www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean bigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Asigiñan Konfesioko Sakramentuaren gañean itzegiten, eta lenengo Erakusaldian aditu zenduan, au dala Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan Sakramentuetatik bat. Bekatariaren aldetik da biotzeko damua bizitza ontzeko asmo osoarekin, aozko Konfesioa, eta obrazko satisfakzioa: eta Konfesoriaren aldetik absoluzioa. Aditu zenduan gañera, etziola Jesu-Kristok eman edozeñi bekatuak barkatzeko esku miragarria, baizik Apostoluai, Obispo Jaunai, eta Konfesioak aditzeko oek bidaltzen dituen Apaizai. Oraiñ lenbiziko Komunioko liburuak dio era onetan.

        «Zertako ipiñi zuan Jesu-Kristok Konfesioko Sakramentua? Eranzuten du: bataioa ezkero egindako bekatuak barkatzeko.

        Zer ondasun ote dakartzi barkazio onekin batean? Ondasun andiak, eta asko. Zeñ dira? Lenbizia barkatzen du, bekatuai zegoten betiko pena, eta aldatzen du, emen, edo Purgatorioan denboraz bukatuko dan penan. Bigarrena, biurtzen dio animari, bekatuarekin galdu zuan, graziaren apaindura, eta soñeko ederra, birtute, eta doai askorekin. Irugarrena, berriro egiten du Jaungoikoaren ume, eta adiskide, Jesu-Kristoren senide, Espiritu Santuaren bizileku, edo Eliza, eta Zeruaren jabegai. Laugarrena, ematen ditu, bekatuak aldegiteko, eta: bizitza onean irauteko Zeruko lagunzak. Bostgarrena, ematen du askotan animako pakea, eta sosegu gozo bat. Seigarrena, piztutzen ditu, bekatuarekin illak geratu ziran, obra on, edo Zerurako irabaziak. Konfesatzen diran bekatari guziak artzen ote ditue ondasun oek? Ez Jauna, baizik konfesio ona egiten duanak».

        Ona zer erakusten dizun lenbiziko Komunioko liburuak lenengo partearen bigarren Erakusaldian. Gauz oek ongi ezagutzea txit on asko ekarri dezakean gauza da, oen artean Konfesioko Sakramentua: ongi, ta sarritan artzea. Orregatik gaur aditzera eman nai dizut, Kristaua, lenbizia: zertako ipiñi zuan Jesu-Kristok Konfesioko Sakramentua. Urrena, zer ondasun dakartzian, ongi artzen danean. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Bataioko Sakramentuan artu genduan graziaren janziera ederra guk gorde izatera, etzan beste Sakramenturen bearrik, bekatuen barkaziorako. Ala esaten digu Trentoko Konzilioak. Baña gutxi dira bataioko apaindura galtzen ez duenak, eta Jesu-Kristok, guziaren berri ongi dakienak bezala, ipiñi nai izan zuan Konfesioko Sakramentua, eta ipiñi zuan, bataioa ezkero egindako bekatuak barkatzeko. Ala erakusten digu gure fede Santak. Emendik, ez dezu, Kristaua, ibilli bear zere burua berotzen, esaten dezula: nola niri barkatuko dizkit Jaunak onenbeste bekatu, eta añ itsusiak? Guziak barkatzeko ipiñi zuan Sakramentu au, eta, bear dan prestaerarekin artzen badezu, barkatuko dizkitzu egin dituzunak, diranak dirala. Orregatik, utzirik kezka farragarri oek, arreta andia ipiñi bear degu, gure, bizitza gaiztoaz negar egiteko, eta Kristauari dagokan bezala bizitzeko.

        Bekatuak batzuek dira eriozkoak, edo mortalak, besteak benialak. Bekatu eriozko, edo mortala da esatea, egilea, edo nai izatea zerbait Jaunaren legearen kontra gauza larri, edo pisuan. Bekatu beniala da, esatea, egiltea, edo nai izatea zerbait Jaunaren legearen kontra gauza ariñ, edo txikiren batean; edo da bekatu eriozko, edo mortalean erortzeko prestaera, eta bidea: eta Konfesioko Sakramentuak badu indarra bekatu oek barkatzeko, ala eriozko, edo mortalak, nola benialak.

        Bekatu benialak batzuetan arkitzen dira bekatu eriozko, edo mortalakin batean, eta orduan ez dira bekatu benialak barkatzen, Konfesioko Sakramentuarekin, edo onezko damu, ta kontrizio osoarekin baizik. Beste batzuetan bekatu benialak arkitzen dira berak utsik, edo mortal gabe, zeren Jaunaren grazian dagoala bat erorten dan bekatu benialen batzuetan. Bekatu benial oen barkazioa iritsi diteke bi gisatara. lritsi diteke benik beñ Konfesioko Sakramentuarekin, bear dan damuarekin aitortzen dirala. Iritsi diteke gañera bekatu benialen barkazioa, Konfesioko Sakramentuaz kanpora, Elizak artako ipiñirik dauzkan erregu, eta bendizioakin, eta zerbait gauz onekin. Gauz. oek batzuen iritzian dira geiago, besteen ustean dira gutxiago, eta gure dotrinak dakartzianak dira bederatzi. Oek dira, lenengoa Meza enzutea; bigarrena; komulgatzea, irugarrena konfesio jenerala, laugarrena Obispoaren bendizioa, bostgarrena ur bedeinkatua, seigarrena ogi bedeikatua, zazpigarrena Aitagurea esatea, zortzigarrena Sermoia enzutea, bederatzigarrena Jaunari barkazio eskatuaz bularra jotzea. Bederatzi oez gañera ipintzen ditue batzuek limosna, eta urte oro Aita Santuak bedeikatu oi dituan Agnus, edo bildotsaren argizagizko iduriak. Baña gai onetan engañatu etzaitezen, Kristaua, gogoan arrezazu esatera noana. Lenengo lekuan, ez dira bekatu benialak ere barkatzen, ezpada biotzean sortzen oen damua, edo beintzat damuaren indarra izan dezakean barrengo mugidaren bat. Demagun, Meza enzutean, komulgatzean, ur bedeikatua artzean, esnatzen dala zugan Jaungoikoaganako amorioaren sua, ta alako sasoian jartzen dala zure biotza, non gogorako balitzaizkitzu egin dituzun bekatu benialak, gorrotoz begiratuko zeniekeen. Jaungoikoaganako amorio onek barkatuko dizkitzu zure bekatu benialak, edo guziak, edo gorrotoz begiratuko zeniekeen aek. Demagun gañera, ni bekataria esatean, edo sermoia enzutean alako eran damutzen zatzula Jaunaren kontra egin dituzun bekatuaz non gorrotoz begiratu zeniekeen bekatu benialai ere, oez oroitu ezkero. Au asko lizake bekatu benialen barkazioa iristeko, baña ez nola nai, baizik zure biotzeko sasoiaren neurrian. Bigarrena, dotrinak dakartzian bederatzi gauzak berenez ez due indarrik bekatu benialak barkatzeko, baña egokiak dira Jaungoikoaganako amorioa, edo bekatuen damua sortzen laguntzeko; eta emendik ipiñi dira, bekatu benialak barkatzen dituen, gauzen artean. Irugarrena, oitu zaite, Kristaua, fede bizi, eta jaiera andiarekin gauz oek egitera. Atzenean, oitura txit ederra da fede, esperantza, karidade, eta onezko damua sarritan sortzea, alegiñean zabaltzen dala damua bekatu guzietara. Baña biur gaitezen Konfesioko Sakramentura, eta ekusi dezagun, zer ondasunak dakartzian, bekatuen barkazioarekin batean.

 

 

§ II.

 

        Esan det, Konfesioko Sakramentuak baduala indarra bekatuak barkatzeko, ala eriozko, edo mortalak, nola benialak. Baña ez du beñere uzten anima barkazio utsarekin edo soilldua bezala baizik barkazio onekin batean ematen diozka ondasun andiak. Ondasun oen artean bata da barkatzea bekatuai zegoten, betiko pena, aldatzen duala, geienean beintzat, emen, edo purgatorioan denboraz bukatuko dan penan. Bekatu eriozko, edo mortalak  Jaunari egiten dion, bidegabekeria neurririk ez duana da, eta dagoka betiko pena; au da, betiraunde guzirako geratzea bekataria Zerutik erbestetua, eta betiko su, eta garren artean. Pena au barkatzen dio Jaunak bekatariari, ongi konfesatzen dan unean bertan; baña geienean betiko pena onen ordez bidaltzen diozka, edo siñalatzen zenbait neke, eta gurutze, ez betikoak, baizik bukatuko diranak edo emen, edo Purgatorioan. Adani barkatu zion Jaunak sagar debekatua jatean egin zuan bekatua, beragana biurtu zan unean. Barkatu zion gañera betiko pena, baña onen lekuan prestatu ziozkan bederatzieun urteko neke andiak. Barkatu ziozkan Dabidi ere bere bekatuak, eta oen betiko pena, baña geratu zitzaizkan neke, eta nai gabe txit samiñak, emen igaro bear izan zituanak. Au onela egin oi du Jaunak geienean bekatariarekin. Alaere gerta liteke, bekatari bat biurtzea Jaunagana biotz añ prestu, ta damu añ biziarekin, non iritsi lezakean bekatuen, eta oei dagoten penaren barkazio osoa ere. Ala uste degu, iritsi zuela Magdalena batek, eta beste zenbait bekatarik.

        Konfesioko Sakramentuak dakarren bigarren ondasuna da animari biurtzea, bekatuarekin galdu zuan, graziaren apaindura, eta soñeko ederra, birtute, eta doai askorekin. Bekatariak bekatu eriozko, edo mortalari leku eman zionean, galdu zuan graziaren doai miragarria: galdu zituan karidadearen birtutea, eta Espiritu Santuaren doaiak, eta geratu zan esan al baño itsusiago, eta nazkagarriago egiña Jaunaren begietan. Baña Konfesioko Sakramentua artzen badu ongi, edo prestaera onarekin, orduan Aita Zerukoak, Abanjelioko seme ondatzalleari bezala ematen dio pakezko musua, eta biurtzen dio galdu zuan graziaren janziera ederra: stolam primam: eta graziarekin batean karidadearen eraztuna, eta Espiritu Santuaren doaiak. Añ ederra uzten du graziaren apaindura onek bekatariaren anima, non eziñ bear bezala aditzera eman dezakean gizonaren mingañak. Asko da jakitea agertu ziola Jaunak Santa Katalina Senakoari grazian zegoan anima baten edertasuna, eta geratu zala Santa arriturik, eta zer esan etziakian eran.

        Konfesioko Sakramentuak dakarren irugarren ondasuna da berriro egitea bekataria Jaungoikoaren ume edo seme, ta adiskide: Jesu-Kristoren senide, Espiritu Santuaren bizileku edo Eliza, eta Zeruaren jabegai. Bai nere Kristaua: Konfesioko Sakramentua ongi artu dezunean, graziaren soñeko ederrarekin egin zaitu bere seme; ez zeren gizona izatez, edo naturalezaz izan ditekean Jaungoikoaren seme, baizik zeren aintzakotzat artzen zaituan. Ekusi ezazue, norañoko onginai, ta amorioa guganonz agertu duan Jaunak, esaten digu S. Juanek: Videte qualem charitatem dedit nobis: bada eman digu bere semeen izena ezezik, izatea ere bai: Ut filii Dei nominemur, et simus. Egiten du gañera bekataria Jaungoikoaren adiskide, au aditzera eman zuan Jesu-Kristok, esan zienean Apostoluai: emendik aurrera ez dizuet esango: nere serbitzariak, baizik Nere adiskideak. Egiten ere du Jesu-Kristoren senide; Aita baten umeak alabaña senideak dira, eta Jesu-Kristo da gure aita Zerukoaren-Semea, ez nola nai, baizik, bere izatez, edo naturalezaz eta bera gatik ditu Aitaren edertasun, eta perfekzio guziak. Orregatik egiaz esan dezakegu S. Paulorekin Jesu-Kristo dala gure senide nagusia. Egiten ere du bekatariaren biotza Espiritu Santuaren bizileku edo Eliza. Au zuk ongi aditzeko, demagun, Eliz oni erortzen zaizkala tellatuak, zarrakatzen pareteak eta len Trinidade guziz Santa adoratzen, eta alabatzen zan tokia betetzen dala arriz, eta ondakiñez. Laster beteko da larrez, osiñez eta biurtuko da surangillen, zuge, ta piztien bizileku. Demagun gañera, garbitzen duela era onetan geratu zan Eliza: berritzen ditue pareteak eta tellatuak: zuritzen, eta ederki apaintzen due. Asitzen dira Jaunaren alabantzak kantatzen, Mezak esaten, eta ipintzen due Aldareko Sakramentua bere lekuan. Orduan len surangillen, suge, ta piztien bizileku zan tokia biurtzen da Espiritu Santuaren bizileku, edo Eliza. Eta orra, Kristaua, Konfesioko Sakramentuak zurekin egiten duana, ongi artzen badezu. Bataioko Sakramentuarekin egin zinduan Jaunak Espiritu Santuaren Jauregi, edo Eliza. Erori ziñan bekatuan, eta zure biotza egin zan anziñako suge, edo dragoiaren lize; baña Konfesioko Sakramentuarekin garbitu, zuritu, apaindu, eta geratu da berriro Espiritu Santuaren jauregi, edo Eliza egiña. Eztakizue, dio San Paulok; eztakizue, zuen gorputz oriek dirala Espiritu Santuaren bizileku, edo Eliza? An nescitis, quoniam membra vesira templum sunt Spiritus Sancti? Au dio San Paulok, eta edozeñ bekatari arriturik utzi bear lukeen gauzak gogora datoz emendik. Esan gidazu bekataria: izango ote zenduke ausardia Aldareko Sakramentua egoten dan onzia esku zikiñakin erabiltzeko, edo loiez zikintzeko? Ez det sinisten. Eta orrelako gauzarik gertatu-balitzatzu, etzenduke orain negar egingo? Ongi. Eta nola, eta zenbat bider izan dezu ausardia Espiritu Santuaren bizileku, edo Eliza zan gorputz ari esku zikinakin erabiltzeko, dala zere bakarrean, dala besterekin? Atzenean, Konfesioko Sakramentuak egiten du bekataria Zeruaren jabegai, edo heredero; egiten du alabaña, len esan dan eran, Jaungoikoaren Seme, eta Semea da Aitaren ondasunen jabegai. Orregatik dio S. Paulok: Serneak bagera: Si filii, beraz gera jabe gaiak: Et haeredes.

        Konfesioko Sakramentuak dakarren laugarren ondasuna da bekatariari ematea bekatutik, aldegiteko, eta bizitza onean irauteko Zeruko lagunzak. Abanjeilioko seme ondatzalleari Aita Zerukoak eman ziozkan, leneko janzia, ta eraztuna ezezik oñetako ederrak ere bai, zegokan eran ibiltzeko. Oñetako aek aditzera ematen ditue bekatutik aldegiteko, eta bizitza onari jarraitzeko bear dituan lagunzak; oek gabe alabaña ez da gai pensamentu on bat, edo Jesus bear bezala esateko ere, S. Paulok esaten digun bezala: Nemo potest dicere: Doaminus Jesus nisi in Spiritu Sancto. Orregatik ez da zer miretsi, Kristau asko bekatuan berriz eta berriz erortzen badira, zeren Sakramentu au edo gaizki, edo berandutik berandurartzen duen, galtzen dituela Zeruko indar, eta laguntza asko.

        Konfesioko Sakramentuak askotan dakarren bostgarren ondasuna da animako pake, eta sosegu gozo bat, Trentoko Konzilioak esaten digun bezala Espiritu Santuaren frutuen artean bigarrena da Pakea, eta zazpigarrena espirituko gozoa, edo atsegin garbi bat, munduak ezagutzen ez duana: Gizonaren biotza beti dago bere gura, eta griña txarrakin asaldatua: ekiten dioe oen bagak, beñ alde batetik, gero bestetik, eta oek ukatuaz, eziaz, edo ilduratuaz datorkio animari barrengo pake gozo bat, eta onetarako laguntzen dio Konfesioko Sakramentuak. Zenbat eta obeto ezitzen dituan animak bere gura, eta griñak, anbat andiagoa da beregan daukan pakea, eta gogoz, eta gustoz ari da obra onak egiten. Emendik ugaritzen zaio Zeruko ondasunen ustea, eta zabaltzen zaio biotzean gozo, eta atsegin bat muduko atsegin guziak garaitzen dituana. Atsegin oen berririk ez du bere gura txarren ondoren. bizi danak; baña noizbait biurtzen bada Jaunagana, konfesio onaren bidez, bear bada añ andia da orduan beregan daukan poza, non gorotzari bezala begiratzen dien munduan progatu, edo dastatu dituan, atsegin guziai.

        Azkenean Konfesioko Sakramentuak dakarren seigarren ondasuna da, bekatuarekin illak geratu ziran obra on, edo Zerurako irabaziak piztutzea. Bekatu eriozko, edo mortala da animarentzat puzoi añ indartsua, non batetan iltzen, eta galtzen dituan orduraño egindako obra on guziak. Ala aditzera ematen digu Ezekiel Profetak:Omnes justitiae ejus, quas fecerat, non recordabuntur; baña Konfesioko Sakramentuak piztutzen ditu, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala.

        Ekusten dezu, Kristaua, zer ondasunak dakartzian Konfesioko Sakramentuak, ongi artzen danean? Baña zeñ gauza negargarria geienakin gertatzen dana! Gutxi dira ondasun oek artzeko azkartzen diranak! Asko dira Konfesio gaiztoak egiten dituenak. Asko dira berandutik berandura, eta bortxaz bezala Sakramentu au artzen duenak. Asko dira atzenean prestaera gutxirekin konfesatzen diranak. Onela galtzen ditugu Sakramentu onetatik atera gintzakean ondasunak.

        Nere Kristaua, noiz bait, noiz bait begira degiogun gure animen onari. Denbora egokian esna gaitezen gure bizimodua zuzentzeko. Egin dezagun alegiña Konfesioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko, eta oekin batean iristeko beti iraungo duan Zeruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa