www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA IRUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amabigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian aditu zenduan, Kristaua, nor diran bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso-eragillearekin konfesatzen diranak. Baña asko omen dira, asmoaren iduri utsarekin datozenak, eta oen gañean lenbiziko komunioko liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Nor, edo zeñ ote dira ontzeko asmo egiazko gabe edo asmoaren iduri utsarekin konfesatzen diranak? Erantzuten du: asko bide dira, baña ezagutuenak oek. Lenbizia, doktrina, ta ongi konfesatzero prestaera ikasteko arretarik artu nai ez duenak. Bigarrena, bekaturako bide, eta perill urkoak uzteko biotzik ez duenak. Irugarrena, besteri bekaturako bidea ematen dioen, itz loi, eta modu gaiztoak laja nai ez dituenak. Laugarrena, lagun urkoari onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegiteko, edo jabeari bere gauza biurtzeko, arretarik ez duenak. Bostgarrena, bekaturako oiturak garaitzera benaz saiatu nai ez duenak. Seigarrena, beren estadu, bizimodu, eta karguaren eginbideaz ardurarik gabe bizitu diranak. Zazpigarrena, lagun urkoaganako gorrotoa, edo gorrotoaren siñaleak utzi nai ez dituenak». Ona lenbiziko komunioko liburuak asmoaren iduri utsarekin konfesatzen diranen gañean dakarrena.

        Oetatik ote zera zu, aditzen zauden Kristaua? Au da aurrena begiratu bear degun gauza. Eta oetatik bazera. Zer ote da zuk egin bear dezuna? Au da urrena ekusi bear deguna. Enzun, Kristaua, kontuz.

 

 

§ I.

 

        Kristauak konfesatzera datorrenean, esango du beregan: ez, ez geiago bekaturik, ez eta bizitzagatik ere. Alaere geienak engañatzen dira, eta ez due, asmoaren iduri utsa besterik. Nola ori? Zeren azkartzen ez diran aurrera bekaturik ez egiteko arreta ipintzera. Onelakoak dira benik beñ, dotrina, ta ongi konfesatzeko prestaera ikasteko arretarik artu nai ez duenak. Kristauak, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartzen danetik, artu bear du Zerurako bidea, eta au egiteko bear dan eran, jakin, eta sinistu bear dira fedeko gauzak; eta nola au egingo du, saiatzen ezpada benaz? Kristauak eskatu bear diozka Aita Zerukoari betiko bizitza, eta arako bidean bear dituan gauzak, eta au nola egiñ erakutsi zigun Jesu-Kristok; baña nola au ongi egingo du, Jesu-Kristok erakutsi zigun erregu laburra aditzeko, saiatzen ezpada? Kristauak egin bear ditu Jaunak, eta Eliz Ama Santak agintzen diozkan gauzak; baña nola egingo ditu, ezpadaki zer agintzen zaion mandamentu bakoitzean? Gañera artu bear ditu Sakramentuak, batezere konfesiokoa, ta Komuniokoa: eta ezpadaki oek ongi artzeko prestaera, nola prestatuko, da? Atzenean, Kristauak denboraz artzen du bere estadu, bizimodu, edo karguren bat, eta Santo Tomasek esaten digun bezala, bekatu larriaren azpian beartua dago, bere estadu, bizimodu, edo karguari dagozkan eginbide, edo obligazioak jakitera. Kristauak jakin bear dituan gauzen artean batzuek dira añ bearrak Zerurako, non ezdakizkiana ezin Zerura ditekean, ez jakitean kulparik ezpalu ere. Beste batzuek ez dira añ bearrak, baña jakin bear dira bekatu larri, edo mortalaren azpian. Eta len kontuan konfesoreak, edo arzaiak ipiñita saiatu ez danari etzaio absoluziorik eman bear. Ala esaten digu S. Karlos Borromeok. Ala ere badira Kristauak dotrinako liburutxoak lau parteen gañean dakarrena eztakienak badira, Akto Kontriziozkoa egiteko itzak bederik ikasi ez dituenak. Badira dotrinatik igesi dabiltzanak. Ez jakitea zenbat gauza, ez da miseritsitzekoa: baña jakiteko arretarik artu nai ez izatea? Au da bekatu bat barkaziorik ez duana. Kristaua, eta ez ote zera zu ere oetatik bat? Ala bazera, zure konfesioak izan dira asmo oso-eragillea gabe, edo asmoaren iduri utsarekin.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osogabe, edo asmoaren iduri utsarekin konfetatzen dira bigarrena, bekaturako bide, ta perill urkoak uzteko biotzik ez duenak. Ala erakusten digue Teologo guziak: eta Espiritu Santuak esaten digu: perilla nai duana perillean bukatuko da. Alaere, Pazkoetan igarotzen diranen artean, asko geratzen dira, len zituen bekaturako bide, eta perilletan. Urliarentzat bekaturako bide, ta perill urkoa izan zan etxean, edo auzoan duan ori: era berean arako etxe artara joatea, bizi dan:lekuan bizitzea, eta oraindaño izan dituan lagun arro, ta lasaiakin ibiltzea. Sandiarentzat bekaturako bide, ta perill urkoa izan zan iñuterian triskan, edo izan oidiran jolas enasetan ibiltzea; erriko, edo auzoetako festetara joatea; ezkontzeko itza eman zionarekin egotea, edo erriz-erri ezkonzaren usaiean ibiltzea. Alaere ez due izan biotzik perill oek utzitzeko, ez Misioko deadarrakin, ez Konfesoreen aginteakin: eta da siñale agiria, asmoaren iduri utsarekin konfesatu zirala. Eta ez ote da, Kristaua, au bera gertatu zurekin ere?

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osorik gabe, edo asmoaren iduri utsarekin konfesatzen dira irugarrena, besteri bekaturako bidea ematen dioen, itz loi, ta modu gaiztoak utzi nai ez dituenak. Batek bere anima galtzea, gauza izugarria da; baña berea ezezik lagun urkoenak ere galdu nai izatea, au da, Jesu-Kristok bere bizitzaren kostuz irabazi zituan, animak saltzea Satanasi, eta Jesusen odol preziotsua alperrikako gauza biurtzea. Orregatik dio Jesusek: Ai! ta munduaren zori gaiztokoa eskandaloakgatik. Vae mundo ab scandalis. Ai! bekaturako bidea ematen duanaren zori gaiztokoa! Vae homini illi per quem scandalum venit. Bekatu au ez du munduak ezertan artzen; eta ezertan artu lekuan, zenbat eta anima geiago bekatuan amilderatzen diran, anbat geiago arrotzen, eta poztutzen da. Begira ezperen munduan ekusten danari. Zoaz soroetara, bideetara, plazetara, etxeetara, zer adituko dezu? Itz desonestoak, eta ipui zikiñak. Zer ekusiko dezu? Keñada itsusiak, jolas gaistoak, apaindura lotsagarriak. Zer ekusiko dezu? Gauetan batean, eta bestean geratzen dirala zenbait, eta Justiziaren aginteak autsitzen dirala nolanai. Vae mundo ab scandalis! Ai! munduaren zorigaiztokoa! Onelako bekatariak, konfesatzen diranean ere, ez due asmo oso-eragillerik, uzteko osotoro, bekaturako bidea ematen duen, modu gaizto guziak. Atozea, Kristaua, eta etzera zu oetatik bat? Begira ongi Jaunaren aurrean.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osogabe; edo asmoaren iduri utsarekin konfesatzen dira laugarrena, lagun urkoari onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegiteko edo jabeari bere gauza biurtzeko arretarik ez duenak. Onelako bekatariai beiñ baño geiagotan aditzera emango zien beren arzaiak, edo konfesoreak, lenbait len desegin bear zituela kalte orain aitatu diranak: eta era berean gauza biurtu bear zaiola bere jabeari; baña ez due izan biotzik au egiteko, egin zezakeela. Beraz oek konfesatzeko egin zituen asmo guziak etziran iduripen utsa baizik, eta konfesioak izan dira gaiztoak. Orregatik S. Franzisko Jabierrek, S. Karlos Borromeok eta Ritualak berak erakusten digue, eztakiela eman onelakoai absolu ziorik. Eta zenbat era onetako Kristau ez dira arkituko gaurko egunean? Batzuek kalte egiten dioe lagun urkoari onran, aurpegira ematen diozkeela bere, edo aurrekoen tatxaren batzuek; besteak izen on, edo faman, egozten diozkeela ez dituan tatxak, edo agertzen dituela isilik zeudenak. Ta ez ote dira arkituko anima añ madarikatuak, non lagun artean agertuko duen besteri eragin zioen bekatua? Batzuek kalte egiten dioe lagun urkoari litxarreriakin, besteak zorrai bere denboran erantzun gabez, eranzun litekeala; baña ez due arretarik izan kalte oek desegiteko. Emendik orrela bizitu diran denborako konfesioak izan dira asmo egiazko gabe, edo iduri utsarekin egiñak. Eta zu Kristaua, ez ote zera oetatik bat? Bizitza ontzeko, ta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, gabe, edo asmoaren iduri utsarekin konfesatzen dira bostgarrena bekaturako oiturak garaitzera benaz saiatu nai ez duenak. Bekaturako oitura, jaioberria danean, garaitu diteke neke gutxiagorekin; baña anziñakoa bada, ez da garaitzen, baldin bekatariak ekiten ezpadio lan oni txit benaz. Au aditzera ematen digu Jeremiasek, dionean: Gaiztakeriara oitutzen bazerate, onduko zerate, Etiopiako belzak bere larrua aldatzen duanean, eta katamotzak bere nabardurak, edo mantxak uzten dituanean. Emendik onelako bekatariak, baldin konfesatuta, benaz saiatzen ezpadira oitura gaiztoa garaitzera, aditzera ematen due, etzuela bizitza ontzeko asmo oso-eragillerik, baizik asmoaren iduri utsa: eta Teologoak erakusten digue, etzaiela absoluziorik eman bear, benaz saiatu dirala obraz erakutsi dezeen artean. Goazen oraiñ, Kristaua, soseguz, eta pakean munduari begiraldi bat ematera, eta ekusi dezagun nola bizidan. Arkituko dituzu asko bekatuaren oitura zarrarekin: batzuek birauak botatzeko; besteak edanean igarotzeko; batzuek itz desonestoak esateko, eta keñada lotsagarriak egiteko, besteak beren bakarrean atsegin zikiñak artzeko: batzuek litxarreriarako, eta saldu-erosian tranpak egiteko; besteak lagun urkoaren kontra nola nai itzegiteko. Oek eman ditue milla itz oitura gaizto oek utzitzeko, baña ez dira saiatu benaz, eta beragatik ez due izan, konfesatu diranean bizitza ontzeko asmoaren iduri utsa baizik. Eta nolakoa izango zan, Kristaua, zure asmoa, baldin oitura gaiztoak utzitzeko saiatu ezpazera benaz?

        Bizitza ontzeko, ta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso gabe, edo asmoaren iduri utsarekin konfesatzen dira seigarrena, beren estadu, bizimodu, eta karguaren eginbideaz arduragabe bizi diranak. Izan dedilla bat kontuzkoa Jaunaren legeko amar Aginteak, eta Elizaren bostak gordetzeko, arduragabe bizi bada, bere estadu, ta karguari dagozten gauzetan, ez du onek konfesio onik egiten, zeren ez duan bizitza ontzeko asmo oso-eragillerik. Zu Kristaua, zere estadu, edo bizimodua arturik zaude; zu guraso zera, eta bear bada beste karguak ere badituzu; baña ez dezu arretarik izan zure estadu, ta karguaren eginbideak ongi ezagutzeko, eta are gutxiago oei eranzuteko. Zer asmo izan zentzakean bada zere konfesaldietan aurrera bekaturik ez egiteko?

        Azkenean bizitza ontzeko, ta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osogabe, edo asmoaren iduri utsarekin konfesatzen dira lagun urkoaganako gorroto, edo gorrotoaren siñaleak utzi nai ez dituenak: ez due alabaña gorde nai Salbatzallearen lege Santa. Gure Salbatzalleak agintzen digu, maite izan ditzakula gure etsaiak: Diligite inimicos vestros: on egin zaiezue, dio gorrotatu zaituenai: Et benefacite his qui oderunt vos. Ongi nai, ta amorio au, egiazkoa danean, agertzen da obretan, laguntzen zaiola lagun urkoari premiak ala eskatzen duanean bederik; ez du erakusten apendu nairik, ez eta gorrotoaren beste siñalerik ere: eta barkatzen ditu bidegabe guziak. Ongi nai, eta amorio au gabe bizitu diranak, konfesatu dira aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso gabe, eta S. Karlos Borromeok erakusten digu, eztakiela eman absoluziorik, bizitza onaren siñaleak obraz erakutsi ditzeen artean. Alaere asko dira Kristauen artean, edo gorrotoan, edo gorrotoaren siñaleak agertuaz bizi diranak. Badira etxeak, jatorriz bezala, lagun urkoaganako gorrotoaren sua itzali gabe gordea daukeenak, eta ondorengoetara zabaltzen duenak, Adanen bekatuaren eran. Badira, azaria olloaren zai dagoan bezala, eraren zai daudenak lagun urkoari, edo mesedea ukatzeko, edo txarkeriaren bat egiteko, eta ez due utziko biotzaren sasoi gaizto au, ez Pazkoetan, ez misioetan, ez bizitzan, eta ez eriotzan, eta onela jatxiko dira betiko su, eta garren artera. Badira etsaiaren berri onak aditzean naigabez, eta illuntasunez betetzen, baña aren neke, edo kalteren baten berriarekin, poztutzen diranak. Badira era agertzen danean ozka, ta aginka bezala asiko diranak, etsaiaren onra, edo izenari utsiki egiten: ezta oentzat sonu añ gozorik nola dan lagun urkoaren utsegiteak esatea, ta aditzea. Badira lagun urkoari diosala ukatzen, edo muzinka egiten dioenak. Oek guziak konfesatu dira, Jesu-Kristoren lege ederra gordetzeko, asmo oso gabe. Eta zu, nere Kristua? Jauna, esango didazu on guzia orrela bada, guziz oker dago munduaren geiena: eta argiro dakust, nere oraindañoko konfesioak izan dirala bizitza ontzeko asmo oso ta eragille gabe egiñak. Zer egingo det, Zerurako bidean jartzeko? Au da oraiñ itz bian ukitu bear dedan gauza.

 

 

§ II.

 

        Ekusia dago, nere Kristaua, aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso gabe egindako konfesioak izan dirala gaiztoak, eta berritu bear dituzula; baña ez degu ezer egiten oek berritzearekin. Aurrena maneatu, prestatu, eta gozatu bear dezu zure biotzeko lur galdu ori, eta gero ongi etorriko da konfesioak berritzea. Biotzaren prestaera au ongi egiteko, egunean beñ igaro ezazu denbora piska bat gaizki bizitu zeran denborako kontuak ateratzen: zenbat urte igaro dituzun bizimodu orretan, urtean bataz beste zenbat bider konfesatu zeran, eta madamentu bakoitzean zer oitura izan dituzun. Bigarrena, irakurtzen badakizu, irakurri ezazu S. Ignazioren liburutik zerbait, eta egizu fede, esperanza, karidade, ta kontriziozko afektoak, oraindañoko okerrak desegiteko asmo osoarekin. Irugarrena, bertatik utzi itzatzu bekaturako bideak, eta anima galtzeko ona lagun urkoari ematen dioen modu guziak: utzi itzatzu gorrotoak gaurdanik betiko, zeren ala agintzen digun Jesu-Kristok: saia zaite zure oitura oriek garaitzeko, eta desegiñ itzatzu bertatik lagun urkoari, erriari edo komunari egindako kalteak: garbi itzatzu gauzak zure artzeko dunakin, eta albadezu bertatik erantzun giezu zorrai, eta ezin badezu, egon zaite artzeko dunakin, eta gera zaite pakean. Au guzia ezta biotzaren prestaera besterik: gero zoaz nai dezun konfesoreagana, eta erraz berrituko dira zure konfesio gaiztoak. Egizu au, eta zure konfesioa izango da asmo oso-eragillearekin egiña: bizi zaite asmo oni dagokan eran, eta iritsiko dezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa