www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA AMALAUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Oleazio edo Estremaunzioko Sakramentuaren gañean bakarra.

 

ALABATUA &.

 

        Betaz, eta luzaro itz egin dizut, Kristaua, lenengo lau Sakramentuen gañean. Igaro gaitezen bostgarren Sakramentuaren gañean itz egitera. Sakramentu au da Oleazioa, edo Azken-Oleadura, eta erdaraz deitzen zaio Estremaunzioa. Aurrena emango dizkitzut Sakramentu oni dagozkan berriak. Urrena begiratuko degu, nolako ontasun, eta amorioa agertu digun Jaunak Sakramentu au ipintzean. Enzun arretaz.

 

 

§ I.

 

        Oleazioaren izenez aditzen da Apaizak olioz ganzutzea gaixo dagoana, bear diran itzakin: eta da Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan, Sakramentuetatik bat, eta besterik esatea debekatua dago exkomiku nagusiarekin. Santiago Apostoluak ederki, aditzera eman zigun Sakramentu au itz oekin. Eri, edo gaixo arkitzen da zuetatik norbait? Infirmatur quis in vobis? Deitu bitza Elizako Apaizak, eta erregutu bezee oek eriaren alde, Jaunaren izenean ganzutzen duela olioz; eta Apaizen erreguak sendatu, eta alaituko du eria: eta bekatuan badago, barkatuko dio Jaunak. Deitzen zaio Azken-Oleadura, zeren, Kristauari egiten zaizkan, oleadura guzien artean azkenekoa dan, eta gañera, zeren bizitzaren azken-aldean ematen zaion. Elizak aurrena ganzutzen du Kristaua bataioan olioz, eta balsamoz: urrena Konfirmazioan krismarekin, eta atzenean gaixotzen danean olio utsarekin.

        Oleazioa deritzan Sakramentua egiteko gaia da olioa, Santiago Apostoluak dionez: Ungentes eum oleo. Olio-mota asko dira, nola diran olibarena, intxaur, liazi, ta beste gauz askorena. Santiagok etzuan esan, zer olio bear zan Sakramentu au egiteko; alaere ezin eman diteke olibenarekin baizik; zeren aitatzen danean Olioa beste eraskin gabe, olibena bakarrik aditzen dan, eta Elizak ala aditu duan. Zeren gañera Florenziako Konzilioak oliben olioa eskatzen duan Sakramentu onentzat. Olio au urte oro ostegun Santuz bedeikatzen due Obispo Jaunak, eta berria etorri ezkero, ez da zarrarekin oleazioa ematen, baña bai berria etorri baño len, eriren bat jartzen bada iltzeko perillean. Sakramentu au egiteko ganzutu bear da eria, Santiagok dionez: Ungentes eum oleo.

        Baña non, edo gorputzaren zer lekutan ganzutu bear ote da eria? Ez digu au esaten Santiagok. Orregatik ez dira toki guzietan era, edo modu batean ganzutu eriak. Leku batzuetan ganzutzen zuen eria gorputzaren tokirik geienetan; beste batzeutan lepoan, eztarrian, eta sorbaldan; batzuetan buruan, kopetan, bularrean, eta masalletan; besteetan buruan bakarrik; batzuetan gaitza geiena agertzen zan tokian; baña Erromako Elizan zazpi lekutan ganzutu izan dira eriak; begietan, belarrietan, sudurretan, ezpañetan, eskuetan, gilzurriñetan, eta oñetan, esaten dirala, sentidu bakoitza ganzutzean, Elizak arturik dauzkan, itzak. Zazpi leku oek izendatzen ditu Florenziako Konzilioak, eta Rituala deritzan Elizako liburuak ere bai. Ganzutzen dira gorputzaren leku oek olioarekin, gurutzea egiten dala bakoitzean, eta aditzera ematen da, Jesusen gurutzeko eriotzagandik datorkiola Sakramentu oni, duan indarra. Ganzutzen dira begiak, zeren oetatik biotzera sartu oi duan etsaiak bekatuaren puzoia. Ganzutzen dira belarriak, zeren oez baliatzen dan bekataria, itz desonesto, losentxa anima galgarri, eta lagun urkoaren kontrako erausiak aditzeko. Ganzutzen dira ezpañak, zeren oekin egiñ oi diran eziñ konta al bekatu, dala ukituz, dala itzez, dala jan, eta edan geiegiz. Ganzutzen dira eskuak, zeren oez baliatzen dan bekataria ukitze lotsagarriak, eta litxarreriak egiteko. Ganzutzen dira esku zabalak, baña gaixo dagoana Apaiza bada, eskugañak; zeren Apaizaren mallara igo zanean konsagratu zitzaizkan esku-zabalak Jesu-Kristoren gorputza ukitzeko. Ganzutzen ziran len giltzurriñak baña utzi zan au egitea; aurrena emakumeetan onestidadeagatik, eta gero gizonetan ere bai. Ganzutzen dira atzenean oñak, zeren oekin egiñ oi diran ibillera gaizto asko. Sentidu bat bi tokitan badago, begi, belarri, sudur, esku, eta oñakin, geratzen dan bezala, orduan toki bietan egiten da Oleadura, eta oñak ganzutzen dira gañetik zapietara ixuri ez dediñ olioa. Sentidu guziak banaka ganzutzeko denborarik ezpada, orduan, Aita Santu Benedikto amalaugarrenak dionez, onena da oleadura egitea buruan, zeren burua dan sentidu guzien sustraia, esaten dirala itzak era onetan: Oleazio Santa onen bidez, eta bere urrikimentu guziz beraagatik barka degizkitzula Jaunak sentiduakin egin dituzun bekatuak. Emanik era onetan buruan oleazioa, bizi bada eria, ematen zaio ondoren sentidu bakoitzean.

        Sakramentu onen emallea da Apaiza, Santiagok esaten digun bezala: eta premiaz kanpora, arzaiari dagoka edo berez, edo bestez ematea. Premiaz kanpora, diot, zeren premia danean, eta arzaia ezpadago errian, edozeñ Apaizek eman dezake Sakramentu au. Anziñako denboran oleazioa emateko, bildu oi ziran Apaiz bat baño geiago, eta era bazan zazpi, eta oraiñ ere ala gertatzen da zenbait lekutan: eta bakoitzak ganzutzen du eria sentiduren batean, au da, batak begietan, besteak belarrietan, besteak beste tokiren batean. Baña gauza erabakia, ta jakiña da, balio duala oleazioak, Apaiz bakarrak ematen duanean ere. Au onela ez izatera, erri andietarako bakarrik izango lizake Sakramentu au.

        Sakramentu onen artzallea da gizon, edo emakume bataiatua, gaitzaren eta onaren ezagueran sartua, eta eri, edo gaixo dagoana. Esan det bataiatua, zeren bataiatu gabea ez da, Sakramentu au artzeko, gai: Esan det gañera gaitzaren, eta onaren ezagueran sartua, Sakramentu au da alabaña bizitza gaiztoaren arrasto, ta kutsu gaiztoak kentzeko, eta ezagueran sartu eztanak ez du bizitza gaiztorik. Esan det atzenean eri, edo gaixo dagoana; gaixo ez nola nai, baizik eriotzaren beldur, edo perilla dakarren gaitzarekin. Ala erakusten digue Florenziako Konzilioak, eta Rituala deritzan Elizako liburuak. Orregatik etzate oleaziorik ematen itsasoan joan bear duenai, gerrako denboran peleara dijoazenai, urkamendian bizia eman bear duenai baldin beste aldetik gaixo ezpadaude. Au bera egiten da aurgiten daudenakin ere. Egia da, añ aunatua utzi lezakeela emakumea erditzeko miñak, non eman legikeon oleazioa, ez erditze utsagatik, baizik zeren miñak aunatua, eta gaixo utzi duen. Zarrai, eriotzaren aldean daudenean, ematen zate Sakramentu au; zeren orduan zartasuna bera gaitz andia, eta eriotza berekin dakarrena dan. Anziñako denboran toki batzuetan artu oi zuen eriak oleazioa, Biatikoa baño len, beste toki batzuetan ondoren: eta naiz lenago, naiz geroago eman zedilla, ongi zan gauza zan. Erromako Elizak anziñatik eman oi du Biatikoaren ondoren, eta ala egitea da onena, eri onek, edo ark lenago artu nai baluke ere. Ala esaten digu Benedikto amalaugarrenak. Ez det ezer esan nai Sakramentu au artzeko degun eginbide, edo obligazioaren gañean, gauza jakiña da alabaña, bekatu larri, edo mortala egiten duala Sakramentu au ezertan ez daukanak: eta dana dala artzeko degun eginbideaz, ondasun asko galduko ditu artzen ez duanak.

        Sakramentu onek dakartzian ondasunak dira iru, eta irurak ukitzen ditu dotriñak. Lenengoa da igaroko bizitza gaiztoaren arrasto, eta kutsu gaiztoak kentzea, egin duan prestaera onaren neurrian. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak: Peccati reliquias abstergit. Galdetu nion beñ bati: zertako da Oleazioa? Eranzun zidan: iru gauzatarako. Zeñ dira? Lenengoa: bizitza gaizto pasatutakoaren arrasto, eta erlikiak kentzeko. Atozea, eta erlikia oriek kutunen bat, edo zer dira? Eranzun zidan: ala izango dira noaski. Orra zer datorren euskeraz garbiro esan ditezkean gauzak erdarazko itzakin esatetik. Oleazioak dakartzian ondasunen artean bada lenengoa da: igaroko bizitza gaiztoaren arrasto, eta kutsu gaiztoak kentzea: aditzen da edo guziak, edo zerbait; gutxitan alabaña izango da guziak kentzeko diña dan prestaera. Bizitza gaiztoak animan uzten dituan arrasto ta kutsuak dira asko: lenengoa: gaitzerako makurtasun, eta zalea. Zenbat eta bekatariak bekatu geiago egiten dituan,anbat makurtuagoa dago gaitzeronz, eta ez du arretarik, inguratzen duen gogorazio gaiztoak aienatzeko: eta gaitzerako makurtasun au gutxitzen dio oleazioak. Bigarren arrasto, eta kutsu gaizto, bekatuetatik datorrena, da onerako narra, nagia, eta gogorik gabe geratzea: eta oleazioak kentzen dio arrasto, eta kutsu au alaitzen duala onerako. Irugarren arrasto, eta kutsu gaiztoa da, bekatuak barkatuta geratu oi dan zor, edo pena, emen, edo purgatorioan igaro bear dana: ta au kentzen, edo arintzen dio Oleazioak. Igaroko bizitza gaiztoaren laugarren arrasto, eta kutsu gaiztoa dira, eriari, konfesio, ta komunioa ongi artu arren, barkatu gabe geratu oi zaizkan bekatu benialak, S. Karlos Borromeok, eta Benedikto amalaugarrenak erakusten diguenez. Bekatu benial barkatu gabe oek asko izango dira Kristaurik geienetan, zeren gutxi diran, bekatu benialen batzuei biotza itsatsia ez daukeenak, eta bekatu oek barkatzen ez ditu, ez konfesioak, ez Biatikoak; baña barkatuko ditu Oleazioak, orduan bederik sortzen badu eriak aen damu egiazkoa. Igaroko bizitza gaiztoaren bostgarren arrasto, eta kutsu gaiztoa dira, ezagutzen ez diran bekatu larri, edo mortalak. Demagun, eria konfesatu dala, bere ustean ongi, baña damu egiazko, eta asmo oso gabe. Demagun gañera bear dan damuarekin konfesatuta ongi artu duala Biatikoa, eta geroxeago gertatzen zaiola gogorazio gaiztoren bati leku ematea; baña gaitzaren indarrarekin ez dala oroitzen bekatu onez. Uste du Jaunaren grazian arkitzen dala, eta dago bekatuan. Bi bekatari oek artzen due Oleazioa, berriro konfesatu gabe, zeren Jaunaren grazian daudela, uste duen. Guzia barkatuko die Oleazioak, baldin egindako bekatuen damu egiazkoarekin artzen badue. Ala erakusten digu S. Karlos Borromeok. Orra zer aditzen dan igaroko bizitza gaiztoaren arrasto, eta kutsuen izenez.

        Sakramentu onek dakarren bigarren ondasuna da Demonioaren tentazioen kontra animari indarra ematea. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak: Tentationibus Daemonis, calcaneo insidiantis, facilius resistit. Irugarren ondasuna da, gorputzari, konbeni bazaio, osasuna, ematea. Ala erakusten digue Florenziako, eta Trentoko Konzilioak. Egiten du au Sakramentu onek, mirari, edo milagrorik gabe, garai onean artzen bada. Demagun, eriak duan gaitza, bera utsik, ez dala eriozkoa, baña beste aldetik bere bekatuen, eriotzaren, eta ondorengo kontuen oroipenak alako eran tristuraz, edo illuntasunez betetzen du, non garaituko ez duan gaitza, berez au eriozkoa ezpada ere, eta illko da, animaren aldetik alaitzen ezpada. Artzen du oleazioa garai onean; eta arintzen dio barrengo nekea, aienatzen diozkala kezka, eta beldur geiegiak; orduan gorputza ere alaitzen da, eta garaitzen du gaitza. Orra, zer gisatan Oleazioak ematen dion askotan gorputzari osasuna. Baña onetarako artu bear da, esan dedan bezala, garai onean, zeren gaitzak osotoro mendera badu gorputza, eziñ senda diteke mirari gabe, eta ez ditu nola nai Jaunak egiten mirariak. Ona, nere Kristaua, asieratik Oleazioaren gañean agindu nizkitzun, berriak. Begira dezagun oraiñ, nolako ontasun, eta amorioa agertu digun Jaunak Sakramentu au ipintzean.

 

 

§ II.

 

        Gure Jesus onak milla gisatara agertu du bere guganako ontasun, eta amorio geiegia, neurri, ta mugarik ez duana. Bere bizitzaren kostuz irabazi zuan guretzat Zerurako esku, ta deretxa. Ipiñi zituan Sakramentuak, eta bataioan eman zigun graziaren apaindura ederra, eta egin ginduan Jaungoikoaren beraren adiskide, ta seme, eta Zeruaren jabegai. Konfirmazioko Sakramentuarekin markatu ginduan bere gudari, edo soldaduen markarrekin, eta ixuri zituan gure animetan Espiritu Santuaren doaiak ugari, zertako uste dezu? Gogoz, eta gustoz pelea gindezen animaren etsaien kontra. Ekusten zuan, geienak, etsai oen kontra peleatu bearrean, jarraituko ziezala eren gura txarrai, galduko zuela, ainbeste kosta zitzaion, graziaren apaindura, eta Zerurako esku, ta deretxa: eta geratuko zirala berriro illak animaren aldetik; eta oek piztutzeko, ta sendatzeko, ipiñi zuan konfesioko Sakramentua. Zer geiago? Graziaren bizitza galdu ez genezan, ipiñi zuan Aldareko Sakramentu guziz miragarria. Sakramentu onetan Jesus bera jarri zan, eta jartzen da; guri laguntzeko etsaiak garaitzen, eta emateko bere gorputza, odola, eta bera dan guzia. Ekusten zuan, ill bearrak giñala, eta ordua alderatzean perill andien artean arkituko giñala. Perillak gure griña txarren aldetik. Perillak etsaiagandik; zeren, denbora aitutzen zaiola eria atxitzeko, ekusirik, egingo du alegin guzia anima gaixoa engañatzeko. Perillak bizitza gaiztoaren aldetik. Oroituko da eria Jaunaren kontra egin dituan eskergabekeriaz, eta gogorako zaio bereala eman bear dituala guzien kontuak. Eta perill oetatik ongi irteteko gu, zer egin zuan gure Jesus onak? Ipiñi zuan beste Sakramentu bat, eriak alaitzeko azkeneko estutasun oetan; onela garaitu ditzeen ordu artako perillak ta au da Oleazioa. Esan zadazu, Kristaua: ez da au, Jesus onak berriro agertzea guganako ontasun eta amorio geiegi, eta baztergabe bat?

         Eta oraiñ zer da guk egin bear deguna? guk egiñ bear deguna da, Jesus onari umilki eskerrak ematea, zeren guri betiko zori on, eta bizitza emateko, gauza guziak añ ederki prestatu dituan. Guk egin bear deguna da, gure bizitzako kontuak Jaunarekin egitea, eta Oleazioaren denbora datorrenean, ez ibilli luzapenetan. Eta begira gurasoak, eriai kontu egiteko, ez dira ipiñi bear Jaunaren beldurgabekoak: eta al baliz ipiñi bear lirake gizonak gizonentzat, eta emakumeak emakumeentzat. Au egin gabez, gertatu dira, beiñ baño geiagotan, bekatu andiak. Gañera ez dira beillan egoteko, eraman bear mutill, eta neska arro-lasaiak; bestela eria erioarekin borroka ibilliko da, eta beillariak egongo dira izketa lasaietan. Jaunari nai dakiola, guk deserri onetako denbora beraren pakean bukatzea, onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa