www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUROGEI TA BIGARREN ERAKUSALDIA

 

Baña Espiritu Santuaren doai eta frutuen gañean bakarra.

 

ALABATUA &.

 

        Bukatu ditugu, zazpi Sakramentuai dagozten, Erakusaldiak, Sakramentuen ondoren ukitzen ditu dotrinak Espiritu Santuaren doai, eta frutuak, eta oek izango dira gaurko Erakusaldiaren gaia. Aurrena itzegingo det doaien, urrena frutuen gañean. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunak, Zerura igo baño len, agindu zien Apostoluai, bidalduko ziela Espiritu Santua, eta agindu zien bezala, bidaldu zien Zerura igo zanetik amargarren egunean. Baña Apostolu Santuak etzuen artu Espiritu Santua berentzat bakarrik, baizik Kristau guzietara zabaltzeko Sakramentuen bidez, batezere bataio, ta Konfirmazioan.

        Bataioan ematen die Espiritu Santuak Sakramentu onen artzalleari graziaren apaindura ederra, eta egiten du Jaungoikoaren Seme, Jesu-Kristoren senide, eta Zeruaren jabegai. Baña Zerua irabazteko, ezta asko au, baizik gizonak ezagueran sartzen danetik ekin bear dio Zerurako bideari, eta egin bear ditu, Jaunaren legeak agintzen diozkan gauzak. Eta nola egingo luke au, Jaunak ez ematera artarako bear diran indar, eta birtuteak? Nekazari batek, dala lurreko lanetan diarduna, dala arotza, edo argiña, nola egingo ditu bere lanak, ezpaditu artarako bear diran lanabesak? Orregatik Espiritu Santuak Kristauari graziren soñeko ederra eman ondoan, ematen diozka fede, esperanza, eta karidadearen birtuteak, baita beste asko-ere, oekin bere denboran amatu, ta serbitu dezan bere Jaun ona, eta egin ditzan Zerurako obra onak. Gauz oek gure fede Santak erakusten dizkigunak dira.

        Ekusten zuan Espiritu Santuak, Kristauak, graziaren apaindura, eta ukitu ditudan birtuteakin ornitua egon arren, berekin zituala asko griña txar, eta oetatik datorkiola onerako nagia izatea, eta gaitzerako makurtua egotea. Ekusten zuan, zenbat perill, eta neke arkitzen dituan Kristauak askotan, Zerurako egin bear diran gauzak egiteko. Orregatik fede, esperanza, karidade, eta beste birtuteaz gañera ixurtzen ditu Kristauaren animan bere doaiak, oekin batean egiteko, Zerurako bidean egin bear ditugun, gauzak, ez nola nai, baizik gogoz, eta atsegin kontentuz. Ala gertatu zan Apostoluakin. Jaunaren grazian arkitzen ziran, Espiritu Santuak bere doaiez bete zituan baño ere lenago; eta alaere nork eztaki, zeñ beldurtiak, eta nolere bait landugabeak zeuden? Baña ozta artu zituen Espiritu Santuaren doaiak, ezin esan, edo bear bezala aditzera eman diteke, nolako amorio, gusto, eta gogoarekin ekin zioen Jesusen lege ederra barreatzeari Jerusalenen, eta mundu guzian. Etzituen ikaratzen, ez munduak, ez Demonioak, ez eta eriotzak ere. Ekusi ezazu oraiñ, Kristaua, zeñ ederki ornitu ginduan Espiritu Santuak bere doaiakin, Zerurako egin bear diran, gauzak guk gogotik, eta gustoz egiteko.

        Eta zenbat ote dira Espiritu Santuaren doaiak? zazpi dira dotrinak izendatzen dituanak, eta beste ainbeste izendatzen ditu Isaias Profektak. Baña Espiritu Santuak eman  litzake zazpi doai ezezik geiago, eta geiago ere Dotrinak dakartzian zazpi doaiak dira: jakiundearen doaia: adimentuaren doaia: konsejuaren doaia: zienziaren, edo zintzotasunaren doaia: fortalezaren, edo indarraren doaia: piedadearen doaia: eta Jaunaren beldurraren doaia.

        Jakiundearen doaia. Doai onek altxatzen du anima lurreko gauzetatik Jaungoikoaren, eta Zeruko gauzen ezaguerara, eta ezaguera onek azten du atsegiñ, eta kontentuz betea: prest arkitzen da Jaunagatik edozeñ gauza egiteko, eta lurreko gauzai begiratzen die gorotza balira bezala. Ala gertatu zitzaion S. Paulori Jesu-Kristo ezagutu zuan ezkero.

        Bigarrena da adimentuaren doaia. Doai onek argitzen du adimentua fedeko gauzak, fedearen argi utsarekin ezagutzen dituan baño, argitasun geiagorekin ezagutzeko, eta ezaguera onek berekin dakar gusto bat animako gauzetan. Ala gertatu zan Apostoluakin. Ezin ongi aditu zituen Jesu-Kristok aditzera ematen ziezten gauzak, eta artu zituenean Espiritu Santuaren doaiak, argiro ezagutu zituen misteriorik goienak: eta askotan gertatzen da Teologorik andienak baño gizon, edo emakume letragabeko batek obeto ezagutzea gure fedeko misterioak.

        Irugarrena da Konsejuaren doaia. Doai onek argitzen du anima, noiz ta nola egin bear dituan, Jaunaren onrari, eta animaren onari dagozkan, gauzak ezagutzeko. Ala ekusi zan Apostoluakin. Debekatu ziezan Juduak Jesu-Kristoren lege Santa erakustea, baña etzuen egin nai izan gizonen, baizik Jaunaren agintea, naiz kosta bizitza. Era berean egiten due askok, utzirik lagun gaiztoak, munduko losentxa, eta atsegin txarrak, aututzen duenean beren Salbatzallea bakarrik amatzea, eta berari jarraitzea.

        Laugarrena da Zienziaren, edo argiroago esateko Zintzotasunaren doaia. Doai onek argitzen du Kristaua, emengo gauzaz baliatzeko, Zerurako laguntzen duen eran, eta neurrian: ezagutzeko bere utsegiteak, eta betiko neke, eta oñazeetatik aldegiteko.

        Bostgarrena da Fortalezaren, edo indarraren doaia. Doai onek alaitzen, eta prest ipintzen du anima, Jaunaren onran igarotzeko edozeñ neke, eta egiteko edozeñ gauza. Ala ekusi zan Apostoluakin eman zuen gustoz bizitza gure fede Santagatik. Zer esango det S. Lorenzoz, S. Ignazio martiriaz, S. Eulaliaz? ezertan etzituen artu infernuak, eta munduak asmatu zituan oñaze guziak.

        Seigarrena da piedadearen doaia. Doai onek eragiten diozka animari gustoz, eta gogotik Jainkoaren, Birjiña txit Santaren, eta Santuen onrari dagozkan gauzak. Doai onek gogoz, eta pozik eragiten ditu gañera gurasoen, eta lagun urkoen onratzea, eta laguntzea.

        Zazpigarrena da Jaunaren beldurraren doaia. Iru mallatakoa da beldurra. Batari deitzen zaio serbitzariena; oetatik askok alabaña egiten ditue lanak, edo egiten ez ditue zenbait gauza gaizto, kastiguaren beldurrez. Era onetan askok aldegiten due bekatutik betiko su, eta garren beldurrez. Beldur au ona da, eta asko laguntzen du bekatutik aldegiteko. Baña gaiztoa izango lizake beregan esango balu: ezpaliz infernurik pozik egingo nuke bekatu au, edo ura. Bigarren beldurra da seme ongi aziak izan oi duena. Oek egiten ditue asko gauza Aitari aserratu dakion beldurrez: eta gisa berean Kristauak egiten ditu zenbait obra jaunaren aserrearen beldurrez. Beldur au lenengoa baño obea da; egia da, au ere askotan nastu ditekeala geroko nekeen beldurrarekin. Irugarren beldurra da, Jaunaren maitagarritasunari begiraturik, sortzen dana. Ekusten du batek, zeñ on, eta maitagarria dan Jauna, eta amatzen du: orregatik beldur da, ontasun au utzi, edo onen kontrako gauzarik egin dezan. Beldur au guzien artean onena, eta Espiritu Santuaren doaietatik jaiotzen dana da.

        Zazpi doai oek bada, fede, esperanza, eta karidadeaz gañera, ixurtzen ditu Espiritu Santuak Sakramentuetan, batezere bataioan, eta konfirmazioan, egiteko guk Zerurako obra onak, ez nola nai, baizik gogoz, eta gustoz. Alaere kristaurik geienak ez due doai oen fruturik ateratzen, batzuek, zeren bekatuarekin galdu dituen doai andi oek; besteak zeren arretarik ez duen ipintzen, beraz baliatzeko. Ekusi ditzakun oraiñ doai oen frutuak.

 

 

§ II.

 

        Espiritu Santuaren doaiakin animak atera litzakean frutuak dira amabi, doktrinak erakusten digun eran, eta beste ainbeste izendatzen ditu S. Paulo Apostoluak. Lenengoa da karidadea. Zer ote da frutu au? Ez nolanai Jaingoikoaganako amorioa, baizik amorio garsua, ugaria, eta animako atsegin, eta gusto garbi bat berekin dakarrena. Ala berengan ekusi zuen Apostoluak, eta ekusten due Jaunaganako amorioan erazekiak bizi diran animak. O edertasun anziñakoa, esaten zion S. Agustiñek Jaunari! O edertasun anziñakoa! Eta beti berria! Zeñ berandu ezagutu, eta amatu zaitudan! Bigarren frutua da Pakea; au da barrengo, edo animako pakea. Bekatariak eztaki frutu au zeñ gozoa dan. Alde batetik bere gura txarrak, eta bestetik bere bizitza gaiztoaren aranzak asaldatzen due, eta bizi da barrengo pake onen berri gabe: eta noizbait dastatu badu, ori izango zan konfesio ona arretaz noizbait egin badu. Baña anima onak, zenbat eta bere gura, eta griña txarrak geiago ilduratzen, eta ezitzen dituan, anbat barrengo pake andiagoa iristen du, eta arkitzen da atsegin andiarekin. Irugarren frutua da, erdaraz longanimidadea deritzana. Au da neke, eta gurutzeak, naiz andiak, eta luzeak izan, naiz garratzak, Jaunaren borondateari begiraturik, igarotzea gogotik, eta gustoz: eta gusto au da Espiritu Santuaren frutua. Ala gertatu da Martiri askorekin. S. Juan de la Kruz deritzan Santuari galdetu zion beñ Jaunak: zer sari eskatzen zuan, igaro zituan, neke andiakgatik? Eranzun zion: Jauna, ez det beste saririk eskatzen, zugatik neke berriak, eta berriak igarotzea baizik. Laugarren frutua da, erdaraz benignidadea deritzana. Au da lagun urkoai on egitea, ez nolanai, baizik biotz biguin-bera batekin, eta poz andiarekin.

        Bostgarren frutua da fedea: eta fedearen izenez emen aditzen da, ez gure Legeko gauzak sinistea uts-utsik, baizik uste, edo esperanza osoa berekin duana. Ala zan Apostoluen fedea, Espiritu Santuaren doaiak artu zituan ezkero, eta ala zan San Gregorio Taumaturgo deritzanak zuana. Santu onek egin nai zukean Eliza, bizi zan erriari zegokan bezalakoa; baña eragozten zion mendi batek. Joan zan toki artara, erregutu zion Jaunari, eta gauz arritzekoa! aldatu zan mendia beste toki batera. Seigarren frutua da erdaraz kontinenzia deritzana. Au da gaitzerako sortzen diran naikundeak, batezere sentiduenak ilduratzea, eta batek bere buruari ukatzea. Nork eztaki, begiak ekusi nai dituela, belarriak aditu, eta eskuak, ta gorputzak ukitu gauza debekatuak? eta debekatuaz gañera, premiazkoak ez diranak? Oen naikundeak bada ilduratzea, ta batek bere buruari ukatzea da kontinenzia, eta au egiten danean pozik, eta gustoz da Espiritu Santuaren frutua. Zazpigarren frutua da espiritu, edo animako gozo, eta poza. Ari da anima ona Espiritu Santuaren doaiakin gogotik obra onak egiten: ematen dio Espiritu Santuak betiko ondasunak iristeko uste andi bat, eta emendik sortzen zaio animako poza. Zortzigarren frutua da, Pazienzia deritzana: ez ordea edozeñ pazienzia, baizik atsegin kontentuz daramatziana emengo gurutze, eta naigabeak. Au ekusi zan Apostoluetan: au Martirietan; eta sarritan ekusten da Santuetan.

        Bederatzigarren frutua da Ontasuna deritzana. Zer ote da Ontasun au? Lagun urkoai on egiteko borondate prest, samur, eta gozoa idukitzea. Amargarren frutua da, mansotasuna deritzana. Au da ira, edo aserrearen mugidak eskuratzea, eta txarkeri, eta bidegabeen artean ere kontentuz egotea, zeren gure Salbatzalleak ala egin zuan. Orregatik deitzen zaio bildots mansoa. Amaikagarren frutua da modestia deritzana. Au da itzegietan, begiratzean, ibilleran, eta soñekoetan modu eder bat gogoz, eta gustoz gordetzea. Amabigarren frutua da garbitasuna, edo kastidadea. Garbitasunak ditu bi malla: bata da begiai, belarriai, mihiari, eskuai, ta gorputzari, eskatzen dituen, atsegin loiak ukatzea: eta malla au gerra utsa da. Beste malla da, garaiturik griña au, pakean gustoz utzitzea atsegin loi guziak. Oek dira Espiritu Santuaren amabi frutuak; eta esan diteke, guziak biurtzen dirala batera, nola dan obra onak, eta emen ukitu diran gauzak egitea, ez nolanai, baizik pozik, eta atsegin kontentuz. Fede, esperanza, eta karidadearekin, eta gañerako birtuteakin egin ditezke obra oek, baña egitea pozik, eta animako atsegin-kotentuarekin au da Espiritu Santuak animari ematen dion gozagarri bat; orregatik deitzen zaio Espiritu Santuaren frutua.

 

 

§ III.

 

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ ederki prestatu dituan Espiritu Santuak gauza guziak, eragiteko guri Zerurako bidean egin bear deguna, ez nolanai, baizik gustoz, eta atsegin kotentuz? Alaere gutxi dira frutu gozo oek dastatu, eta progatu dituenak. Nola gertatzen da au? Gertatzen da au benik beñ, zeren kristaurik geienak bekatuan bizi diran. Gertatzen da au urrena, zeren gure griña txarrak eskuratzeko, eta ezitzeko nekeak ikaratzen gaituan: eta neke au artzen ez degun bitartean, beti ibilliko gera Zeruko bidean gogo gutxirekin, eta ez ditugu progatuko Espiritu Santuaren frutu gozoak. Zer egiñ bear degu bada oek iristeko? Lenengo gauza da, gure biotzak prestatzea konfesio on batekin, aldegiten dala bekatuaren bideetatik. Bigarrena jaunari umilki eskatzea, ixuri ditzala gure biotzetan Espiritu Santuaren doaiak. Ala prestatzen egon ziran Apostoluak Jerusalenen, Jesu-Kristo Zerura igo zanetik Espiritu Santuaren etorreraraño. Irugarrena, doai oekin ekin gogotik gure griña txarrak ezitzeari, eta obra onai. Era onetan ixuriko ditu gure biotzetan bere frutuak, edo gozagarri bat gure neke guziak arinduko dituana: eta iritsi dezakegu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa