www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA IRUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amaikagarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Andi, ta miragarriak dira, Aldareko Sakramentuak dakartzian ondasunak, len ekusi degun bezala; eta oen gañean galdetzen du lenbiziko Komunioaren liburuak gisa onetan.

        «Esan gidazu guziak artzen ditue komulgatzen diranean, ondasun oek? Ez, Jauna, zeren asko diran Komunio gaiztoak egiten dituenak. Zer bekatu da komunio gaiztoa? Sakrilejio guziz izugarria, zeren Judasen eran saltzen duan Jesus Jaungoiko biziaren semea, eta beregan danez berriro ipintzen duan gurutzeko neke-oñazeen artean: orregatik jaten, eta edaten du, S. Paulok dionez, bere betiko galera.

        Komunio gaiztoa ez egiteko, zer bear da? Iru gauza. Lenengoa, zer, eta nolako prestaerarekin artu bear dan jakitea. Bigarrena, Jaunaren grazian egotea. Irugarrena, barau naturalean, edo gau erdia ezkero ezer ere jan, edo edan gabe egotea. Onezko damu, edo kontrizioarekin Jaunaren grazian jartzen bada bekataria, komulgatu ote diteke? Konfesio gabe ez, Jauna. Iltzeko perillean Sakramentu au artzen duanak, Biatikoaren eran, artu ote dezake baraurik egon ez arren? Bai, Jauna. Esan dituzun iru gauz oek asko ote dira Komunioko Sakramentuaren ondasunak artzeko? Asko dira gizon jakintsuen iritzian, Sakramentuaren ondasunetatik zerbait artzeko, ez ordea ugari artzeko». Ona lenbiziko Komunioaren liburuak gai onetan erakusten diguna.

        Asi giñan azkeneko aldian itz egiten Komunio gaiztoaren itsustasunaren gañean; baña ez genduan, bear adiña ezezik, gutxiago ere esan. Orduan esan ziran gauzak, bekataririk gogortuena ere izutu bear lukeen bezalakoak dira; alaere zu, aspaldi konfesio, ta komunio gaiztoak egiten dituzun, Kristaua, etzera batere izutu, eta zentzatu, eta dirudi, Judasen biotzean bezala, zure barrunbean sartu dala Satanas. Orregatik gerta ez dakizun ari gertatua, begira gaur, benik beñ, zer kastiguak egin zituan Jaunak lege zarrean, Testamentuko kutxari zegokan begiramentu, edo errespetoa gorde etzioen zenbaitekin. Begira urrena, komunio gaiztoagatik zenbat aldiz gertatu diran gauz izugarriai. Atzenean nolako ondorenak etorri oi diran komunio gaiztoetatik. Aditu kontuz bekataria.

 

 

§ I.

 

        Israeltarrak denbora luzean bizitu ziran Ejipton katiberio gogorrean. Andik atera zituan Jaunak mirari, edo milagro andiakin, eta ondoren eman zien Sinaiko mendian bere legea, letraz ezarria bi arlosatan. Arkitzen ziran Israeltar guziak eremuan etxerik, janari, eta soñeko-gairik gabe. Alaere berrogei urtez bazkatu zituan Jaunak, Zerutik bidaltzen ziela janari gozo bat, mana zeritzana. Mirari, eta mesede oen oroipena galdu etzediñ, egin zuan Moisesek, Jaunaren agintez, kutxa eder bat, eta an ipiñi zituan Jaunak eman zien legearen bi olak, eta mana piska bat. Ona zer zan testamentuko kutxa.

        Mana zan Aldareko Sakramentuaren anz, eta iduria, Elizako gurasoak dioenez, eta kutxa bera ere bai, zeren an zedukan mana. Orregatik nai izan zuan Jaunak kutxa oni begiramentu, edo errespeto andia gordetzea, eta agindu zuan zerabiltenean batetik bestera, etzekiola iñor alderatu bi milla besoz. Agindu zuan gañera, kutxa au erabilli bear zanean leku, ta erri batetik bestera, eraman zezeela Apaizak sorbaldetan. Atzenean, Jerusalengo Eliza egin zanean, ipiñi zuen Sancta Sancturom esaten zioen Aldarean; goitik beerañoko kortina eder batek estaltzen zuan leku ura, eta etzan aratzen iñor Aita Santua baizik. Orra nolako begiramentua zor zitzaion testamentuko kutxari, Sakramentu orren iduria zalako.

        Begiramentu au etzitzaion beti gorde, eta egin zituan Jaunak kastigu andiak, eta oetatik batzuek izan ziran Filisteoen kontra. Irten ziran beñ Israeltarrak Filisteoen kontra, eta berekin zuen testamentuko kutxa. Garaituak, eta desegiñak geratu ziran Israeltarrak, eta Filisteoak berekin eraman zuen kutxa, eta ipiñi zuen eren idolo, edo Jaungoiko gezurrezko Dagon zeukeen lekuan, edo Elizan. Joan ziran bigaramonean Elizara, eta arkitu zuen lurrean beren Jaungoikoa, eta ipiñi zuen bere tokian. Joan ziran urrengo egunean, eta arkitu zuen idoloa kutxaren aurrean, burua, eta eskuak autsiak zeduzkala: eta au gutxi bazan bezala zabaldu zan erri guzietan, andi, ta txikiak bukatzen zituan, gaitz bat, alako eran, non erabaki zuen kutxa Israeltarrai biurtzea.

        Bigarren kastigua izan zan Betsamiten kontra. Bidaldu zuen Filisteoak testamentuko kutxa Israeltarren lurrera. Ekusi zuen Betsamitak, nola zetorren gurdian; beren pozarekin aztu ziran gorde bear zitzaion begiramentuaz, eta salokerian joan ziran taldeaka kutxa ekustera. Aserratu zitzaion Jaunari, eta an bertan ill otzak geratu ziran irurogei, ta amar zaldun, edo gizon bikañetakoak, eta gañerakoetatik berrogei, ta amar milla. Arriturik geratu ziran Israeltar guziak Betsamitai gertatu zitzatenarekin, eta utzi zuen kutxa Aminadab zeritzan gizon batean etxean.

        Irugarren kastigua izan zan Ozarekin. Dabid Erregeak damu zuan testamentuko kutxa Jerusalenen ez idukitzea, eta joan zan berrogei milla gizonekin ara eramatera: ipintzen due gurdi berri batean. Asitzen dira idiak ostikoka, eta gurdia darabilte erortzeko perillean. An gurdiaren aldean zijoan Oza: luzatzen du eskua, kutxari eusteko, eta geratzen da ill otza. Izutu zan Dabid, eta etzan atrebitu kutxa eramatera Jerusalena, baizik utzi zuan Obededonen etxean.

        Ekusten dezu, bekatari komunio gaiztoak egiten dituzuna; ekusten dezu, zeñ bekatu itsusia izan zan Jaunaren begietan testamentuko kutxari zegokan begiramentua ez gordetzea? Eta au, zeren kutxa ura zan Sakramentu miragarri onen anz bat. Zeñ itsusia izango ez da bada Komunio gaiztoakin egiten dezun bekatu ori? Bortxaz, eta bere borondatearen kontra sartzen dezu alabaña, ez kutxa bat Filisteoak bezala, baizik Jesus Jaungoiko, eta gizon egiazkoa idolo nazkagarriz betea daukazun biotz orretan. Zer idolo ote dira oek? Oek dira andi-naia, eta atsegiñ zikiñen gura: oek dira alferkeria, kutizia, eta edana, eta oek zure biotzean egon dira, ta daude Jaungoikoaren lekuan; eta izan dezu ausardia oekin batean ipintzeko zure Jaun andia? Ausardiaren itsusi, ta izugarria! Baña zoaz aurrera, ta begira oraiñ Komunio gaiztoagatik zenbait aldiz gertatu diran gauza izugarriai.

 

 

§ II.

 

        Lege berrian ez oi dira gertatu kastigu añ izugarriak, nola gertatzen ziran lege zarrean; lege berria ala baña da amoriozkoa, ez beldurrezkoa. Alaere egin ditu Jaunak beiñ baño geiagotan, Komunio gaiztoaren itsustasuna ongi adirazten duen, zenbait kastigu. Siro Milango Obispoa ari zan beñ Komunioa ematen: jartzen da Komunioko tokian gizon bat bekatuz zikindua, eta besteak bezala artzen du Sakramentua. Geratzen zaio Ostia Santua auan airean. Itxi nai zukean aua, baña ezin zuan, eta eman zioen oñaze izugarriak. Asi zan orroaz, Eliza guzia asaldatzen zuala. S. Ziprianek beste emakume batez dio, Sakramentua gaizki artu zuan unean sartu zitzaiola Satanas, Judasi bezala. Ekin zion bere buruari ozka: puskatu zuan mihia, eta atzenean bukatu zan zakur amorratua zirudiala. Ez da urte asko Españako erri batean gaixotu zala iltzeko gaitzarekin, bere denbora, Komunio gaiztoak egiten zituala, igaro zuan bat. Ezagutu zuan bere perilla: artu zuan konfesio on bat egiteko asmoa: konfesatu zan betaro, eta artu zuan Jauna; baña gauz ikaragarria! Jauna artu zuan bezala asi zan gaizkiñakin dagoan baten eran, eta ala iltzan. Eztakigu, zer igaro zitzaion bekatari oni; baña beldur izateko da, ainbeste Komunio gaiztoren buruan gogortua geratu zitzaiola biotza, eta etzala Jaunagana biurtu biotz osoz. Nik erraz sinistuko det, erri bakoitzean noizean beñ egiten dituala Jaunak era onetako gauza izugarriak. Oetako batek esan zidan neroni erri batean: Jauna, Komunioko denboran ezkutatzen zitzatan Sakramentua. Atozea oraiñ, bekataria: ez ote da au guzia asko adiña, igerritzeko zuk, zeñ bekatu itsusia dan Komunio gaiztoa? Au asko ezpada, begira ezazu nolako ondorenak etorri oi zaizkan bekatariari Komunio gaiztoetatik.

 

 

§ III.

 

        Komunio gaiztoen lenengo ondorena izan oi da Zeruaren, eta ango ondasunen ustea iltzea. Badakus onelako bekatariak, Jesus dala gure ongille andia, bere odolaren, eta bizitzaren kostuz gure animak erosi zituana; baña Jaun au era guziz itsusian sartu duala bere barrunbeko lize zikiñean: eta ekusirik au, iltzen zaio bere uste, edo esperantza guzia. Ala gertatu zitzaion Judasi. Egin det bekatu, zion, saltzen dedala justuaren odola: Peccavi, tradens sanguinem justi; baña ezaguera onekin guziarekin ere, etzuan izan biotzik Jaunagana biurtzeko; eta urkatu zuan bere burua.

        Komunio gaiztoaren bigarren ondorena izan oi da Zeruko lagunzen urbidea itxitzea, eta Jesus onak ukatzea, bestela eman nai zitukean, lagunzak. Eta oek gabe zer egingo du bekatariak? Zer, ezpada amilka joatea bekatuaren bideetan? Fedeko gauza da, ez gerala gai edo gauza Jesus bat esateko ere, ezpadigu artarako ematen Espiritu Santuak bere argitasuna, eta biotzeko ukiera. Ala dio S. Paulok: Nemo potest dicere Dominus Jesus, nisi in Spiritu Sancto. Fedeko gauza da gañera, Zeruko lagunz oek guretzat irabazi zituala Jesus onak bere eriotzarekin, eta guri oek emateko bideak dira otoiz, edo orazioa, eta Sakramentuak, batez ere Komuniokoa; zeren Sakramentu onetan dagoan Zeruko grazia, ta lagunza guzien iturburua, eta au gaizki artzen, eta oñpean bezala darabillenak, zer laguntza uste izan dezake? Emendik ez da zer miretsi, baldin Komunio gaiztoetara oitu diranetatik txit gutxi Jaunagana biurtzen badira.

        Komunio gaiztoaren irugarren ondorena izan oi da bekatariaren biotza elkortzea, eta geroago eta geiago gogortzea, mallukaria ari zaion txingudearen eran: Quasi malleatoris incus (Job 41). Eta era onetan gogortu ezkero bekatariaren biotza, nekez gozatuko da. Bekatari bat bizitu zan txit gaizki, eta bere gura txarren mendean itsutua. Gaixotu zan azkeneko gaitzarekin. Askotan itz egin zion Jaunak bere biotzera, presta zedin konfesio on batekin; baña gorra ta sorra, zegoan onetarako. Egin zuen alegiña ala adiskideak, nola beste gizon jakintsuak, adirazteko eriari, nolako perillean arkitzen zan, baña alferrik. Agertu zitzaion Jesus bera, eta itz egin zion txit gozotoro: «Ni naiz, esan zion, nere odolaren kostuz zu erosi zindudan, Jesus bera: zuganako urrikimentuz jatxi naiz, zuri bekatu guziak barkatzeko. Andiak, itsusiak, eta asko izan arren, etzaitezela ikaratu: askoz, eta neurririk gabe andiagoa da nere ontasuna, eta miserikordia: biur zaite biotz osoz nigana, eta nik barkatuko dizkitzut guziak». Nork sinistu zezakean, biguinduko etzala Jesusen itz oekin bekatari ura? Eta etzan, ez, batere biguindu. Agertzen diozka Jesusek bere llagak; jartzen da odola dariola, eta itz egiten dio berriz era onetan: Ene seme, begira zugatik ixuri nuan odol oni; begira zenbat kosta zintzaizkidan: odol au da zure animaren prezioa: ez dezazula galdu. Aitortu itzatzu zure bekatuak; bada barkatu nai dizkitzut guziak. Baña bekatari doakabe ura lenean bertan geratu zan. Aserratu zitzaion Jesus onari: sartzen du eskua kostaduan, eta arturik odola, esaten dio: «Ez dezu nai izan nere barkazioa: ezertan artu ez dezun odol au izango da mundu guziaren aurrean zure betiko galeraren marka: eta bota zion aurpegira». Ezkutatu zan Jesus: eria asi zan deadarka: gar bizietan erretzen nago: ill zan, eta joan zan Satanasen betiko lagun izatera. Orra bekatari gogortuarekin gertatzen, eta gertatuko dana.

        Komunio gaiztoaren laugarren ondorena da, Jesus onak utzitzea bekataria bere griña txarren atzaparretan, esaten balio bezala, Juduai esan ziena: banoa ni, eta illko zerate bekatuan: Ego vado, et in peccato vestro moriemini. Ordutanik aldegingo due bekataria gandik Zeruko Santuak, Aingeruak, eta Birjiña txit Santak: eta itxiak bezala geratuko dira Zeru oriek onelako bekatariarentzat.

        Komunio gaiztoaren azkeneko ondorena da eriotza gaiztoa; jaten du alabaña, eta edaten, S. Paulok dion bezala, betiko bere galera: Judicium sibi manducat, et bibit.

        Orra, nere Kristaua, zeñ bekatu itsusi, ta izugarria dan komunio gaiztoa. Zer ote da oraiñ guk egin bear deguna? Zer ezpada ukitu diran gauz oek ongi gogoan erabiltzea, eta Sakramentu orri egin diozkagun, bidegabeen gañean negar egitea? Zer, ezpada Sakramentu ori prestaera onarekin artzeko asmo osoak egitea? Jarri gaitezen onetarako Jaunaren aurrean belauniko. (Belaunikatzen dira guziak, eta Erakuslea ere bai).

 

 

Otoiz, edo orazioaren gaia

 

1

        Begira, Kristaua, nolako kastiguak egin zituan Jaunak testamentuko kutxari zegokan begiramentua gorde etzioen zenbaiten kontra. Kastigatu zituan Filisteoak, zeren kutxa ura beren idolo Dagonen etxe, edo Elizan ipiñi zuen. Kastigatu zituan berrogei ta amar milla Betsamita, ill otzak uzten zituala, zeren salokerian ibilli ziran kutxa ekusteko. Kastigatu zuan Oza, zeren apaizen sorbaldetan eraman bear zan kutxa, gurdian ipiñi zan. Eta bekatu añ itsusia bazan Jaunaren begietan kutxa ari zegokan errespetoa ez gordetzea zer izango da Sakramentu miragarri ori, bekatuz loitua dagoan, biotzean sartzea? Testamentuko kutxan etzegoan legea, eta mana pixka bat besterik; baña Sakramentu orretan dago Jesus Jaungoiko gizona...

 

2

        Begira urrena, komunio gaiztoak gatik batzuetan Jaunak egin dituan kastiguai. Bildots illa baliz bezala ixillik dago Jesus Sakramentu orretan: ala ekusi zuan S. Juanek. Alaere zenbait aldiz egin ditu kastigu izugarriak. Au gertatu zan S. Ziprianek dion emakumearekin: sartu zitzaion Satanas, eta ill zan zakur amorratu baten eran...

 

3

        Baña kastigu guzien artean izugarriena izan oi dira, komunio gaiztoetara oitu dan, animari etorri oi zaizkan, animako ondoren negargarriak. Galtzen, edo oztutzen zaio Zerurako ustea; itxitzen dira Zeruko laguntzen bideak; elkortzen, ta gogortzen da biotza; uzten du Jesus onak onelako bekataria bere gura txarren atzaperretan, eta atzenean iltzen da bekatuan. Biotz gogordunari gaizki joango zaio azkeneko orduan, dio Espiritu Santuak: Cor durum male habebit in novissimo. Au onela izan, eta alaere ainbeste bidegabe egiten diozkagu Jaun andi orri? Au onela izan, eta ura bezala edaten dezu zere betiko galera? Judicium sibi manducat, et bibit? Ez ote gera oraiñ bederik Jaun orregana biurtuko?... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du erakusaldia oraiñ esango dan eran).

        Ezagutu dezu, Kristaua, zeñ itsusi, ta izugarria dan komunio gaiztoaren bekatua. Ezta ala ere barkaziorik ez duana, garai onean, eta biotz osoz Jaunagana biurtzen bagera. Ez det nai, dio berak, bekataria galtzea, baizik nigana biurtzea. Ea, nere Kristaua, egizu asmo oso bat, gaurdanik aurrera zure Jaun ori amatzeko, eta Sakramentu miragarri ori begiramentu, eta prestaera onarekin artzeko. Era onetan iritsi dezakezu zure bekatuen barkazioa, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa