www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMABIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean
ogei, ta batgarrena, eta azkenekoa.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldia izan zan, Kristaua, guziok konfesatzeko degun, egin-bide, edo obligazioaren gañean. Orañ lenbiziko Komunioaren liburuak galdetzen du era onetan.

        «Konfesatzera zoazenean, nola jarriko zera? Eranzuten du: jarriko naiz belauniko umiltasun andiarekin, eta ziñatuko naiz. Beraz janzian, eta egoeran umiltasun, eta modestia andi bat agertu bear dezu? Bai, Jauna: orregatik gizonak ez due jarri bear ezpatarekin, ez eta emakumeak ere soñeko arroakin. Ongi da besteri bere txanda kendu naiez ibiltzea? Ez, Jauna, eta beragatik itxedon bear dio bakoitzak bere txanda, edo aldiari. Erakusleak: ongi diozu, baña zarrai, eta eritxo daudenai leku egitea, lenbait len konfesa ditezen, ederki dirudian gauza da. Besteren bekatua aditzen badezu, ura konfesioa egiten ari dala, esan ote dezakezu lagun artean? Ez. Jauna, baizik isîlik iduki bear det, konfesoreak iduki bear duan eran. Ongi da, jakin naiez, konfesioko gauzak aditzeko moduan jartzea? Ez, Jauna, eta ongi izan ordean, da bekatu andi bat. Akusatzen asi baño len zer esango dezu? Ni bekataria, edo guzia anziñatik Españan esaten dan bezala, edo beintzat erdiraño: edo Ni bekatariaren lekuan esango det: Nere Jesu-Kristo Jauna. Akusatzen asitzeko aurrean ongi da Konfesoreari egun onak ematea? Ez Jauna: absoluzioa artu artean ez da itz egin bear, konfesioari dagozkan gauzak baizik. Asieran esan badezu Ni bekataria erdiraño, edo itz oetaraño: Nere kulpaz, nere kulpaz, nere kulpa txit andiaz, gañerakoa noiz esango dezu? Absoluzioaren aurretik.

        Akusatzen asi baño len esan, edo egin bear dezuna aditu degu: esazu oraiñ nola akusatuko zeran? Umilki, egiaz, eta osotoro aitortzen ditudala nere utsegite, ta bekatuak. Aditu det, akusatzeko denboran, kontuz utzi bear dirala konfesioko Sakramentuari ongi ez dagozkan itzak. Zeñ dira oek? Lenbizia, itz, eta ipui alferrak. Bigarrena, itz loiak. Irugarrena, besteren izen ona, edo fama gutxitzen, edo beztutzen duenak. Zer itz dira, alferren izena eman diezun oriek? Itz alferrak dira esatea: Akusatzen naiz nere Jaungoikoa bear bezala ez amatuaz; akusatzen naiz eriotzako orduan etsaiak akusatuko nauan guziaz. Alferrak dira bekatua esateko nastutzen diran ipui, edo kontuak, baldin luzagarri oek gabe adirazi baditeke egindako utsegitea. Zer itz dira loien edo zikiñen izena eman diezunak? ltz loi, edo zikiñak dira aragien izenak, eta beragatik seigarren Mandamentuaren kontrako bekatuak aitortu bear dira al dan onestidade guziarekin, bekatua ezagutzeko diña baizik esaten ez dala. Zer itz dira besteren izen ona, edo fama gutxitzen edo beztutzen duenak? Onelakoak izan ditezke, baldin bekatariak akusatzen danean, izendatzen badu bekatuan lagun izanduana, edo senarrak emaztearen, eta emazteak senarraren bekatuak kontatzen baditu. Orra lenbiziko Komunioaren liburuak konfesatzeko moduaren gañean erakusten diguna».

        Konfesatzeko modu onari dagozkan gauzak, egun oro esango balira ere, ez lirake bear adiñatan esango: orregatik oen gañean izango da gaurko Erakusaldia. Aurrena aditzera emango ditut, liburuak gai onetan ukitzen dituan gauzak zerbait ugariago. Urrena aditzera emango det, konfesioa bukatuta, komuniorako zer egin gentzakean, era danean. Entzun, Kristaua, arretaz.

 

 

§ I.

 

        Konfesio on bat egiteko prestatu zera, Kristaua, alik ongiena? Konfesatzera zoazenean bada, jarri zaite belauniko, eta umiltasun andiarekin. Ala jarri zan Santa Maria Magdalena Jesusen oñetan. Ala agertu zan Fabiola, Obispo, Apaiz, eta Elizan zeuden Kristau guzien aurrean bere bekatuen penitenzia eskatzera, Erromako andreen artean goimallakoa bazan ere. Gizonak ez due konfesatzera joan bear ezpatarekin: ez eta emakumeak ere soñeko arro, eta geiegiakin. Ez dirudi ongi enaskeriak, ez eta arrotasunak ere, eta are gutxiago goiak ez estaltzeak. Orregatik Inozenzio, eta Klemente amaikagarrenak agindu zuen, ez dakiela konfesio, eta Komuniorako lekurik eman bularrak, eta sorbalda estali gabe datozenai, eta estalkiak izan ditezela, ez lasaiak sarea bezala, baizik tapituak. D.ª Santxa Karrillo joan zan konfesatzera Juan de Avila beneragarriarekin, baña alako arrotasunarekin apaindua, non esan zion konfesoreak infernu-usaia dakar berorrek. Itz oek arpoi baten gisa igaro zuen D.ª Santxaren biotza: biurtu zan etxera; utzi zituan janziaren erokeriak, eta izan zan modestia, onestidade, eta birtutearen ispillua. Ez da ibilli bear besteri txanda kendu naiez, baña zarrai, eta eri daudenai leku egitea ongi dirudian gauza da. Gerta diteke ustekabean zuk aditzea konfesatzen dagoanaren bekatua: eta orduan bekatu larri, edo mortalaren azpian beartua zaude isilik idukitzera aditu dezun bekatua, konfesore batek iduki bear duan eran. Ez dezu jarri bear besteren bekatuak aditzeko moduan, bestek txanda atxitu degizun beldurrez; bestela erraz gerta liteke salokeria au bekatu larri izatea. Akusatzen asitzeko esan oi da: Ni bekataria. Batzuek esaten due guzia, eta ondo egiten due, zeren au izan dan Españako oitura, eta esan diteke len konfesatzen dagoana altxatu baño lentxeago. Beste batzuek esaten due asieran Ni bekataria erdiraño, edo itz oetaraño: Argatik erregutzen diot: eta gañerakoa konfesioa bukatuta absoluzioaren denboran, diola gisa onetan. Argatik erregutzen diot Santa Maria beti Birjinari, S. Migel Aingeruari, S. Juan Bautistari, S. Pedro, eta S. Paulo Apostoluai, Santu guziai, eta Zuri nere Aita, erregu degiozuen nigatik gure Jaun, eta Jaungoikoari. Amen. Au ere modu ona eta S. Karlos Borromeok erakusten diguna da. Beste batzuek, eta bear bada geienak Ni bekatariaren lekuan esaten due Akto kontriziozkoa. Modu au ere ona da. Bat zuek asi oi omen dira Konfesoreari egun onak ematen: zer dio, ongitxo dago? Ez da ongi au, zeren konfesioko denboran nastu bear ez dan konfesioari ez dagokan gauzarik. Beste batzuek konfesioa asitzeko esaten omen due: Ave Maria purissima: gauz ona da au; baña era berean ona izango lizake Letaniak esatea. Ongiena da Elizak erakusten duan moduari ea erantsitzea ezer, bestela batak izango du jaiera bat, besteak beste bat, batak esango du Ave Maria, besteat bizi bedi Jesus, besteak beste gauzarik.

        Esanda akusatzeko denboraraño egin bear dana. Asitzen zera zure utsegite, edo bekatuak aitortzen. Esan bear dituzu umilki, egiaz, eta osotoro; itzegiten da emen bekatu larri, edo mortalen gañean; zeren benialak esan gabe utzi ditezkeanak dira. Utzi bear dira itz, eta ipui alferrak: itz loiak, eta besteren izen ona, edo fama gutxitzen, edo beztutzen duenak. Itz alferrak. Badator urlia, eta dio: Akusatzen naiz nere Jaungoikoa bear bezala ez amatuaz. Alperra da au esatea, dio S. Franzisko Salesek, zeren Konfesoreak itz oekin igerriko ez du, zer bekatu egin duan onela akusatzen danak, eta Zeruko Santurik andienak esan dezake beste onenbeste. Badator sandia, eta dio: akusatzen naiz eriotzako orduan deabruak akusatuko nauan guziaz. Alferra da au esatea, zeren itz oekin agertzen ez dan egindako bekaturik batere. Badator berendia: onek egin dio birau bat suiari, eta itz bian esan dezake bekatu au; asko du alabaña esatea, zer birau bota dion, biotzetik, edo bestela bota dion, eta iñork aditu duan, edo ez; baña au onela egin bearrean, nastutzen ditu milla kontu era onetan: Jauna, irten zan gure Pepe goizean mendira: egin nituan taloak, eta baratzuri zopak, eta etzan agiri: Emakumea, zeñ da gure Pepe? nere suia, zori gaiztoan neretzat agertu zana. Emakumea utzi itzatzu naspilia oriek, eta esazu gerta zatzun bekatua. Bai, Jauna, bere-bereala. Juan zan bada mendira: egin nituan taloak, eta baratzuri zopak eta denbora luzean egon giñan ari itxedoten. Emakumea esazu egin dezun bekatua, alferrik denbora igaro gabe. Bai, Jauna, bereala bukatuko det guzia. Etorri zan noizbait, esan nion, nola egon giñan itxedotez gogaituak. Au asko izan zan ekiteko neroni isekaz, eta edozeñ gauza esaten. Orduan bota nion birau bat, esaten niola: Niri ematen zizkidan naigabeak ekusiko al zituala bere gañean. Orra zenbat itz alfer esan oi diran itz gutxian aditzera eman litekean bekatua aitortzeko. Akusatzeko denboran utzi bear diran beste itzak dira loiak, edo aragizko izenak. Badira batzuek añ enasak, eta basatiak eren, izketan, non eztakien bekatua adiratzen aragien izen lotsagarriakin baizik. Seigarren Mandamentuaren kontrako bekatuak konfesatu bear dira aldan onestidade guziarekin. Atzenean utzi bear dira, besteren izen ona, edo fama gutxitzen, edo beztutzen duen, itzak. Batzuek agertzen ditue bekatuan lagun izan dituenak; besteak esaten ditue emaztearen edo senarraren bekatuak premia gabe; eta gaizki dan gauza da au. Bakoitzak esan bitza bere bekatuak eta utzi begie besterenai. Dakuskun oraiñ, zer egin gentzakean konfesioa bukatuta ondoren, era danean.

 

 

§ II.

 

        Batzuetan gertatzen da, konfesatuta ondoren era izatea, Jaunak egin dion mesedearen eskerrak emateko, eta komuniorako biotza ederki prestatzeko. Orduan zer egin, erakusten du lenbiziko komunioaren liburuak, eta ara nola au egin dezakezun.

        Konfesioaren ondoren jarri zaite leku egokiren batean; eta eman giozkatzu Jaunari eskerrak «Nere Jaun Jaungoikoa, esan degiokezu: nere Aita guziz maitagarria: zure seme Jesusek utzi zuan konfesioko Sakramentua, gure animak sendatzeko. Sakramentu au ongi artzen duanari barkatzen diozkatzu bekatuak Jesusen eriotza, eta merezimentuak bitarteko dirala: eta uste det, au bera egin dezula nerekin ere, Apaizak barkazioa, edo absoluzioa eman didanean. O ontasun, eta urrikimentu paregabea! milla esker Jauna mesede berri onegatik.

        Ez naiz, Jauna, eskerrak ematearekin kontentatzen. Berritu nai ditut, bataioko egunean eman nizkitzun itzak. Gaurdanik utzi nai det, eta uzten det Satanas betiko; eta Satanasekin batean uzten ditut beraren lagun, eta langilleak, edo mundu galdua, eta aragiaren, edo nere gura txarren naikunzak. Au da Zeruaren, eta gizonen aurrean eman nizun itza; eta au bera ematen dizut gaur ere betiko. Abrenuntio. Gaurdanik betiko utzi nai ditut, eta uzten ditut Satanasen obrak, edo bekatua, ta bekaturako bideak. Zoazte nigandik urrutira adiskidetasun gaiztoak, etxe anima galgarriak, eta lagun dongeen bilkui, edo batzarreak. Au da bataioko egunean eman nizun bigarren itza; eta au bera ematen dizut gaur ere: Abrenuntio. Gaurdanik betiko utzi nai ditut, eta uzten ditut Satanasen arrotasun, eta zorakeriak, dala janzian, janean, edanean, eta beste gauzetan, dala atsegin, eta jolasetan. Au da bataioko egunean nik eman nizun irugarren itza: eta au bera ematen dizut berriro benaz, eta biotz guzitik. Abrenuntio. Lagun zaikizkit arren, eta indazu zure lagunza ugaria, agindu dizudana leialki egiteko.

        Eta oraiñ, nere anima, nor ote da gaur zugana etortzeko dagoana? Gauz arrigarria! Errege guzien Erregea, Aita Santu guzien Aita Santua, Trinidadeko bigarren persona gugatik gizon egin zana, eta gugatik gurutzean bizitza eman zuana bera. Au guzia gutxi bazan bezala, guri ongi naiez jarri nai izan zuan Aldareko Sakramentuan, eta jartzen da konsagrazioko itzak Apaizak esaten dituanean: ta gaur Sakramentu miragarri orretan zure biotzera etorri nai du. Nere anima, nondik zuri onenbeste mesede, eta ondasun? Arrritzen, eta izutzen naiz, nere Jesus ona, zu nere biotzera etortzeko zaudela gogoratzean; ez da alabaña nere biotz eskergabe au, zure diñako tokia; baña izutzen ere naiz denbora berean, zure itz oek aditzean: Ezpadezue gizonaren semearen gorputza jaten, eta odola edaten, ez dezue iritsiko betiko bizitza doatsua. Zer egin aldezaket bada onenbeste beldurren artean, nere Jesus ona? Aitortzen det, ez naizala ni, zu nere biotzera etortzeko diña. Eta zuk alaere nere biotzera etorri nai. Egin bedi, nere animaren jabe maitagarria, egin bedi zuk nai dezuna; baña egizu zuk lenago, Erregeak, etxeren batera dijoazenean, egiñ oi duena. Aurretik bidaltzen ditue oek, etxea apaintzeko bear diran, gauzak: bidaldu itzatzu bada zuk ere, Errrege guzien Erregea, nere animako etxe arlote onetara, zu ongi artzeko bear diran, apaindurak, edo Zeruko grazia, doai, eta birtuteak. Esazu itz bat, eta egiña geratuko da guzia. Atoz nere salbatzallea egin zaite nere animaren jabe. Atoz, Jaungoikoaren bildots bekatuak kentzen dituzuna, senda ezazu nere anima bekatuen zauriz betea. Atoz Zeruko su animen berotzallea: zure amoriozko garrarekin aiena itzatzu nigandik bekatuaren kutsuak, eta onerako epeldasunak».

        Orra, nere Kristaua, konfesatuta ondoren zer egin genzakean, era bada, Komuniorako. Ala egiten due askok lenbiziko komunioaren liburutik. Baña zenbat izango dira, komunio aurreko denbora alferrik galtzen duenak? Zenbat..., baña asko da. Bukatu ditut, nere Kristaua, konfesioko Sakramentuari dagozkan, Erakusaldiak. Ekusi dezu, nolako onginai, ta amorioarekin ipiñi zuan Jesusek Sakramentu au, gure animak sendatzeko. Ekusi dezu, zer ondasunak, eta zeñ andiak dakartzian Sakramentu onek. Ekusi dezu, zer dan gure aldetik eskatzen duan guzia, eta nola au edereki egin dezakegun. Zer aitzakia izan dezakegu Jaunaren aurrean, ezpadegu alaere egiten konfesio onak eskatzen duana? Zer esango degu kontuetako egunean, Sakramentu au ongi, ta sarritan artu gabez galtzen bagera? Oraiñ denbora degunean; balia gaitezen sendagai onez, eta berak emango dizkigun Zeruko indarrakin bizi gaitezen Jesusen lege Santa gordetzen degula, onela iristeko betiko Zerua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa