www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean bederatzigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Beldurrezko damu, edo Atrizioa izan zàn azkeneko Erakusaldiaren gaia. Igaro gaitezen onezko damu, edo Kontriziora. Onen gañean galdetzen du lenbiziko Komunioaren liburuak era onetan...

        «Zer da onezko damu, edo kontrizioa? Erantzuten du: damu bat biotzean sortzen dana, zeren ontasun, eta maitagarritasun baztergabea dan, Jaunaren kontra bekatu egin degun. Zergatik damu oni deitzen diozu onezkoa? Zeren damu au sortzeko bidea dan, ez beldurra, baizik Jaunaren ontasun, eta maitagarritasun bazterrik, eta neurririk ez duana.

        Atrizioa, edo Kontrizioa da obea? Biak dira onak, baña askoz prestuagoa, ta obea da onezko damua, edo kontrizioa. Zergatik? Zeren len esan dan bezala, atrizioa bera utsik ez dan asko bekatariari graziaren apaindura ederra emateko; baña kontrizioa da damu añ indartsua, añ miragarri, ta prestua, non biotzean sortzen dan une, edo puntuan bertan aienatzen dituan bekatu larri guziak, eguzkiak gauaren illuntasunak aienatzen dituan eran. Beraz onezko damu, edo kontrizioarekin konfesatzeko prestatzen bada bat, eta Elizara dijoala bidean iltzen bada konfesio gabe, Zerura juango da? Bai, Jauna, zeren Jaunaren grazian ileko dan. Eta beldurrezko damu, edo Atrizioarekin prestatzen dana konfesatzeko, Elizarako bidean iltzen bada konfesiogabe, nora joango da? Infernura, zeren bekatuan ileko dan. Erakusleak: ongi diozu; orregatik sarritan, eta biotz osoz egin bear lituke Kristauak fede, esperanza, karidade, ta kontriziozko afektoak, eta oek egiteko balia diteke dotrinako liburutxoak dakarren goizeko jaieraz. Ona lenbiziko Komunioko liburuak gai onetan dakarrena».

        Kristauen artean batzuek ez due uste, onezko damu, edo kontrizioarekin Jaunagana biurtzera daudela beartuak: eta oei aditzera eman bear zate, nola, eta noiz beartuak dauden onezko damua sortzera, edo Akto Kontriziozkoak egitera. Besteak uste due, damu det Jauna esatearekin barkatuak daudela bekatuak, oei aditzera eman bear zate, zer doai, edo kondizio bear dituan onezko damu, edo kontrizioak, konfesioa baño len bekatuak barkatzeko. Atzenean asko dira eztakienak, nola moldatu gindezkean, ala nai izatera, onezko damua sortzeko, eta alik ongiena au erakutsi bear zate. Iru gauza oek izango dira gaurko Erakusaldia. Enzun Kristaua, kontuz.

 

 

§ I.

 

        Kristaua, erori zera bekatuan? Utzi dezu beraz ezin geiagoraño ona, ta maitagarria dan zure Jauna, eta beartua zaude beragana biurtzera onezko damu, edo kontrizioarekin, edo bestela konfesio on baten bidez. Biur zaitezte nigana, esaten digu Jaunak Joel Profetaren autik: biur zaitezte nigana biotz osoz, urra itzatzue zuen biotzak, ez soñekoak.

        Emendik beartua zaude onezko damua sortzera, edo Akto kontriziozkoak egitera, benik beñ eriotzako ordu, edo perillean; orduan alabaña beartuak gaude biotz osoz Akto karidadezkoak egitera, eta bekatuaz oroitzen danak eziñ oek egin ditzake denbora berean sortzen ez duala onezko damua. Bigarrena beartua dago onezko damua sortzera itsasoz, edo bestela perill andiko bidea igaro bear duana. Irugarrena, gerrariak peleara dijoazenean. Laugarrena, erri batean izurria, edo gaitz itsaskor perill andikoaren bat zabalduaz dijoanean. Bostgarrena, emakume bat aurgite gaiztoan arkitzen danean. Seigarrena, gure bekatuak gatik Jaunak errietara neke andiren batzuek bidaltzen dituanean. Zazpigarrena, beartua dago bekataria, Jaunagana biurtzera bekatuan erortzen danetik laster edo beintzat berandutu gabe. Baña ez due onetan iritzi bat gizon jakintsu guziak. S. Buenabenturak dio, beartua dagoala bekataria Jaunagana biurtzera, bekatuan erortzen danetik bereala, baita konfesatzera ere, garizumari itxedoten egongabe. Besteak dioe, denbora luzea dala aste bat igarotzea bekatuan, besteak dioe illa bete, besteak lau, edo bost illabete. Atzenean beste batzuek dioe, egiaz Jaunagana biurtzen bada bekataria konfesatzeko aginteak estutzen duanean, ez dala izango zabarkeria larri, edo mortala bitarteko luzapena; Eta zer nik esatea nai dezue, gizon jakintsuak onenbeste iritzi elkarren kontrakoak, baditue? Nik esan dezakedana da, Eskritura Santan Jaunak esaten diguna. Ez dezazula, dio, egunetik egunera luzatu Jaunagana biurtzea, zeren batean etorriko dan beraren aserrea: Non tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem, subito enim, veniet ira illius. Nik esan dezakedana da, denbora luzean badago bekataria Jaunagana biurtu gabe, dala onezko damu, edo kontrizioarekin, edo dala konfesio on baten bidez, eroriko dala bekatu berriren batean; zeren bekatu barkatu gabeak bere kargarekin amilderaziko duan beste bekaturen batean, S. Gregoriok dionez. Orregatik errazago arkituko dira bekatu larri, edo mortalean erori ez diran Kristauak, ezen ez beiñ bakarrik erori diranak. Atozea oraiñ, Kristaua: au onela izanik, nola luzatuaz zoaz zere Aita onagana biurtzea, ez egunetik egunera, baizik urtetik urtera. Ez dezu ekusten, luzapen oriekin bekatua bekatuari erantsitzen diozula, eta erraz neurria igaro dezakezula? Eta ala gertatzen bada, zer izango da zuzaz? Galdua izango zera, eta galdua betiko. Etzaitezela bada izan sorra, eta gorra zure Jaunaren deia entzuteko: orain deitzen dizu, Aita urrikaritsuak bezala, eta lenbait len biur zaite beragana. Baña goazen aurrera, eta dakuskun, zer doai, edo kondizio bear dituan onezko damu, edo kontrizioak, konfesioa baño len bekatuak barkatzeko.

 

 

§ II.

 

        Onezko damu, edo kontrizio osoak bekatuak barkatzen ditu konfesioa baño len, bear diran doai, edo kondizioak baditu. Au da egia bat Katoliko guziok sinisten deguna. Bekatuan erori ziran Adan, Dabid, Magdalena, eta barkatu zien Jaunak onezko damuaren bidez; eta besterik esatea debekatua dauka Elizak.

        Baña zer doai, edo kondizio bear ote ditu onezko damu, edo kontrizioak, bekatuak barkatzeko konfesioa baño lenago? Batzuek esan zuen, onezko damu, edo kontrizioak ez duala bekaturik barkatzen konfesioa baño lenago, baldin konfesatzeko era bada; baña iritzi au aztua arkitzen da. Beste batzuek esan zuen, onezko damu, edo kontrizioak ez duala konfesio gabe bekaturik barkatzen, ezpada txit bizia, samiña, eta azia; baña Santo Tomasekin Teologorik geienak erakusten due, onezko damu, edo kontrizioak barkatzen dituala bekatuak, izan ditekean andiena ezpaliz ere, baldin kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa bada. Batzuek esan zuen, onezko damu edo kontrizioak ez duala konfesio gabe bekaturik barkatzen, beldurrarekin nastua bada; baña beldur onak laguntzen du onezko damura igotzeko. Besteak esan zuen onezko damuak ez duala berekin bear ezeren uste edo esperantzarik, ez eta Zeruarenik ere; baña esperanza da karidadearen laguna, eta malla egokia onezko damu, eta Jaunaren amoriora igotzeko. Batzuek esan zuen onezko damu, edo kontrizioa sortu bear dala bekatu larri bakoitzaren gañean; baña lan andiegia litzake au denbora luzean gaizki bizitu danarentzat; noiz alabaña bekatu bakoitzarentzat sortuko luke kontrizio bana, ezin konta al badira egin dituan bekatuak? Beste batzuek esan due, aurrena ezagutu bear dala bekatu bakoitza, eta gero sortu bear dala guzien damua. Ala egin oi da, batez ere konfesatzeko prestaera egiten danean; baña beiñ baño geiagotan gertatzen da, bekatuen examina bukatu baño lenago bekatariak sortzea onezko damu, edo kontrizio sendo bat, eta gauza gogorra litzake esatea, onelako damuak ez dituala barkatzen bekatuak. Batzuek dioe, onezko damu, edo kontrizioak konfesioa baño lenago barkatzen dituala bekatuak, Jaungoikoaganako ongi nai, eta amoriotik jaiotzen bada; baña geienak erakusten due, onezko damu, edo kontrizioak, egiazkoa bada, berekin daramala Jaungoikoaganako onginai, ta amorioa; eziñ alabaña Jaunaren ontasun baztergabeari egindako bidegabeai gorrotoz begiratuko die bekatariak, denbora berean amatzen ez duala ontasun ura. Eta dana dala gauz onen gañean, akto kontriziozkoa egiten bada dotrinak dakarren eran, aurrena egiten da karidadezkoa, edo amoriozkoa. Ekusten dezu Kristaua, zenbat lan, eta buru-ausitze izan dituen gizon jakintsuak onezko damu, edo kontrizio osoaren gañean? Au guzia esan det, uste izan ez dezazun, damu det Jauna nola nai esatearekin barkatuak daudela bekatuak. Oraiñ ukituko ditut, guzien iritzian onezko damu, edo Kontrizioak bear dituan doai, edo kondizioak, bekatuak barkatzeko konfesioa baño len.

        Lenengo doai, edo kondizioa: Zerutikakoa, edo sobrenaturala izatea. Zerutikakoa, esan nai det, onezko damu, edo kontrizio emen ukitzen dana, sortu bear dala Espiritu Santuaren lagunz, eta graziarekin. Esan nai det gañera, fedearen argiarekin gogora ekarri bear dala Kontrizioari dagokan damu bidea, ta au da Santo Tomasen, eta geienen iritzian Jaunaren ontasun, eta maitagarritasun baztergabea. Ez degu guk ezagutzen Jaunaren ontasuna beregan dan eran, baña ezagutu dezakegu bear adiña, egin dituan obra miragarrietatik. Obra oek batzuek dira gerenez degun argiaregin ezagutzen ditugunak. Ekusten dituzu Zeruak, Eguzkia, izarrak: ekusten dituzu lurra, eta lurrak dakartzian loreak, arbolak: eta zeregan diozu: gauz oek diran bezeñ onak, eta ederrak izanik, zeñ ona, zeñ eder,  eta maitagarria izango da oen Egillea? Nai, ta nai ez guziz ona, ederra, maitagarria. Orra nola zerez dezun argiarekin ezagutzen dezun Jaunaren ontasuna; baña era onetan ezagutzen dezun ontasuna ezta damubide egokia onezko damu, edo Kontrizio Zerutikakoa sortzeko. Beste obra batzuek dira, zerez dezun argiarekin ezin ezagutu ditzakezunak, baña bai fedearen bidez, nola diran: egin ginduala Jaunae betikotasun guzian berarekin batean doatsu izateko: Adanen bekatuarekin galdu genduala Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, ta deretxa guzia: utsegite au zuzentzeko gizon egin zala Trinidadeko bigarren Persona, Birjiña, txit Santaren sabelean, Espiritu Santuaren obraz, eta graziaz: eman zuala gurutzean bere bizitza, eta bere bizitzaren kostuz guretzat irabazi zuala Zeruko grazia, eta arako esku, ta deretxa: piztu ta igo zala Zerura: ipiñi zituala gure animetan grazia ixurtzeko, zazpi iturri, edo Sakramentu; oen artean Konfesioa, bataioa ezkero egindako bekatuak barkatzeko, eta Komunioa gure animen janari, eta edari izateko, eta grazia ugaritzeko. Obra oen berririk ez du gizonak berez, Platon eta Aristoteles baño jakintsuagoa baliz ere; baña ezagutzen ditu fedearen argiarekin, eta emendik igerritzen du Jaunaren ontasun, eta maitagarritasun bazter gabea: eta era onetan sortu dezakezu onezko damu, edo kontrizio Zerutikakoa, edo sobrenaturala. Damu onek bear duan bigarren doaia da berekin, edo bere aurretik izatea barkazioaren ustea. Ala aditzera ematen digu Trentoko Konzilioak. Uste au gabe, nola esnatuko lizake bekatariaren biotza onezko damu, edo kontrizioa sortzeko? Irugarren doai, edo kondizioa da kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa izatea, esan nai det, Jaunaren ontasun baztergabeari begiraturik, alako eran damutu bear zaku ontasun beraren kontra egin ditugun bekatuaz, non naiago gendukean edozeñ kalte, eta gaitz gertatu ta gertatzen balitzaku, ezen ez bekatuan erortzea. Laugarren doai, edo kondizioa da aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak: Cum proposito non peccandi de caetero. Bostgarren doai, edo kondizioa da egindako bekatuak, larriak bederik, konfesatzeko asmoa. Ala aditzera ematen digu Trentoko Konzilioak.

        Doai oek dituan onezko damu, edo kontrizioak barkatzen ditu bekatuak konfesioa baño ere lenago. Ala aditzera ematen digu Abanjelioko Seme ondatzallearen ipuiak. Aita batee zituan bi seme, eta gazteenak esan zion: Aita eman begit etxetik dagokidana. Eman zion, eskatu zuan bezala, eta joan zan semea urrutietara. Gastatu zuan Aitak eman zion guzia bekatuaren bideetan, eta geratu zan arloteria andian. Goseak igaroa zebillen, eta iliko ezpazan, jarri bear izan zuan morrontzan; baña suerteak eman zion nagusi bat añ zimurra, ta prestueza, non gure ezkutari ergela ipiñi zuan txerrizai, eta etzion opa gosea iltzeko diña janari ere. Pozik jango zitukean zerriai ematen zitzaizten az-osto, eta kirtenak, baña etziozkeen ematen oek ere, sabela betetzeko diña beintzat. Ekusirik bere burua era añ negargarrian, asi zan bere Aitaren etxeaz oroitzen. Zenbat langillek, zion beregan; zenbat langillek naroro, edo ugari jaten due nere Aitaren etxean ogia? eta emen nago ni goseak erkitua, ta iltzeko zorian: Ego autem hic fame pereo. Eta onela egongo naiz zerrien artean goseak igaroa? Ez, ez: joango naiz nere Aitagana, eta esango diot: Aita egin det bekatu zure aurrean eta zure kontra: ez naiz zure semearen izen onragarria izateko diña; baña ar nazazu zure serbitzarien artean bederik. Ona nola artu zuan bere bekatua aitortzeko asmoa. Au beregan erabakita, bereala artu zuan bere Aitaganako bidea. Ekusten du Aitak nola biurtzen dan beragana, eta Aita urrikaritsua bezala irteten zaio semeari bidera, eta onek konfesioa egin baño ere lenago, ematen dio pakezko musu, eta laztana: artu zuan bere etxean, biurtu zion galdu zuan graziaren soñeko. ederra: eman zion karidadearen eraztuna: eman ziozkan gañera, Zerurako bidean ongi ibiltzeko, bear zituan oñetako ederrak, edo lagunzak, eta egin zuan, festa andi bat, zeren bere seme galdua biurtu zitzaion etxera. Au da Abanjelioko seme ondatzallearen ipui gozoa, eta txit ederki aditzera ematen du, onezko damu, edo kontrizio osoarekin Jaunagana biurtzen dan bekatariari gertatzen zaiona. Biurtzen da bere Aita onagana bere bekatuak aitortzeko, edo konfesatzeko asmoarekin, ekusten du Aitak eta artean konfesioa egin ezpadu ere, ematen dio pakezko laztan, eta musua. Biurtzen dio graziaren apaindura ederra, eta egiten du gero festa andi bat, zeren seme galdua biurtu zaion. Orra, nola onezko damu, edo kontrizioak barkatzen dituan bekatuak konfesioa baño lenago. Egia da, beti geratzen dala beartua konfesatzera. Ala egin zuan seme ondatzalleak. Aitak eman zion pakezko musu, ta laztana bere eskergabekeriak aitortu baño len, baña andik bereala egin zuan semeak bere aitormen, edo konfesioa. Ekusi dezagun oraiñ, nola moldatu gindezkean, ala nai izatera, onezko damu, edo kontrizioa sortzeko.

 

 

§ III.

 

        Esan det len, onezko damu, edo kontrizio Zerutikakoa sortzeko, gogora ekarri bear degula fedearen argiarekin damubide egokia, eta au dala Jaunaren ontasun, eta maitagarritasun baztergabea. Ontasun oni ongi begiraturik, gozatuaz joango da biotza, bera amatzeko: eta ekusirik ontasun onen kontra egin ditugun eskergabekeriak, sortuko du onezko damu, edo kontrizioa. Jarri gaitezen bada, Kristaua, Jaunaren aurrean, eta saia gaitezen au egitera.

        Egin det bekatu, esan dezakezu zeregan; egin det bekatu ezin konta al bider: Peccavi. Egin det bekatu, eta utzirik nere Jaun ona, ipiñi det biotza emengo aurkerietan, edo obeto esateko ezerezean. Peccavi. Nor dala, uste dezu, era onetan utzi dezun, Jaun au? Fedeak erakusten dizu, Jaun au dala zu ezerezetik atera, eta Zerurako egin zinduana. Fedeak erakusten dizu, Adanen bekatuarekin galdu zenduala Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, eta deretxa guzia: eta au zuri berriro emateko, bidaldu zuan mundura bere Seme bakarra. Ainbesteraño maite izan ginduan, dio S. Juanek, non eman zuan bere Seme bakarra. Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret. Fedeak erakusten dizu, Trinidadeko bigarren Persona gizon egin zala Birjiña txit Santaren sabelean Espiritu Santuaren obraz, eta graziaz: eta emanik gurutzean bere bizitza, irabazi zuan guretzat Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, ta deretxa, Adanen bekatuarekin galdu genduana. Au onela egiñik, piztu eta igo zan Zerura. Amatu ninduan, eta eman zuan nigatik bere burua, dio S. Paulok Dilexit me, et tradidit semetipsum pro me. Fedeak erakusten dizu, Jaun onegana biotz osoz biurtzen bada bekataria, añ gozotoro artzen duala, non guzia barkatzen dion, begitarte gaiztorik erakutsigabe. Ez det nai, dio, bekataria galtzea, baizik nigana biurtzea: eta nere grazian bizitzea, nigana biurtzen dan unean bertan aztuko naiz egin dizkidan eskergabekeria guziaz. Fedeak erakusten dizu, guri graziaren doai miragarria emateko, ipiñi zituala zazpi iturri graziaren ur gozoa beti ematen ari, eta beñere agortzen ez diranak, oen artean bataioko Sakramentua. Sakramentu onen bidez barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo orijinala, guziok arekin jaiotzen gerana, eta lenbiziko gurasoetatik datorkiguna. Apaindu zinduan graziaren soñeko ederrarekin: egin zinduan bere Elizaren ume, eta ipiñi zaitu betiko bizitza iristeko era guziakin. Nondik zuri, nere Kristaua, onenbeste ontarte, eta mesede? Ezin konta al arkitzen dira bataiorik, eta federik ez dan lekuetan, eta fedea duen errietan ere asko iltzen dira bataiorik gabe: eta zu bizi zera Jesu-Kristoren lege Santan. Ekusi zuan gure Jaunak, bataioko Sakramentuarekin graziaren soñeko ederra artu arren, beti geratzen ziñala gaitzeronz makurtua, eta eroriko ziñala bekatuan: eta ipiñi zuan beste Sakramentu bat illak piztutzen, eta bataioa ezkero egindako bekatuak barkatzen dituana: au da konfesioko Sakramentua. Fedeak erakusten dizu, utzi zigula beste Sakramentu bat, Komuniokoa deritzana. Gugatik gurutzean bizitza emateko zegoan bezperan, ainbesteraño erazeki zitzaion Jesus onaren biotzari guri ongi naiez, non geratu nai izan zuan Sakramentu miragarri onetan gurekin, eta gure artean bizitzeko, eta guri emateko bere gorputza, bere odola, eta bera dan guzia. Izanik gure Jaungoikoa Guzialduna, edo Omnipotentea, eziñ alaere eman digun baño geiago eman zezakean: izanik guziz jakintsua, etzuan jakin, zer geiago guri eman: eta izanik guziz aberatsa, ta gauza guzien jabea, etzuan izan zer geiago eman, dio S. Agustiñek. Esan gidazu oraiñ, nere anima: au guzia guri onginaiez egin duan Jauna, zeñ ona, ta maitagarria izango da beregan? Eta Jaun au ez degu amatuko? Zer amatuko degu, ontasun au amatzen ezpadegu? Baña ai! Ontasun au amatu ordean beraren kontra altxa naiz ainbeste bider: autsi det beraren lege Santa, eta esan det obraz: Ez det Jaun au serbituko. Au da Jeremiasen autik Jaun onek erakusten digun espadasun andia: Confregisti jugum meum, rupisti vincula mea, et dixisti: Non serviant. Arritu zaitezte Zeruak, eta desegin naigabez Zeruko ateak: Obstupiscite Caeli et portae ejus desolamini.

        Nere anima, biur zaite noizbait zure Aita onagana: deiez dagokizu. Esan zaiozu benaz: O ontasun neurririk, mugarik, eta bazterrik ez dezuna! Zeñ berandu ezagutu zaitudan! Amatzen zaitut biotz guzitik zure ontasun orri begiraturik. Eta zure izenean amatzen ditut nere lagun urko guziak, oen artean nere etsaiak: opa diet Zerua, eta arako bidean on izango duen guzia. O ontasun guziz miragarria! Damu det zu ofendituaz, eta damu det gauza guzien gañetik. Ill banintz, eta iltzen banintz zure kontra bekatu egin baño len! Artzen det asmo osoa ez geiago bekaturik egiteko, bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta konfesatzeko.

        Orra, nere Kristaua, nola moldatu gindezkean onezko damu, edo Kontrizioa sortzeko. Oitu gaitezen bada, Akto fedekoak, esperanzakoak, karidade, ta kontriziozkoak sarritan egitera. Arretarekin jarraitu degiogun animaren egitekoari, onela iristeko, Jesus onak ainbeste nekerekin guretzat irabazi zuan betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa