www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amalaugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldian ekusi genduan, zer bear dan, komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro, edo ugari artzeko. Oraiñ lenbiziko komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Zer egin bear da komunioko denboran, eta ondoren? Erantzuten du: lenengo gauza da umiltasun andi batekin, eta belauniko jartzea, ez Aldareaurreko lenengo mallan, baizik komunioko lekuan, eta gizonezkoak jarri bear due alde batean, emakumezkoak bestean».

        Aldareaurreko lenengo malla Eliz-gizonentzat da, eta urrutixeago izan oi da komunioko lekua. Ezta ongi gizonak emakumeen artean jartzea. Orregatik S. Karlos Borromeok nai zukean komuniorako bi Aldare izatea, bata gizonentzat, bestea emakumeentzat, eta ezin bazan au, nai zuan gizonezkoai ematea ordu, edo denbora batean, eta emakumeai bestean. Onetan aditzera ematen zaku, nolako modestia, eta onestidadea eskatzen duan Jaunaren maiak.

        «Bigarrena; komunioko denboran egon bear da zuzen, baña begiak beronz makurtzen dirala».

        Ala aditzera ematen digu Elizak. Batzuek geiegi makurtzen due burua, edo manteliña, eta erraz gerta diteke Apaizari eskuetatik erortzea ostia; beste batzuek begiak darabiltzkie batera, eta bestera, eta gaizki dirudian gauza da au.

        «Irugarrena, artu bear da eskuetan komunioko zapia».

        Ala erakusten digu Rituala deritzan Elizako liburuak: ta au da Sakramentuaren puskarik lurrera erori ez dedin. Beiñ baño geiagotan ekusi da, zapiaren lekuan estolaren, edo kasullaren beko erza eskuetan artzea, baña ez da au Elizak nai duana. Anziñako denboran komunioko maiean jartzen ziranak beren eskuetan artzen zuen Sakramentua, emakumeak zapi zuri batean, eta gizonak esku garbietan. Batzuetan an bertan komulgatzen ziran, besteetan etxera eraman, eta gordetzen zuen, premia andietarako. Ala egiten zuen eremuetan bizi ziranak, eta bide luzeren bat igaro, edo itsasoan joan bear zuenak. Baña Prisziliano zeritzan hereje baten jarraikiñak asi ziran Españan gauza itsusietarako Sakramentuaz baliatzen, eta Zaragozako Konzilio batek, eta Toledoko laugarrenak kendu zuen era onetan Sakramentua etxeetara eramatea, eta denboraz gauzak jarri ziran oraiñ dauden eran.

        «Laugarrena, poliki idikitzen, edo zabaltzen da aua, eta azpiko ezpañaren gañean ipinzen da mihia». Ezta geiegi zabaldu bear aua, ez eta geiegi luzatu ere mihia; asko da poliki ipintzea ezpañaren gañean.

        «Bostgarrena, zerbait ezatu dedin, iduki bear da ostia Santua denbora gutxi batean mihi gañean, eta, gero irintsi bear da fede bizi, eta beldur Santu batekin». Esan det denbora gutxi batean, zeren denbora luzean idukiko baliz, gerta liteke Sakramentua auan osotoro desegitea, Sakramenturik barrena ez igarotzea, eta beraren ondasunak galtzea. Baña zenbat denboran iduki bear ostia Santua mihiaren gañean? S. Karlos Borromeok dio, asko dala onela idukitzea Aita gure, eta Abe Maria bat esateko denboran.

        «Seigarrena, au-sapaiari itsasten bazaio ostia, artuko det mihiaren puntarekin, eta irintsiko det: eta ala bear bada, artuko det ur piska bat». Au bera egin diteke Sakramentuaren kutsuak irintsitzeko. Rituala izendatzen dan Elizako liburuak dio presta dedilla onzi bat, edo geiago ardo, ta urarekin, komulgatzen diranai emateko; baña aspaldiko denboretan ez da egiten au. Asko tokitan, Apaizak beatzak garbituta geratzen dan uura, ematen zate komulgatzen diranai; batzuek artzen due, besteak ez, zeren artzeko aginterik ipiñi ez duan Elizak.

        «Zazpigarrena, joango naiz leku egoki batera Jaunarekin biotzez biotz, ordu laurden batean bederik, itz egitera». Ala erakusten digu Aita Santu Benedikto Amairugarrenak.

        «Zortzigarrena, denbora onetan emango diozkat eskerrak, eta egingo diozkat nere erregu umillak, eta gero ere sarritan oroituko naiz, egin didan, mesede andiaz».

        «Bederatzigarrena, ordu laurden batean bederik ez det txisturik botako; baña oarkabean botatze ez da bekatu: eta eztulak ematen badu estutasunen bat, artu diteke istua musu-zapian». S. Karlos Borromeok nai zuan, ordu-erdi batean txisturik ez botatzea, baña Aita Santu Benedikto Amairugarrena kontetatzen da ordu laurden batekin. Eta diot berriz, eta berriz, ustekabean txistua botatzea ez da bekatu; eta estutasunean bota diteke musuetako zapira, Anziñako denboran eguerdiraño etzuan ezer artzen komulgatzen zanak: oraiñ ez da onenbesteraño gauza estutzen. Alaere ongi lizake ordu laurden batean bederik janari, eta edaririk ez artzea. Ala erakusten digu Benedikto Amairugarrenak.

        «Eta nola emango diozkatzu Jaunari komunio ondoko eskerrak? Aldedan ongiena, eta irakurtzen dakiana, balia diteke lenbiziko komunioaren liburuak dakarranaz». Orra zeñ berri onak ematen dizkigun liburu onek.

        Gaur, laburtxo bederik, itzegin nai dizut, Kristaua, komunio ondoko eskerrak ematearen gañean. Aurrena eskusiko degu, zeñ gauza bearra, eta ondasunduna dan Jaunari komunioaren ondoren eskerrak ematea. Urrena, nola au egin dezakegun ongi; eta emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Mesede, edo ontarteak artzen dituenak zor diozka bere ongilleari ezaguera ona; eta eskerrak, eta prest egon bearra da artzalle bera, alik ongiena ongilleari eranzuteko, ala itzez, noa obraz. Au da egia bat fedegabeak berak ere ezagutzen duena. Eta au onela izanik, nork eztakus, zeñ gauza bearra dan guk gure Jaun, eta ongille ezin andiagoari eskerrak ematea, egin dizkigun, mesedeak gatik? Eta are geiago, zeren, komunioko Sakramentuan gugana etortzean, egiten duan mesede bat, fedeak ez erakustera, ezin sinistu litekeana.

        Gai onetan sarritan aditzera eman du Jaunak, zeñ gauz itsusia dan, egin dituan mesedeaz aztutzea, eta zor zaion eran ez eranzutea. Israeltarrak, Ejiptotik irten ondoan, aztu ziran Jaunak egin ziezten mesedeaz, eta Moysesen autik agertu ziezten bere espadasunak: Au da, esan zien, zuek Jaunari zor diozuen ezaguera? Jaun au ez ote da zuen gurasoa? Haeccine reddis Domino, popule stulte, et insipiens? Numquid non ipse est pater tuus? (Deut. 32) Eta Isaiasen autik esaten zien, eta esaten digu guzioi: ezagutzen du idiak bere jabea, eta astoak nagusiaren trisipua; baña Israeltarrak ez naue ni ezagutu nai izan: Cognovit bos possesorem suum, et asinus praesepe Domini sui: Israel autem me non cognovit. (Isai. 1). Zer esango det Jesus onak Juduai esan ziezten itz izugarri oez. Billatuko nazue, eta illko zerate zuen bekatuan: Quaeretis me... et in peccato vestro moriemini. Jesus onak egin ziezten Juduai mesede guziz andiak: aen odoletik artu zuan gizatasuna: aen artean bizitu zan, eta itzez, eta obraz  erakutsi zien Zerurako bidea; sendatu zituan eriak, argitu itsuak, eta piztu illak; baña añ esker gaiztokoak izan ziran, non etzuen ezagutu beren salbatzalletzat, eta atzenean gurutzean kendu zioen bizitza. Eskergabekeri onen ondorena guziok ekusten degu Juduetan: gogortuak, sorrak, eta gorrak iltzen dira eren bekatuan: Et in pecato vestro moriemini. Eta zenbat bider au bera gertatzen da, Sakramentu orretan Jesusek gugandik ekusten duan, eskergabekeria itsusiagatik? Beraz gauza bearra da, nere Kristaua, komunioaren ondoren alik ongiena gure ongille andi oni eskerrak ematea.

        Au guk ongi egitea da gauza ondasunduna, edo ondasun andiak berekin dakartziana. Orregatik Jaun andia gure biotzetan dagoan denbora ari Santa Teresak deitzen dio preziotsua. S. Franzisko Borjak iru egun igarotzen zituan komunio ondoko eskerrak ematen, eta S. Luis Gonzagak ere bai. Santa Margarita Ungriako Erregearen alabaz kontatzen da, komunioko eguna goizetik arratseraño igarotzen zuala eskerrak ematen, ezer ere jan gabe. Jesus ona da gure animen argia, eta gure biotzetan dagoan bitartean argitzen ditu gure adimentuak. Da Zeruko sua, eta berotzen du biotza, Zerurako bidean ongi ibiltzeko. Da gure animen sendatzallea, eta sendatzen ditu animako zauriak. Da betiko bizitza, eta ugaritzen du graziaren bizitza: eta ondasun oek, eta geiago ixurtzen ditu esker umillak ematen diozkanaren biotzean. Galdetzen due Theologoak, noiz ematen dituan Sakramentu orrek komunio-aldi bakoitzari dagozkan ondasunak? Batzuek dioe, ematen dituala artzen dan unean bertan. Besteak dioe, Sakramentua biotzean dagoan denbora guzian, ari dala Jesus bere ondasunak ematen, artzallearen jaiera ugaritzen dan bitartean. Atzenean guziak aitortzen due, komunioaren ondorengo esker umillakin irabazten dirala ondasun asko. Dakuskun oraiñ, nola eman ditezkean komunioaren ondorengo esker oek.

 

 

§ II.

 

        Gure Jesus ona ez dabill itz ederren, baizik biotz onen billa: eta askotan gerta diteke irakurtzen ez dakian batek askoz obeto Jaunari komunio ondoan eskerrak ematea gizon jakiunde andiko batek baño; zeren alduan ongiena egiten diozkan bere agur umillak, esker onak eta bere erreguak aditzera ematen diozkan. Alaere eziñ ukatu diteke, asko laguntzen duela liburu onak. Oraiñ nik esango dizuet lenbiziko komunioko liburuak erakusten duan modua.

        Jauna artu ondoan jartzen zera leku egoki batean, eta zeregan diozu gisa onetan: «Nere anima: artu dezu komunio Santua, Aingeruen ogia, eta Zeruko mana. Esna zaite bada, eta fedearen begiakin begira, Nor dan komunioan etorri zatzuna, norgana eta zertara etorri dan. Nor ote da ogi-pixka baten idurian etorri zatzun au? Au da, zu ezerezetik egin zinduan, Jauna bera, eta egin zinduana bera ezagutzeko, amatzeko, eta betikotasun guzian berarekin batean Zeruan doatsu izateko. Au da, zu Adanen bekatuarekin galdua ekusirik, gizon egin zana, eta gurutzeko eriotzarekin Zerurako grazia, eta deretxa zuretzat irabazi zuana bera. Au, zuri bere grazia, eta lagunzak emateko, Sakramentuak ipiñi zituana, oen artean komunioko Sakramentua. Norgana etorri da? Gauz arrigarria! Izan zu zeran bezeñ eskergabea; eta ezereza; eta alaere zugana etorri da, zuganako ongi nai, eta amorioz beterik! Zertako etorri dala, uste dezu? Etorri da, zure animaren janari, eta edari izateko, eta zuri bere ondasunak, eta bera dan guzia emateko!

        Miretsi zaite zugana era onetan Jaun andia etortzeaz. Nondik nere anima, esan dezakezu; nondik zuri onenbeste ondasun, eta mesede? Arriturik geratu zan Salomon zeren berak egin zuan, Eliz ederrean bizitzera, Jauna etorri zitzaion. Arriturik geratu zan Santa Isabel, zeren ekustera, edo bisitatzera joan zitzaion Jainkoaren Ama. Arritzen da Eliz Ama Santa, zeren Trinidadeko bigarren Persona gizon egin, eta bizitu zan Birjiña txit Santaren sabelean. Nere anima, eta Jaun andi ura bera zugana etorri bada, eta zerekin badaukazu, etzera miretsiko? Jesus ona, zer da gizona, eta zer naiz ni, zu era onetan nizaz oroitzeko?

        Egitzu oraiñ fede, esperanza, eta karidadezko afektoak, eta adora ezazu zugana etorri dan Jaun andia. O Jesus ona, esan dezakezu: nere animaren erosle, edo Redentore maitagarria! Sinisten det, zu egiaz arkitzen zerala Aldareko Sakramentuan, eta Sakramentu onetan nigana etorri zerala. Sinisten det, zu ongi artzen zaituanari ematen diozkatzula Zeruko grazia, eta ongi bizitzeko lagunzak: eta gañera agintzen diozula betiko bizitza. Zugan ipintzen det nere uste guzia, zeren zu zeran Jaungoiko Guzialdun, edo guzia dezakezuna, eta zere itzetan guziz leiala. O Ontasun guziz miragarria! Amatzen zaitut biotz guzitik, eta zure izenean amatzen ditut nere lagun urko guziak, eta oen artean nere etsaiak. Adoratzen zaitut nere Jaungoiko, nere Errege, eta nere Salbatzallea.

        Eman giozkatzu oraiñ eskerrak. Nai nuke nik, nere Jesus ona, egin dizkidatzun ontarte eta mesede guziai, eta oraiñ nigana etortzean egin didazun oni alik ongiena erantzutea; baña aitortzen det, ez naizala gauza, edo gai, onetarako ezezik, milla bider gutxiagorako ere. Geiena nik egin dezakedana da, esker umillak ematea. Milla esker bada, nere ongille andia. Alabatu, eta bedeikatu zaitzeela Zeruan, eta lurrean diran gauza guziak. Bedeika zaitzeela Zeruko eguzkiak, eta izarrak, lurreko loreak, belarrak, eta itsasoko arraiak. Bedeika zaitzeela lurrean bizi diran anima on guziak. Bedeika zaitzeela Zeruko Kerubin jakintsuak, Serafin Jaunaren amorez erazekiak, eta Aingeru doatsu guziak. Bedeika zaitzala zure Ama maitagarri, Aingeru, ta Santu guzien Erregiñak.

        Azkenean egin giozkatzu zure eskari, edo erregu umillak. Zer uste ez dezaket gaur Zugandik, nere Salbatzallea? Etxe batean sartzen badira lurreko Erregeak, ez oi dira andik irteten etxekoai mesederen batzuek egin gabe. Eta izanik Zu Errege guzien Erregea, zer eztu zugandik uste izan bear nere anima beartsu onek? Bera dan guzia eman duanak, zer ukatu al dezake? Indazu bada, nere Jesus ona, emendik aurrera bekatutik aldegiteko, eta grazian irauteko doaia. Indazu nere griña txarrak, batez ere arako geiena nekatzen nauan ura, ezitzeko, eta garaitzeko zure lagunz ugaria. Oroi zaite nere aide ta ongilleaz, bai ta etsaiaz ere, ala biziaz, nola illaz. Gorde ezazu zure Eliza Santa bere etsai guzietatik, baita gure Jaun Erregea ere bere etxeko guziakin.

        Jesusen anima, esan degiokezu; Jesusen anima birtutez bete nazazu. Jesusen biotza, amorez erre nazazu. Jesusen gorputza, salba nazazu. Jesusen odola, Zeruko amorioz zora nazazu.

        Jesusen biotzeko uura, garbi nazazu. Jesusen izerdia, graziaren bizitzaz bete nazazu. Jesusen Pasioa, indartsu egin nazazu. O Jesus ona, adi nazazu. Zure llagen artean gorde nazazu. Zugandik aldegiten ez arren utzi. Etsai galgarriagandik gorde nazazu. Zeregana eraman nazazu. Zere aldean ipiñi nazazu, zure Santu, eta Aingeruakin alaba zaitzadan sekula guzian. Amen».

        Orra, nere Kristaua, nola eman ditezkean Komunioaren ondorengo eskerrak. Eta zer? Aditurik au guzia, ez ote gera oituko, gure Jesus onari komunio ondoan esker umillak ematera? Onetarako asmo sendo bat sortu dedin gure biotzetan, jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko, eta gogora ekarri ditzakun, gaur ukitu diran gauzak. (Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakuslea ere bai).

 

1

        Begira, Kristaua, lenengo lekuan, mesedeak artzen dituana beartua dagoala bere ongilleari esker onakin bederik erantzutera. Aitortzen due egia au fedegabeak ere, eta erakusten digue zentzugabeko abereak berak. Eta edozeñ ongilleri esker onak zor bazaizka, zer zorko ez diogu Jesus onari, gure biotzetara etortzean egin digun mesedeagatik? Zer, gure onerako egin dituan, gañerako gauza miragarriak gatik? Baña nola eranzun ote diogu gure eginbide oni? Guziz gaizki. Zenbat, komunio ondoan egoten dira, nor etorri zaten, eta norekin dauden begiratu gabe? Zenbat, Jesusi agur edo ongi etorri bat ere egiten ez dioenak? Zenbat bereala Elizatik iges egiten duenak? Non da gure sinistea?...

 

2

        Begira urrena, zeñ ondasunduna dan komunioaren ondoren Jesus onari esker umillak ematea. Denbora artan arkitzen da Jesus gure biotzetan, guri emateko bere ondasunak, eta bear degun guzia; baña nai du, egin dizkigun mesedeen eskerrak ematea, eta gure premiak agertzea. Eta zer da guk oraindaño egin deguna?... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Lotsa gaitezen, Kristaua, Jesus onarekin izan geran bezeñ eskergabeak izatez: negar egin dezagun, eskergabekeria onekin ainbeste ondasun galdu ditugulako. Oitu gaitezen alik ongiena Jesus onari agur umillak egitera, eta eskerrak ematera. Izan zaitezte eskerdunak, esaten digu S. Paulok: Grati estote. Onela artuko ditugu Jesusek Sakramentu orretan guretzat dakartzian ondasunak, eta uste izan dezakegu iristea betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa