www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA AMASEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña ezkonzako edo Matrimonioko Sakramentuaren gañean lendabizikoa.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldian itz egin nizun, Kristaua, Ordena deritzan Sakramentuaren gañean. Lenengo bost Sakramentuetan era miragarrian prestatu zituan Jaunak, guk Zerurako bidean bear ginduan, gauzak. Seigarren Sakramentuarekin, edo Ordenaren bidez ematen ditu Sakramentuen egille, eta emalleak. Zer geiago egin zezakean Jesus onak, agertzeko guri bere guganako ongi nai, ta amorioa? Dirudi, ezin geiago egin zezakeala; baña egin zuan beste bat, berak bakarrik asma zezakeana: au da, ezkonza altxatzea bere Sakramentuen mallara. Sakramentu au Jesu-Kristoren Elizan andia, eta onragarria da, eta artuko baliz Elizak nai duan eran, izango lizake etxe, erri, eta erreñuetako zori onaren iturburua. Orregatik gauza bearra da ezkonzaren gañean arretarekin, eta betaro iz egitea. Egingo det nik, nere Kristaua, ez bear lizakean adiña, baizik dezakedana, zuri gai oni dagozkan gauzak adirazteko. Gaur ukituko ditut, lenengo lekuan: ezkonzako Sakramentuari berari dagozkan berriak. Urrena ezkontzako Sakramentua artzen duenai, artu ondoan botatzen diezten bendizioak. Enzun arretarekin, ezkonduak, eta ezkontzeko asmoak dituzuenak.

 

 

§ I.

 

        Munduaren asieratik izan zan ezkonza jaio zitezen Zerurako Jaunak autuak zeduzkanak: eta lenengo ezkonduak izan ziran gure lenbiziko gurasoak, edo Adan, eta Eba. Etzan orduan Sakramentu eskontza, Santo Tomasek erakusten digun bezala. Etorri zan Munduaren Salbatzallea: ekusi zuan, ezkonza zala gurutze pisua, eta samintasunez betea, eta au arintzeko, eta gozatzeko, altxa zuan len esan dedan bezala, ezkonza Sakramentuen mallara, eman zegien ezkonduai graziaren gozagarria. Au da egia bat Florenziako, eta Trentoko Konzilioak erakusten diguena, eta Katoliko guziak sinisten duena: eta besterik esatea da herejia. Izan dira herejeak egia au ukatu duenak. Oetatik batzuek erausi zuen, ez zala ona ezkonza, eta denbora berean ontzat ematen zuen nolanai, eta norekinai loikerietan ibiltzea. Hereje oen anzekoak dira asko, Kristauen artean ere. Ez due ezkondu nai: ote da au garbitasun edo kastidadearen birtute ederrari begiraturik? Ez. Zergatik bada ezkonzaren igesi dabiltza? Zeren batekin bakarrik geratu nai ez duen. Beste hereje batzuek, oen artean Luterok, eta Kalbinok, esan zuen, gauz ona dala ezkonza, baña ez Sakramentu; baña S. Paulok deitzen dio Ezkontzari Sakramentu andia, eta onragarria, eta Elizak eskomikua botatzen dio beste gauzarik dionari: Anathema sit.

        Ezkonza, gizon, eta emakume baten artean baizik ezin izan ditekean, Sakramentua da. Orregatik ez gizonak izan ditzake denbora batean emazte asko, eta ez emazteak ere senar bat baño geiago. Ala erakusten digu gure fede santak. Munduaren asieran Jaunak berak ipiñi zuan ezkonza, eta etzion Adani eman emazte bat besterik. Denbora luzean etziran atrebitu gizonak lege au autsitzera: eta lenengo autsi zuana izan zan Lametx, Kainen ondorengoa, baña Tertulianok dionez, etzion iñork jarraitu, emazte bat baño geiago artzean, ujaldien denboraraño. Orduan alde-aldean aitu zan mundua, bada Noe, eta bere etxekoak ez, beste guziak ito ziran. Orregatik utzi zien Jaunak gizonai emazte bat baño geiago artzen: eta iraun zuan usanz onek lege zarrean ere, edo Jesu-Kristoren lege ederra etorri zan artean. Baña etzuen izan, eta ezin izan zezakeen emakumeak senar bat baizik; zeren ezaguera zuzenak argiro ala erakusten duan. Etorri zan Jesu-Kristo: ordurako betea zegoan mundua gizonez, eta emakumez: eta ipiñi zuan ezkonza, Paradisuan Jaunak ipiñi zuan bezala, edo biren artean bakarrik. Orregatik gizonak ere ez dezake artu bigarren emazterik, lenengoa bizi dan bitartean; eta artzen badu, egiten du adulterioa deritzan bekatu itsusia. Ala dio Jesu-kristok berak: Quicumque dimisserit uxorem suam... et aliam duxerit, maechatur. Esan det, biren artean bakarrik izan ditekeala ezkontzako Sakramentua; baña biren artean ere ez nolanai, baizik, Elizak sinalatzen dituan urteak dituenen artean, ezpadue ezkonza eragozten duan gauzaren bat, nola dan aidetasuna. Aidetasun au iristen da laugarren mallaraño, eta emendik eziñ ezkondu ditezke elkarrekin senideak, lengusu, bestengusu, eta erengusuak. Aidetasun au da odoletik datorrena. Bada gañera beste aidetasun bat ezkonzatik jaiotzen dana. Urlia ezkontzen da sandiarekin: senarra aide egiten da emaztearen aizpa, lengusu, bestengusu, eta erengusuakin, eta era berean emaztea senarraren anai, eta beste aideakin laugarren mallaraño. Baldin ezkontzeko itza eman badezu, balio duan eran, ezin ezkondu zaitezke, itza eman diozunaren seniderekin: eta erori bazera obrazko bekatu osoan, debekatzen zatzu ezkontza, bekatuan lagun izan dezunaren, senide, eta lengusuakin. Baña gauz oek, eta ezkonza eragozten duen beste asko, egokiagoak dira bear bada konfesonariorako.

        Ezkonzako Sakramentua artzen dan denboran, Apaizak esaten die Sakramentuaren artzalleai: nik lotutzen zaituet ezkontzarako: Ego vos in Matrimonium conjugo: orregatik gizon jakinsu asko ustean daude, itz oek esaten dituan Apaizak egiten duala Sakramentua gizonaren, eta emakumearen borondatearekin batean. Baña Santo Tomasek, eta anziñako Theologoak erakusten digue, artzalleak berak, eren borondatea bear bezala agertzean, egiten duela Sakramentua ere. Eta dana dala iritzi oez, Trentoko Konzilioa ezkero, ezkonzak ez du balio, arzaiaren, eta beste bi, edo iru testiguren aurrean egiten ezpada. Arzaiaren baimenarekin egin diteke beste Apaizen baten aurrean ere.

        Sakramentu onek, ezkontzen diranentzat dakartzian ondasunak, dira oek. Lenengoa, senarraren, eta emaztearen bi borondateak bat egitea, ezin eten ditekean, lotura, eta korapillo batekin. Aldegin beza gizonak emazteagandik, eta bijoa urrutietara, berekin darama ezkonduaren lotura, eta besterekin ezkontzen bada, ez du balio ezkonzak, eta lenengo ezkonzaren kontrako bekatuan erortzen da: Qui aliam duxerit maechatur. Ala esaten digu Jesu-Kristok. Iges egin beza emazteak senarragandik, itsasoaz beste aldera; non nai izango da bere senarrarena, eta ezin ezkonduko da besterekin, eta alakorik egingo balu, deituko zaio adultera, dio S. Paulok: au da ezkonzaren zikintzallea: Igitur vivente viro, vocabitur adultera, si fuerit cum alio viro. Lotura onek aditzera ematen du, Jesu-Kristok bere Elizarekin duan, batasuna, eta dion ongi nai, eta amorio guziz garbia. Ez du Jesu-Kristok uzten, eta ez du beñere utziko ainbeste nekerekin altxa zuan bere Eliza, edo Kristau fededunen artaldea; eta era berean ez due ezkonduak elkar utzi bear. Au onela ez izatera, zer leialtasun gordeko lioke gizonak emazteari, eta emazteak gizonari? Edozeñ aitzakiarekin gizona asiko lizake besteren billa, eta au bera egingo luke emazteak ere; eta zer aziera izango lukee onelako gurasoen umeak? Sakramentu onek artzallearentzat dakarren beste ondasuna da animako grazia ugaritzea, bear dan prestaerarekin artzen bada. Ugaritzea diot, zeren dan bizien Sakramentua, eta artu bear dan Jaunaren grazian. Gañera ematen diezte Zeruko laguntzak, bizi ditezen pakean, eta ongi eraman ditzeen eren gurutze, eta nekeak. Sakramentu au artzeko prestaeraren gañean gero itz egingo det.

        Gertatzen da zenbait aldiz Sakramentu au artzea, paramentatzea debekatua dagoan denboran. Orduan, ezkontzen diranak ez oi due Mezarik enzun, ez komuniorik artu: ez det esango, bekatu dala au; baña bai obeto dala, Sakramentu au goizetik artzea; ondoren Meza enzutea, eta Komunio Santua ere ez utzitzea. Meza enzutea diot, ez paramentatzekoa, baizik egunekoa. Gero paramendu ditezke, kentzen danean Elizaren debekua. Ez du nai Eliz Ama Santak, ezkonduak denbora luzean egotea paramendu gabe; orregatik lenbait len etorri bear due onetara. Orduan botatzen diezte bere bendizioak, eta oetatik batzuek ukituko ditut oraiñ.

 

 

§ II.

 

        Ezkonzaren ondoren, sartzen dira ezkon-berriak Elizan Apaizarekin batean, eta onek esaten die. Zori onekoak Jaunaren beldur Santuan bizi diran guziak, eta beraren Aginteen bidetik dabiltzanak: Beati omnes, qui timent Dominum: qui ambulant in viis ejus.

        Zori onekoa zu ere gisa onetan bizi bazera: zuk gustoz jango dezu zere neke, eta izerdiarekin irabazten dezuna: eta ondoren artuko dezu zere nekeen saria, ez emen bakarrik, bai ta askoz ugariago beste bizitzan: Labores manuum tuarum quia manducabis: beatus es et bene tibi erit.

        Zure emaztea ez dabillela ergelkerian batetik bestera, baizik egon dedilla etxean modestia, eta onestidade andian: izan dedilla mats ugari mordoz beterikako baten eran: Uxor tua sicut vitis abundans in lateribus domus tuae.

        Zure Seme, eta alabak, Jaunaren beldur Snatuan azitzen dituzula, agertuko dira zure maiaren inguruan olibaren alsuma ederrak bezala: begiratuko diezu, eta atsegin-pozez beteko da zure biotza: Filii tui, sicut novellae olivarum, in circuitu mensae tuae.

        Orra, onelaixe ixuriko ditu Jaunak bere bendizioak, beraren beldur Santuan bizi diranen gañera: Ecce sic benedicetur homo, qui timet Dominum.

        Zeruko Sionen, edo erri eder artan bizi dan Jaunak ixuri dezala zure gañera bere bendizioa: eman degizkitzula, ez emengo ondasunak bakarrik, baita are geiago Zerukoak: eta betikotasun guzian ekusi ditzatzula Zeruko Jerusalengo ondasunak: Benedicat tibi Dominus ex Sion, et videas bona Hierusalem omnibus diebus vitae.

        Ekusi ditzatzula erri doatsu artan zure umeen umeak, eta oekin batean ango betiko pakea: Et videas filios filiorum tuorum, pacem super Israel. Ona, Kristaua, paramentzen diranai Elizak botatzen diezten bendiziotatik batzuek.

 

 

§ III.

 

        Ekusten dezu, Kristaua, zer dan ezkonzako Sakramentua, eta zer ondasunak dakartzian ongi artzen duenen animetara? Ekusten dezu, zer bendizioak botatzen diezten Elizak ezkonduai, paramentzen diranean? Nork ez du arriturik esango, zeñ ona, ta maitagarria gure Jesus ona! bada altxa nai izan du ezkonza bere Sakramentuen mallara, era onetan arintzeko, eta gozatzeko, ezkonduen bizimoduak dakartzian gurutze, eta samintasunak. Zeñ doatsuak izango ez lirake etxe, ta erriak, bear bezala artuko baliz Sakramentu au? Baña asko dira abereak baño prestaera geiago egiten ez duenak. Emendik ainbeste ezkonza negargarri: emendik ainbeste ume gaizki azi. Zuek bada, ezkonduak, ezagutu ezazue, zeñ andi, ta onragarria dan ezkonzako Sakramentua: arrezazue bizimodu on bat, eta iritsiko dituzue Sakramentu onen gozagarriak, eta oekin batean uste izan dezakezue betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa