www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA BATGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amargarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Konfesio on bat egiteko bear dan bigarren gauza, edo egindako utsegiteen damua izan da azkeneko iru Erakusaldien gaia. Oraiñ lenbiziko Komunioko liburua asitzen da itzegiten, konfesio onak eskatzen duan, irugarren gauzaren gañean, eta galdetzen du gisa onetan.

        «Konfesio on bat egiteko bear dan irugarren gauza zeñ da? Eranzuten du: ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa.

        Nolako asmoa ote da asmo au? Lenbizia asmo oso, ta sendoa. Bigarrena, bekatu guzietara, larrietara beintzat, zabaltzen dana. Irugarrena, asmo eragillea.

        Zer aditzen dezu, diozunean asmo oso, ta sendoa? Aditzen det asmo biotz guzitik jaioa, eta alako sasoian ipintzen duana bekataria, non prest jartzen dan ezergatik ere aurrera bekaturik ez egiteko, ez eta bizitzagatik, edo eriotzagatik ere? Zer aditzen dezu diozunean: bekatu guzietara, larrietara beintzat zabaltzen dana? Aditzen det konfesio ona egiteko ez dala asko bekatu au, edo ura ez egiteko asmoa, baizik bear dala, bekatu larririk beintzat, batere beñere ez egiteko asmoa. Asko ote da bekatu larririk beiñere ez egiteko asmoa, bekatu benialik baizik ez duana konfesatzen danean? Ez, Jauna. Zer egin bear du bada onelako bekatariak konfesioko Sakramentuaren ondasunak ez galtzeko? Artu bear du asmo osoa, bekatu larririk ez egiteko beñere, ez eta konfesatu dituan benialak ere, batezere au, edo ura: orregatik onena da gutxitan egindako bekatu benial andiskoteren bat aitortzea, larririk ez danean. Zergatik ori? Zeren errazago sortzen dan, gutxitan egiñ oi dan bekatuan ez erortzeko, asmoa. Zer aditzen dezu diozunean: asmo eragillea? Aditzen det asmo bat bekataria esnatzen, eta azkartzen duana, aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera». Orra lenbiziko Komunioko liburuak gai onetan dakarrena.

        Bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa gutxik bear bezala ezagutzen due, eta au gabe geienak konfesatzen dira. Orregatik gauz egokia deritzat, Komunioko liburuak asmo onen gañean dakarrena ugarisêago azaltzea. Gaur aditzera emango det, benik beñ: Konfesio ona egiteko zeñ gauza bearra dan bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Urrena, zer doai, edo kondizioak bear dituan asmo onek: eta emendik atera bear degun frutua. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Bekatariak Jaunaren kontra egin dituan, eskergabekerien barkazioa iristeko, dala onezko damuarekin, edo dala konfesioko Sakramentuaren bidez, gauza bearra da bekatuen damu egiazkoa; len ekusi degun bezala; baña ez da asko au, baizik gauza bearra da gañera, aurrera bekaturik ez egiteko, eta Jaunaren aginteak leialki gordetzeko asmoa. Zer egiten degu igarotako bizitza gaiztoaren gañean negar egitearekin, ezpadegu biotzik aurrera bekaturik ez egiteko? Garbi zaitezte bekatuen loietatik, eta ez galdu bekatu berriakin garbitasun au, esaten digu Isaias Profetak: Lavamini, mundi estote: aiena itzatzue zuen gogorazio gaiztoak, utzi itzatzue gaiztakeriak, eta ikasi obra onak egiten: Auferte malum cogitationum vestrarum, quiescite agere perverse, discite bene facere. Era onetan elurra bezala zurituak geratuko dira zuen bekatuak, grana bera bezeñ gorriak balira ere: Quasi nix dealbabuntur. Gaiztoari damutzen bazaio egin dituan bekatu guziaz, eta gordetzen baditu osotoro nere aginteak, aztuko naiz, dio Jaunak Ezekiel Profetaren autik, egin dituan eskergabekeria guziaz: Omnium iniquitatum ejus non recordabor. Itz oetan argiro eskatzen zaku bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Orregatik Florenziako, ta Trentoko Konzilioak, bekatuen barkazioa iristeko, eskatzen due, ez damua bakarrik, baita aurrera bekaturik ez egiteko asmoa ere. Dolor de peccato commisso cum proposito non peccandi de cetero. Emendik erraz atera dezakezu, konfesio ona egiteko guziz bearra dala bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Ekusi ditzakun orain, asmo onek bear dituan doai, edo kondizioak.

 

 

§ II.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan asmoaren lenengo doai, edo kondizioa da osoa eta sendoa izatea. Emendik ez da asko asmo erdi, edo laurdena sortzea, esaten dezula: nai nuke, al banu, utziko balit pakean: alegiña egingo det. Era onetan itzegiten duan bekatariak ez du bekatua utzitzeko asmo oso, eta sendoa, baizik nai nukezko utsa; baña sortzen badu asmo oso, ta sendoa, orduan beregan osotoro erabakitzen du bertatik beti-betiko utzitzea bekatu diran gauza guziak, kosta dakiola edozeñ neke edozeñ gurutze, eta naigabe. Asmo au guziz ederki aditzera ematen digu S. Paulok, orain esatera noan eran. Gogora ekarri zituan Apostolu Santuak Jesus maitagarriak guri ongi naiez egin zituan gauzak, oen artean gugatik gurutzean bere bizitza ematea: eta galdetzen dio bere biotzari: nork galerazoko digu Jesus maitagarria amatzea, eta serbitzea? Quis nos separabit á charitate Chti? Galerazoko ote digue neke andiren batzuek? An tribulatio? Galerazoko ote dige barrengo kezka, eta estutasunen batzuek? An angustia? Galeraziko ote digu goseak, edo gauza guzien gabeak? An fames, an nuditas? Galeraziko ote digu Jesus maitagarria amatzea, ta serbitzea, onra, eta bizitza galtzeko perillak, edo munduak, ta Demonioak gure kontra altxa lezakean okaitz gogorren batek? An periculum, an persecutio? Galerazoko ote digu Jesus ona amatzea, ta serbitzea ezpata lepoan ekusteak? An gladius? Zer diola, uste dezu, S. Paulok galde oen guzien ondoren? Ez dio nai nuke, ez dio al banu, edo alegiña egingo det, baizik dio biotz alai, ta prestu batekin: uste osoa daukat Jaunagan, ezerk ere galerazoko ez didala nere Jesus ona amatzea, ta serbitzea: Certus sum: ez eriotzaren beldurrak, ez bizitzaren usteak: neque mors, neque vita: ez Aingeruak, ez oraiñ diran, ez gero izango diran gauzak, ez munduko andien alegiñak, ez Zeruak, ez infernuak, ez eta beste gauzak ere ez dit galerazoko nere Jesus ona amatzea, ta serbitzea. Ona zeñ ederki aditzera ematen digun S. Paulok konfesio onak eskatzenduan asmo oso ta sendoa. Esan gidazu oraiñ, Kristaua: onelako asmo oso, ta sendoarekin joan, eta joaten ote gera konfesioko Sakramentura? galde zere biotzari; onek bakarrik daki alabaña gauz onen berri. Beldur naiz geienai biotzak eranzungo diela: ez da nigan sortu orrelako asmo oso, ta sendorik; askok alabaña nai lukee bekaturik ez egitea, baña eziñ erabaki due beti-betiko bekatu diran gauzak utzitzea: nai nuke, albanu: utziko balit pakean:alegiña egingo det, eta beste onelako itzak esango ditue, eta aditzera emango due, ez duela bekaturik beñere ez egiteko asmo osorik. Eta oez gañera zenbat dira, esan, eta egin bear diran gauzak esateko, ta egiteko, biotzik ez duenak auzoaren, aidearen, adiskidearen beldurrez? Zenbat gauza debekatuetara kuturtzen diranak, urliarekikoa galtzeko beldurrez? Zenbat ezkontzaren uste pîska ez galtzeagatik leku ematen diezanak itz loiai, keñada, eta jolas lotsagarriai? Zenbat erriz erri, festaz festa dabiltzanak suerte onaren billa, utsegite askotan erortzen dirala. Noiz sortu due oek bekaturik beñere ez egiteko asmo oso ta sendoa? Baña goazen aurrera.

        Konfesio on bat egiteko bear dan asmoaren bigarren doai, edo kondizioa da bekatu guzietara, larrietara beintzat, zabaltzen dana izatea. Florenziako, eta Trentoko Konzilioak eskatzen due aurrera bekaturik ez egiteko asmoa: cum proposito non peccandi de cetero; eta nola sortuko da aurrera bekaturik ez egiteko asmoa, guziak, larriak bederik, osotoro utzi nai ezpadira? Beraz konfesio onak eskatzen duan asmoa zabaltzen da bekatu guzietara, larrietara bederik. Eta emen arkitzen da bekatari askorentzat aldapa bat txit gogorra, batezere oitura zarrarekin, edo guraren batera itsutuak arkitzen badira. Urlia aspaldi oitua dago erari-mota guzietara: emendik gertatu zaizka kalte andiak animaren, eta gorputzaren aldetik. Konfesio ona egiteko, artu bear du asmo osoa, aurrera griña ori utzitzeko, baña non da biotza aldapa au igarotzeko? Sandia gurasoa da, eta beartua dago umeai Zerurako bidea erakustera, ala itzez, nola bizitza onarekin; baña berak eztaki ongi dotrina, eta oitua dago lasaikerian bizitzera, berandu etxeratzera, Sakramentuetatik iges egitera. Ezagutzen du, zer egin bear lukean, bere eginbideari erantzuteko, baña ez du biotzik lan oni ekiteko. Berendiak du anziñako oitura itz loiak esateko, keñada itsusiak egiteko; eta konfesio ona egingo badu, gauza bearra da, bekatu oriek betiko utzitzeko asmo osoa; baña ez du biotzik griña oek osotoro desegiteko. Alperrik egin due alegiña konfesoreak oitura oek utzierazteko, berendia geratu da len zana. Urlia aspalditxo asi zan suerte onaren billa: badabill ergel-ergel beñ batera, gero bestera, eta leku guzietan gertatu zaizka utsegite asko, itzez, gogoz eta eskuz, azkeneko bekatuan erori ezpada ere. Konfesio ona egiteko artu bear du, bekatu oriek betiko uzteko asmoa; baña artuko ote du? Nekez. Naiago luke ur, eta ogi utsarekin astean beñ barautzea, ezen ez bere ergelkeria, ta ibillera oriek betiko utzitzea; eta bekatari oek, eta beste oen anzekoak, nola sortuko due bekatu larri guzietara zabaltzen dan asmoa, biotzik ezpadue, ukitu diran, bekatu oriek betiko utzitzeko?

        Konfesio ona egiteko bear dan asmoaren irugarren doaia da eragillea izatea: au da asmo bat bekataria esnatzen, eta azkartzen duana, aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera. Alperrik esango dezu, bekataria, negar andiakin: artzen det asmo osoa bekaturik ez egiteko: ez, ez geiago bekaturik, ez bizitzagatik, ez eriotzagatik. Alperrik, diot, izango da au guzia esatea; ez dezu bear dan asmorik, baldiñ esnatzen ezpazaitu bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera. Demagun, zure etxeak dituala soro onak, eta iñaurkiñak ere ugari, baña urrutitxo. Zuk, ala nai izatera, izango zenduan artoa, ta garia, etxerako ezezik, salzeko ere, baña ederretsi zenion edanari, ibilliari, ta alperkeriari, eta galdu dira lurrak. Ez dezu bear dezun artoaren laurdenik egiten, eta or zabiltza auzoetan arto billa, baña ez dizu iñork eman nai, zeren pagatzen eztakizun. Jartzen zera lurrai begira: ikusten dezu, nola dauden larrez, aranzaz, eta belar gaiztoz estaliak, eta negarraz diozu: ah soroak, soroak, nere zabarkeriaz galdu zerate, baña laster beste gisatan ekusiko zaitue begiratzen dizuenak. Au guzia zuk esan arren ezpazera esnatzen lanari jarraitzeko; ezpadezu arretarik iñaurkiñak ekartzeko, eta lurrak ongi maneatzeko, zer esango da zure negarraz, eta asmoaz? esango da antzuak, edo obeto esateko, iduripen utsa zirala zure asmoak, zeren eragilleak izan ez diran, eta azkartu etzaituen zure lurrak ongi maneatzera. Au bera esango da aurrera bekaturik ez egiteko, artzen ditugun asmo guziaz, esnatzen, eta azkartzen ezpagera artarako neurri egokiak artzeko. Asko da gaurko.

        Zer frutu emendik atera bear degu? Lenengoa, Jaunaren aurrean negar egitea oraindañoko gure zabarkeria, ta bizitza gaiztoaz. Bigarrena, bizitza ontzeko asmo egiazko gabe egin diran konfesioak berritzea: eta aurrera bizitza onari arretarekin jarraitzea. Era onetan iritsiko degu gure bekatuen barkazioa, eta gero betikotasun guzian iraungo duan gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa