www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA ZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amaseigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Sakramentu miragarri orren gañean azkeneko aldian itz egin nuanean, aditzera eman nizun, Kristaua, zer dan komunio gogozko, edo espirituala, eta zeñ andiak diran andik atera ditzaketzun ondasunak, zere etxean zaudela, bidean zabiltzala, eta batez ere Meza enzutean, edo Sakramentua bisitatzean. Oraiñ lenbiziko komunioaren liburuak itz egiten digu, komunioko Sakramentua artzeko, Kristaua, guziak duen eginbide, edo obligazioaren gañean, eta galdetzen du gisa onetan.

        Kristau guziak beartuak ote daude artzera komunioko Sakramentua? Erantzuten du: Sakramentu oni dagokion ezagueran sartu ezkero, bai Jauna. Zenbat bider urtean? Elizaren lenbiziko denboretan Sakramentu au artu oi omen zuen Kristauak, Meza enzuten zuen aldi guzietan. Asi ziran zabartzen, eta agindu zuan Elizak, komulga zitezela urtean iru bider bederik, edo Pazkoa loratuan, Maiatzekoan, eta eguerriz. Etziran zentzatu, geienak beintzat, aginte onekin ere, eta azkenean agindu zan, komulga zitezela, urtean beñ gutxienez. Zer denboraz egin bear da urtean beñgo komunio au? Pazkoa loratuan, baña Pazkoaren izenez aditzen dira oraiñ erramutik urrengo amabost egunak, erramu eguna ere amabost egun oetan sartzen dala. Non egin bear da komunio au? Bakoitzak egin bear du bere Elizan, bere artzaiaren baimenik ezpadu bestetan egiteko.

        Pazkoako denboraz kanpora, ez ote dago beartua Kristaua, zenbait aldiz komulgatzera? Bai Jauna. Noiz ote? Lenbizia: illtzeko perillean arkitzen danean. Bigarrena, Zeruko janari au gabe ezin garaitu baditu bere griña txarrak, edo ezin iraun badezake Jaunaren grazian. Urtean zenbat aldiz artu bear lukee Kristau guziak janari miragarri au? Gutxienez illean beiñ gizon jakintsuen iritzian.

        Nor dira, komunioko maiean jartzea eragotzi bear zaten bekatariak? Errian guziak, edo geienak dakiela, gaizki bizi diranak, nola diran gorrotoan, ordikerian, adiskidetasun gaiztoetan, eta usuretan dirauenak. Ona Sakramentu miragarri ori artzeko, Kristau guziak degun egin-bidearen gañean lenbiziko komunioaren liburuak dakarrena.

        Gauz oek berak ugarixeago azaltzea izango da gaurko Erakusaldia. Aurrena aditzera emango dizkitzut, Kristaua, Sakramentu miragarri au artzeko aginteari dagozkan, berriak. Urrena aginte onen kontra sarritan gertatzen diran bekatuak. Atzenean emendik aterako degu gaurko otoiz, edo orazioaren gaia. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Elizaren lenengo denboran Kristauak egun oro, edo Meza enzuten zuen aldi guzietan artzen zuen komunioko Sakramentua, S. Lukasek aditzera ematen digunez. Baña asi ziran zabartzen, eta utziaz zijoazen oitura eder au, eta agindu zuen Elizak, komulga zitezela Kristau guziak urtean iru aldiz bederik, au da Pazkoa loratuan, Maiatzekoan, eta eguerriz. Etziran zentzatu, geienak beintzat, aginte onekin ere, eta agindu bear izan zuan berriro Elizak, komulga zitezela gutxienez urtean beñ, Pazkoa loratuan. Agindu zuan gañera, Pazkoako komunioa egiñ nai etzuenai debekatu dakiela Elizako sarrera, eta iltzen diranean ukatu dakiela Eliz lurra. Ezta onenbesterekin kontentatu Eliza, baizik aditzera eman digu, komunioaren aginte oni eranzuten ez dioenak, herejeen suspitxa ematen duela: Sunt de haeresi suspecti. Leku batzuetan Pazkoetan komulgatu ez diranai siñalatzen die Obispo Jaunak denbora, presta ditezen ongi, eta artu dezeen Sakramentua prestaera ederrarekin. Eta Iruñeko Obispaduan agindua dago lenbizia: Pazkoako ama bost egunak igarotzen diranean, aditzera eman dezeela Animen arzaiak Elizan, nor diran komulgatu ez diranak, eta eztakiela utzi Meza, ta bezperak enzuten. Bigarrena, au onela eginda ere, ezpadira konfesatzen, eta komulgatzen amabost egunen barrunbean, geratzen dirala exkomikatuak, eta exkomiku au ezin kendu dezakeala Obispo Jaunak baizik. Irugarrena: Animen arzai bakoitzak Korpus egunerako bidal ditzala Iruñera, edo bear dan lekura, Pazkoako komunioa egiñ ez duenen agiriak. Gauz oek egin bear lirakeanak dira, baña anbesteraño lasaitua dago mundua, non gauz oetan bear litzakean arreta ipintzen ez dan.

        Pazkoako komunioa egin bear du bakoitzak bere Elizan, bere arzaiaren baimenik ezpadu beste Elizaren batean egiteko. Konfesioa egin oida nai dan lekuan, konfesioak aditzeko eskua Obispo Jaunak eman dion edozeñekin; baña kanpoan konfesatu danak ekarri bear du bere agiria; bestela gerta diteke erraz, Jaunaren maiean jartzea zenbait konfesiorik gabe. Ez da asko nola nai Pazkoetan komunioko Sakramentua artzea, baizik artu bear da ongi, eta komunio gaiztoarekin etzaio erantzuten Elizaren Aginteari.

        Elizaren Aginte onez gañera bada beste bat Jesu-Kristorena: Jesu-Kristok alabaña esana utzi zigun: ez degula graziaren bizitzarik izango, ezpadegu beraren gorputza jaten, eta odola edaten: Nisi mamducaveritis carnem filii hominis, et biberitis ejus sanguinem, non habebitis vitam in vobis. Jesu-Kristoren itz oen bidez beartua dago Kristaua komunioko Sakramentua artzera, ez Pazkoako denboran bakarrik, baita beste zenbait denboraz ere. Beartua dago benik beñ, eriotzako perillean arkintzen danean. Beartua dago gañera, Zeruko janari au gabe ezin garaitu baditu bere gura, ta griña txarrak. Ona, nere Kristaua, komunioko Sakramentua artzeko guziok degun eginbidearen berriak. Ekusi ditzakun oraiñ eginbide onen kontra sarritan gertatzen diran bekatuak.

 

 

§ II.

 

        Elizak agintzen digu, komunioko Sakramentua artu dezagula gutxienez Pazkoa loratuan eta zenbat izan oi dira erri bakoitzean, orduan ere Jaunaren maietik iges egin nai lukeenak eta gogoaren kontra datozenak? zenbat poztuko lirakenak, Pazkoarik ez izateaz eriotzako orduraño? Orregatik ez oi dira ekusi Pazkoako denboraren bukaeraraño, edo denbora au igaro artean.

        Elizak agintzen du, Pazkoako komunioa bakoitzak egin dezala bere Elizan; eta zenbatek iges egingo due basora, edo beste errietara, Pazkoa aztu dedin artean? Batzuek dotrinan estu artu ditzeen beldurrez, besteak; zeren bizitza gaiztoa uzteko asmo osorik ez duen?

        Elizak agintzen du Pazkoako komunioa, ta komunio ongi egiña: eta ongi begiratzen bazaio munduaren ibillerari, esan diteke, geienak, edo asko dirala Pazkokoa komunioa gaizki egiten duenak. Atozea ezperen, ez dira asko munduan, dotrina, ta Zerurako bidea ikasteko nekatu nai ez duenak? Eta nekatu ordez etsaia gurutzeagandik bezala igesi dabiltzanak dotrina, eta Jaunaren itza enzutetik? Ez dira asko beren estadu, ta karguaren eginbideak jakiteko saiatzen ez diranak? Ez dira asko, bekaturako bide, ta perill urkoak utzi litzakeela, uzten ez dituenak? Bekaturako bidea lagun urkoari ematen dioen, itz loi, ta keñada lotsagarriak laja ez dituenak? Ez dira asko bekaturako oitura utzitzeko, edo jabeari bere gauza biurtzeko biotzik ez duenak? Oek guziak Pazkoetako komunioa, edo ez due egin, edo gaizki egin due, eta beartuak daude berriro egitera.

        Jesu-Kristo Sakramentu orretan arkitzen da guri graziaren bizitza ugaritzeko, eta da bizitzaren arbola egiazkoa. Bazan Paradisuan arbola bat, bizitzaren arbola Eskriturak deitzen diona. Aren fruta janaz bizi zitekean gizona, eritasunik, zartze, ta eriotzarik ekusi gabe: eta arbola ura baño askoz miragarriago da komunioko Sakramentuan dagoana: Nere gorputza egiaz da janaria, eta nere odola egiaz edaria: Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est potus: ogi au jaten duana biziko da beti: vivet in aeternum. Janari au sarritan artuaz graziaren bizitzan iraun zezakeen asko bekatuaren berrizkaturak artu ditu, eta ill dira animaren aldetik, zeren Sakramentu onetatik igesi ibilli diran. Urlia garizuman biurtu zan Jaunagana, ustez biotz osoarekin, sandia Misioren batean, berendia egon zan egun batzuetan Konbeturen batean bere kontuak ateratzen: berritu zituen beren konfesioak, eta jarri ziran Jaunaren grazian; baña geratu ziran guziz argalak, eta gaitzeronz makurtuak. Oek Sakramentu miragarri ori sarritan artuaz, iraun zezakeen bekatuan erori gabe; baña zabartu ziran alde onetatik, eta laster biurtu ziran leneko bekatuetara, ta oen geroko bizitza izanda lenekoa baño ere gaiztoagoa: et fiunt novissima hominis illius pejota prioribus. Ekusten dezu, Kristaua, nola sarritan utsegiten dan Sakramentu ori artzeko degun eginbide, edo obligazioaren kontra?

        Au guzia ezaguturik, zer da guk egin bear deguna? Zer ezpada oraindañokoaz ongi damutzea, eta aurrerako asmo on, eta sendoak egitea? Onetarako denbora piska batean gogoan erabilli bear ditugu ukitu ditudan gauzak. Jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko. (Ala jartzen dira guziak, eta Erakuslea ere bai).

 

1

        Begira, Kristaua, zer agintzen dizun Elizak, eta zer Jesu-Kristok. Elizak nai luke, zuk Sakramentu ori sarritan artzea, lenengo Kristauak egiten zuen bezala; baña ekusirik zure argaltasuna, ez dizu agintzen, urtean beñ gutxienez komulga zaitezela baizik. Jesu-Kristok agintzen dizu, zoazkiola, eta artu dezazula janari miragarri au premia dezunean bederik, edo au gabe zure griña txarrak ezin garaitu dituzunean: bestela illko zerala bekatuaren eriotzarekin: Non habebitis vitam in vobis...

 

2

        Begira bigarrena, nola eranzun diezun, ala Elizaren, nola Jesusen aginteari. Zenbat bider bortxaz bezala Pazkoetako komunioa egin dezu? zenbat bider gaizki, edo tranpaz kanpoan? Zenbat bider gertatu zaizkitzu bekatuaren berrizkaturak, zeren Zeruko janari ori sarritan artu ez dezun?... Egin dezagun negar Jaunaren aurrean oraindañoko utsegiteen gañean: artu dezagun asmo oso bat, aurrera Sakramentu ori sarritan, eta prestaera onarekin artzeko... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua zegoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia era onetan).

 

3

        Gure salbatzalle Jesus maitagarria! Zu zera gure animen janari, ta sendagai miragarria! Ezagutzen det, sendagai au gabe iraungo ez dedala onean: eta erabaki det, Jauna, zu sarritan, eta prestaera onarekin artzea. Lagun zaikizkit arren nere asmo au gordetzen, era onetan iristeko zu biotz osoz amatzea, eta betikotasun guzian Zeruan zu alabatzea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa