www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ERAKUSALDIA

 

eta Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan
zazpi Sakramentuen gañean lenengoa.

 

ALABATUA &

 

        Lenengo Erakusaldian itzegin nizun, Kristaua, munduaren asieratik Jesu-Kristo etorri zan artean izan ziran Sakramentuen gañean. Aditu zenduan orduan, nola gure lenbiziko gurasoak autsi zuen Jaunaren Agintea, eta galdu zuen Jaunaren grazia, eta Zerurako esku guzia, ala berentzat, nola ondorengoentzat. Aserratu zitzaion Jaunari, eta erbestetu zituan Paradisutik; baña etzituan bidaldu betiko su, eta garren artera, Aingeru gaiztoak bidaldu zituan eran, baizik eman zien denbora, ezagutzeko beren utsegite andia: agindu zien, bidalduko zuala mundura bere seme bakarra, eta onek gizatasunaren janzia arturik, garaituko zuala, engañatu zituan, etsai galgarria. Baña urruti zegoan Salbatzalle onen etorrera, eta bitartean iritsi zezeen Adanen umeak bekatuen barkazioa, begiratu zion Jaunak bere Semearen gurutzeko eriotzari, eta ipiñi zituan, ukitu ginduan, Sakramentuak: eta agertu zuan onetan onginai, ta ontasun geiegi bat.

        Igaro ziran era onetan lau milla urte bezela: oska zegozkion Jaunari Patriarkak, Profeta, ta anima onak, bidal zezala agindu zuan Salbatzallea. Bete ziran Jaunak markatu zituan denborak, eta etorri zan Salbatzallea: bizitu zan ogei, ta amairu urtean, erakusten zuala Zerurako bidea: eman zuan gurutzean bere bizitza, eta irabazi zuan guretzat, Adanen bekatuarekin galdu genduan, graziaren doai, ta apaindura ederra, eta Zerurako eskubidea. Etzan au asko guk; ondasun oek iristeko; baizik bear ziran, irabazi zuan grazia gure animetara igarotzeko, bideren batzuek. Orregatik utzi ziozkan Elizari zazpi iturri, edo Sakramentu animako graziaren ur gozoak, eta birtuteak beti ematen ari diranak. Oek dira dotrinan guziok ikasi ginduanak, edo Bataioa, Konfirmazioa, Penitenzia, edo Konfesioa, Komunioa, Oleazioa, Ordena, eta Ezkonza, edo Matrimonioa. Urrutitik begiratu zien Isaias Profetak Jesusen zazpi iturri oei, eta dio: atsegin-kontentuz artuko dezue Salbatzallearen iturrietatik bear dezuen urguzia Haurietis aquas in gaudio de fontibus Salvatoris (Isaiae. 12). Zazpi iturri, edo Sakramentu oen gañean itzegingo dizut gaur nere Kristaua. Aurrena begiratu bear degu, zeñ miragarria dan zazpi Sakramentu oek ipintzean, Jesusek agertu digun ontasun, eta amorioa. Urrena, nola eranzun diogun ontasun, eta amorio oni. Enzun arretaz.

 

 

§ I.

 

        Zure siniste, edo fedeak erakusten dizun egia da, Kristaua, etzala guri onginaiez aspertu Jesus maitagarria gurutzean gugatik bizitza ematearekin; baizik, bere eriotzarekin guretzat irabazi zituan grazia, ta birtuteak gure animetara igaro zitezen, ipiñi zituala zazpi Sakramentu, eta besterik esatea da herejia, eta, eskomiku nagusiarekin Elizak debekatua daukan, gauza, Anathema sit. Au asko dala, dirudi, Jesusek alde onetatik agertu digun ontasun, eta amorio miragarria ezagutzeko. Baña askoz obeto, ta argiroago ezagutuko dezu au, Sakramentu bakoitza ipintzean egin zuanari begiratzen badiozu.

        Ekusten zuan Jesusek, gizona sortzen danetik arkitzen dala. Adanen bekatuarekin loitua, eta Jaunaren aserrearen azpian: ez dala, onela dagoan bitartean gai, edo gauza Zerurako irabazirik txikien ere egiteko. Ekusten zuan, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartzen danetik asi bearra dala Zerurak bidearekin, sinisten dituala fedeko misterioak, esperatzen duala betiko bizitza, eta amatzen, eta serbitzen duala Jauna; baña onetarako etsai andi, eta trebeak arkituko dituala. Zer egin zuan Jesu onak? Ipiñi zuan bataioko Sakramentua bekatu jatorrizko, edo orijinala kentzeko. Sakramentu onek, artzen dan unean bertan, ixurtzen du artzallearen animan graziaren doai miragarria: onek barkatzen du bekatu jatorrizkoa: egiten du gizona Jaungoikoaren seme, ta Zeruaren jabegai, edo heredero. Ematen diozka fede, esperanza, eta karidadearen birtuteak, oekin garaitzeko Zerurako bidean arkituko dituan nekeak. Zer geiago? Gogoz, eta gustoz ari dedin egiteko andi onetan, ixurtzen ditu Espiriti Santuak bere doaiak bataiatzen danaren animan. Atzenean ezartzen dio Jesu-Kristoren artaldeko marka Baña au guzia ez da asiera besterik.

        Ekusten zuan Jesus onak, askotan alako perilla, inguratzen duela anima dala fedearen, dala beste Mandamenturen baten kontra, batzuetan munduaren besteetan bere gura txarren aldetik, non erraz amildu lezakeen bekaturen batean, sendoro jartzen ezpada bere Jaunaren Agintea gordetzeko, naiz aserratu dedilla mundu guzia, naiz ez; naiz altxa ditezela beraren kontra aideak, auzoak, adiskideak, naiz ez; naiz kosta dakiola bizitza, eta nork ez du ezagutzen zeñ lan andia dan au? Orregatik ipiñi zuan Jesusek bigarren Sakramentu bat Konfirmazioa deritzana. Sakramentu onek ugaritzen du animako grazia eta ixurtzen ditu Espiritu Santuaren doaiak Kristauaren animan bataioan baño askoz naroroago: eta atzenean ezartzen dio Jesu-Kristoren gerrari, edo soldaduaren marka. Onela sendotzen du Jesu-Kristok anima, etsai guzien kontra peleatzeko.

        Ekusten zuan Jesusek, bere gudari, edo soldaduetatik geienak, edo alde-aldean guziak etzirala benaz, eta bear bezala peleatuko etsaiaren kontra, eta berriro illak geratuko zirala bekatuaren eriotzarekin. Añ argala, eta Zerurako egin bear diran gauzetan narra, ta nagia geratu zan gizona Adanen bekatuarekin! Zer egin zuan Jesusek? Ipiñi zuan irugarren Sakramentu bat Penitenzia, edo Konfesioa deritzana, eta itz bian anima illak piztutzen dituana.

        Ekusten zuan, aldapa gogor, eta luzeak arkitzen dirala Zerurako bidean, eta bidezkoa aunatu, edo arikatu ditekeala, sarritan artzen ezpadu zerbait janari, eta edari: eta au ongi zekusanak bezala, egin zuan Jesusek mirari guzien miragarritasuna berekin duan gauza bat, au da ipintzea Aldareko Sakramentu guziz miragarria, guri emateko bere gorputza, eta odola, eta bera dan guzia: guri laguntzeko Zerurako bidean, eta premia guzietan. Zer geiago asma zitekean gure alde? Jakizu bada, Kristaua, etzala onenbestean geratu Jesusen guganako onginai, ta amorioa.

        Ekusten zuan, ill bearrak giñala, eta ordu ura alderatzen danean, perill andien artean arkituko gerala. Perill au jaiotzen da gure griña txarretik, eta bizitza gaiztoak animan uzten dituan kutsu, eta arrasto gaiztoetatik, nola diran onerako narra, eta gogo gabe geratzea, baña gaitzerako makurtua. Perill au jaiotzen da urrena etsai galgarriaren aldetik. Dakusanean onek, aitutzen, edo bukatzen zaiola, gerra egiteko, denbora, prestatuko ditu anima gaixoa galtzeko, edo atxitzeko sare, eta lazo guziak. Peril onetan galdu etzitezen animak, ipiñi zuan Jesus onak bostgarren Sakramentu bat, eta da oleazioa, edo azken oleadura, erdaraz Extrema-unzioa deritzana. Sakramentu onek kentzen ditu, edo osotoro, edo zerbait igarotako bizitzaren kutsu, ta arrasto gaiztoak: alaitzen du anima, ematen diozka indarrak etsaia garaitzeko, bai ta batzuetan gorputzaren osasuna ere.

        Ekusten zuan gañera, Sakramentuak ongi, eta bear diranean emateko, bearko zirala Sakramentu berak egiteko, eta emateko, eskua zuenak, eta oek beti izan zitzan Elizak, ipiñi zuan Ordena deritzan Sakramentua. Sakramentu onen bidez ditu Elizak Aita Santua, Obispo Jaunak, Apaizak, Diakonoak, eta bakoitzak badu bere mallari dagokan eskua. Oraingoak iltzen diraneko, etorriko dira berriak, eta au bera gertatuko da gero ere munduaren bukararaño.

        Atzenean ekusten zuan Jesus onak, munduaren asieratik bazala ezkontza, baña etzala Sakramentu: beragatik etzuan graziaren gozagarririk. Orregatik altxa zuan ezkontza Sakramentuen mallara.

        Esan zadazu oraiñ, nere kristaua, ez da guziz miragarria gauz oek egitean Jesusek guganonz agertu duan ontasun, eta amorioa? Gugatik gurutzean bizitza emateari S. Paulok deitzen dio onginai, ta amorio giegia: Nimiam charitatem. San Juanek dio, Aldareko Sakramentua ipintzean amatu ginduala azkeneraño, edo ezin geiagoraño: im finem dilexit eos. Zer esango degu bada zazpi Sakramentuak ipintzean agertu digun ontasun, eta amorioaz? Arriturik esan dezakegu Dabidekin: Jauna, zer da gizona, zu artzaz gisa onetan oroitzeko? Quid est homo, quod memor es ejus? Baña nola eranzun diogu Jaunaren ontasun, eta amorio oni? Au da oraiñ begiratu bear deguna.

 

 

§ II.

 

        Bere bizitzaren kostuz irabazi zuan guretzat Jesus onak graziaren doaia, eta Zerurako esku, ta deretxa, eta au eman zigun bataioko Sakramentuarekin. Non da orduan artu genduan apaindura ederra? !Ai doarik, eta ezer balio etzuan gauza bezela galdu genduan! Egin ginduan Jaungoikoaren beraren Seme, ta Zeruaren jabegai: eta onra au guzia trukatu degu gure griña txarren atsegiñ apur bategatik.

        Konfirmazioko Sakramentuarekin egin giñan Jesu-Kristoren gudari, edo soldadu, demonioaren, munduaren, eta aragiaren kontra peleatzeko. Baña zer egin degu? Zer, ezpada munduaren beldurrez, edo gura txarrak garaitzeko nekea ez artzeagatik, Jauna utzita etsaiagana igarotzea?

        Konfesioko Sakramentua utzi zigun gure animako eritasunetatik gu sendatzeko. Baña asko, eta asko dira sendagai au beren puzoi biurtzen duenak: batzuek, zeren, eskatzen duan, prestaera egiteko saiatzen ez diran; besteak zeren lotsaz, edo gaiztakeriaz bekatuak diran bezala, eta diran adiña aitortzen ez dituen: batzuek, zeren dotriña ikastera saiatzen ez diran; besteak, zeren bekaturako bideak, etxe, ta lagun gaitztoak utzi nai ez dituen: batzuek, zeren lagun urkoari bekaturako bidea ematen dioen, itzegite loiak, keñada itsusiak lajatzeko biotzik ez duen; besteak edanean igarotzeko, birau, ta juramentuak egiteko oitura zarrean bizi diran: batzuek, zeren lagun urkoari, edo erriari egindako kalteak desegiten ez dituen; besteak besteren gauza jabearen borondatearen kontra daukeen. Atzenean beren estadu, eta karguaren egin-bide, edo obligazioak ezagutu nai ez dituenak. Oek guzia zeren puzoi biurtzen due Konfesioko Sakramentua. Zer esango det Aldareko Sakramentuari egiten zaizkan bidegabeaz? Zer, beste Sakramentuakin gertatzen danaz? orregatik esan dezake Jesusek, len Israeltarrai Jaunak esaten ziena: jende zoro, ta zenzugabea; au da zure Jaun eta Jaungoikoari zor diozun eranzuera? Haeccine reddis Domino, popule stulte, et insipiens? (Deuteronom. 32).

        Kristaua, ezagutu dezagun gure, esker gabekeri izugarria; eta damu egiazkoarekin barkazioa eskatu degiogun Jesus onari. Aurrerakoan balia gaitezen, berak utzi dizkigun, Sakramentuaz bera amatzeko, ta serbitzeko, eta iristeko beti-beti iraungo duan Zeruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa