www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA BIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amargarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Andiak, eta txit miragarriak dira Sakramentu orrek guretzat dakartzian ondasunak, eta oen gañean itzegin dizut, Kristaua, azkeneko lau Erakusaldietan. Oraiñ lenbiziko Komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Guziak artzen ditue, komulgatzen diranean, ondasun oek. Eta eranzuten du: ez, Jauna, zeren asko diran Komunio gaiztoak egiten dituenak. Zer bekatu da Komunio gaiztoa? Sakrilejio guziz izugarria, zeren Judasen eran saltzen duan Jesus, Jaungoiko biziaren semea, eta beregan danez berriro ipintzen duan gurutzeko neke-oñazeen artean: orregatik jaten, eta edaten du, S. Paulok dionez, bere betiko galera.

        Komunio gaiztoa ez egiteko zer bear da? Iru gauza: lenengoa, zer, eta nolako prestaerarekin artu bear dan jakitea. Bigarrena Jaunaren grazian egotea. Irugarrena barau naturalean, edo gau erdia ezkero ezerere jan, eta edan gabe egotea. Onezko damu, edo kontrizioarekin Jaunaren grazian jartzen bada bekataria, komulgatu ote diteke? Konfesio gabe ez, Jauna. Iltzeko perillean Sakramentu au artzen duanak Biatikoaren eran, artu ote dezake, baraurik egon ez arren? Bai, Jauna. Esan dituzun iru gauz oek asko ote dira Komunioko Sakramentuaren ondasunak artzeko?». Asko dira gizon jakintsuen iritzian, Sakramentuaren ondasunetatik zerbait artzeko, baña ez ugari artzeko. Orra lenbiziko Komunioaren liburuak gai onetan dakarrena.

        Zu, nere Kristaua, aspalditxo bizi zera, komunio gaiztoak egiten dituzula, batzuetan lotsaz aitortu-gabe zure bekatuak, beste batzuetan lagun urkoetarako gorrotoa, eta zure biotzeko zimurtura, eta asmo txarrak utzi gabez; batzuetan, zeren izan ez dezun, bekaturako bideak uzteko, oitura gaiztoak desegiteko, besteren gauza jabeari biurtzeko, edo zere karguari eranzuteko biotzik. Uura bezala kezka andi gabe esan dituzu Komunio gaiztoen bekatuak. Ai! eta baziñaki, zeñ itsusia dan Komunio gaiztoa! Bearbada arriturik negar egingo zenduke! Au ezagutu dezazun, begiratu bear dezu gaur, aurrena: zer egin zuan Judasek, eta zer egin dezun zuk. Urrena, zer Juduak, eta zer zuk. Atzenean, zer dion S. Paulok komunio gaiztoaren gañean: eta emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Judasen izena aitatze utsarekin nori nai gogora etortzen zaio beraren eskergabekeria itsusia. Alaere au ongi ezagutzeko, oroi zaite, Kristaua, nor zan Judas, eta zer egin zuan. Judas zan gizon bat Jesus onak ezer ezetik atera, eta onrarik andienetera altxa zuana. Deitu zion Jesusek bere ikasleen artera, eta berarekin, ta beraren maiean bizitu zan. Egin zuan bere Apostolu, eta Elizako kargudun andi, eta eman zion mirariak  egiteko eskua ere. Zer egin zuan Judasek? eskergabekeria guziz itsusi bat. Joan zan Juduen buru, ta agintarietara, eta saldu zien bere Maisua ogei ta amar dirutan. Jesus Getsemaniko baratzan bere Aitari erregutzen zegoan denboran, ara giatu zituan Juduak, eta erakutsi zien nor zan Jesus, ematen ziola laztan, eta musu gezurrezko bat. Era onetan ipiñi zuan bere Maisu, ta ongille andia bere etsaien atzaparretan. Edozeñek ekusten du, guziz itsusia izan zala Judasen bekatua: eta añ itsusia iritzi zion berak ere, non, barkazioaren uste guzia galdurik, urkatu zuan bere burua.

        Eta zer ote da zuk ainbeste Komunio gaiztorekin egin dezuna? Judasen eskergabekeria, ta bekatua baño itsusiagoa dan eskergabekeria. Egin zinduan Jaunak Zerurako: deitu zinduan bere fede, eta lege Santara, utzirik beste asko federik ez dan lekuetan. Bataioko Sakramentuarekin apaindu zinduan graziaren janziera ederrarekin: egin zinduan Jaungoikoaren seme, Jesu-Kristoren senide, eta Zeruaren jabegai: artu zaitu bere maiean, zuk nai izan dezun aldi guzietan, eta eman dizu eman al guzia, edo bere gorputza, bere odola, bere anima, eta Jaungoikotasuna: itz batean, bera dan guzia. Eta zer egin dezu zuk? Saldu dezu zure Jauna bekatu egin dezun aldi bakoitzean, eta adiskidearen idurian jarri zera beraren maiean, eta artu dezu zere ezpaiñ loi, eta barrunbe nazkagarrian: eta zure bekatu au Judasena baño askoz itsusiagoa da. Itsusiagoa bai, zeren Judasek beñ bakarrik saldu zuan Jesus; eta zuk askotan: Judasek saldu zuan Jesus, artean gugatik bizitza eman etzuan denboran; baña zuk saldu dezu, gugatik bizitza eman zuan ezkero: Judasek saldu zuan Jesus ogei ta amar dirutan; baña zuk saldu dezu atsegin-apur lotsagarri bategatik, edo obeto esateko ezer ezagatik: Pro nihilo. Judasek saldu zuan Jesus bere Maisu, eta ongille andia, baña etziakian ongille au zala Jaungoiko, eta gizon egiazkoa: eta zuk saldu dezu, dakizula, Jesus dala Aita betikoaren seme bakarra, Trinidadeko bigarren Persona, eta Jaungoiko egiazkoa. Eta ezaguturik au, izan dezu ausardia Sakramentu miragarri ori biotz nazkagarri orretan artzeko? Judasi adiskidearen idurian laztan eman zionean, esan zion Jesusek: Judas, adiskidea baziña bezala musu ematen didazu, eta onela nere etsaien atzaparretan ipintzen nazu? Juda, osculo filium hominis tradis? Au bera esaten, eta esango dizu zuri ere: Urlia, adiskidearen idurian zatoz nere maiera, eta onela saltzen, eta ipintzen nazu nere etsaien atzaparretan? Osculo filium hominis tradis? Baña goazen aurreraxeago, eta begira, zer egin zuen Juduak, eta zer egin dezun zuk.

 

 

§ II.

 

        Juduak ziran Judas Patriarkaren odolekoak, eta odol au autu zuan Jaunak mundura etortzeko, eta gizatasunaren janzia artzeko. Odol onetakoak ziran Birjina txit Santa, eta S. Jose ere. Denbora luzean egon ziran Juduak Salbatzallearen itxedoten, eta sarritan otsegiten zioen Jaunari, bidal zezala agindu zien Salbatzallea. Bete ziran denborak: etorri zan Jesus: bizitu zan Juduen artean, erakusten ziela Zerurako bidea, ala itzez, nola obraz; sendatzen zituan eriak, argitzen itsuak, piztutzen illak, eta etzuen alaere ezagutu nai izan beren Salbatzalletzat; eta aintzakotzat ezagutu bearrean, munduan zan gizonik gaiztoena bezala lotu zuen Getsemaniko baratzan: eraman zuen Jerusalena: erabilli zuen etxez etxe: azotez urratuta, aranzaz koroatu zuen: atzenean illerazo zuen gurutze batean, lapur biren erdian. Izugarria izan zan Juduen bekatua: eta ordutanik bizi dira Jaunaren aserre, eta madarikazioaren azpian, erreñurik gabe, leku batean, eta bestean zabalduak: eta are gaiztoago dana, itsuak, eta gorrak Zerurako bidea artzeko.

        Eta ez ote da itsusiagoa, nere Kristaua, zuk Komunio gaizto oriekin egin dezuna? Bai, itsusiagoa da. Juduak, egia da, lotu zuen Jesus: eta zuk ez dezu gutxiago egin: sartu dezu goroztegirik zikiñena baño zikiñagoan, eta ipintzen dezu loturik bezala, au da egin nai zizkitzun ontarte, eta mesedeak eziñ egin ditzakean eran. Juduak azotez urratu zuen, eta koroatu aranzaz: eta zuk au bera egin dezu komunio gaizto bakoitzarekin, zere alegiñean. Orregatik agertu izan da iñoiz Jesus guzia zauriz betea, eta odola dariola. Era onetan agertu zitzaion Doña Santxa Karrillori, eta esan zion: orra zertako diran askoren Komunioak. Juduak naiago izan zuen Barrabas bizitzea, eta eskatu zuen, ill zedilla Jesus: Tolle, crucifige eum: eta zuk naiago izan dezu Satanas zure biotzean bizitzea, eta Jesus illtzea. Juduak beren gañean artu zuen Jesusen odola, eta eriotza, eta arreizkero badarraite Jaunaren madarikazioa: eta zuk Jesusen odola zere gañ artzea gutxi baliz bezala, jaten, eta edaten dezu odol ura bera. Juduak atzenean illerazo zuen Jesus gurutzean: zuk ez dezakezu ori egin; piztu zan alabaña beiñere ez iltzeko, baña ainbesterañokoa izan da zure gorrotoa Jesusen kontra, non kontentatu etzeran beiñ igaro zuan eriotzarekin, baizik berriro gurutzean ill nai izan dezun eziñ ill ditekeana. Ala esaten digu S. Paulok: Rursum crucifigentes sibimetipsis filium Dei (Ad Hebr. C. 6 v. 6). Orregatik ongi begiratzen badiezu, Kristaua, zure Komunio gaiztoai, Juduen bekatua baño milla bider itsusiagoa da zurea; Juduak alabaña beñ egin zuen eren gaiztakeria; baña zuk Komunio gaizto guzietan: Juduak etziakien, Jesus zala munduaren salbatzallea, eta jakin izatera, etzuen egin zuena egingo, S. Paulo dionez; baña zuk guziaren berri dakizula, berriro kendu nai izan diozu bizitza zure Salbatzalleari: eta S. Agustiñek dio biguñagoak izan zirala Juduak: Milius peccaverunt Judaei.

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ itsusia dan alde onetatik Komunio gaiztoaren bekatua? Baña jakizu, itsustasun au are geiago, eta obeto agertzen diguela S. Paulok dakartzian itz izugarri batzuek, eta oraiñ arreta andi batekin begiratu bear dezu, Kristaua, Apostolu onek aditzera ematen diguna.

 

 

§ III.

 

        San Pauloren iritzian bataioa ezkero bekatu egiten duanak, beregan danez berriro gurutzean ipintzen du Jesus, eta kentzen dio bizitza: Rursum crucifigentes sibimetipsis filium Dei. Eta zer dio Komunio gaiztoa egiten duanaz? Dio, Jesusen gorpuz, eta odola gaizki artzen dituanak, bizitza kentzeko alegiña egitea gutxi baliz bezala, ekiten diela Jesusen gorputz, eta odolari, eta kulpadun geratzen dala oen kontrako bekatuarekin:  Quiqumque manducaverit panem hunc, vel biberit caticem Dmoni indigne, reus erit corporis, et sanguinis Domiñi. Itz oetan aditzera ematen digu Komunio gaiztoaren itsustasuna, bekataririk gogorrena ere izutu ditekean eran. Demagun, Aita batek bere semeari dion ongi nai, eta amorioz, igarotzen dituala ezin konta al neke, eta naigabe, eta atzenean semeak egin dituan errebeskerien barkazioa iristeko, ematen duala urkamendian bere bizitza. Aditzen du semeak au, eta bere gaiztakerien damuz kordegabe geratu bearrean, alako amorruan jartzen da bere Aita onaren kontra  non laster egiten duan berriro Aita urkatzera; baña ekusirik, eziñ egin dezakeala au, zeren obira duen, ateratzen du obitik: aspertu dediñ artean erabiltzen du ostikopean: askatzen du ganibetaz gorputza, eta jaten diozka erraiak. Esan gidazu, Kristaua; asma diteke seme errebes onen eskergabekeria, eta gogortasuna bezeñ itsusirik? Jakizu bada, eskergabekeria itsusi au egin dezula Komunio gaizto bakoitzean, S. Paulok dionez: Reus erit corporis, et sanguinis Domini. Jesus da gure Aita maitagarria: Jesus da guri zigun ongi nai, eta amorioz Zerutik lurrera jatxi zana. Jesus da ainbeste neke, eta pena, eta atzenean gurutzeko eriotza gugatik igaro zituana: Eta Aita guziz maitagarri au amatu lekuan berriro ill nai izan dezu, eta ill dezu zere alegiñean, bekatu mortala egin dezun aldi bakoitzean: Rursum crucifigentes sibimetipsis filium Dei; baña ekusirik, eziñ ill dezakezula, alako gorrotoa artu dezu beraren kontra, non ekin diezun beraren gorputz, eta odolari ozka, eta sartu dituzu; non ote? Infernuko dragoiaren lizean, edo bekatuz zikindua daukazun barrunbe orretan. Arritu zaitezte Zeruak, eta desegin Zeruko ateak: obstupiscite Coeli, et portae ejus desolamini. Orra zer aditzera ematen digun S. Paulok Komunio gaiztoaren itsustasunaren gañean. Baña ezta onenbesterekin ere kontentatzen, eta dio gañera, Komunio santua gaizki artzen duanak, jaten, eta edaten duala bere betiko galera: Qui enim manducat, et bibit indigne, judicium sibi manducat, et bibit.

        Orra, Kristaua, zeñ itsusi, ta izugarria dan Komunio gaiztoaren bekatua. Alaere izan dezu, bekatu au egiteko ausardia ainbeste bider? Eta etzera bat batean amildu betiko su, eta garren artean? Ez; eta zure Jesusen ontasun, eta urrikimentua añ andia izanda, non itxedon dizun, eta prest arkitzen da zure eskergabekeria guziak barkatzeko. Kristaua, ez ote gera oraiñ bederik Jaun maitagarri orregana biotz osoz biurtuko? Ez ote degu asmo oso bat bertatik egingo, gure eskergabekerien gañean negar egiteko, eta bizitza on bati jarraitzeko? Jarri gaitezen onetarako Jaunaren aurrean belauniko, eta gogoan erabilli ditzakun denbora pixka batean gaur ukitu diran gauzak. Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakuslea ere bai.

 

1

        Begira, Kristaua, lenengo lekuan Judasen bekatuari. Andia izan zan au, ta guziz itsusia. Bere maisu, ta ongille andia, eta bere Elizako Apostolu, eta kargudun egin zuana saldu zien Juduai ogei, ta amar dirutan, eta adiskidearen idurian ipiñi zuan etsaien azaparretan. Judas, esan zion Jesusek: Judas, denbora batean nere Apostolua, mai batean nerekin bizitu zerana: Judas gezurrezko musu batekin nere etsaien eskuetan ipintzen nazu? Juda, osculo filium hominis tradis? Añ itsusia iritzi zion Judas berak ere bere bekatuari, non urkatu zuan bere burua. Zeñ itsusia izango da, Kristaua, zuk Komunio gaiztoakin egin dezuna? Judasek saldu zuan Jesus ogei, ta amar dirutan; eta zuk atsegin lotsagarri bategatik. Judasek saldu zuan Jesus, jakin gabe, zala Jesus munduaren salbatzallea, eta Jaungoiko, eta gizon egiazkoa; baña zuk saldu dezu, au guzia dakizula, eta sinisten dezula: eta adiskidearen idurian jarri zera beraren maiean.

 

2

        Begira urrena Juduen bekatuari. Oen gogortasun, eta eskergabekeriak izutzen gaitu; baña ongi begiratzen badegu, zer aek, eta zer guk egin degun, gogorragoak izan gera Jesus onarentzat. Juduak etziakien, Jesus zala munduaren salbatzallea, eta Jaungoiko egiazkoa, eta jakin izatera, etzuen egin zuena egingo; baña guk bagiñakian, eta badakigu au guzia: eta alaere egin diozkagu ainbeste bidegabe Komunioko Sakramentuan.

 

3

        Begira atzenean, zer dion S. Paulok: Komunio gaiztoa egiten duana ezta kontentatzen, beregan danez berriro Jesusi bizitza kentzearekin: Rursum crucifigentes filium Dei: baizik ekiten die Jesusen gorpuz, eta odolari ozka, eta botatzen du leku guziz nazkagarri batean, edo bere barrunbe zikiñean: eta kulpadun egiten da Jesusen gorputz, eta odolaren kontrako bidegabe itsusiarekin: Reus erit corporis, et sanguinis Domini. Zer geiago? jaten, eta edaten du, dio Apostoluak, bere betiko galera: Judicium sibi manducat, et bibit. Atozea, Kristaua, au guzia ezaguturik, ez ote zera zure Aita, eta ongille andiagana biurtuko? Ea, oraiñ Jaun ori prest arkitzen da egin diozkagun utsegite, eta bidegabeak barkatzeko: egizu asmo oso bat, emendik aurrera Sakramentu ori biotz garbiarekin artzeko. Altxatzen dira guziak, eta bukatzen da Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran.

        Nere Jesus maitagarria!  Peccavi: egin det bekatu zure kontra, eta egin det ainbeste bider! Zer egiñ al dezaket nik? Ez dago neretzat beste biderik, ezpada zuri barkazio eskatzea, eta aurrera bizitza berri on bat egitea. O Jesus ona! Indazu onetarako zure lagunza, bizi nadin zu amatzen, eta serbitzen zaitudala, eta iritsi dezadan gero zu betikotasun guzian alabatzea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa