www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA BEDERATZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean emezortzigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        «Konfesio on bat egiteko bear dan bostgarren gauza zeñ da? galdetzen du lenbiziko Komunioaren liburuak: eta erantzuten du Satisfakzioa. Zer aditzen dezu Satisfakzioaren izenez? Konfesoreak emandako penitenzia leialki egitea. Konfesoreak ematen dion penitenzia egiteko asmo gabe konfesatzen danak zer bekatu egiten du? Bekatu larria. Emandako penitenzia ausitzen, edo egin gabe uzten duanak, zer bekatu egiten du? Ausitzen badu penitenzia larria, eta aintzakotzat emana, bekatua izango da larria; baña autsitzen duan penitenzia txikia bada, txikia, edo beniala izando da alde onetatik egiten dan bekatua ere gizon jakintsu askoren iritzian. Konfesoreak agintzen dizun penitenzia eziñ ongi egin dezakezuna bada, zer egingo dezu? Umilki eskatuko, edo erregutuko diot, alda degidala beste penitenzia batera, alda baditeke.

        Konfesoreak ematen diezten penitenziaz gañera, zer egin oi due Kristau onak? Ontzat, edo Jaunaren izenean artzen ditue emengo gurutze, ta samintasunak; eskeintzen diozkee Jaun berari beren obra guziak, eta egiten due alegiña induljenziak, edo barkazioak irabazteko». Orra lenbiziko Komunioaren liburuak Satisfakzioaren gañean dakarrena.

        Azkeneko Erakusaldian aditu zenduan, Kristaua, nolako pena, ta nekeak dagozten gure bekatuai. Aditu zenduan gañera, nolakoa utzi zaituen zure bekatuak. Atzenean, zer penitenziak ipintzen zituen anziñako denboran Obispo Jaunak. Emendik igerri dezakegu, guri oraindaño eman zaizkigun penitenziak ariñak dirala, eta gutxi gure bekatuen zorrai eranzuteko. Zer egin aldezakegu bada zor au bukatzeko, edo gutxitzeko? Egin dezakeguna da, benik beiñ emengo neke, ta samintasunak ontzat, eta Jaunaren izenean artzea: ta au da aurrena ukituko dedan gauza. Urrena egin dezakeguna da gure obra on guziak Jaunari eskeintzea beraren onra, ta gloriarako, eta gure bekatuen zorrak ateratzeko: au izango da bigarren lekuan aditzera emango dedana. Atzenean begiratu bear degu, nolako penitenziak egin dituen Santuak bekatutik aldegiteko, eta bekatuen zorrai erantzuteko. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Gu, nere Kristaua, jaiotzen geranetik inguratzen gaitue gurutze, ta samintasunak, eta ez dira aitutzen gure biziak dirauen bitartean. Zoaz nora nai; zoaz goora, zoaz beera, zoaz lagun artera, zoaz bakardadera, eta leku guzietan arkituko dituzu gurutze, ta nai gabeak. Ala gertatzen zate leku, ta onra andietara igo diranai: ala beartsu, ta beeneko mallan arkitzen diranai, ta ala nori nai. Orregatik zion Job Santuak: gerra utsa da gizonaren lurreko bizitza: militia est vita hominis super terram.

        Gurutze, ta samintasunak ez dira arintzen, ez gutxitzen gaizki artzearekin, baizik ugaritzen, eta garratzago egiten dira, egun oro gerengan ekusten degun bezala. Baña ontzat, eta Jaunaren izenean artzen dirala, arintzen, eta gozatzen dira, zeren Jaunak ematen dion, onela gurutze, ta nekea daramanari, Zeruko graziaren gozagarria.

        Baldin gurutze, ta nekeak daramaizkiana Jaunaren grazian arkitzen bada, gurutze, ta nekeak dakartzie bi ondasun txit andiak, eta oetatik bata da Zerurako irabaziak izatea. Añ ona da gure Jauna, non beraren izenean igarotzen dan gurutze, ta naigaberik txikiena ere, Zeruaren irabazitzat artzen duan. Ala erakusten digu gure fede Santak. Gurutze, ta nekeak dakarten beste ondasuna da bekatu barkatuen zorrak ateratzea, edo osotoro, edo zerbait. Au ere fedeak erakusten digun egia da, eta besterik esatea debekatzen du Elizak eskomiku nagusiarekin: Anathema sit. Beraz zuk, beraz nik, eta guziok, bekatuen zorrak ateratzeko, egin dezakeguna da emengo gurutze, ta samintasunak ontzat, eta Jaunaren izenean artzea. Au da beti eskura daukagun bidea, zeren egun oro, eta leku guzietan arkituko degun gurutzeren bat , batzuetan lagun urkoen aldetik, besteetan geren griña txarretatik; batzuetan, gure egin bideak dakartzien, arazo, ta nekeakin, besteetan beste alderen batetik. Nork eztakus, gurutze oek ontzat artze utsarekin gutxituaz joango lirakeala gure bekatuen zorrak? Baña gauza negargarria! izanik egun oroko gurutze oek, nai, ta nai ez, igaro bear ditugunak: izanik ariñagoak, ongi artzen badira: ta izanik ondasun askoren meatze ugaria; ala ere oek biurtzen ditugu askotan gure animen puzoi! Kristaua, ikasi dezagun noizbait, gure gurutze, ta samintasunak ongi eramanaz, gure bekatuen zorrak ateratzen. Dakuskun oraiñ, zer onetarako egin bear degun bigarren lekuan. Au da gure obra on guziak Jaunari eskeintzea beraren onra, ta gloriarako, eta bekatuen zorrak ateratzeko.

 

 

§ II.

 

        Ez da iñor ere bere estadu, ta bizi moduan neke, edo lanari jarraitu bear ez dionik, dala nekazaria, argiña, arotza, dala jostuna, okiña; dala ardazlea, edo eulea, dala Apaiza, dala edozeñ. Obra oek egiten badira, bear diran doaiakin, guziak, eta bakoitza izango dira Zerurako irabaziak, eta gañera gutxituko due gure bekatuen zorra, dakarten nekearen neurrian. Au da fedeko gauza, eta Trentoko Konzilioak aintzakotzat erakusten diguna. Beraz zuk, nere Kristaua, zure bizi moduak eskatzen dituan lanak egiten badituzu bear dan eran, edo bear diran doaiakin, irabaziko dezu Zeruko Erreñua, eta gañera bakoitzarekin eranzungo diozu zure bekatuen zorrari, egiten dezun lanak duan nekearen neurrian. Ez digu gure Jaunak eskatzen gauz andiak egin ditzakula. Ez digu eskatzen batetik bestera mendiak aldatzea, eriak sendatzea, illak piztutzea, eta iñoiz eskatuko balu, berak emango lituke artarako doai egokiak; baizik nai du gure estadu, ta bizi moduari dagozkan gauzak ongi egitea. Orregatik dio San Paulok: Egiten dezuen guzia, dala itzez, dala obraz guzia egizue gure Jaun Jesu-Kristoren izenean.

        Baña zer doai ote dira gure lanak bear dituanak, dala Zeruaren irabazi izateko, dala bekatuen zorrai erantzuteko? Ara zer doaiak bear diran. Lenengoa da, Zerutikakoa edo sobrenaturala izatea. Zerutikakoa, zeren Espiritu Santuaren grazia, ta lagunza gabe ezin Zerurako irabazirik txikiena ere egin ditekean, ez eta Jesus bat bear bezala esatea ere. Ala esaten digu San Paulok: Nemo potest dicere Dominus Jesus, nisi in Spiritu Sancto. Zerutikakoa gañera, zeren egin bear dan, ez lurreko gauzetan begia ipintzen dala, baizik fedeak erakusten duan motiboren bate gatik. Bigarrena, lana egiten duana Jaunaren grazian egotea, bestela illa dago animaren aldetik, eta iliak irtengo dira egiten dituan obrak. Matsadarra igartua badago, ez du fruturik emango. Alaere ez ditu bekatariak utzi bear obra onak, zeren, Zerurako irabaziak izan ez arren, asko laguntzen duen bekatutik irteteko, eta beste on asko iristeko. Irugarren doaia da, egiten dan obra nekagarria izatea. Ala aditzera ematen digu Trentoko Konzilioak; baña nola obra on guziak guretzat nekea dakartenak diran, orregatik Teologoak dioenez guziak dira egokiak bekatuen zorrari eranzuteko, gañerako doaiak baditue. Laugarren doaia da gure lan, eta obra onak egitea Jaunaren onra, eta gloriarako. Era onetan egiten diran lan guziak, ala andiak, nola txikiak egokiak dira bekatuen zorrak ateratzeko, eta au da guk bigarren lekuan egin bear genduana.

        Baña egiñ ote degu? Begira begio bakoitzak bere bizitzari, eta arkituko du negar egiteko gai asko. Zenbat egun oro, ta urte guzian goizetik arratseraño ari dira nekean? Zenbat Zerurako irabazi egin, eta zenbat bekatuen zor atera zitzakeen lan oriekin? Baña ez due zorrik atera, zeren bear dan eran egin ez dituen. Gertazen da gurekin gai onetan S. Pedrorekin gertatu zana. Irten ziran S. Pedro eta S. Andres beren ontzi, edo txaluparekin arranzara arrats batean, arrats guzia igarota, etzuen atxitu ezer ere. Goizean arkitu zituan Jesusek itsasbazterrean sareak altxatzen. Sartu zan ontzian, eta esan zion Pedrori, eraman zezala itsasoan barruna sareak botatzeko. Erantzun zion Pedrok: Maisua, arrats guzian nekatu gera arrai billa, baña alferrik. Alaere zuk agintzen dezun ezkero, botatzera noa sarea zure izenean. Ala egin zuan, eta ainbeste arrai sartu zan sarean, non arriturik jarri zan Pedro Jesusen oñetari, eta esan zion: Jauna, ni naiz bekatari andi bat, eta ez naiz zure aurrean agertzeko diña. S. Pedro bada arrats guzian nekatu zan alferrik, zeren Jesusen izenean bota etzituan sareak, baña izen onetan bota zituanean, atxitu zuan ugari arraia: eta ona egun oro askorekin gertatzen dana. Nekatzen, ta desegiten dira lanean, eta ez due ezer atxitzen, edo ez due Zerurako irabazirik batere egiten, eta bekatuen zorrik ateratzen, zeren ez dituen lan oriek egiten Jaunaren izenean. Nork esan alde onetatik datozkigun kalteak! Au ezagututa, ez ote zera, Kristaua, azkartuko, zure lan, ta obra on guziak Jaunaren onra, ta gloriarako egiteko? Baña goazen aurreraseago, eta begira, nolako penitenziak egin dituen Santuak bekatutik aldegiteko, eta bekatuen zorrai eranzuteko.

 

 

§ III.

 

        Begiratu nai badiezu anziñako denborai, ekusiko dezu, S. Paulo eremutarrak amabost urte zituan denboran, utzi zuala mundua, eta bizitu zala eremuan eun, eta amairu urteetaraño: aren janaria izan zan arbola baten fruta, eta egun oro bele batek ekartzen zion ogi puska bat. S. Antonio gisa berean bizitu zan eremuan eun, eta bost urteetaraño: aren oia zan lur otza, edaria uura, eta janaria ogia, ta gatz piska bat. Santiago eremutarrari gertatu zitzaion bekatu batean erortzea: eta bekatu onen zorrari eranzuteko ezkutatu zan obi batean, eta an bizitu zan amar urtez illen ezurren artean, inguruan jaiotzen ziran belarrak baizik jaten etzuala. Zer esango det Santo Domingo Lorikatoz! Igandeaz landara, edo kanpora, bizitza guzian barautu zan ur, ta ogi, eta garizuman artzen zituan sei eun milla azote. Eta alde batera utzirik anziñako denborak, begiratzen badiezu alderagokoai, arrituko zera; San Pedro Alkantarak, Santa Rosa Limakoak, S. Luis Gonzagak, eta beste askok egin dituen penitenziak ekustean. S. Pedro Alkantarak jan oi zuan iru egunetatik beiñ, eta zenbait aldiz igarotzen zitzaizean zortzi egun ezer artu gabe: eta au gutxi batzan bezala, egunean bi bider azotez urratzen zuan bere burua. Santa Rosak, bost urte besterik etzuan denboran, egin zuan garbitasuna, edo kastidadea gordetzeko botoa: janzi zuan orratzez beterikako soñeko, edo zilizio bat: inguratu zuan gerria burnizko katearekin, eta buruko estalkiaren azpian ipiñi zuan koroa bat eztenez betea. S. Luis Gonzagak, eskribitzen duenez, etzuan galdu bataioan artu zuan grazia: ill zan ogei ta iru urte zituanean, eta arritzekoak dira egin zituan penitenziak: Ekusten dezu, Kristaua, nolako penitenziak egin dituen Santuak, bekatutik aldegiteko, eta bekatuen zorrai erantzuteko?

        Eta gu izango gera añ nagiak animako gauzetan, non zerbait egingo ez degun betiko Zerua irabazteko? Ez dizut, Kristaua, esango, ur, ta ogi barautu zaitezela Santo Domingo Lorikato bezala: ez dizut esango, zere etxea, ta erria betiko utzirik, bizi zaitezela eremuetan, edo illen ezurren artean, lurreko belarren sustraiak baizik jan gabe; baña zerk eragotziko digu zuri, ta niri gure bizi moduan egun oro arkitzen ditugun gurutzeak Jaunaren izenean igarotzea? Zerk eragotziko digu gure lan, ta obra onak Jaunari eskeintzea? Au da gauza bat neke andirik ez duana, eta ezin gai onetan emen aitzakiarik asma dezakezu; jai goizetan alabaña lenengo Mezan egiten da goizeko jaiera, eta arratsaldeetan arratsekoa, dotrina esateaz gañera, eta nork nai ikasi dezake, nola bere neke, ta obra guziak egin ditzakean Jaunaren onra, ta gloriarako. Goizeko jaiera astegunean egiteko betarik ez duanak, itz bian esan dezake: Jauna, gaurko nere nekeak, nere itz, pensamentu, eta obrak izan bitez zure onra, ta gloriarako: eta gañera asmo au noizean beñ berritu dezake, esaten duala beregan: Jauna goizekoan bertan nago: izan bedi guzia zure izenean, eta indazu zure laguntza bekaturik ez egiteko. Denbora degun bitartean egin dezagun alegiña, gure bekatuen zorrai erantzuteko. Onela uste izan dezakegu gure egunak ongi bukatzea, eta betiko bizitza iristea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa