www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMALAUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean bigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Asi giñan Sakramentu miragarri orren gañean itz egiten, eta aditzera eman nizun, Kristaua, Sakramentu oni deitzen zaiola Jesusen guganako ongi nai, eta amorioaren miraria, Sacramentum pietatis, miraculum amoris. Ongi nai, eta amorio au agertu zuan Jesusek era askotara, baña batezere Sakramentu orretan. Au alik ongiena ezagutzeko, begiratu genduan aurrena, nolako egarria erakutsi zuan Jesus onak gugana etortzeko eta beti Sakramentu orretan gurekin bizitzeko. Begiratu genduan gero zertako ainbeste egarrirekin au nai izan zuan. Oraiñ lenbiziko komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Nork utzi zion Eliz Ama Santari Komunioko, Sakramentu miragarria? Erantzuten du Jesu-Kristok berak. Noiz? Ostegun Santu arratsean. Esazu, nola gertatu zan Misterio izugarri au. Ostegun Santu arratsean, bukaturik lege zarrak agintzen zuan afaria, altxa zan maietik Jesus: artu zuan gerrian esku-zapi bat, eta pertzean ura: garbitu ziezten Apostoluai oñak, eta biurtu zan maiera. Artu zuan ogia eta konsagrazioko itzak esanik, eman zien Apostoluai. Artu zuan kaliza ere ardoarekin, eta konsagrazioko itzak esanik, eman zien Apostolu berai. Au egiñ ondoan esan zien: Nik oraiñ zuekin egin dedana, egizue zuek ere gero, nere, ta gaur arratsean egiñ, eta bigar egingo ditudan, gauzen oroipena berritzen dezuela. Beraz arrats onetan eman zien Jesu-Kristok Komunioko Sakramentua egiteko eskua Apostoluai, eta oetatik datozen Apaiz guziai? Bai, Jauna; agindu zien alabaña, egin zezeela, berak arrats artan egin zuana. Noiz egiten du Apaizak Sakramentu miragarri au? Mezan, konsagrazioko itzak ostiaren, eta ardoaren gañean esatean». Orra lenbiziko Komunioko liburuak gai onetan dakarrena.

        Jesusen guganako ongi nai, eta amorio bazter gabeak distiatzen du Sakrarnentu orretan era guziz miragarrian, baña ongiena agertzen dige ongi nai, eta amorio au, Sakramentu on ipintzeko denboran gertatu ziran gauzak. Oek izango dira gaurko Erakusaldiaren gai guzia: eta ondoren ukituko det, otoiz, edo orazioa egiteko lagunduko digun, zerbait. Zuek anima onak, eta Jesus amatu, ta serbitu nai dezuenak, entzun ezazue, noraño altxa ziran Jesusen guganako ongi nai, eta amoriaren su, eta garrak. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Alderatu zitzaion Jesus onari gugatik bere bizitza emateko, eta mundu au utzirik, bere Aitagana igotzeko denbora. Ostegun Santu egunean bidaldu zituan S. Pedro, eta S. Juan Jerusalena, Israeldarren legeak agintzen zuan aparia prestatzera. Au ongi aditzeko, jakizu, Israeltarrak, edo Jakoben umeak denbora luzean bizitu zirala Ejipton ijitoen mendean katiberio gogorrean, eta andik atera zituala Jaunak, egiten zituala onetarako asko gauz arrigarri. Ontarte, edo mesede onez aztu etzitezen, urte oro egin bear zuen Ejiptoko irteeraren oroipena, Pazkoa zeritzan festarekin. Festaren asieran jan bear zan etxe bakoitzean bildots erre bat, ipintzen ziran beste gauzakin batean.

        Israeltarra zan Jesus ere eta gorde nai zuan legeak ziona, eta bidaldu zituan izendatu diran, bere bi Apostoluak, aparia prestatzera. Joan zan Jerusalena: Asi ziran afaltzen, eta jan zuen aurrena bildots, edo arkume errea. Denbora onetan inguratu zuen Jesusen biotza, alde batetik atsegin andiak, eta bestetik naigabe guziz samiñak. Ekusten zuan, maiean arkitzen zan bildots ura zala beraren artz bat. Ekusten zuan, bildots ura illa, eta sutan errea zegoan bezala bigaramonean bera ere arkituko zala gurutzean illa, eta neke, ta oñazeen suarekin ongi errea. Ekusten zuan, nola, mundu au utzita, Joan bear zuan bere Aitagana, eta erabakia zedukala Aldareko Sakramentua, ipintzea, gurekin, eta gure artean bizitzea, eta guri ematea bere gorputza, bere odola, bere biotza, eta bera zan guzia, geratu ez gindezen mundu galdu onetan ume zurtzen eran; eta au guzia egingo zuala Zeruko bere jarlekua utzi gabe. Ekusten zuan etorri zala au guzia egiteko denbora: eta ainbesteraño poztu zan, non esan zien Apostoluai: egarri andi batekin bizitu naiz, zuekin afari au egiteko: Desiderio desideravi hoc pascha manducare vobiscum. O Jesusen guganako ongi nai, eta amorio geiegia! Gugatik igarotzera dijoa pasioko neke, eta oñaze izugarriak, eta ordu artan itzegiten du era onetan!

        Beste aldetik inguratzen zuen Jesusen biotza naigabe txit samiñak. Ekusten zuan bere Apostoluen arteko batek salduko zuala, eta bere bekatu itsusiaren barkazioa eskatu bearrean, urkatuko zuala bere burua. Ekusten zuan, Apostolu guziak izutuko zirala, Juduak bera artzen zuenean, eta utziko zuela etsaien atzaparretan. Ekusten zuan, guri ongi naiez ainbeste gauza miragarri egin, eta ainbeste neke, ta oñaze igarota ere, zeñ eskergabeak izango giñan. Eta ekusirik au guzia, zer penak, eta samintasunen ujolak etzuen inguratuko Jesusen biotza? Naigabe oen zerbait agertu zien Apostoluai maiean bertan, esaten ziela: Zuetalik batek saldu, eta ipiniko nau nere etsaien atzaparretan. Au aditurik, kezkaz bete ziran Apostoluak, eta asi ziran galdeka: Jauna ni ote naiz gizon saltzalle ori? Eranzun zien: Gizon ura platera batera nerekin eskua daramana da. Emango det bai nik nere bizitza; baña nere saltzallearen zori gaiztokoa! Obe zukean doakabeak, jaio ezpaliz. An arkitzen zan orduan Judas ere, Jesus saltzeko itza emanik Juduai, eta izan zuan ausardia galdetzeko Jesusi era onetan: Maisua, eta ote naiz ni gizon ori? Eranzun zion Jesusek: Zerorrek diozu ori. Au esan bide zion isîlik, eta beste Apostoluak aditzen etzuela. Ala ere etzan zentzatu Judas!

        Bukatu zan legeak agintzen zuan afaria, eta jan ziran, afari onekin ipiñi oi ziran, beste gauzak ere, geienak beintzat askoren iritzian. Orduan jaikitzen da Jesus maietik: artzen du esku zapi bat gerrian; botatzen du pertz batean uura, eta asitzen da Apostoluai oñak garbitzen. Gauz arrigarria! Jesus Jaungoiko-gizona, eta gauza guzien jabea gizonari oñak garbitzen! Zergatik onenbesteraño beeratu ote zan Jesus? Erakusteko guri, nola utzi bear degun antuzte, edo soberbia, Zerura nai badegu; eta Komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro, edo ugari artzeko, utzi bear ditugula bekatu larriak ezezik, benialen gogo, eta borondatea ere. Arriturik geratu zan S. Pedro, ekusi zuanean bere oñetan Jesus eta esan zion: Jauna, zuk niri garbitu oñak? ez, ez orrelakorik, ez oraiñ, eta ez gero. Eranzun zion Jesusek ezpadizkitzut garbitzen nik zuri oñak; ez da zuretzat lekurik izango nere Apostoluen artean, eta are gutxiago nere erreñuan. Izutu zan S. Pedro, Jesusen autik au aditu zuanean, eta esan zion: Jauna ala bear bada, oñak ezezik, eskuak, eta burua ere garbitu gizkidatzu, Eranzun zion Jesusek: garbia dagoanak ez du oñak garbitzea besterik bear, zuek garbiak zaute, baña ez guziak. Itz oekin aditzera ematen zion Judasi, baziakiala zer asmo zerabiltzkian, eta bekatuz zikindua zegoala zan guzia. Garbitu ziozkan bada S. Pedrori oñak, baita beste Apostoluai ere, oen artean Judasi. Ez ote zan alaere biguindu Judasen biotza? Ez etzan biguindu, eta biguindu bearrean, len bezeñ gogorra geratu zan, edo are gogorrago. Baña ala gertatu oi da bekatari gogortuarekin.

        Garbiturik Apostoluai beren oñak, biurtzen da Jesus maiera, eta lege berriko Apaiz Nagusi, eta Aita Santuak bezala, esaten du lenengo Meza. Artu zuan onetarako ogia: puskatu zuan, eta eman zien Apostoluai, esaten ziela: Arrezazue, eta jan: au da nere gorputza. Artzen du gero Kaliza ardoarekin, eta ematen die, esaten diela: Edan ezazue guziak emendik: au da nere odola. Ona munduan esan zan lenengo Meza. Bigaramonean gurutzean bizitza emateko zegoan Jesus, eta artean etzuan iñork ere Meza esateko, eta Sakramentu miragarri on egiteko eskurik etzuan nai, Sakramentu, eta sakrifizio on aitutzea bera illtzen zanean. Zer asmatu zuan Jesusen guganako ongi nai, eta amorio geiegiak? Eman zien Apostoluai, eta oen ondorengo Apaiz guziai Meza esateko, eta Sakramentu miragarri on egiteko eskua. Nik gaur arratsean egin dedana egizue zuek ere gero, nizaz oroitzen zeratela, esan zien: Hoc facite in meam Commemorationem. Itz oen indarrez Apaizak due eskua Sakramentu miragarri on egiteko. Itz oen indarrez, ozta Apaizak esaten ditu konsagrazioko itzak, jatxitzen da Jesus Zerutik Aldarera, Apaizak nai duanean, nai duan denboran, eta aldietan. Zer geiago? Au egiten du Jesusek, izan dedilla Apaiza, naiz katolikoa, naiz herejea, naiz ona, naiz gaiztoa. Etzien onelako eskurik eman anziñako Patriarkai, eta Profetai; etzien eman Aingeruai, Kerubin, eta Serafiñai, ez eta Birjiña txit Santari ere.

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ gauza arrigarriak gertatu ziran Sakramentu on ipintzeko denboran? Esangidazu oraiñ, guri ongi naiez au guzia egin duan gure Salbatzallearen ongi nai, eta amorioa norañokoa izango zan? Igaro zituan neurri, eta muga guziak, eta igo zan ongi nai, eta amorioaren araurretaraño, S. Juanek dionez: In finem dilexit eos. Sinisten degu au guzia, eta alaere beti egon bearrak ote gera sorrak, eta gorrak gure Aita maitagarri ori amatzeko? Zer geiago eskatuko degu Jesus ona biotz osoz amatzeko? Lotsa gaitezen, nere Kristana, gure oraindañoko esker gabekeriaz, jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko; eskatu degiogun barkazioa, eta amatu dezagun, ainbeste amatu gaituan, Jaun au. Onetarako asmo osoak sortzeko, gogoan erabilli ditzakun denbora pîska batean, gaur adirazi diran gauzak (Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakusleak ere bai).

 

1.

        Begira, Kristaua, zeñ gauz andi, ta miragarriak egin zituan Jesus onak Sakramentu on ipintzeko denboran, eta emendik aterako dezu beraren guganako ongi nai, eta amorioa. Erabakia zedukan gurekin, eta gure artean bizitzea Sakramentu orretan, baña denbora berean joan bear zuan bere Aitaren eskuiera, eta etzuan utzi bear bere jarlekua. Etorri zan Ostegun Santa arratsa, eta arkitzen zan, gugatik bere bizitza emanda, bere Aitagana igotzeko bezperan: eta au zan Sakramentu miragarri on ipiñi nai zuan arratsa. Agertzen die Apostoluai atsegin kontentu andi bat. Garbitzen diezte oñak, eta Judasi ere bai. Ipintzen du Aldareko Sakramentua. Ez da, au ongi nai, eta amorio geiegia?

 

2.

        Begira urrena, nola Sakramentu on egiteko, eta emateko eskua eman zien Apostoluai, eta oen ondorengo Apaizai, zertako ori? Munduak dirauen denbora guzian gurekin, eta gure biotzetan bizitzeko. Ekusten zuan Judasen eskergabekeria itsusia. Ekusten zuan, Judasen antzekoak izango zirala geienak. Alaere añ andiak ziran. Jesusen ongi nai, eta amorioaren su, eta garrak, non utzi nai izan zuan, eta utzi zigun Sakramentu ori; eta agertu zuan onela guganako amorio, mugarik, eta bazterrik ez duan bat. In finem dilexit eos. Ez ote degu Jaun au amatuko?... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Ekusi dezu, nere Kristaua, Sakramentu ori ipintzean Jesus onak guganako agertu zuan ongi nai, eta amorio geiegia. Nola eranzun diogu amorio oni? Ez degu ezertan artu amorio au, utzi degu Jesus eta serbitu ditugu mundua, eta gure griña txarrak. Orregatik esaten digu Jeremiasen antik: autsi dezu nere legearen uztarria: urratu dituzu nere aginteen loturak, eta esan dezu ez det Jaun au serbituko: Confregisti jugum meum, rupisti vincula mea, et dixisti, non serviam. Erabaki ezazu oraiñ, zer nai dezun, edo Jesus benaz, eta biotzetik amatzea, eta serbitzea, edo munduari, ta griña txarrai jarraitzea? Ezpadezu amatu, ta serbitu nai zure Jesus maitagarria, jakizu ez duala Jesusek zu amatzearen bearrik, zure onerako baizik: jakizu zure gañera etorriko dirala betiko nekeak, betiko negarrak, eta Jaunaren madarikazioa. S. Paulok esaten digu:madarikatua izan bedi Jesus amatzen ez duana: Si, quis non amat Dominum Jesum Christum, anathema sit. Baña amatu, ta serbitu nai badezu, asi zaite bertatik, asi zaite benaz, eta era onetan barkatuko dizkitzu Jaunak oraindañoko utsegiteak, eta iritsi dezakezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa