www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA BIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amaikagarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldian aditu zenduan, Kristaua, Konfesio ona egiteko, zeñ gauza bearra dan bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Aditu zenduan gañera, asmo onek bear dituala iru doai, edo kondizio: oek dira asmo oso, ta sendoa, bekatu guzietara, larrietara beintzat, zabaltzen dana, eta eragillea izatea. Asmo eragillearen izenez aditzen degu asmo bat bekataria esnatzen, eta azkartzen duana, aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera. Neurri oen gañean itz egiten degu lenbiziko Komunioko liburuak gisa onetan.

        «Esan dezu, asmo eragillea dala asmo bat bekataria esnatzen, eta azkartzen duana aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera. Esadazu oraiñ. Zer neurri dira oek? Bearrenak sei. Zeiñ dira? Lenengoa bekaturako bide, eta perill urkoak beti-betiko utzitzea. Bigarrena, utzitzea era berean, besteri bekaturako bidea ematen dioen, izketa, eta modu gaizto guziak. Irugarrena, lagun urkoari bere onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegitea, eta gauza bere jabeari biurtzea lenbait len. Laugarrena, bekaturen batean erortzeko oitura izan bada, au eskuratzeko, eta ezitzeko benaz saiatzea, eta argaltasunez irristatzea gertatzen bada, lenbait len altxatzeko alegiña egitea, Sakramentuen sendagaiak artuaz. Bostgarrena, bakoitzaren estadu, bizimodu, eta karguari dagozkan, eginbideai arretaz eranzutea. Seigarrena, ezagutzea ez gerala gauza, edo gai, gerenez, edo Jaunaren grazia, ta lagunzagabe neurri oek artzeko, ez eta Jesus bat esateko ere: eta grazia au kontuz billatzea, dala Jaun berari umilki eskatuaz, eta sarritan Sakramentuak artuaz, dala Birjiña txit Santa, bekatariaren Ama gozoa, bitarteko ipiñiaz. Konfesatzera datozen guziak ote dakarte esan dezun bezalako asmoa? Ez, Jauna; omen dira alabaña bekatari asko, asmoaren iduri utsarekin datozenak, ona asmo eragilleak eskatzen dituan, neurrien gañean lenbiziko Komunioko liburuak dakarrena».

        Bekatarien artean badira zenbait egindako bekatuen damuz negar egiten duenak, eta aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzen benaz ari diranak. Oek badue konfesio onak eskatzen duan asmo oso eragillea gure ustean. Oetatik ote zera zu aditzen zauden Kristaua? Au da gaur ongi begiratu bear degun gauza, eta oraingo Erakusaldiaren gaia. Enzun kontuz, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Zuk, Kristaua, uste dezu, aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, ta eragillearekin arkitzen zerala. Ezagutzen det, diozu, Dabiden eran, nere bekatua: Iniquitatem meam ego cognosco: baña ona ni damuz beterik, eta prest aurrera bekaturik ez egiteko ezergatik, ez eta bizitzagatik, edo eriotzagatik ere. Ongi nere Kristaua; baña zure asmo ori eragillea ote da? Asmo orrek azkartu ote zaitu aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera? Azkartu ezpazaitu, zure asmoak izan dira anzuak; baña ekin badiezu benaz bekaturik ez egiteko neurri egokiai, orduan uste izan diteke, zure asmoa dala osoa, ta eragillea. Au ezagutzeko, atoz nerekin, eta begiraldi bat eman degiegun, bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiai.

        Oen artean lenengoa da bekaturako bide, ta perill urkoak beti-betiko utzitzea, utzi albaditezke. Ez dago bizitza ontzeko, ta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, ta eragillerik neurri au artu ditekeala artzen ezpada. Orregatik Teologoak erakusten due S. Karlos Borromeorekin, bekaturako bide, ta perill urkoak utzi bear dirala absoluzioa artu baño len, gutxitan gertatu oi dan estutasunen bat gertatzen ezpada: eta Espiritu Santuak esaten digu: perilla nai duana, perillean bukatuko da. Zuretzat, nere Kristaua, bekaturako bide, ta perill urkoa izan da etxean, edo auzoan dezun urlia ori: eta era berean arako etxe artara joatea, edo zauden tokian bizitzea, ta zure kide zentzugabe oriekin biltzea. Zuretzat bekaturako bide, ta perill urkoa izan da iñuterian triskan, edo izan oi diran lasaikerietan ibiltzea: erriko, edo auzoetako festetara joatea. Zuretzat bekaturako bide, ta perill urkoa izan da ezkontzeko itza eman zenionarekin egotea, edo ezkontzaren arrastoan erriz-erri ergelkerian ibiltzea. Bekaturako bide oek utzitzea da asmo oso-eragillearen siñalea. Atozea, eta utzi dituzu, eta betiko? Bai, Jauna, nekez badaere.

        Bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko bigarren neurria da, besteri bekaturako bidea ematen dioen izketa, eta modu gaizto guziak betiko utzitzea. Era onetan lagun urkoai bekaturako bidea ematea da bekatu guziz izugarria: da animen eralle izatea, eta Jesus onak bere bizitzaren kostuz erosi zituan animak Satanasen atzaparretan ipintzea. Zori gaiztokoa au egiten duana, dio Jesu-Kristok: Vae homini illi, per quem scandalum venit. Onelako bekataria beartua dago benik beñ, bekaturako bidea lagun urkoari ematen dioen modu guziak utzitzera; eta len beiñ, ta berriz itza emanda, agindua egiñ ezpadu, egin bearra da absoluzioa artu baño len. Ez da au ere asko adiña; baizik bere aligiñean desegin bear ditu animetan egindako kalteak; deadar egiten due alabaña oek Jaunaren aurrean. Baña nola au egingo du, ezpadaki noraño zabaldu diran kalteak? Nola, baldin bearbada asko galdu badira betiko? Ez du bekatariak animen kalte oek desegiteko beste biderik, ezpada bere bizitza onarekin Zerurako irabaztea, len galdu zituan adinbat, edo geiago. Au aditzera eman zuan Dabidek, esan zionean Jaunari. Erakutsiko diet gaiztoai zure lege Santa, eta biurtuko dira zugana: Docebo iniquos vias tuas, et impii ad te convertentur. Zuk, Kristaua, uura bezala edan izan dezu bekatu au, eta egin dituzu animetan ainbeste kalte. Oroi zaite, zenbat bider esan dituzun itz loi, edo desonestoak etxean, soroan, ta bideetan, zenbat bider egin dituzun keñada lotsagarriak, eta zenbati eman diezun bekaturako bidea, zertan zeuden jakin naiez. Oroi zaite zenbati erakutsi diezun bekatua. Nork esan, emendik etorri, ta etorriko diran kalteak? Beartua zaude, Kristaua, betiko utzitzera bekaturako bidea ematen duen modu guziak; eta gañera animetan egin dituzun kalteak desegitera: eta ezin sortu dezakezu bestela konfesio onak eskatzen duan asmo oso-eragillea. Galde oraiñ, Kristaua, zere biotzari, prest arkitzen ote dan au guzia egiteko? Jauna, utzi ditut, diozu, besteri bekaturako bidea emateko modu guziak: ta desegin nai nituke animetan egin ditudan kalteak bizitza on bati jarraituaz. Ongi: gisa onetan zugan arkitzen da asmo oso-eragillearen bigarren siñalea.

        Bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko irugarren neurria da lagun urkoari bere onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegitea, eta gauza bere jabeari biurtzea lenbait len. Añ gauza bearra da au, non S. Karlos Borromeok dionez etzaio bekatariari absoluziorik eman bear kalte oek desegin, edo gauza bere jabeari biurtu artean, baldin len ala agindu bazitzaion, eta zabarra izan bada. Zuk, Kristaua, lagun urkoari kalte egin diozu bere onran aurpegira ematen zeniola bere edo aurrekoen utsegiteren bat: kalte egin diozu bere izen on, edo faman, ez dituan tatxak egotziaz, edo dituanak aziaz: barreatu gabe zeudenak agertuaz. Zu izan zera añ madarikatua, non, lagun urkoari eragin ziñukan, bekatua gauz anditzat esan dezun batean, eta bestean: etziñan kontentatu anima galeraztearekin, baizik kendu nai izan diozu bere izen ona, edo fama. Zuk egin diozkatzu kalteak lagun urkoari neurrian, pisuan, prezioan; era berean erriari, edo Komunari. Zuk batean, eta bestean, egin dituzu zorrak, eta era izanik ez diezu eranzun, eta bizi zera besteren gauza biurtu gabe. Suminduak daude artzekodunak, eta Zeruraño deadar egiten due zure, ta konfesoreen kontra. Beartua zaude kalte oek guziak desegitera, ez nola nai, baizik absoluzioa artu baño len, zeren len zabarra izan zeran. Prest arkitzen ote da zure biotza au guzia egiteko? Jauna diozu, berorrek esan dituan kalteak alegiñean desegin ditut; egon naiz artzekodunakin, eman diet aldedana, eta gañerakoaren epeak egin dizkidee. Au onela bada, zugan arkitzen da asmo oso-eragillearen irugarren siñalea.

        Bizitza ontzeko, ta aurrera bekaturik ez egiteko laugarren neurria da bekaturen batean erortzeko oitura izan bada, au eskuratzeko, eta ezitzeko benaz saiatzea. Bekatuan erortzeko oitura, batezere ongi errotua, eta zarra bada, miñanze izugarria da, ta gutxitan sendatzen dana. Gazteak gaste denboran artu duan bidea, ez oi du utzi zarizen danean ere, dio Eskritura Santak: eta Jeremiasek esaten digu; gaiztakeriara oitutzen bagera, onduko gerala, noiz ote? Etiopiako beltzak bere larrua aldatzen duanean, eta katamotzak bere nabardurak; edo mantxak uzten dituanean. Añ da miñanze txarra, non absoluziorik ezin artu dezakean onelako bekatariak, oitura gaiztoa uzteko ongi saiatu dedin artean, baldiñ len emandako itzak gorde ezpaditu. Zuk, Kristaua, izan dituzu bekatuan erortzeko oitura ez gutxi, dala, birauak botatzeko, edanean eta, alferkerian zere anima galtzeko: dala itz desonestoak esateko, keñada lotsagarriak egiteko, zere bakarrean atsegin zikiñak artzeko, mutillak mutillakin, eta neskatxak neskatxakin gaizki dirudien ibillerak egiteko: asko bider itza eman dezu, utziko dituzula aztura gaizto oriek, baña ez dezu egiñ agindu zenduana: eta beartua zaude bertatik alegin guzia egitera griña txar oriek garaitzeko, eta artean eztago absoluziorik. Gañera beartua zaude konfesioak berritzera, bizitza ontzeko neurririk artu ez dezulako. Prest arkitzen ote zera au guzia egiteko? Jauna, esango dezu: onenbeste denbora da oartu nintzala, zeñ perill andian nengoan betiko su, ta garren artera joateko: arreizkero garaituaz noa nere oitura gaiztoak, eta ari naiz prestatzen nere bizitza gaiztoaren kontuak. Beldurtzen naue nere griña txarrak, baña uste det, lagunduko didala Birjiña txit Santak. Au onela dala, badezu zuk asmo oso-eragillearen, laugarren siñalea.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko bostgarren neurria da, bakoitzaren estadu, bizimodu, eta karguari dagozkan, eginbideai ongi begiratzea, eta arretaz erantzutea. Gerta diteke, Erretore, Alkate, Errejidore, Diputadu, eta guraso bat ardura ona duana izatea Jaunaren legeko amar aginteak, eta Eliz Ama Santaren bostak gordetzeko, baña aurpegirik ez izatea bere karguaren eginbideai erantzuteko: orregatik kargadun dan bitartean biziko da bekatu larri, edo mortalean. Au onela gertatzen da edozeñ estadutan askorekin, eta era berean errietako batzarreetara sartu ziran ez gutxirekin. Oetatik batzuek eztakie, zer ordenanza dituen, besteak ez due aurpegirik bear danean sendoro kontra egiteko. Baña zu, Kristaua, alde onetatik zer ekusirik ezpazendu ere, gurasoa zera, eta beartua zaude umeai dotrina erakustera, edo zerez, edo eskolara bidaltzen dituzula: beartua zaude Zerurako bidea erakustera ez itz utsakin, baizik bizitza onarekin: beartua zaude, bekaturako bide, ta perilletan ibiltzea eragoztera: beartua zaude atzenean bearrari, edo lanari jarraitzera, ume, ta etxekoak bizi ditezen ongi beren mallan; baña zu bizitu zera eginbide oei batere begiratu gabe, eta zure konfesioak izan dira, bizitza ontzeko asmo osoeragillerik gabe egiñak. Orregatik beartua zaude, benik beñ, zere eginbideak ezagutzera, eta oei benaz erantzutera. Beartua zaude urrena, zabarkeria orretan bizitu zeran denborako konfesioak berritzera. Prest arkitzen ote zera au guzia egiteko? Jauna, esango didazu: urte betera dijoa, dotrina batzuek aditu ta, Jaunak biotzean ukitu ninduala, eta arreizkero saiatzen naiz gurasoari dagozkan gauzak leialki egitera: ari naiz gañera nere bizitza guziko kontuak ateratzen. Au onela bada, badezu asmo oso-eragillearen bostgarren siñalea.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko seigarren neurria da Jaunaren grazian, ez gerengan, ipintzea gure esperanza: eta grazia au billatzea kontuz, dala Jaun berari umilki eskatuaz, eta sarritan Sakramentuak artuaz, dala Birjiña txit Santa, bekatarien Ama gozoa, bitarteko ipiñiaz. Gertatzen da batzuetan, bekatariak bere kezka guziak idukitzea egin dituan bekatuen konfesio osoan, eta ardurarik ez izatea aurrerakoaz. Ai! dio, oraindañokoa zuzendua baneuka! gerokoak ez liket emango ainbeste kezka. Eta gero? Biurtzen da lenekora, zeren beregan uste geiegi artu, eta Zeruko laguntza billatzeko zabartu zan. Asko degu gaurko.

 

 

§ III.

 

        Ekusi degu, nere Kristaua, nola zu arkitzen zeran bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso-eragillearekin: au ederki aditzera emango digue artarako artu dituzun neurri egokiak. Zoaz aurrera asi dezun lan onetan: billa ezazu Jaunaren lagunza, ta grazia, dala berari umilki eskatuaz, eta sarritan Sakramentuak artuaz, dala Birjiña txit Santari jaiera andi bat artuaz. Andiak dira zure etsaien indarrak, eta ezin konta al, prestaturik dauzkeen, lazoak, baña andiagoa da Jaunaren lagunzaren indarra. Ez beldurtu, esaten dizu lsaiasen autik; ez beldurtu, zeren ni zurekin, eta zure alde naizan: Ne timeas, quia ego tecum sum. Jauna, esaten zion Job Santuak, jarri zaite nere alde, eta betor nor nai nere kontra: Pone me juxta te, el cujusvis manus pugnet contra me. Eta S. Paulok dio; Jangoikoa gure alde bada, nor da gure kontra? Si Deus pro nobis, quis contra nos? Jauna zere alde dezula, iraun dezakezu bekatuan berriro erori gabe, eta onela iritsiko dezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa