www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfirmazioko Sakramentuaren gañean bakarra

 

ALABATUA &.

 

        Astiz, edo betaro itzegin dizut, Kristaua, bataioko Sakramentuaren gañean. Aditu dezu, Sakramentu onen bidez barkatu zizula Jaunak, bekatu jatorrizko, edo orijinala, apaindu zinduala graziaren soñeko ederrarekin, eta ezarri zuala zure animan Jesu-Kristoren artaldeko marka. Arzai batek, erosten dituanean ardiren batzuek, ipintzen die bereala bere marka, norenak diran jakin dedin: eta au bera egin zuan Jesu-Kristok, zu bere artalde, edo Kristau fededunen artean artu zinduanean. Aditu dezu gañera, nola bataioko egun andi artan eman zenduan itza, ordutanik betiko uzteko Demonioa, eta lagun gaiztoak, bekatua, eta bekatuaren bideak, eta munduaren arrotasun, eta zorakeriak. Ekusten zuan Jesus onak, prest arkitzen zirala, zure kontra irteteko, iru etsai guziz gerrariak, trebeak, eta leiatuak, eta zu indar gutxikoa, eta beratxoa zeundela etsai oen kontra peleatzeko, batez ere perill andiren batzuek inguratzen bazinduen. Ekusten zuan, gu gerenez gerala nagiak onerako, eta makurtuak gaudela gaitzerontz, eta nekez ariko giñala gogoz, eta gustoz etsaien kontrako peleetan. Orregatik ipiñi zuan bigarren Sakramentu bat, Konfirmazioa deritzana, eta au izango da gaurko Erakusaldiaren gaia. Aurrena emango dizkitzut, Kristaua, Sakramentu onen berriak. Urrena, ekusiko degu, nola baliatu geran Sakramentu onezaz gure etsaiak garaitzeko. Enzun arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Konfirmazioko Sakramentua Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan, zazpietatik bat da. Ala erakusten dige Florenziako, eta Trentoko Konzilioak. Ez da bataioa beziñ bearra, edo premiazkoa, baña nork eztakus, zabarkeri txit itsusia izango lizakeala Sakramentu au ez artzea izanik artarako era?

        Konfirmazioko Sakramentua emateko denboran, Obispo Jaunak ganzutzen dio artzalleari kopeta krismarekin, edo olio, ta balsamoarekin, ez nola nai, baizik gurutzearen siñalearekin, eta ipintzen diozkala eskuak buruaren gañean. Crisma da balsamoarekin nastutako olioa, Obispo Jaunak Sakramentu au emateko bedeikatzen duana. Ala erakusten digu Florenziako Konzilioak. Olioak aditzera ematen digu, Sakramentu onen bidez ixurtzen dituala Espiritu Santuak artzallearen animan bere doaiak: eta balsamoak adirazten du, nola zabaldu bear degun bakoitzak bere bizimodu, edo estaduan, obra onen usai gozoa, alako eran, non esan ditekean, Jesu-Kristoren usai ona gerala, S. Paulok zion eran: Chti bonus odor sumus (2.ª ad Corint. c. 2). Egiten zaio Sakramentu onen artzalleari gurutzea kopetan, zeren Sakramentu onen indarra Jesusek gurutzean igaro zuan eriotzatik datorren. Zeren gañera Konfirmazioko Sakramentuarekin egiten dan Kristaua Jesu-Kristoren gudari, edo soldadu, eta berekin bear duan bere Erregeren, edo Jesu-Kristoren siñalea. Zeren atzenean kopeta dan lotsa, edo alkearen tokia, eta Jesu-Kristoren gerrariak ez du lotsarik bear bere Erregea onratzeko, eta beraren aginteak gordetzeko, eta, ala bear baliz, beragatik bizitza emateko.

        Sakramentu onen emallea da Obispo Jauna. Alaere askotan ematen due Indietan eta txit urrutiko tokietan Obispo ez diran Apaizak, Aita Santuak onetarako eman dien eskuarekin, baña eramaten due Obispoak bedeikatutako krisma. Obispo Jaunak, Sakramentu au ematean, esaten dituan itzak dira oek:Nik markatzen zaitut gurutzearen siñalearekin, eta sendotzen zaitut animako osasuna dakarren krismarekin Aziaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Oek dira Florenziako Konzilioak dakartzian itzak.

        Konfirmazioko Sakramentuaren artzalle izan diteke bataiatua dagoan edozeñ gizon, eta emakume. bataiatua dagoana diot, zeren bataiatua ez dagoana ez da gai beste Sakramentuak artzeko. Anziñako denboran Obispo Jaunak berak eman oi zuen bataioko Sakramentua, eta denbora berean ematen zituen Konfrmazio, ta Komunioa ere, bataiatzen zana aur jaio-berria izan arren: eta oraiñ ere au bera egiten da Greziako Elizetan, Aita Santu Benedikto amalaugarrenak dionez. Naiago luke Elizak Konfirmazioa artuko balue Kristauak gaitzaren, eta onaren ezaguera duen denboran; baña eman oi zate ezaguerarik ez duen aurrai ere, zeren Obispo Jaunak erarik ez duen erriz erri sarritan ibiltzeko. Sakramentu au artzen duana ezagueran sartua ezpada, ez da onen aldetik prestaeraren bearrik, baña bai adiñean, edo ezagueran sartua bada. Ara prestaera au egiteko egokiak diran, zenbait gauza. Lenengoa, ongi lizake Sakramentu au artzea baraurik. Ala artzen zan len; baña ez du Elizak agintez iñor beartzen onetara. Bigarrena, Sakramentu au artzera joan bear da aurpegi, ta soñeko garbiakin, baña arrokeria gabe. Irugarrena, anima garbitu bear da bekatuen loietatik, Konfirmazioa alabaña da bizien Sakramentua, eta artzalleak egon bear du graziaren bizitzarekin. Orregatik asko prestatzen dira bizitza guziko konfesioarekin, Espiritu Santuaren doaiak ugari artzeko. Apostoluak, Jesus Zerura igo zanetik Espiritu Santuaren etorreraraño, egon ziran prestaera egiten otoiz, edo orazioan, eta barautuaz.

        Eta zer ondasunak ote dakartzi Sakramentu onek? Benik beñ artzallearen animan ipintzen du Jesu-Kristoren gudari, edo gerrariaren siñalea. Erregeak bere gerrariai ipintzen dieza beren siñalea dala janian, dala txapelan. Eta au bera egiten du Jesu-Kristok bere gerrariakin Konfirmazioko Sakramentuaren bidez, ipintzen die animan bere soldaduen marka. Ala erakusten digue Elizako Konzilioak. Sakramentu onek ugaritzen dio artzalleari animako grazia, eta bere denboran ematen diozka Zeruko indar, eta lagunzak, alaitasunarekin, eta sendo egoteko Jesu-Kristoren fede Santan, eta gordetzeko beraren lege Santa. Sakramentu onek gañera, edo onen bidez Espiritu Santuak ixurtzen ditu ugari artzallearen animan bere doaiak. Elizaren lenengo denboretan jatxitzen zan Espiritu Santua Konfirmazioa artzen zuenetara, gertatzen ziran mirarietan norenai ezagutzen zuan eran; ekusten zan alabaña, gizon jakiñezak ere, Sakramentu au artu ondoan, aditzen zituala izkunde guziak. sendatzen eriak, eta egiten zituela gauza miragarriak. Ez da oraiñ ekusten onelako miraririk, Konfirmazioa artu arren; zeren oen premiarik ez dan; baña fedeko gauza da, Sakramentu onen bidez jatxitzen dala Espiritu Santua bere doaiakin Sakramentu au artzen duanaren animara. Sakramentu au ematen duana aide egiten da konfirmatzen danarekin lenengo mallan, eta onen gurasoakin bigarrenean, eta au bera egiten du Aita, ta Ama Konfirmaziorako ipintzen diranakin. Sakramentu au ezin eman diteke, beñ baizik, len esana dagoan bezala.

        Sakramentu oni dagozkan zeremoniak dira oek. Lenengoa. Bataiorako ipintzen dira Aita, ta Ama pontekoak; baña Konfirmaziorako ez dira berdiñak leku guzietako usanzak. Batzuetan ipintzen ditue Aita, eta Ama, besteetan ez bata, eta ez bestea. Batzuetan Aita bakarrik, besteetan gizonezkoarentzat gizona, eta emakumezkoentzat emakumea eta au da ongi dirudian gauza. Konfirmaziorako ez dira ipiñi bear Aita, edo Amatzat bataiatu, eta konfirmatuak ez daudenak. Ala agintzen du Elizak. Sakramentu au artu bear duana aur txikia bada, idukitzen da besoetan, eta azia bada, berak ipintzen du oñ bata Aitaren, edo Amaren oñaren gañean.

        Bigarren zeremonia: Sakramentu au artzen duanari, leku batzuetan ipiñi oi zaio izen berria, utzi dezan gizon zarra bere izenarekin, eta egin dezan bizitza berri on bat; baña utzi da zeremonia au.

        Irugarren zeremonia: Sakramentu au emateko asieran zabaltzen ditu Obispo Jaunak bere eskuak konfirmazioa artzeko daudenen alderonz, eta erregutzen dio Jaunari, jatxi dediñ oen biotzetara Espiritu Santua. Konfirmazioa artzeko daudenak arretaz joan bear due Elizara, zeremonia onen asierarako; baña askotan gertatzen da, zeremonia au egiñ ezkero, Elizara etortzea ez gutxi, eta besteak bezala artzea Konfirmazioa. Emendik Obispo Jaunak zenbait aldiz kezkaz beterik geratzea, zeren erabakia ez dagoan, asierako zeremonia ura, Sakramentuak balio izateko, premiazkoa dan, edo ez.

        Laugarren zeremonia: Konfirmazioa artzen duanari ematen dio Obispo Jaunak masalleko bat, eta adirazten dio, nola egin dan Jesu-Kristoren gudari, eta beldur, edo lotsarik gabe gorde bear duala Jesusen fede, eta lege Santa, eta garaitu bear dituala etsaiak: itz batean, prest egon bear duala bere Jesusen onran edozeñ neke, ta gurutze igarotzeko.

        Bostgarren zeremonia: toki askotan Konfirmazioa artzen duenai ipiñi oi zate kopetan zinta bat, ixuri eztakiten krisma: eta zintarekin ibiltzen dira batzuek zazpi egunez, besteak denbora gutxiagoan. Zinta oek olioak ukitu baditu, erreta autsak ponteko putzura botatzen dira: gorde nai badira Elizako gauzaren baterako, garbitzen dira ur, eta gatzarekin. Baña utzi dira, eta bide andiarekin, zintak. Zeren batzuek nolanai erabiltzen zituen; eta zinten ordez, kopetak garbitzen zaizte korfirmatzen diranai, onetarako prest ipintzen dala, onziren bat urarekin.

        Azkenean Sakramentu au artu duenai Obispo Jaunak ematen die bendizioa. Nai luke Elizak, konfirmatu guziak bendizio au artzea, baña asko irteten dira lenago Elizatik, dala zeren eri dauden, edo dala zeren aspertzen dituan Elizako egoerak, eta ez da au ongi egiña.

        Ona, Kristaua, Konfirmazioko Sakramentuari dagozkan gauzen berriak. Oraiñ ekusi bear degu, nola baliatu geran Sakramentu onezaz.

 

 

§ II.

 

        Konfirmazioko Sakramentuaren bidez egin gin duan Jesu-Kristok bere gerrari, edo soldadu: ornitu ginduan, gure etsaiak garaitzeko, armaz, eta Espiritu Santuaren doaiez. Doai oek alaitzen due Kristaua Jesu-Kristoren etsai guzien kontra peleatzeko gogoz, eta gustoz, Apostoluakin gertatu zan eran. Apostoluak, Espiritu Santuaren doaiak artu zituen artean, gu bezala ziran beldurtiak, eta argalak, alako eran, non ostegun Santu arratsean igesi joan ziran, utzirik Jesus; baña nolako gerrariak egin ziran, Espiritu Santuak bere doaiez bete zituanean? Bereala asi zan S. Pedro Jerusalenen Jesu-Kristoren lege Santa barreatzen, eta au bera egin zuen gañerako Apostoluak ere mundu guzian. Alperrik altxa ziran munduko andi, eta jakintsuak Apostoluen kontra: alperrik prestatu ziran, oek izutzeko, gurutzeak, urkamendiak, labe goriak, eta oñaze-mota. guziak, etziran izutu Apostoluak, eta garaitu zituen etsai guziak, zabaltzen zuela munduaren lau aldeetan Jesu-Kristoren legea. Zer geiago? Pozik, eta gustoz eman zuen bizitza Jesu-Kristogatik. Orra, nola peleatu ditekean gizonik argalena ere Espiritu Santuaren doaiakin, eta nola garaitu ditzakean demonioa, mundua, eta bere griña txarrak.

        Baña nola baliatu ote gera gu, Espiritu Santuak Konfirmazioko Sakramentuan eman zizkigun doaiaz? Zeñ gauza lotsagarria gurekin gertatu dana! Batzuek ez dira oroitu ere, Espiritu Santuak egin zien, ontarte, eta mesedeaz; besteak ez due biotzik izan demonioari, eta munduari kontra egiteko; eta besteak jarraitu dieza eren gura, eta griña txarrai. Gauza lotsagarria da gerrari, edo soldadu bat, armak utzirik, etsaietara igarotzea eta au bera gertatzen da Kristaurik geienakin: uzten ditue beren Errege Jesus maitagarriaren armak, eta igarotzen dira etsaien aldera, eta ez ote degu askotan zuk eta nik ere au egin, nere Kristaua? Eta zer ote da oraiñ guk egin bear deguna? Lenengo lekuan, lotsa gaitezen Jaunaren aurrean, gerrari añ txarrak izan geralako, eta konfesio on baten bidez biur gaitezen gure Jaun, eta Errege egiazkoagana. Bigarrena umilki eska degiogun Espiritu Santuari, bidal ditzala gure animetara bere doaiak, gogotik ekiteko etsaien kontra. Atzenean doai oekin arretaz, eta alaitasunarekin jarraitu degiogun Zeruko bideari, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa