www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baita bataioko Sakramentuaren; gañean irugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldian aditu zenduan, Kristaua, zer dan bataioko Sakramentua egiteko gaia. Aditu zenduan gañera, zer itz esan bear diran, gai au ipintzen dan denboran. Atzenean, nor diran Sakramentu au emateko eskua duenak. Gaur ekusi bear degu, benik beñ nori eman bear zaion. Urrena, noiz, non, ta zenbat bider eman bear dan. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Ezpada bat jaiotzen berriro uretik, eta Espiritu Santuagandik, eziñ sartu diteke Zeruetako Errenuan, esaten digu Jesu-Kristok. Emendik argiro ateratzen degu, Sakramentu au eman bear zaiola edozeñ gizon, eta emakumeri, naiz izan guraso, fededunen, naiz fedegabeen umea, bizi, eta jaio bada.

        Eman bear zaio bai edozeñ gizon, edo emakumeri, biak datoz alabaña Adanegandik bekatu jatorrizko edo orijinalaren mantxarekin, eta biak due bataioaren premia mantxa au uzteko, eta Zeruko Erreñuaren gai izateko. Demagun jaiotzen dala, ez gizona, ez emakumea, baizik bidutziren bat, erdaraz Monstruo esaten dioena. Etzaio oni bataiorik eman bear; zeren bataioa gizon, eta emakumearentzak bakarrik dan. Bidutzien gañean ipui asko barreatu izan dira munduan. Batzuek sinistu izan due, au, edo ura jaio zala auntzagandik, bestea beiagandik, bestea artzagandik; baña oek dira ipui utsak gizon jakintsuen iritzian. Gerta diteke, ama batek aur itsusiren bat egitea; orduan eman bear zaio bataioa, aurrik ederrenari bezala. Gerta diteke gañera, bidutzia egiaz gizona, edo emakumea izatea, eta ezin igerritzea aur bat bakarra, edo bi diran. Orduan Ritualak erakusten du, zer egin bear dan.

        Eman bear zaio gañera bataioa edozeñ gizont edo emakumeri, naiz izan guraso fededunen, naiz fedegabeen umea. Ereje batzuek, oen artean Zuingliok, eta Kalbinok, esan zuen, etzuela bataioaren premiarik Kristauen umeak; baña fedeko gauza da, ala fededunen, nola fedegabeen umeak sortzen dirala bekatu jatorrizkoarekin, eta eman bear zatela bataioko Sakramentua, bekatu onen barkazioa iristeko, eta exkomiku nagusiaren azpian debekatua dago besterik esatea: Anathema sit. Noiz, eta nola bataiatu ditezkean Juduen, eta beste fedegabeen umeak, ez degu guk zer jakin: jakingo due ori alakoen errietan arkitzen diran bataiatzalleak.

        Esan det, edozeñ gizon, eta emakumeri eman bear zaiola bataioa, bizi bada: zeren illa bada ez du animarik, eta ez da bataioa artzeko gai. Izan ziran anziña aur illak ere bataiatzen zituenak: izan ziran beste batzuek aur illen ordez biziai bataioa ematen ziezanak; baña kendu zituan Elizak usanza oker oek. Gertatzen da askotan ama batek aurra galtzea, bearbada lau, edo geiago illabete dituana: bizitzaren siñalerik igerritzen bazaio, bataiatu bear da. Ala erakusten digu Rituala deritzan Elizako liburuak. Eziñ igerri bada, illa, edo bizia dan, bataiatu diteke gizon jakintsu askoren iritzian, esaten dirala itzak era onetan: Bataioa artzeko gai bazera; nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Zenbat bider gertatzen da bizitzaren siñalerik batere ez igerritzea, adiñean sartutako gizon, eta emakumeetan ere, bizirik egon arren? Orregatik obian sartzeko artzen da zerbait denbora, bizirik sartu ez ditezen, askotan gertatu dan bezala. Zergatik bada gerta ez diteke, aurrak bizirik egon arren, bizitzaren siñalerik ez ematea? Eta au gerta baditeke, zergatik ukatuko zaio bataioa? Gertatzen da beste batzuetan, amak aurra botatzea aurdun geratu zanetik laster. Eziñ igerri da, aurra anima artua dan, edo ez, eta artu bazuan ere, bizi dan, edo ez, zer egingo da orduan? Noiz anima artzen duan aurrak, eztakigu. Batzuek esan zuen, sortuta berrogeigarren egunean artzen duala aurrak anima, mutilla bada; eta larogeigarrenean, neskatxa bada. Besteak dioe, sortzen danetik zazpigarren egunean animarekin dagoala aurra; batzuek dioe, sortzetik irugarrenean, besteak, sortzen dan egunean bertan, eta au da oraiñ askoren iritzia, eta dioe, gertatzen danean amaren batek botatzea aurra, bataiatu bear dala au, denbora gutxikoa izan arren, esaten dirala itzak gisa onetan: Bataioa artzeko gai bazera, nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean.

        Esan det gañera, edozeñ gizon, eta emakumeri eman bear zaiola bataioa, jaio bada; Jesu-Kristok berak alabaña esan zuan: ezpada bat berriro jaiotzen uretik, eta Espiritu Santuagandik, ezin sarditeke Jaungoikoaren erreñuan. Itz oek adirasten duela dirudi, bataioa eman bear zaiola, ez norinai, baizik len jaio danari. Orregatik aurgite batzuetan arkitu oi dira zer egin eztakiela gizon jakintsuak ere. Gertatzen da zenbait aldiz, ama neke andian, eta aurra ezin egin duala egotea. Noizbait ematen du aurrak burua, baña osotoro jaio baño len illko da, edo illko dala dirudi, ez ote zaio emango bataioa, osotoro jaio ezpada ere? Bai, zeren jaio dan burua, eta au dan gizonaren parte, edo puska nagusia. Ala erakusten digu Ritualak. Gertatzen da beste batzuetan, aurrak ez ematea burua, baizik eskua, oña, edo besoa, ta jaio baño len illko da, edo beintzat perill adian dago. Zer egingo da orduan? Eman bear zaio bataioa jaio dan parte artan, dala eskua, dala oña; baña itzak esan bear dira era onetan: Bataioa artzeko gai bazera, nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Itzak onela esaten dira zeren ezdakigun eskuan, edo oñean ematen dan bataioak balio duan, edo ez. Demagun, gisa onetan bataioa eman ondoan, jaiotzen dala aurra bizirik: orduan bataiatzen da berriro, esaten dirala itzak gisa onetan: Bataiatua ezpazaude, nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Atzenean gertatzen da zenbait aldiz, ez ematea aurrak ez bururik, ez esku, eta oñik; eta arkitzea urak ukitu lezakean eran; nekatua dago ama, eta dirudianez jaio baño len illko da aurra. Zer egingo da onela dagoan aurrarekin? Batzuek dioe, ezin bataiatu ditekeala, zeren jaio ez dan. Besteak dioe bataiatu ditekeala, zeren munduaren begietara agerta ezpada ere, Jaunaren aurrean sortua, eta jaioa dagoan. Aingeruak jaioa deitu zion Jesu-Kristori Amaren sabelean zegoan denboran ere: Quod enim in ea natum est, de Spiritu Sancto est. Beste batzuek dioe, ezin jakin dezakegula, amaren sabelean dagoanari emandako bataioak balio duan, edo ez; eta orregatik eman bear zaiola ura, sabelean badago ere, esaten dirala itzak gisa onetan: Bataioa artzeko gai bazera, nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Iritzi onetakoa da Benedikto amalaugarrena: Baldin onela bataiatutako aurra, jaiotzen bada gero bizirik, berriro bataiatuko da, esaten dirala itzak gisa onetan: Bataiatua ezpazaude, nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Dakuskun oraiñ, noiz, non, eta zenbat bider eman bear dan Sakramentu au.

 

 

§ II.

 

        Elizaren lenengo denboretan askok etzuen bataioa artzen, urteetan aurreratu zitezen artean, eta baziran zenbait eriotzako orduraño uzten zuenak. Gertatzen zan au, batzuetan, zeren Sakramentu onek dakartzian eginbideak andiak diran, eta betaro begiratu nai ziezan zenbaitek; besteetan gurasoen zabarkeriaz; eta atzenean geienak, zeren bizitza lasaia, eta emengo atsegin lizunak uzteko biotzik etzuen, eta betiko utzi bear ziran bataioa artzeko. Ala egon zan S. Agustin bataioa artu gabe ogeita amairu urteetaraño. Tertulianok etzeritzan ongi aurrak bataiatzeari, eta baziran ereje batzuek, eziñ bataiatu zitezkeala aurrak, esaten zuenak; baña Eliz Ama Santak, Espiritu Santua giari duanak bezala, bere asieratik eman izan die aurrai ere Sakramentu au, eta fedeko gauza da, balio duala bataio onek. Nai du, aurrak lenbaitlen bataiorako ekartzea, eta emengo legeak agintzen du, ekarri ditezela jaiotzatik amar egunen barrunbean.

        Bataioa estutasunean eman diteke, eta eman bear da edozeñ tokitan, baña estutasunik ez danean, eman bear da gurasoen Elizan, ponterik bada: eta beste Elizaren batera bidaldu nai bada aurra, Sakramentu au artzera, ori egin bear da arzaiaren baimenarekin, ez bestela.

        Zazpi Sakramentuen artean iru dira anima markatzen duenak, oek dira Bataioa, Konfirmazioa eta Ordena: bataioak ezartzen dio animari Jesu-Kristoren artaldeko marka: Konfirmazioak Jesu-Kristoren gudari, edo soldaduarena, eta Ordenak giariarena: iru Sakramentu oek beñ bakarrik eman ditezke, fedeak erakusten digun bezala. S. Epifaniok dionez, izan ziran ereje batzuek, aurrak iru bider bataiatzen zituenak, eta oraiñ ere badira, aur denboran bataiatutakoak berriro bataiatzen dituenak ogei, ta amairu urteetara iristen diranean: baña Elizak debekatu zituan gauz oek. Asko da gaurko.

        Aditu dezu, Kristaua, nori eman bear zaion bataioko Sakramentua. Aditu dezu gañera, noiz, non, eta zenbat bider eman bear dan. Zer ote da, Erakusaldi onetatik guk atera bear degun ona? Zuk emakume aurdun zerana, atera bear dezun lenengo ona da, zere naiez ez jartzea aurra galtzeko perillean. Batzuek galtzen ditue aurrak, neke andiegiak artuaz, besteak triskan, eta saltoka eren buruak aunatzen dituela; batzuek edari biziai jarraituaz, besteak bearbada gaiztakeriaz, egindako bekatuak agertu ez ditezen. Onelako amen kontra deadar egiten due aur galduak Jaunaren begietan, zeren Zerutik betiko erbestetuak geratu diran. Bigarrena, gertatzen bazatzu aurra galtzea, dei zaiozu lenbait len, nola bataioa ematen dan, ongi dakianen bati. Ez du ezer esan nai aurrak denbora gutxi, edo asko izateak alik ongiena zuk beraren zori onari begiratzeko. Jaunari nai dakiola, bakoitzak bere aldetik alegiña egitea onela aur gaixoak Zerura bidaltzeko, eta guziok iristea beti iraungo duan Zeruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa