www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMAIRUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean lenengoa.

 

ALABATUA &

 

        Ill bakoitzaren irugarren igandeak autuak, eta bereziak daude gure Elizetan Sakramentu miragarri on artzeko, eta egiten diozkagun bidegabeak nolerebait desegiteko. Egun oetan adirazten da Jesusen guganako ongi nai, ta amorio geiegia: begien aurrean ipintzen zaizku, guretzat dakartzian ondasunak, eta gure esker gabekeria itsusiak, eta atzenean aditzera ematen dira, Sakramentu oni dagozkan, beste gauzak. Oen gañean beti itz egin dizuet irugarren igandeetan, eta era berean itz egingo dizuet aurrera ere. Lenbiziko Komunioaren liburuak argiro ukitzen ditu Sakramentu oni dagozkan gauzak, eta aren Erakusaldi laburrak izango dira neretzat itz egiteko gai guzia, zeren gauz obe, eta zuentzat egokiagorik arkituko ez dedan. Galdetzen du bada asieratik gisa onetan.

        «Eliz Ama Santaren Sakramentuen artean laugarrena zeñ da? Erantzuten du: komunioko, edo Aldareko Sakramentua. Zer da Aldareko Sakramentua? Da, ogiaren, eta ardoaren anz, eta idurien azpian Jesu-Kristo bera, Jainko, eta gizon egiazkoa berekin daukan, Sakramentu guziz miragarria. Zergatik deitzen zaio Komunioa edo Komunioko Sakramentua? Zeren Kristau fededun guzien animako janari ta edaria dan, eta ala andiak, nola txikiak, ala aberatsak, nola beartsuak, berdin duen janari, eta edari au artzeko eskua. Zeren gañera janari au ongi artzen duenak, bat egiten diran Jesu-Kristorekin, eta elkarrekin. Zergatik deitzen zaio Aldareko Sakramentua? Zeren Aldarean egiten, eskeintzen, eta artzen dan. Zergatik izendatzen da Miragarria, eta askotan guziz miragarria? Zeren mirari guzien artean andiena, guzien oroipena, eta guzien miragarritasuna berekin duana dan».

        «Esan ditugunaz gaiñera, Komunioko Sakramentuak ote du beste izenik? Bai, Jauna, eta ez bat bakarra. Zein dira oek? Eukaristia, Jaunaren aparia, Aingeruen ogia, biderako janari, ta edaria, edo Biatikoa, eta guziz Santua. Zergatik deitzen zaio Eukaristia? Lenbizia, zeren Eukaristiak esan nai duan grazia ona, eta Komunioko Sakramentuan dagoan, grazia ona ezezik, grazia guziaren iturburua, eta emallea. Bigarrena, zeren Eukaristiaren izenak esan nai duan gañera eskerrak ematea, eta Komunioko Sakramentua eskeintzea da eskerrik andienak ematea? Zergatik deitzen zaio Jaunaren Aparia? Zeren, azkeneko aparian, eta afalondoan Jesusek egin zituan, gauza miragarrien oroipena dan. Zergatik deitzen zaio Aingeruen ogia? Zeren Jesu-Kristo dan Aingeruen atsegin kontentua, eta Jesu-Kristo bera Komunioko Sakramentuan jartzen dan, gure animen janari, eta edari izateko. Zergatik deitzen zaio Biderako janari, ta edaria, eta Biatikoa? Zeren Zerurako bidean ongi ibiltzeko, eta betiko bizitza iristeko, janari, ta edaria dan. Beraz noiz nai ardezazula Komunio Santua, beti artzen dezu biderako janari, ta edaria, edo Biatikoa? Bai, Jauna. Nola bada iltzeko dagoanari ematen zaionean bakarrik deitzen zaio Biatikoa? Zeren Kristauak beti, baña batezere iltzeko dagoanean, artzen duan betiko bizitzaren bidea. Zergatik izendatzen da guziz Santua? Zeren Sakramentuen artean Komunioa bakarrik dan, Santutasun guziaren iturburua, eta emallea bera, beregan duana». Orra, zer asieratik erakusten digun lenbiziko Komunioaren liburuak.

        Misterio oni deitzen zaio gure siniste, edo fedearen Misterioa, ez zeren bakarra dan, baizik guzien artean nolere bait miragarriena bezala dan. Baña zuk, nere Kristaua, aurtasunetatik ikasi, eta sinistu zenduan Misterio au, eta ez det onetan zer nekatu. Baldin Jesusek esan bazuan: Au da nere gorputza, eta Eliz Ama Santak milla, eta zortzi eun urte oetan ala sinistu, eta erakutsi badu, zer neke da Misterio au sinistea? Ea bada, Kristaua, Eliz Ama Santa utzi duenen erausi zentzugabeai lekurik eman. Deitzen zaio gañera Jesusen guganako onginai, eta amorioaren miraria: ala deitzen dioe S. Agustiñek eta S. Zirilok: Sakramentum pietatis: mirakulum amoris. Ongi nai, eta amorio au agertu zuan Jesusek era askotara, baña batezere Sakramentu orretan. Orregatik ongi nai, eta amorio au alik ongiena adiraztea izango da Erakusaldi batzuen gaia. Asiera ona emateko, begiratu bear degu gaur, nere Kristaua, benik beñ: nolako egarria erakutsi zuan Jesus onak gugana etortzeko, eta Sakramentu orretan gurekin bizitzeko. Urrena, zertarako ainbeste egarrirekin nai izan zuan au. Emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Enzun bada ardura andiarekin, nere Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Gure Jesus onak beti agertu zuan guganako ongi nai, eta amorio neurririk ez duan bat. Au agertu zuan gizon egin zanean. Ekusirik, Adanen bekatuarekin galdu genduala Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, ta deretxa guzia, ainbeste maite izan ginduan, non guri ongi naiez egin zan gizon Birjiña txit Santaren sabelean. Agertu zuan gañera bere ongi nai, ta amorioa, gugatik igaroten zituala Pasioko neke-oñazeak, eta atzenean gurutzeko eriotza, eta amorio oni S Paulok deitzen dio geiegia: Nimiam charitatem. Baña gutxi zan au guzia Jesusen biotz maiteari, eta amorioz erazekiarentzat, eta bere, azkeneko aparian esan zien Apostoluai: egarri andiarekin nai izan det zuekin apari au egitea: Desiderio, desideravi hoc pascha manducare vobiscum.

        Bi gauzaren egarri, eta nai andi bat aditzera eman zuan Jesus onak itz oetan, eta oetatik bata zan gu ume zurtzen eran ez utzitzea, bere Aitagana joan bear bazuan ere, baizik gugana etortzea. Etzaituet utziko ume zurtzak bezala, esan zien beiñ Non reliquam vos orphanos. Orretarako ipiñi nai izan zuan Sakramentu miragarri on, or etortzeko gugana egun oro, eta egun bakoitzean ezin konta al bider. Nor ote da, nere Kristaua; nor era onetan gugana etorri nai izan duana? Galde zaiozu zure siniste, edo fedeari, eta esango dizu, Jaun au dala gauza guzien egillea bera, Aita betikoaren seme bakarra, Aitarekin guzian berdiña, itz batean, Jesus Jaungoiko; ta gizon egiazkoa. Eta nor gera gu, Jaun Andi onek gugana etorri nai izateko? Nor, gura txarrez, eta utsegitez beterikako bekatari eskergabe batzuek baizik? Arriturik geratu zan Salomon, zeren berak egin zuan Eliz ederrera jatxi zan Jauna. Sinistu ote diteke, zion miretsirik, sinistu ote diteke Jauna etorri dala gure artean bizitzera? Ergone credibile est? Baldin Zeru oriek, eta Zeruen Zeruak toki txikiak badira, Jauna, zuretzat. Zer izango da nik egin dedan etxe au? Arriturik geratu zan Santa Isabel, zeren ekustera Joan zitzaion Birjiña txit Santa; Jesus bere sabelean zuala. Nondik zion; nondik niri onenbeste mesede, edo Jaungoikoaren Ama nigana etortzea? Unde hoc mihi? Zer izango da, Jaun Andi orrek gugana etorri nai izatea, ez nola nai, baizik egarri andi batekin? Desiderio desideravi? Baña etzuan era onetan nai izan gugana etortzea bakarrik, baita gurekin egotea, eta gure biotzetan bizitzea ere: Nere atsegin, poz, eta kontentua da gizonen umeakin, edo anima onakin bizitzea, dio Eskriturako leku batean: Delicuae meae esse cum filiis hominum: eta Zerura igo zan baño lensêago esan zien Apostoluai: orra, zuekin nago, eta egongo ere naiz mundua mundu dan artean. Ecce ego vobis cum sum usque ad consummationem saeculi. Nork sinits zezakean, eta sinits dezake (ala fedeak erakusten ezpalio) Jesus onak gurekin, eta gure artean bizi, eta are geiago dana, gure biotzetara etorri naiko zuala? Miretsitzen da Eliz Ama Santa, zeren Jesus, izanik Trinidadeko bigarren Persona gizon egin, eta bizitu zan ill batzuetan Birjiña txit Santaren sabelean: Et tu non horruisti Virgiñis uterum? Eta ez gera miretsiko, gurekin, eta gure biotzetan munduaren bukaeraraño bizi nai izateaz? Milla, ta zortzi eun urte alde aldean dira Jesus dagoala Sakramentu orretan gizonen artean: ta ez erri batean bakarrik, baizik Katolikoak diran erri guzietan eta onela egoteaz gañera, dijoa guzien eta bakoitzaren biotzera, andia, edo txikia, aberatsa, edo beartsua dan begiratu gabe. Ekusten dezu, Kristaua, nolako egarria erakutsi zuan Jesus onak gugana etortzeko, eta Sakramentu orretan gurekin beti bizitzeko? Ta nola erantzun, eta erantzuten diogu Jesusen egarri oni? Zoaz, nere Kaistaua, erri bakoitzera, zer ekusiko dezu? Zer, nori nai negar egiteko gogoa eman bear dioen gauzak baizik? Jesus ona gugana etortzeko, eta gure artean, eta biotzetan bizitzeko ainbeste egarrirekin, eta Kristaurik geienak Jesusegandik igesi! Atozea, zenbat izango dira erri bakoitzean, era izan arren, Jaun Andiari agur, eta ongi etorri bat aste guzian egiten ez dioenak? Zenbat, jaietan ere edariz beteak, eta edari usaia zabaltzen duela datozenak? Zenbat, Meza luzea, edo laburra dan bai, baña beste gauzarik gogoan ez darabiltenak? Zenbat begiramentu, edo errespetorik gabe Jaunaren aurrean egongo diranak? Zenbat, berandutik berandura baizik Jauna artu nai ez duenak, eta orduan gogoaren kontra? Esker gabekeriaren itsusia! Baña goazen aurrera, eta dakuskun, zertarako ainbeste egarrirekin nai izan zuan gugana etortzea, eta beti gurekin egotea.

 

 

§ II.

 

        Ekusten zuan gure Jesus maitagarriak, egin ginduala Jaunak, bera ezagutzeko, ta amatzeko; eta betikoiasun guzian berarekin batean Zeruan bizitzeko. Amatuko dezu zure Jaun Jaungoikoa zure biotz guziaz, zure anima guziaz, eta zure indar, eta alegin guziaz, esaten dio Jaunak gutatik bakoitzari. Diliges Dominum Deum tuum ex toto corde tuo, et ex tota anima tua, et ex tota mente tua. Dirudi, era onetan Jauna amatzea dala, ez nekea, baizik gure biotzak pozik, eta atsegin andiarekin egin bear lukeen gauza; Jauna da alabaña Ontasun bat neurririk, mugarik, eta bazterrik ez duana: Jauna da edertasun bat, añ zoragarria, non begien itxi-idiki batean ekustea asko litzakean infernuko su, eta garren artean daudenak ere azturik geratzeko beren oñazeaz, eta pozik amatzeko beti-beti bere Jaungoikoa. Ozta. Angeru, ta anima doatsuak ekusi zuen edertasun baztergabe ura, alako eran amatu zuen, eta amatzen due, non, nai, ta nai ez ere amatuko duen betiraunde guzian. Alaere oztua, eta jelatua geratu zan gizonaren biotza animaren egitekoan, eta erraz aztutzen da Jaunaren ontasun baztergabeaz: eta bere doatasun, eta zori ona ipintzen du emengo iduripenetan, edo ekusten dituan atsegin-kontentu zirzilletan. Onela galtzen du betiko doatasuna, eta erortzen da betiko neke-oñazeen artean: Jesus ona etorri zan gure biotzetan erazekitzera Jaungoikoaren amorioaren sua, eta su au gure biotzetan piztu zedin, nai izan zuan gugana etortzea, eta gure artean, eta biotzetan egotea Sakramentu orren bidez. Etorri ninzan; dio S. Lukasen autik, sua zabaltzera, eta zer da nik nai dedana erazekitzea baizik? Ignem veni mittere, et quid volo nisi ut accendatur?

        Ekusten zuan Jesus onak, etsai askoren artean geratuko giñala, nota diran Demonioa, mundua, eta aragia. iru etsai oek prest arkitzen dira beti, animai gerra egiteko, eta garaitzen ditue txit ernai bizi ez diranak: baña guziak desegiten dira Jesusen lagunzarekin. Orregatik nai izan zuan gure artean geratu, erakusteko guri, nola peleatu bear degun iru etsai oen kontra, bera giari, eta laguntzalle degula, eta nola iritsiko degun betiko bizitza.

        Orra, nere Kristaua, zertarako ainbeste egarrirekin nai izan zuan gugana etortzea, eta gure artean geratzea. Eta au onela bada, dan bezala, zer ongi nai, eta amorio ez du guganako agertu Jesus onak, Sakramentu orretan gugana etortzeko, eta gurekin bizitzeko egarriarekin? Zer geiago egin zezakean Jesusek gure biotzetan erazekitzeko Jaungoikoaganako amorioaren sua? Ala ere gutxi dira Jaungoikoa, amatzen duenak, eta egunetik egunera aituaz dijoaz Jaunaren serbitzariak. Gizonen umeak, deadar egiten du Dabidek: noiz artean izango zerate biotz astundunak! Filii hominum, usquequo gravi corde? Zergatik maite izan bear dituzue iduripen utsak, utzirik zeren Jaungoikoa? Ut quid diligitis vanitatem, et quaeritis mendacium? Ez ote degu oraiñ ere amatuko Jaun au? Ea nere Kristaua, erabaki dezagun gaur betiko Jaun au ez utzitzea, eta biotz osoz amatzea: eta onetarako asmo osoak artzeko, jarri gaitezen beraren aurrean belauniko eta gogora ekarri ditzakun ukitu diran gauzak. (Jartzen dira belauniko guziak, eta erakuslea ere bai).

 

1.

        Begira, Kristaua, nolako egarriarekin nai izan zuan Jesusek Sakramentu orretan gugana etortzea, eta gure artean bizitzea. Gugatik bere bizitza emateko zegoan denboran bertan, esan zien Apostoluai: egarri andiarekin nai izan det apari au zuekin egitea: Desiderio desideravi hoc pascha manducare vobiscum. Apari au zan, Sakramentu miragarri on ipintzeko aparia, eta Sakramentu orretan gugana etorri, eta gure artean bizi nai zuan. Zeñ miragarria Jesusen guganako amorioa! Eta nolakoa izan ote da gure eskergabekeria!

 

2.

        Begira urrena, zertako ainbeste egarrirekin nai izan zuan Jesusek gugana etortzea, eta gure biotzetan bizitzea, ta mundua mundu dan artean Sakramentu orretan egotea. Gure biotzetan erazekitzeko Jaunaren amorioaren sua, eta bera giari degula guk gure animen etsaiak garaitzeko. Eta ala ere ez degu ezagutuko Jesusen guganako amorio baztergabea? Eta ez degu Jaun au amatuko? (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Nere Salbatzalle Jesus maitagarria! Ekusten det zure guganako ongi nai, eta amorio geiegia. Ekusten det, amorio onek sorrerazo zuala zure biotzean gugana etortzeko, eta gure biotzetan bizitzeko egarri andi bat. Ekusten det, zeñ gaizki erantzun dizudan oraindaño. Peccavi: egin det bekatu, zeren zure ontasun, eta amorio baztergabeaz aztua bizitu nai zan. Peccavi; egin det bekatu, zeren zu utzi, eta nere biotza ipiñi dedan emengo atsegiñ, eta gauza zirzilletan, edo obeto esateko, emengo ezerezean. Zer egin aldezaket, nere Aita ona, ta nere animaren jabea? Zer, ezpada zugana biurtzea, eta damu andi batekin negar egitea? Zer ezpada emendik aurrera zu amatzea? Amatuko zaitut, Jauna. Diligam te Domine, zeren ainbeste ongi nai, eta amorio guganako agertu dezun. Diligam te Domine, zeren zu zeregan zeran, ontasun guziz maitagrria. Lagun zaikizkit arren asmo au leialki gordetzen, onela nere egunak buka ditzadan zure grazian, eta iritsi dezadan Zu betikotasun guzian alabatzea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa