www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA AMABOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Ordenako Sakramentuaren gañean bakarra.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldian itz egin nizun, Kristaua, Oleazio, edo Azken-Oleaduraren gañean. Lenengo bost Sakramentuakin ederki prestatuak utzi zituan Jesus onak, ill arteko denboran, Zerua irabazteko bear ditugun, gauza guziak. Baña ez da asko lenengo Sakramentuetan guk Zerurako bear deguna arkitzea, ezpada Sakramentu oen egille, ta emallerik. Orregatik utzi zuan seigarren Sakramentu bat, Ordena deritzana: eta Sakramentu onen bidez Apostoluen denboratik izan dira, eta munduaren bukaeraraño izango dira Elizan, Sakramentuen egille, ta emalleak. Oetatik batzuek dira Apaiz nagusiak, edo konfirmatzeko, eta ordenatzeko eskua duenak. Oen guzien artean lenena, guzien burua, eta lurrean Kristoren ordekoa da Erromako Apaiz nagusi, edo Aita Santua. Beste apaizak ez due eskurik konfirmatzeko, ordenatzeko, eta Eliza gobernatzeko, eta deitzen zate bigarren mallakoak. Apaizen goiende, edo dignidade onen kontra egin due alegiñ guzia hereje, eta herejeen anzeko Kristau gaiztoak beren mingaiñ amorratuakin, eta miñanze au izurriaren eran zabalduaz joan da, eta dijoa bazter guzietan. Ez det uste, itsatsi zatzula zuri ere, nere Kristaua; baña itsatsi ez dakizun gauza bearra da gai onen, edo apaizen goiende, edo dignidade arrigarriaren gañean zerbait esatea. Aurrena aditzera emango dizut, nork ipiñia dan Apaizen dignidadea, eta zer mallak igaro bear diran ara igotzeko. Urrena, zeñ esku miragarria eman dien Jesu-Kristok bere legeko Apaizai. Atzenean, zeñ onragarria dan oen goiende, edo dignidadea. Enzun arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Fedeko gauza, eta Katoliko guziak sinistu bear duena da Jesu-Kristo gure Jaunak ipiñia zuala bere Elizan Apaizen goiende, edo dignidadea ostegun Santu arratsean. Berak, lege berriko Apaiz nagusiak bezala, eman, edo esan zuan lenengo Meza: eta esan zien Apostoluai: Nik oraiñ egin dedana, egizue zuek ere, nizaz oroitzen zeratela, eta nere izenean: Hoc facile in meam commemorationem. Itz oekin Apaiz egiñak geratu ziran Apostoluak, eta era berean oek, eta oen ondorengo Obispo Jaunak malla onetara altxatzen dituen guziak ere, eta besterik esatea da herejia.

        Apaizen goiende, edo dignidadera etzaio nori nai utzitzen; baizik ongi begiratzen da, nor ote dan, eta zer doai, eta bizimodu izan dituan. Egiten zaio aurrena koroa txiki bat, eta marka onekin aditzera ematen du, ordutanik utzi dituala lurreko gura, eta naikunde txarrak, eta Jauna bakarrik dala, billatzen duan ondasun guzia. Dominus pars haereditatis meae. Ez dago osotoro erabakia, lenengo koroa au egitea Sakramentu dan, edo ez. Begira, Kristaua, nolako asiera egiten dan Apaiz izateko.

        Ondoren dira lau malla txiki, graduen izena ematen zatenak. Malla txiki oetarako etzaio iñori lekurik ematen, bizitz onaren, eta beste gauz askoren agiri gabe. Lau malla, edo graduak Sakramentu diran, edo ez, eztakigu, zeren Elizak erabaki ez duan.

        Lau malla oek artu dituana ez da bereala igotzen aurrera, baizik urte bete igarotzen du, autu bear duan bizimoduaren gañean kontuak ateratzen. Urtea alderatzen danean, erregutzen dio Obispo Jaunari, altxa dezala Epistolaren mallara; eta onetarako Obispo Jaunaren agintez egiten dira lau gauza. Lenengoa: Epistolaren malla nai duanaren errian agintzen zate testiguai, juramentuaren azpian esan dezeela, zeren bizimodutakoa dan ordena eskatzen duana; edalea juramentu gillea, lagun gaiztoakin biltzen dana, usai gaiztoko emakumeakin dabillena dan, edo ez. Bigarrena: agintzen zate erriko guziai, eskomiku nagusiaren azpian ager dezeela, ezer badakie ordena eskatzen duanaren kontra. Irugarrena, bidaltzen da au illabete Seminarioan igarotzera, ongi begira dezan, Apaiz izateko Jaunak deitzen duan, edo ez. Laugarrena, Obispo Jaunaren aurrean eman bear du itza, garbitasun edo kastidadea gordetzeko beti. Eztakigu Epistolaren malla au Sakramentu, edo Elizaren zeremonia utsa dan, edo ez.

        Epistolako mallaren urrena da Diakono, edo Ebanjelistena. Malla onetara igotzeko, igaro bear da urte bete gutxi gora bera: eta Epistolarako egiten diran galde, eta gauzak berriro egiten dira. Diakono, edo Ebanjelistaren malla Sakramentua, dala alde-aldean fedeko gauza da.

        Diakono, edo Ebanjelisten mallaren urrena da Apaizena. Txit goi arkitzen da malla au, eta ez dio Elizak eman nai oraiñ ukitzera noan doaiak ez dituanari. Lenengo doaia. Jaunaren deia. Au da atea Apaizen mallara sartzeko: atetik sartzen ez dana lapurra da. Bigarren doaia: Apaizari dagozkan gauzen jakiundea, edo beintzat artarako gogotsua, eta arretaduna izatea. Itsu-aurrekoa itsua bada biak eroriko dira lenengo zuloan, Jesusek esaten digun bezala. Irugarren doaia: bizimodu, ta oitura onak dituana izatea. Apaizari bere goiende, edo Dignidadeak ez diozka kenduko anz-azturak, eta oek gaiztoak badira, era geiago izango du gura duana egiteko. Laugarren doaia: Apaizari ez dagozkan egiteko, lagun, ibillera, eta jolasak utzirik bizitzea. Gauz oen berriak galdetzen ditu Elizak, eta oek onak ezpadira, ez dio iñori ematen Apaizaren malla. Zer geiago egin dezake Eliz Ama Santak, bear bezalako Apaizak, Erakusle, eta giariak bere umeai emateko? Eta baldiñ alaere asko bagera, degun malla ez dagokigunak, ori gertatzen da, zeren gurasoak, batzuetan beintzat, Apaiz izatea nai duen, artarako egokiak ez diran semeak. Ori da, zeren billatzen diran, testiguak agertu nai ez dituen, Apaizen mallara igo nai duenen, oitura gaiztoak. Ori da, zeren Jaunaren deiarekin, eta ongi Apaizen mallara igotzen diranak ere berekin dituen, Adanen bekatuari darraizkan gura txarrak, eta oek eskuratzeko zabartzen badira, eroriko dira, beste edozeñ bezala, gauz okerretan; gogora ekartzue ezperen Judasekin gertatua. Judas bide zuzenez, edo Jesus beraren deiarekin sartu zan Apostoluen goiende, edo dignidadera. Alaere berekin zituan bere gura txarrak, oen artean kutizia deritzan, eta emengo ondasunai geiegi nai dien gura. Etzuan ilduratu, edo ezi gura au, eta salerazo zion bere Maisua. Gogora ekartzue gañera, non, eta norekin bizi diran Apaizak. Ez dira bizi eremuetan ezkutaturik, S. Paulo, eta S. Antonio bezala, baizik munduaren erdian, gaitz itsaskorrez beteak daudenen artean. Eta zer da zer miretsi, onelako erien artean bizi diran, Apaizen batzuei miña itsasten bazate? Orregatik orrelako gauzak aditzen dituzuenean, etzaiteztela asi ozka, ta aginka Apaizen kontra, baizik urrikaldu zaitezte eren Dignidadeaz aztu diranaz. Goazen aurrera, eta dakuskun, zeñ esku miragarria eman dien Jesu-Kristok bere legeko Apaizai.

 

 

§ II.

 

        Ozta bat Apaizen mallara igotzen da eta Obispo Jaunak esaten ditu aldi artan esan bear diran itzak, Espiritu Santuak markatzen du Apaizaren anima, eta egiten du Jesusen artaldeko Giarietatik bat. Marka au ez da beñere desegingo, ez emen, ez beste bizitzan: izango da txit onragarria bizitza onean irauten duenentzat, baña lotsagarria, eren malla, ta dignidadeari dagokan eran, bizi nai ez duenentzat.

        Marka onekin batean ematen diozka Espiritu Santuak Apaizari bi esku, edo podere guziz arrigarriak. Lenengoa da Aldareko Sakramentua egiteko, eta Mezako Sakrifizioa eskeintzeko eskua, fedeak erakusten digun bezala, eta besterik esatea da herejia. Esku onen bidez, Konsagrazioko itzak Apaizak esaten dituan unean jartzen da Jesus Jaungoiko, ta gizon egiazkoa Aldareko Sakramentuan, Apaizak nai duan orduan, nai duan lekuan, eta nai duan aldi guzietan. Ekarri itzatzu gogora, nere Kristaua, Munduaren asieratik egin diran gauzarik andienak, eta atrebitzen naiz esatera, arrigarriagoa dala Apaizaren itzakin Sakramentu orretan gertatzen dana. Gauz andia izan zan Zeruak, eguzkia, izarrak, lurra, itsasoa, ibaiak, lore, arbolak, eta beste gauzak egin bedi esate utsarekin egiñak geratzea. Baña au gertatu zan Jaungoikoaren, ez gizonaren, itzera. Gauz andia zan Josueren otsera eguzkia gelditzea; baña au gertatu zan beñ bakarrik, eta Josue zan Jaungoikoaren adiskide andia. Gauza guziz andi, eta arritzekoa izan zan, Trinidadeko bigarren Persona gizon egitea Birgiña txit Santaren sabelean, Birgiña berak baimena eman zuan unean; baña au gertatu zan beñ, eta Birgiña au zan munduan izan, eta izango dan animarik ederrena. Baña Apaizaren otsera egun oro, ta egunean asko aldiz jatxitzen da Zerutik lurrera Jesus Jesus Jaungoiko-gizona, naiz izan Apaiza ona, naiz ez. Esan zadazu, Kristaua, ez da guziz miragarria esku au?

        Bigarren esku, edo poderea da bekatuak barkatzekoa. Esku au Jaungoikoari bakarri dagokana da, alako eran, non Jesusen kontra erausian asi ziran Juduak, zeren gizon bati esan zion: barkatzen zaizkitzu zure bekatuak; Remittuntur tibi peccata. Etzuen sinisten Jesus zala Jaungoiko egiazkoa; orregatik beraren kontra aserratu ziran, bekatuak barkatzen zituala aditzean. Eta esku au eman zien Jesusek Apostoluai, eta ondorengo Apaizai. Sartu zan Apostoluak zeuden tokian, eta esan zien: pakea izan dedilla zuekin: Pax vobis. Arrezazue Ezpiritu Santua: Accipite Spiritum Sanctum. Zuek barkatzen dieztezuenean bekatuak barkatuak izango dira: Quor um remisseritis peccata remittuntur eis: eta zuek barkatzen ez dieztezuenenak barkatu gabe geratuko dira: Et quorum retinueritis, retenta sunt. Itz oetan argiro eman zien Jesusek Apostoluai, eta ondorengo Apaizai bekatuak barkatzeko eskua, eta besterik esatea da herejia.

        Esan gidazu oraiñ, Kristaua, ez da miragarria, Jesus onak bere legeko Apaizai eman dien, esku, ta poderea? Etzien Jaunak eman onelako eskurik lege naturaleko Patriarkai: etzien eman lege zarreko Aita Santu eta Profetai: eta etzion eman Birgiña txit Santa bere Ama maitagarriari ere. Zertako eman ziela uste dezu? Gu esnatzeko beraren ontasun baztergabea amatzera, eta serbitzera. Begira dezagun oraiñ, zeñ onragarria dan Apaizen goiende, edo dignidadea.

 

 

§ III.

 

        Leku, ta denbora guzietan onragarria izan da dignidade au, fedegabeen artean ere. Toki batzuetan etzan iñor Errege egiten ezpazan Apaiza: ala gertatzen zan Ejipton, Lazedemonian, eta Erroman; beste toki batzuetan Apaizak ziran, Erregeak aututzeko, eta kentzeko, eskua zuenak. Apaiz aek etziran idoloen kontua zeukeen gizon batzuek besterik, ta alaere añ onragarria zan Apaizen goiendea. Lege naturalean etxe bakoitzeko seme nagusiai eman oi zitzaten Apaizen onra.  Lege zarrean ipiñi zituan Jaunak denbora ari zegozkan Apaizak, eta Aita Santua: eta oen egiteko andiena zan zekor, arkume, eta oen antzeko beste gauzak jaunari eskeintzea; etzan alabaña, Jesusek bere lege eder-garbia ipiñi zuan artean, Mezarik, ez konfesioko Sakramenturik. Alaere Espiritu Santuak esaten zuan: Onra ezazu Jaungoikoa zure anima guziaz, eta onra itzatzu Apaizak: Honora Deum ex tota anima tua, et honorifica Sacerdotes (Eclesiastici 7). Eta lege zarreko Apaizen dignidadea añ onragarria bazan, zeñ onragarria izango ez da Jesu-Kristoren legekoena? Enzun itzatzu, Kristaua, Santuak gai onetan esaten dizkiguen gauza miragarriak. S. Ignazio martiriak deitzen dio dignidade oni lurrean arkitzen diran gauz on guzien erpiña: Sacerdotium est apex bonorum omnium, quae sunt in hominibus. S. Anbrosiok dio Erregeen koroak, Apaizen goiende, edo dignidadearen aldean, beruna urrearen aldean dana dirala. Nai dezu geiago? Jakizu bada, S. Juan Krisostomok Jaunaren Aingeruen izena ematen diela Apaizai, eta era berean S. Jeronimok. Orregatik Konstantino Enperadorea etzan eseri Nizeako Konzilioan, Apaizak eseri ziran artean. S. Franzisko Asis, zan bezeñ Santu andia izan arren, etzan atrebitu Apaizen malla artzera, eta zion, jatxiko baliz Zeruko Santuetatik bat, eta ekusiko banu denbora berean Apaiza, oni lenengo lekuan muñ egingo nioke eskuan, eta gero agur egingo nioke Santuari. Santa Katalina Senakoak lurrari muñegin oi zion apaizen bat ekustean. S. Juan Ebanjelistari agertu zitzaion beñ Aingeru bat, bereala auspez jarri zan Santua; baña esan zion Aingeruak: Ez orrelakorik egin: Jaun baten serbitzariak gera: Vide ne feceris (Apoc. 19 et 22).

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ onragarria dan Apaizen goiende, edo dignidadea? Zer da orain guk egin bear deguna? Guk egin bear deguna da, berriro ezagutzea Jaunaren guganako ontasun, eta amorio geiegia, bada gure onagatik ipiñi ditu bere Elizan Apaizak, Mezako Sakrifizio izugarria eskeintzeko, Sakramentuak emateko, oen artean Aldareko Sakramentu guziz miragarria, eta atzenean bekatuak, diranak dirala, barkatzeko. Guk egin bear deguna da, Jaunari milla esker ematea mesede onegatik, eta onratzea apaizak, duen goiende, edo dignidadeari begiraturik, naiz izan birtutetsuak, naiz ez. Ala egin zuan Jesu-Kristok lege zarreko Apaizakin, oetatik bidegabe asko ekusi bazituan ere. Ala egiten due anima zintzo, eta on guziak: eta besterik egiten badue askok, oriek izan oi dira herejeak, eta Sakramentuetatik igesi dabiltzanak. Egin dezagun Jesus onak erakutsi diguna, eta iritsiko degu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa