekin bakarrik kentzen, eta bukatzen dan bekatu larrien konfesatu bearra. Eta konfesatu gabe utzi zituan bekatuak aitortzeaz gañera, esan bearko ote du, nola lotsaz, edo gaiztakeriaz utzi zituan? Bai, Jauna, zeren onetan dagoan Sakrilejioa deritzan bekatua orain diogun tranzean. Erakusleak: ongi diozu, eta konfesio gaiztoak berritzeko, nola egin ditekean examina, esan zan bostgarren Erakusaldian». Ona lenbiziko komunioko liburuak konfesioaren gañean dakarrena.

        Azkeneko aldian itzegin nizun, Kristaua, konfesatu gabe lotsaz utzitzen diran bekatuen gañean, eta aditu zenduan, zuri au gertatu zatzun, edo ez, ezagutzeko diña. Ezagutzen dezu bai alde onetatik gaiztoak izan dirala zure konfesioak, eta arkitzen zerala betiko su eta garren artera jatxitzeko perill urkoan; baña alaere etzera atrebitzen zure bekatu oriek garbiro aitortzera, zeren ikaratua zaduzkan etsaiak, gogora ekartzen dizkitzun, iduripenakin. Orregatik oen gañean itzegin nai dizut gaur. Aurrena ekusiko degu, zer iduripen diran oek, eta zeñ zorakeria andia dan oetatik bakoitza. Ekusiko degu urrena, zeñ negargarriak diran, iduripen oei leku emateak ekarri oi dituan ondorenak. Entzun kontuz, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Konfesio gaiztoen kateakin loturik zauzka etsaiak, nere Kristaua? Jakizu, zaituko zaituala gau, ta egun iges egin ez degiozun konfesio onaren bidez: eta burura ekarriko dizkitzu asko iduripen. Oetatik bat da, oraiñ esatera noana. Aitorzen, edo konfesatzen ba det bekatu au, jasoko naue Inkisiziora. Au da zorakeria bat añ farragarria, non dotrina ongi dakian edozeñek erraz ezagutu dezakean. Atozea, eztakizu, konfesoreak ezin esan dezakeala, lau laurden egingo balue ere, zuk konfesioan esaten diozun bekaturik. Benzeslao Boemiako Erregeak, estutu zuan beiñ, ta berriz, eta atzenean bizitza galtzeko penaren azpian S. Juan Nepomuzeno, agertzeko Erregiñak aitortu ziozkan bekatuak; baña alferrik: orregatik Errege zentzugabe ark kendu zion bizia Santuari. Baña demagun izan litekeala konfesore bat, añ errebesa, non aditzera eman legikeon zure bekatua Inkisizioari, zer uste dezu, emendik etorriko, litzakeala? Zure kontra ezer ez, zeren ez inkisizioa, ez Errege, ez eta Aita Santua ere baliatu ditekean konfesioko berriaz zure kontra; baña konfesorea izango lizake pena askoren mendean ipiñia.

        Bigarren iduripena: eztago neretzat barkaziorik, Erromara ezpanoa. Au da bigarren zorakeria lenengoaren anzekoa. Atozea, ez dezu buldarik? Bai, Jauna, eta eztakizu edozeñ konfesorek eman dezakeala, bekatu batena ez, beste guzien barkazioa, bulda badu bekatariak? Herejia bakarrik da bulda duanari konfesoreak ezin barka dezakeana; baña onen barkazioa ere, zere etxean zaudela, eta iñork eztakiala iritsiko dizu konfesoreak, isilla bada herejia. Zer zabiltza bada zere burua ausitzen zorakeri oekin?

        Irugarren iduripena: Bekatu oek esaten badiozkat absoluziorik gabe bidalduko nau. Au da irugarren zorakeria. Bitatik bat, edo ongi prestatua zaude, edo ez? Ongi prestatua bazaude, pozik emango dizu konfesoreak absoluzioa. Baña ongi prestatua ezpazaude, ez dezu absoluziorik nai izan bear, artarako prestatu, ta sasoi onean jarri zaitezen artean: eta prestaera au nola egin erakutsiko dizu konfesoreak. Badira zenbait añ basatiak, non absoluzioa, ta komunioa bereala artu nai duen, artarako prestatuak ezpadaude ere. Nondik dator au? Sakramentuak nola artu bear diran, ez jakitetik. Jauna, ta zer esango due komulgatzen ezpaniz? Ezer ez, zeren bakoitzak berekin du zer egiñik asko zure begira egongabe. Zer esango due? Zentzua duenak ez due esango ezer, oartuko balira ere, zeren dakien, konfesio, ta komuniorako prestaerak eskatzen duala denbora, eta sosegu pîska bat.

        Laugarren iduripena: Nork esango diozka konfesoreari bekatu añ itsusi, ta nazkagarriak? Ez du bestek egin nereak bezeñ itsusirik. Au da laugarren zorakeria. Atozea, Santo Kristoren bat azotatu dezu? Aldareko Sakramentua oinpean erabilli ote dezu? Norbaiti puzoia eman diozu, bizia kendu naiez? Ez det uste, ta au guzia gertatu balitzatzu ere, jakizu, ori, ta geiago lenago igaro dala munduan. Ez det ezer esan nai seigarren mandamentuaren kontrako bekatuen gañean, zeren gertatu diran gauza nazkagarriak aitatze utsak zikindu litzakean zuen gogo, ta biotzak. Asko da esatea, Munduaren asieratik Noeren denborarako ainbesteraño zikindu zuala griña lotsagarri onek mundua, non damutu zitzaion Jaunari gizona egin zualako, eta lur guzia estaltzen zuen ujolak bidaldurik, bukatu zituan munduaren lau aldeetan arkitzen ziran gizon, eta emakume guziak, ala zarrak, nola gazteak: etzan bizirik geratu Noe, ta bere etxekoak baizik. Zentzatu ote da mundua? Ez, eta denboraz bidalduko ditu Jaunak beste ujola batzuek, ez urezkoak, baizik suzkoak.

        Bostgarren iduripena: zer esan, edo igaroko luke konfesoreak beregan, esango baniozke bekatu oek? Ona bostgarren zorakeria. Bitatik bat: edo bizitza ontzeko asmo osoarekin zaude, edo ez? Asmo au gabe ekusten bazaitu, esango du beregan, eta esango dizu zuri ere: gauza bearra dala, zu ongi moldatzeko, denbora puska batean zere kontuak ongi ateratzea: zeregan erabakitzea, aurrera bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegitea, eta bizitza onari jarraitzea. Baña ekusten badu, zu prest arkitzen zerala, bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, orduan esango du beregan: gerrari ona zerala, leneko peleetan gaizki irten bazera ere. Egizu kontu, gudari, edo soldadu bat, etsaiarekin pelean dabillela, geratzen dala zauri edo erida andiz betea. Deitzen dio sendatzalleari, eta esaten dio ona beso au zinzilika, eta burua zuloz betea: ona izterra bala biz igaroa: egin beza sendatzeko bear dana naiz erreaz, naiz ebakiaz, bestela ezin sendatu ditekeana. Atozea, zer esango du beregan sendatzalleak, soldaduaren autik au aditzean? Esango du, biotz andiko gerraria dala. Au bera esango du zuzaz konfesoreak, ekusten duanean, umilki aitortzen dituzula zure bekatuak: prest arkitzen zerala bear diran sendagaiak artzeko, eta etsaiaren kontra peleatzeko.

        Seiarren iduripena: izutuko lizake konfesorea, bekatu añ itsusiak nigandik adituko balitu: ona seigarren zorakeria. Izutuko lizake konfesorea, diozu: zergatik? Atozea, eta ezta bera ere gizona, ta bere utsegiteak dituana edo mandamentu orretan, edo besteren batean? Zu bezala ni ere bekataria naiz, zion S. Agustiñek: Peccator sum, sicut et tu. Izutuko lizake, nola izutuko da, baldin bekatu on baño andiagoak irakurtzen baditu Eskritura Santan bertan? Nai dezu jakin, zerk izutzen duan askotan Konfesorea? Izutzen du ekusteak, bekatariak ez duala biotzik bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta bere griña txarrak utzitzeko.

        Zazpigarren iduripena: eztago nerezat Zerurik eta barkaziorik. Zergatik ez? Eztago zuretzat barkaziorik, egia da, utzi nai ezpadituzu bekatua, ta bekatuaren bideak: eztago barkaziorik, zure griña txarrak garaitzeko biotzik ezpadezu: eztago barkaziorik lagun urkoaganako gorrotoa, edo gorrotoaren siñaleak utzi nai ezpadituzu: eztago barkaziorik, aitortu nai ezpadituzu zure bekatuak osotoro. Baña baldin zuk au guzia egiten badezu, jakizu Aita guziz Urrikaritsua dala gure Jauna, eta besoak zabaldurik dagoala zuri guzia barkatzeko. Egin zuan bekatu S. Pedrok: egin zuan bekatu Dabidek: egin zuan bekatu Magdalenak bere apaindura, ta ergelkeriakin. Egin, ta eragin zituan bekatu asko Santa Pelajiak; izan zan alabaña askorentzak bekaturako sarea, eta bizitu zan bekatuaren sariarekin. Alaere biurtu ziran Jaunagana; eta dira Santu, ta Santa andiak Zeruan.

        Ekusten dezu, Kristaua, zer iduripenakin engañatzen dituan etsaiak asko bekatari? Eta zu ere oekin berakin lotua, ta itsutua iduki zaitu ainbeste denboran. Ez ote zera oraiñ bederik kuturtuko zure bekatu oriek aitortzera? Aditu dezuna asko ezpada orretarako, ekusi dezagun, zeñ negargarriak diran iduripen oriei leku emateak ekarri oi dituan ondorenak.

 

 

§ II.

 

        Lenengo ondorena izan oi da egunetik egunera ugaritzea lotsa, eta konfesaldi bakoitzean geratzea bekataria esan nai ez, eta lotsak eragozten diola bekatuak osotoro aitortzea. Etorri ziran, dio Isaiasek beste gauza baten gañean, etorri ziran semeak jaiotzeko zorira, baña etziran jaio, zeren etzuan amak indarrik: Venerunt filii usque ad parfum, et virtus non est pariendi. Bigarren ondorena: gau, ta egun bizitzea bekatuaren aranzarekin pakearik, sosegurik, eta atsegin-kontenturik gabe. Irugarren ondorena beti gerorako utzitzea konfesio ona, eta gero ura beñere ez etortzea, zeren nola otsoak ardia lepoan estutzen duan orroa egin ez dezan, ala Demonioak eztarria estutzen die bekatariai, aitortu ez ditzeen bekatuak, dio S. Agustiñek. Ala gertatu zitzaion Valenziako dama bati. Geratu zan Ama gabe; asi zitzaion ezkutari bat sarritan itzegiten, eta atzenean milla losêntxarekin bekaturako bidea ematen. Denboren buruan erori zan. Sarritan konfesatzen zan, len oi zuan eran, baña etzan atrebitzen gertatu zitzaiona esatera: iru urte joan ziran gisa onetan konfesio, ta komunio gaiztoak egiñaz. Urte oen buruan Joan zan erri artara Misionari andi bat, eta asi zan Jaunaren itza adiratzen. Etzuan damak sermoirik utsegin: eta bakoitzak arpoi baten eran igarotzen zion biotza batetik bestera. Ezin negarrez ase zan, eta zion beregan: Betiko zere burua galdu naiko dezu? Etzenduan lotsarik bekatu egiteko: eta lotsatzen zera aitortzeko? Baldin lotsa bazera batekin konfesatzeko, zoaz beste bategana orra non dezun Missionaria, eta ordu erdi batean irten zaitezke estutasun orietatik. Onela gerra ikaragarri batean zegoan bekatari doakabe aren biotza. Egun batean sermoiak au indar andiarekin ukitu zion biotza, non osotoro erabaki zuan aitortzea bere bekatua. Egin zuan gaixoaren iduria, eta deitu zion Misionariari. Joan zan au lagun batekin eri ustekoaren etxera. Aditu zion bere konfesioa: eta ekusirik, negar, eta damu andiarekiñ esan zituala bekatuak, atesegin andiarekin eman zion absoluzioa, eta biurtu zan Kolejiora. Misionariaren laguna eria konfesatu zan bitartean, arkitzen omen zan guzia ekusten zuan lekuan, ezin ezer aditu bazezakean ere. Bitarte orretan ekusi zuan, oiaren bazterretik noizean beñ agertzen zala atzapartzar beltz itsusi bat, eta bere azkazal luzeakin estutzen zuala eria eztarrian, alako eran, non zirudian ito nai zuala. Biurtu zan Misionaria eriaren etxera, eta gauza negargarria! eria, edo eriaren iduria egin zuana ill zan ordurako. Jarri zan konfesorea Sakramentuaren aurrean Juanari anima argatik erregutzen: eta gau erdian aditu zituan kateen otsak, eta adia izugarriak, ta andik laster agertu zan emakume doakabe ura garrez inguratua. Ni naiz esan zion, zurekin konfesatu naizan emakume ura. Atozea esan zion Misionariak: etziñan ongi konfesatu? Ez, ez nintzan konfesatu osotoro: asi nintzan bekatu txikienetatik, uzten nituala andienak azkenerako, oen artean oraiñ iru urte gertatu zitzatan seigarrengo bekatu au, eta ondorengo konfesio, ta komunio gaiztoak. Ai! andienetatik asi banintz! Baña lotsaz ez nintzan ala asi; geroztik gerora andiagoa zan nere lotsa eta etsaiak gogora ekarri zidan, zuri nere bekatua esatearekin, beste edozeñi esanda baño, geiago galduko nuala: orduan osasuna nuala, eta gaixotzen nintzanean, guzia konfesatuko nuala. Zu nere etxetik irten ziñan bezala, geratu nintzan itz gabe, eta andik laster illa. Atozea esan zion Misionistak: eta zerk oraiñ penarik andiena ematen dizu? Ekusteak, eranzun zion: Jaunak bidaldu zinduala zu urrutietatik onera, nere anima Korurako bidean ipintzera, eta galdu dedala era añ ederra. Au esanda, adia andiakin jatxi zan doakabe ura betiko su, eta garren artera. Orra etsaiaren iduripenai leku emateak ekartzen dituan ondorenak.

 

 

§ III.

 

        Kristaua: uste det, erabaki dezula, bekatu oriek lenbait len konfesatzea, baña begira etsaiak engañatu etzaitzan, beste asko engañatu dituan bezala. Etzaitezela asi konfesatzen txikienetatik, baizik lotsaz edertu, edo gorde dituzun orietatik. Jauna, esan zaiozu, onenbeste urte dira lotsaz konfesio gaiztoak egiñaz bizitu naizala, Bekatu oek izan dira onelako Mandamenturen kontra. Au esan ezkero, erraz izango da gañerakoa. Arritzatzu zure bitartekotzat Birjiña txit Santa Doloreetakoa, zure Aingeru guardakoa, eta S. Franzisko Jabier, lagun degizuen lotsa animagalgarri on garaitzen, eta Zerurako bidean jartzen. Onela bizi zaitezke Kristauari dagokan eran, eta iritsi dezakezu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa