www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA LAUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amairugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Konfesio on bat egiteko bear dan irugarren gauza, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa izan da azkeneko Erakusaldien gaia. Emendik igarotzen da lenbiziko Komunioaren liburua, Konfesio ona egiteko bear dan laugarren gauzaren gañean itzegitera, eta galdetzen du gisa onetan.

        «Konfesio on bat egiteko bear dan laugarren gauza zeñ da? Erantzuten du konfesioa, edo bekatuak aitortzea. Zer aditzen dezu konfesioaren izenez? Aditzen det egindako bekatuak aitortzea, edo esatea barkatzeko eskua duan Apaizari: Aitortu, edo konfesatu bear ote dira bekatu benialak ere? Ona da, baña ez da premiazko gauza: eta nola konfesatu ditekean bekatu benialak baizik ez duana, esan da bederatzigarren Erakusaldian.

        Zer doai, edo kondizio bear ditu konfesioak? Irutara biur ditezke guziak. Zeñ dira? Umilla, egiazkoa, ta osoa izatea. Zer da konfesio Umilla? umiltasun, eta lotsa eder batekin bekatuak aitortzea. Zer da konfesio egiazkoa? Aitortzea bekatuak examinan arkitu diran eran, eta adiña. Zer da konfesio osoa? Bekatu larri konfesatugabeak osotoro aitortzea.

        Konfesatu gabe utzitzen badezu bekatu larriren bat, zeren examinan gogora etzatzun, edo zeren gero aztu zatzun, gaiztoa izango ote da zure konfesioa? Ez, Jauna, ori nere kulpaz gertatzen ezpada; baña geratuko naiz aztutako bekatu ura gero konfesatu bearrean. Lotsaz, edo gaiztakeriaz bekatu larriak edertzen, edo isîlik gordetzen badira konfesioan, zer bekatu egiten da? Sakrilejioa deritzan bekatua? Zer egin bear du onelako bekatariak? Berritu bear ditu, gaizki konfesatzen asi zanetik egindako konfesioak. Beraz konfesatu gabe utzi zuan bekatua ezezik, konfesatuak ere berriro aitortu, edo esan bearko ditu? Bai, Jauna, zeren konfesio onarekin bakarrik kentzen, edo bukatzen dan bekatu larrien konfesatu bearra? Eta konfesatu gabe utzi zituan bekatuak aitortzeaz gañera, esan bearko ote du, nola lotsaz, edo gaiztakeriaz utzi zituan? bai, Jauna, zeren onetan dagoan Sakrilejioa deritzan bekatua oraiñ diogun tranzean. Erakusleak: ongi diozu, eta konfesio gaiztoak berritzeko, nola egin ditekean examina, esan zan bostgarren Erakusaldian». Ona, lenbiziko Komunioaren liburuak konfesioaren gaiñean dakarrena.

        Gauz oek zuk ongi aditu ditzatzun, Kristaua, itzegin nai dizut gaur Konfesioaren gañean. Aditzera emango dizut aurrena, zeñ gauza bearra dan bekatuen barkazioa iristeko, oek Apaizari aitortzea, edo konfesatzea, eta zer gisatan au egin izan dan Elizaren asieratik. Urrena, zer doai, edo kondizio bear dituan konfesio onak. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Zuk, nere Kristaua, iritsi nai dezu, egin dituzun bekatuen barkazioa? Gauza bearra da bada oek aitortzea, edo konfesatzea. Au da zure siniste, edo fedeak erakusten dizuna, eta besterik esatea da herejia deritzan bekatua, eta debekatzen du Elizak Exkomiku nagusiarekin: Anathema sit. Gauza bearra da gañera zure bekatuak aitortzea, ez norinai, baizik barkatzeko eskua duan Apaizari. Au ere fedeko gauza da, eta besterik esatea debekatzen du Elizak Exkomiku nagusiaregin: Anathema sit. Anziñako denboran, Apaiz gabe eriotzako perillean arkitzen zanak, norinai esaten ziozkan bere bekatuak, Españako legeak aditzera ematen diguenez: eta au bera egin oi zuen itsasoan zebiltzanak, perill andiren batean ekusten ziranean; baña konfesio au etzan Sakramentu, eta egiten zan, Sakramentuaren naia erakusteko, eta Jaunagandik iristeko onezko damu, edo kontrizio osoa. Galdetzen da, eriotzako perillean Apaiz gabe arkitzen dana oraiñ len bezala konfesatu ote ditekean Apaiz ez danarekin? Ezetz dio Aita Santu Benedikto Amalaugarrenak: zeren alperrik agertuko litukean bere utsegiteak; eta gañera, zeren nolerebait emango lukean bidea, sinisteko, Luteroren eskolakoa dala, Luterok alababaña beste herejia askoren artean esan zuan, guziak, ala gizonak, nola emakumeak duela konfesioak aditzeko eskua. Bi gisatara egin izan da Elizaren asieratik konfesioa. Egin izan da benik beñ, oraiñ bezala, bakoitzak isilik belarrira esaten diozkala Apaizari bere bekatuak: eta modu au da guzien artean egokiena, edozeñek ezagutu dezakean bezala. Egin izan zan gañera, aitortzen, edo esaten zirala bekatuak, Elizan arkitzen, ziranak aditzen zituela; baña gertatu zan Konstantinoplan, Nektario ango Obispoaren denboran, emakume batek guzien aurrean aitortzea, egin zuan bekatu itsusi bat, agertzen zuala bekatuan lagun izan zuana. Emendik etorri ziran esamesa andiak, eta utziaz joan ziran Kristauak bigarren konfesio mota au, eta geratu zan bakarrik konfesio isilla; baña naiz bata, naiz bestea naiz biak ziran onak, Jesu-Kristoren Aginteari eranzuteko.

        Emen, bide nabar bezala, gogoan arrezazu Kristaua, esatera noana, konfesatzera zoazenean, etzuazela konfesioaren idurian beste munduko gauzen billa; batzuek alabaña joan oi omen dira bizi lagunaren kontrako espadasunak esatera, jakin dezan konfesoreak nolako gizon, edo emaztearekin bizi diran. Ez orrelakorik egin, Kristaua. Esan itzatzu zure bekatuak, eta utzi itzatzu bestearenak. Beste batzuek joan oi omen dira, konfesioaren aitzakian, limosnaren bat ateratzeko ustean. Oek gatik esan diteke, Dabidek beste gauzatarako ziona: konfesatuko da mesedeak artzen dituan bitartean: Confitebitur tibi, dum benefeceris ei. S. Felipe Neriri joan omen zitzaion beñ emakume bat konfesatzero idurian, Santua bitarteko zuala iristeko S. Jeronimoren ordenako Erlijiosoak egun oro beartsuai ematen ziezan ogia. Santuak ezagutu zuan Zeruko argiarekin, zer asmorekin zijoakion emakume ura, eta bidaldu zuan konfesatzeko lekurik eman gabe, esaten ziola: Eztago emen ogirik zuretzat. Beste batzuek joan oi omen dira konfesatzera, konfesorearen bidez iristeko ezkontzaren bat. Konjuratzallea dan errira bilduko dira gaizkiñadunak, eta au bera gertatzen da jakiten danean, Erretore, edo beste konfesoreren bat dala ezkontzagillea. Baña ez da emen onelako gauzarik aditzen, eta goazen aurrera. Dakuskun, zer doai, edo kondizio bear dituan konfesio onak.

 

 

§ II.

 

        Asko dira konfesio onak bear dituan doai, edo kondizioak, gizon jakinsuak erakusten diguenez, baña guziak biur ditezke irutara. Oek dira, umilla, egiazkoa, elta osoa izatea.

        Konfesio umilla, au da umiltasun, eta lotsa eder batekin bekatuak aitortzea: umiltasunarekin: ala Abanjelioko seme ondatzalleak Aita Zerukoari aitortu zion bere gaizki egiña: Aita, esan zion: egin det bekatu zure kontra: ez naiz ni zure seme izendatzeko diña; baña arnazazu zure serbitzarien artean bederik. Au bera aditzera eman zigun Jesu-Kristok Fariseo, ta bekatari Publikanoaren ipui, edo parabolan (Publikanoaren izena ematen zitzaion Juduen artean guzien auan, ta iritzian bekataritzat ezagutua zegoanari). Sartu ziran Fariseoa, ta publikanoa beñ Elizan. Fariseoa igaro zan Elizan goora, eta asi zan Jaunari eskerrak ematen, ez ordea umilki, baizik antuste, edo soberbia andiarekin esaten ziola: Eskerrak, Jauna, zeren egiñ ez nazun besteen, eta arako publikano aren anzekoa: astean bi egunez barautzen naiz eta ditudan gauza guzien amarrena ematen det. Ekusten dezu, zeñ arroa, eta puztua agertu zan Fariseoa Jaunaren aurrean? Etzan ara joan bere bekatuak aitortzera, baizik obra onak esatera, eta era berean dijoaz batzuek konfesatzera, ez bekatuak, baizik obra onak. Publikanoa geratu zan lekurik beenean: eta begiraturik bere bekatuai, etzan atrebitzen lurretik begiak kentzera. Bularrari kolpe andiak emanaz Jaunari esaten zion: Nere Jaungoikoa, urrikaldu zaite bekatari onezaz. Propitius esto mihi peccatori. Ona zer umiltasun, eta ezaguerarekin eskatzen zuan Publikanoak bere bekatuen barkazioa. Orregatik dio Jesu-Kristok, barkatu ziozkala Jaunak bekatari oni bere bekatuak, ez ordea Fariseoari. Esan det, konfesio umilla dala umiltasun, eta lotsa eder batekin bekatuak aitortzea. Bada lotsa bat, dio Espiritu Santuak, gaiztoa eta berekin bekatua dakarrena: onek eragozten du esan, eta egin bear diran gauzak esatea, ta egitea. Bada beste lotsa bat onra, ta edertasuna dakarrena. Confusio adducens gloriam, et gratiam. Lotsa onek ez du eragozten bekatua aitortzea bear dan denboran, eta lekuan, baizik aitor erazten du. Begira Magdalenari Jesusen oñetan. Ekusi zuan Magdalenak zeñ eskergabea izan zan Jaunarentzat: lotsatu zan, eta lotsa onek etzion eman pakearik Jesusen oñetan jarri, eta negarrez barkazioa iritsi zuan artean.

        Konfesio onaren bigarren doai, edo kondizioa da egiazkoa izatea: au da bekatuak aitortzea examinan arkitu diran eran, eta adiña. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Onetarako ez ditugu gutxitu bear gure bekatuak, baizik esan bear ditugu, zenbat examinan arkitu ditugun, ainbeste. Ez ditugu edertu bear, besteri obena, edo kulpa egozten diogula, zeren bekatu egiten degunean, naiz bestek bidea eman, naiz ez, geren naiez egiten degu, ez bestela. Atzenean ez ditugu esan bear besteren bekatuak, baizik gerenak. Zertako esan bear ditu gizonak emaztearen, eta emazteak gizonaren bekatuak? Zertako gurasoak umearenak, eta umeak gurasoarenak? Esan bitza bakoitzak bereak. Baña Adan eta Ebaren ondorengoak izan gu! Adanek bere bekatua egotzi nai izan zion Ebari, eta Ebak sugeari, edo Deabruari.

        Konfesio onaren irugarren doai, edo kondizioa da osoa izatea. Onetarako ez da asko Mandamentu baten kontra egindako bekatuak, esatea, baizik esan bear dituzu Mandamentu guzien kontra egin dituzunak: ez da asko gogoz, edo pensamentuz egindakoak esatea, baizik esan bear dituzu gañera itzez, eta obraz egin dituzunak. Era berean esan bear dituzu zure estadu, eta karguaren eginbideen kontra egin dituzun utsegiteak, dala zabarkeriaz, dala bestela. Karlos bostgarrena, edo Karlos kinto bizi zanean, zebillen alde errirenbatean, sartu omen zan. Elizen batean, prestatu zan konfesatzeko. Deitu zion erriko Apaiz edo Erretoreari, eta konfesatu zan; baña etzan oroitu Errege zan aldetik izan zezakean utsegiteaz. Orduan Erretoreak esan zion esan dituzu Karlos zure bekatuak: esan ditzatzu Erregerenak. Añ ongi erori zitzaion Erregeri Apaiz. arren esan au, non gero onra andietara altxatu zuan. Askotan gertatzen da lagun urkoai bekaturako bidea ematea: orduan esan bear da, zenbat laguni, eta zenbat bider, eta gurasoak umeai edo umeak gurasoari eman badio bekaturako bidea, au ere aditzera eman bear da konfesioan. Baldin bekatu egin bada seigarren Mandamentuaren kontra, orduan begiratu bear da, zer estadutakoarekin egin dan aidea dan, edo ez, eta aidea bada, zer aidetasun dan. Bekaturen bat konfesatu gabe geratzen bazatzu, zeren examinan gogora etzatzun, edo zeren gero konfesatzeko denboran aztu zatzun, ezta orregatik gaiztoa izango zure konfesioa, baldin-arreta onarekin kontuak atera badituzu; baña beartua zaude gero konfesatzera aztutako bekatu ura, aditzen da larria edo mortala bazan, ez bestela. Lotsaz konfesatu gabe utzi badezu bekatu larri, edo mortalen bat, orduan gaiztoa da zure konfesioa, eta berritu bear dituzu konfesio ura, ta arreizkero egindakoak, garbiro esaten dezula nola lotsaz utzi zenduan konfesatu gabe bekatu au, edo ura. Baña zer gertatzen da beiñ baño geiagotan? Garizuman, edo Misioren, batean esnatzen da, lotsaz konfesatu gabe utzi zan, bekatu itsusiaren oroipena; artzen du bekatariak konfesio guziak berritzeko asmoa: prestatzen da, eta egiten du konfesio jenerala, eta beste bekatuen artean sartzen du lotsaz utzitakoa ere. Alaere ez du konfesio ona egiten, zeren atrebitu ez dan esatera, lotsaz utzi zuala bekatu au, edo ura. Orregatik beste bekatuakin nastutzen du.

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ gauza bearra dan bekatuen barkazioa iristeko, oek Apaizari aitortzea? Ekusten dezu, zer doai, edo kondizio bear dituan konfesio onak? Izan gaitezen leialak gure bekatuak aitortzeko, eta leiala, urrikaritsua, ta justua da Jauna guri barkatzeko, esaten digu S. Juanek: Si confiteamur peccata nostra, fidelis est, et justus, ut remittat nobis peccata nostra, et emundet nos ab onani iniquitate (1 Joan. c. 1). Bizi gaitezen aurrera zintzoro, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa