www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña bataioko Sakramentuaren gañean laugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian aditu zenduan, Kristaua, nori eman bear zaion bataioko Sakramentua. Aditu zenduan gañera, noiz, non, eta zenbat bider eman bear dan. Ekusi bear degu gaur, benik beñ: zer ondasunak dakartzian artzallearen animarentzat. Urrena, nolako prestaera eskatzen duan, Enzun arretaz, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Bataioko Sakramentuak dakartzian, ondasunak asko, eta andiak dira, eta batzuek len ukitu ditut, baña alaere aditzera guziak emango dizkitzut, nolerebait gera ditezen zure gogoan.

        Sakramentu onek bada lenengo lekuan piztutzen du bekatuan illa zegoan anima. Fedeko gauza da, Adanen ondorengoak, Birjiña txit Santa ez, beste guziak sortzen dirala aren bekatuarekin loituak, eta animaren aldetik illak; baña bataioko Sakramentuak piztutzen ditu graziaren bizitzirekin.

        Bataioko Sakramentuak bigarren lekuan aienatzen ditu animatik bekatu jatorrizko, edo orijinala, eta bataiatzen danagan arkitzen dan beste edozeñ. Aurra bada, ez du bekatu jatorrizkoa baizik, eta au bakarrik barkatzen zaio; baña adiñean aurreratua bada, izango ditu berak egindako bekatuak ere, eta barkatuko diozka guziak bataioak, artzen badu bear dan eran. Ogei, ta amairu urte zituan S. Agustiñek, bataiatu zanean: eta ordurako egin zituan bekatu andiak, eta asko; bizitu zan alabaña Manikeoen erejian, eta atsegin lizunetan itsutua; baña osotoro barkatu ziozkan Sakramentu onek, ala bekatu jatorrizko, edo orijinala, nola berak egiñak.

        Bataioko Sakramentuak irugarren lekuan barkatzen du, bekatua ezezik, bekatuan pena guzia ere. Demagun fede, ta bataiogabe bizitu dala bat irurogei, ta amar urteetaraño, eta egin dituala bekatu guziz itsusiak mandamentu guzietan, eta ezin konta al. Bataiatzen da prestaera eder batekin, eta bereala iltzen da. Jakizu, Kristaua, bekatari au zuzen zuzen Zerura joango dala, zeren bataioak barkatuko diozkan, bekatuak ezezik, oen pena guzia-ere, Florenziako, eta Trentoko Konzilioak erakusten digen bezala. Esan det, bekatuak ezezik, oen pena guzia ere barkatzen duala bataioak, baña zer pena da au? Zerura joatea eragozten duan pena guzia, ez ordea gañerako penak. Ala bataioa artuta ere, Kristaua zartuaz, eta desegiñaz dijoa: igarotzen ditu gaitz, edo eritasunak, eta atzenean iltzen da: eta neke oek bekatu jatorrizkoari darraizkanak dira. Oek geratu ezpalitzaizkigu, nork burutuko luke gurekin? Ill bearrak gerala, egun oro, ta ordu oro dakuskula ere, ez degu utzi nai bekatua, zer izango litzake eritasun, zartze, eta eriotzaren beldurrik ezpagendu? Neke, ta pena oez gañera bada beste bat bataioak kentzen ez diguna, eta gurekin iraungo duana azkeneraño: au da gaitzeronz makurtuak, eta zaletuak egotea. Zertako utzi ote digu Jaunak pena, eta gurutze pisu au? Utzi digu benik beñ, guk ongi ezagutzeko, zeñ samiñak diran bekatuaren ondorenak: utzi digu urrena, astu eztakigun, guraso desleial-eskergabe batzuen umeak gerala, eta nondik nai, umillak izateko biderik baizik ez degula. Utzi digu atzenean gurutze astun au, gure griña txarren kontra peleatuaz, betiko bizitza irabazteko. Ala esaten digu Trentoko Konzilioak: Ad agonem. Asko balio duan gauza da betiko bizitza, eta Zeruko Erreñua, eta iristen da etsaiak garaituaz.

        Bataioko Sakramentuak laugarren lekuan edertzen, eta apaintzen du anima graziaren doai, eta janziera miragarriarekin. Demagun, jaiotzen dala etxe batean aur bat añ itsusia, non etxeko guziak, eta beste ekusten duenak izuturik uzten dituan. Bataiatzen due, eta geratzen da eguzkia, eta izarrak baño ederrago. Zer esango zenduke orduan, Kristaua, bataioko Sakramentuaz? Zer dakarren edertasunaz? Arriturik, eta zer esan ez dakizun eran geratuko ziñake noaski. Jakizu bada, aur itsusi argan gorputzaren aldetik gertatuko litzakena baño geiago egiten duala bataioak aurraren animan. Bataioa artu baño len, aurraren anima añ itsusia dago, non izutuko giñakean, dagoan bezalakoa ekusiko bagendu; baña ozta botatzen dio bataiatzalleak ura, geratzen da guziz ederra, zeren ematen dion Espiritu Santuak graziaren doai, eta apaindura ederra. Ikatza bezala dira berjeretako loreak, urre, zilar, perlak, eta diamanteak onelako anima baten edertasunaren aldean. Kasano, Tartariako Erregea, ezkondu zan Armeniako Prinzesa batekin. Erregea zan fedegabea, baña Prinzesa Kristaua. Denboraz argitara eman zuan aur, edo obeto esateko bidutzi bat añ itsusia, non Erregek sinistu zuan etzala berarena, ta agindu zuan, ken zekiola Erregiñari bizia. Etzuan onek, Erregek uste zuan, utsegiterik egin, baña au zan gauza bat Jaungoikoak bakarrik agertu zezakeana, eta beste aldetik Erregek agindu zuana bereala egin bear zan. Estutasun onetan, negarrez eskatu zuan eraman zegioela aurra; eramaten dioe, eta ordurako prest zedukan urarekin bataiatzen du. Gauza miragarria! Aur, edo bidutzi añ itsusia biurtu zan aur añ ederra, non ezin aspertu zan Errege begiratzez, eta ekustez. Ezagutu zuan bere gaizki egiña: barkatu zion Erregiñari, ta agindu zuan Erreñu guzian aditzera eman zedilla Jesu-Kristoren legea. Ekusten dezu, Kristaua, zer egin zuan bataioak aur itsusi aren gorputzean? Au bera egiten du egun oro animetan.

        Bataioko Sakramentuak bostgarren lekuan dakarren ondasuna da artzallea egitea Jainkoaren Seme ta adiskide: Jesu-Kristoren Señide, Zeruaren jabegai, eta Espiritu Santuaren Jauregi, edo Eliza. Jainkoaren Seme. Ez da, eta ezin izan diteke gizona Jainkoaren Seme bere izatez; Semeak alabaña, norbaiten seme izateko, bear du Aitaren izatetik zerbait, eta gizonak ez du Jainkoaren izaterik; bestela izango litzake Jainko egiazkoa Jesu-Kristo bezala. Nola bada bataioak egiten du gizona Jainkoaren Seme? Zeren bataiatzen dana graziaren doai eta apaindura ederraren bidez bere Semetzat artzer duan Aita Zerukoak. Ekusi ezazue, dio S. Joanek nolako onginai, ta amorioa guganonz agertu duan Jaunak: Videte qualem charitatem dedit nobis: bada eman digu bere Semeen izena, eta izatea: Ut filii Dei nominemur, et simus. Jainkoaren adiskide ala esaten digu Trentoko Konzilioak: eta Jesu-Kristok berak esan zien Apostoluai: emendik aurrera ez dizuet esango nere serbitzariak, baizik nere adiskideak. Jesu-Kristoren Senide: aita baten umeak alabaña senideak dira: orregatik S. Paulok deitzen dio Jesu-Kristori anaia askoren artean nagusiena; Jainkoa dan aldetik betikoa da alabaña: Primogenitum in multis fratribus (Ad Rom. c. 8). Egiten du gañera bataioak Kristaua Zeruaren jabegai: semea alabaña Aitaren ondasunen jabegai da, S. Paulok dion bezala. Egiten du atzenean Espiritu Santuaren Jauregi, edo Eliza. Ala esaten digu S. Paulok berak: An nescitis, quoniam membra vestra templa sunt Spiritus Sancti?

        Bataioko Sakramentuak seigarren lekuan dakarren ondasuna da anima ornitzea, eta apaintzea fede, esperanza, eta karidadearen birtuteakin. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Birtute oek ematen diozka Espiritu Santuak animari Jauna amatzeko, eta serbitzeko, nekazari bati bear dituan lanabesak ematen zaizkan bezala. Birtute oez gañera, Santo Tomasen iritzian Espiritu Santuak ixurtzen ditu animan beste birtute asko, nola diran Prudenzia, juslizia, fortaleza, tenplanza, eta penitenziaren birtutea, bekatutik altxatzeko, Ematen ere diozka graziarekin batean Espiritu Santuaren doaiak, oekin egin ditzan, Zerurako bidean egin bear diran gauzak gogoz, eta gustoz. Onela uzten du bataioak Kristaua Jesu-Kristorekin bat egiña, birtutez, eta doaiez edertua, eta ornitua: Ni naiz, dio Jesu-Kristok, zepa, eta zuek zerate adarrak Ego sum vilis, vos palmites. Atzenean bataioko Sakramentuak ezartzen dio animari Jesu-Kristoren artaldeko marka, ala erakusten digue Florenziako, eta Trentoko Konzilioak. Arzai batek erosten dituanean ardiren batzuek, ipintzen die bere ardien marka, ezagutuak izan ditezen, eta au bera egiten du Jesu-Kristok anima bat bataioaren bidez bere artaldera artzen duanean. Marka onek egiten du Kristaua Elizaren ume, eta ematen dio Elizaren Sakramentuak artzeko eskua. Ekusten dezu, Kristaua, zer ondasunak dakartzien bataioko Sakramentuak artzallearen animara? Dakuskun oraiñ, nolako prestaera eskatzen duan.

 

 

§ II.

 

        Sakramentu onen artzallea gaitzaren eta onaren ezagueran sartu gabea bada, ez du prestaeraren bearrik. Baña adiñean, eta ezagueran sartua danean, ez dio Elizak ematen Sakramentu au, ongi prestatua dagoanari baizik. Prestaera onetarako bi mallatan ipintzen zituan Elizak bataioa artu nai zuenak. Lenengo malla zan Enzunleena esaten zioena: Audientium. Malla onetan zeudenai aditzera ematen zitzaten Jesu-Kristoren lege eder-garbia: nola aldegin bear degun bekatutik, eta bekaturako bideetatik, eta egiñ obra onak: uzten zitzaten Mezatan egoten Sermoia bukatu artean, eta orduan Diakono batek otsegiten zuan: Irten bitez Elizatik bataioa artugabe daudenak. Orregatik Mezaren parte oni deitzen zitzaion Katekumenoen Meza, edo bataiorako prestatzen zeudenena. Malla onetan zeudenen artean batzuek etzuen biotzik gure lege Santak agintzen duan eran bizitzeko, eta luzatzen zuen bataioa artzea, besteak laster asitzen ziran eskatzen, eta oen izena ipintzen zan Elizako liburuan. Au zan bigarren malla, eta latiñez deitzen zioen: Competentium, esan naidu: Bataioa eskatu zuenen malla. Malla onetan zeudenak ateratzen zituen asko barau: arretarekin peleatu bear zuen animaren etsaien kontra: leialki egin bear zituen agintzen zitzaizten gauzak, eta aitortu, edo konfesatu bear ziozkeen Obispo Jaunari, edo onen ordekoari beren bekatuak. Konfesio au etzan Sakramentu, baña egiten zuen bataioa artzeko zeudenak, erakutsi zegien Obispo Jaunak, edo onen ordeko Apaizak, zer egin bear zuen beren oitura, eta griña gaiztoak garaitzeko. Era onetan ongi prestatuak zeudenai ematen zitzaten bataioa Larunbat Santuz, edo Pazkoa maiatzekoaren bezperan; baña bekatua, ta bekaturen bideak uzteko ongi saiatzen etziranak geratzen ziran bataioa gabe. Orra nolako prestaera eskatzen duan bataioak.

        Aditu dezu, Kristaua, zer ondasunak dakartzien Sakramentu onek artzallearen animara. Aditu dezu gañera, zer prestaera eskatzen duan, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartu danak artu nai badu. Zer ote da Erakusaldi onetatik atera bear degun ona? Lenengoa da Jaunari eskerrak ematea bataioarekin eman dizkigun ondasun andiak gatik, eta barkazioa eskatu, zeren oraindaño zabarrak izan geran onetan. Bigarrena: Jaunaren aurrean biotzetik negar egin, zeren gure Ongille Andi Jesus maitagarria amatu ez degun, eta amatu bearrean ainbeste bider utzi degun. Irugarrena: sarritan oroi gaitezen, Bataioko egunean illak, eta Jesu-Kristorekin obiratuak bezala geratu giñala bekaturako. Ala esaten digu S. Paulok. Eta ez degu bizi bear Jesusen lege garbia gordetzeko baizik. Au da guk agindu deguna, eta au egiten degula, iritsiko degu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa