www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUROGEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Ezkontzako edo Matrimonioko Sakramentuaren gañean bostgarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Luzaro itzegin diet ezkonduai ezkonzako Sakramentuaren gañean; eta nork nai igerri dezake, oen artean asko bizi dirala, urratu nai, eta ezin urratu dituen edeakin lotuak, gustoko egun bat ekusten ez duela. Oei aditzera eman zate, nola gozatu dezakeen beren gurutze samiña. Orain zerbait esan bear dizuet zuei, ezkontzeko adiñean arkitzen zeraten gazteak, itsu-itsuan sartu etzaitezten, bizitza guzian iraun bear duan, katean.

        Ezkonzako Sakramentua andia, ta onragarria da, S. Paulok dion bezala; baña artu bear da Jaunak, eta Eliz Ama Santak nai duen eran; bestela erraz gerta diteke batek bere anima galtzea betiko. Jauna, esango didazu: eta zer ote da, nik nere aldetik egin bear dedana, Sakramentu au, Jaunak, eta Eliz Ama Santak nai duen bezala, artzeko? Asko gauza bear dira onetarako. Oetatik lenengoa da, arretaz begiratzea, zer estadu, edo bizimodu dan zuretzat egokiena. Bigarrena, zeñetara deitzen dizun Jaunak. Bi gauz oek adiraztea izango da gaurko itzaldia. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Zuk, gazte ezkongaia, betiko bizitza iristeko asko dezu Jaunaren Aginteak, eta Eliz Ama Santarenak leialki gordetzea. Baña gure griña, ta jenioak ez dira berdiñak, eta batzuentzat neke andia da Jaunaren Aginteak gordetzea estadu, edo bizimodu batean, bestearentzat ez ainbeste. Batzuentzat neke andia da Jaunaren legea gordetzea ezkonduen bizimoduan, beste batzuentzat ez: eta au bera gertatzen da beste estadu, eta bizimoduakin. Orregatik nai izan zuan Jaunak estadu, edo bizimodu asko izatea beraren Elizan, autu dezan bakoitzak egokiena, edo obeto datorkiona.

        Jesu-Kristoren Elizan diran, estadu guziak dira berenez onak, eta guzietan izan dira Santu asko, batzuek donzellak, besteak ezkonduak: batzuek erlijioko ordenetan ezkutaturik bizitu diranak; besteak munduaren erdian perill guziak garaitu dituenak. Batzuek Erregeak, besteak gerrariak. Batzuek nekazariak, edo lurreko lanetan ari oi ziranak; besteak arotzak, argiñak, edo beste langinzaren batean ziarduenak. Orregatik beren estadu, edo bizimodua arturik daudenak, ez dabiltzala esaten: Nik onelako, edo alako estadu artu banu, izango nintzan ona. Au da etsaiaren sare bat: ez dago baten ontasuna bizimodu au, edo ura artzean, baizik artu duanari leialki eranzutean, eta au da egin bear deguna, estadua artu genduan guziok.

        Esan det, Jesu-Kristoren Elizan diran, estadu guziak dirala berenez onak; baña au ala izan arren, ezin ukatu diteke, oen artean batzuek besteak baño obeak dirala. Obea da berez garbitasun, edo kastidadea gordetzen duenen estadua ezkonduenena baño: obea da erlijioko ordenaren batean bizitzea, ezen ez munduko perillen artean egotea. Baña gerta diteke estadu, edo bizimodu, berez obea dana, zuretzat egokia ez izatea. Askorentzat Apaiz izatea, Erlijioko ordenaren batean sartzea ez da bizimodu egokia, beste batzuentzat bai. Au bera gerta diteke ezkonduen estadu, ta bizimoduarekin ere. Demagun, urlia dala alperra, eta beste aldetik ondasun andirik ez duana; ez da onentzat egokia ezkonduen bizimodua, zeren bizimodu onetan nekatu bear dan emazte, ume ta etxekoak bear duena irabazteko. Sandia da seta utsa, eta berearekin irteten ezpada, pakearik emango ez duana: berendia da ordia, bere itzegitean zikiña: oentzat guzientzat ez da ezkonza estadu egokia berez, zeren griña oriek eskuratzen ez diran bitartean, ezin ongi eranzungo diezan eren egin-bideai. Orregatik, zuk, gaztea, arretaz begiratu bear dezu, zer estadu, edo bizimodu dan zuretzat egokiena.

 

 

§ II.

 

        Estadu, edo bizimodua Jaunak nai duan eran artzeko, ez da asko batek begiratzea, zeñ estadu dan arentzat egokiena; askotan alabaña gertatzen da, batek beregan esatea: arako bizimodu ura da neretzat egokiena, eta ala ere Jaunaren borondatea besterik izatea. Orregatik egin bear dan bigarren gauza da, begiratzea, zeñ estadu, edo bizimodura Jaunak deitzen dion bakoitzari. Badira guraso batzuek, gogoak ematen dien estadua umeentzat aututzen duenak. Au etxerako, ura monja, bestea Apaiz. Gurasoak, ez dezue onelako eskurik: Jaungoikoari bakarrik dagoka prestatzea bakoitzari estadu, edo bizimodua: orregatik dio S. Paulok bakoitzak Jaunagandik du bere doaia: Unusquisque propium donum habet ex Deo: batak bizimodu batean, besteak bestean bera serbitzeko: alius quidem sic, alius vero sic. Orregatik dio Jesusek. Ni naiz atea: atetik sartzen ez dana artaldean, lapurra da. Badakit, gutxi dirala, Jaunaren dei, eta borondatea ezagutzeko, burua berotzen duenak; baña denbora berean guziok dakigu, zeñ negargarriak diran, emendik etorri oi diran, ondorenak, estadu guzietan, eta ez gutxiena ezkonduen artean. Zenbat emakume bizi dira, gauak, eta egunak negarrez igarotzen dituela, zeren berentzat, eta umeentzat bear duena ezin billatu duen? Zenbat gizon gogaituak, eta erkituak, emaztearen griña txarrak ezin irozo dituela? Gutxi da au: emengo nekeak alabaña, diran andienak ere, laster bukatuko dira; baña gerokoak ez due izango bukaerarik, eta neke oetan amildu oi dira, Jaunaren dei, eta borondateari begiratu gabe beren estadua artzen duenak.

        Jauna, esango didazu: eta zer egingo det nik, Jaunaren dei, eta borondatea ezagutzeko? Jaunak, ala nai izatera, nori nai itzegin, eta aditzera eman legioke berez, eta Aingeruen bidez, artu dezala estadu au, edo ura, Oseas Profetari, eta Tobias gazteari aditzera eman zien eran. Baña gutxitan gertatzen da au, eta nai du Jaunak, bakoitzak bere aldetik alegiña egitea, igerritzeko beraren dei, eta borondatea.

        Onetarako zuk egiñ bear dezun, lenengo gauza da, konfesio on batekin zure anima bekatuaren loietatik garbitzea. Berjera bat umandu nai duanak, lenago garbitu bear ditu ur-bideak, eta gero eman bear diozka urak. Era berean Espiritu Santuaren ur gozo, ta argitasunak artu nai dituanak, garbitu bear du anima bekatuaren loietatik. Bigarrena da Jaunari umilki eskatzea, eman degizula, beraren dei, eta borondatea ezagutzeko argitasuna. Jauna, esaten zion Dabidek: erakutsi gidazu, zer bidez ni ibiltzea, nai dezun: erakutsi gidazu, zuk nai dezuna egiten. Irugarrena, jarri zaite Jaunaren aurrean prest, berak nai duan bizimodua artzeko, dana dala esaten diozula Samuel Profetarekin: Itz egizu, Jauna ona ni zure serbitzaria, zuk esaten didazuna enzutzeko, ta egiteko: Loquere, Domine, quia audit servus tuus. Baña zer gertatu oi da? Gertatu oi da batek egin nai izatea, ez Jaunak nai duana, baizik berak gura duana, eta utsegitea estaduaren aukeran. Rakel Jakoben emazte ederrak etzuan aurrik, eta beraren aizpa Liak bai: orregatik Rakel bizi zan illuntasun, edo tristura andian, ainbesteraño, non naigabez illko zala zion berak. Denboren buruan geratu zan aurdun, baña aurgite añ gaiztoa izan zuan, non oñazeen artean ill zan. Semea egin zuanean esan zuan: Benoni: esan nai du: nere oñazearen semea. Rakeli aurra izateko egarria kosta zitzaion bizia: eta askori ezkonzaren gura geiegia kosta zate animaren betiko bizitza.

        Laugarrena: begira garbitasun, edo kastidadearen edertasunari. Birtute au besteen artean da lirio zuri eder bat bezala, dio S. Buenabenturak: da aragiaren eriotza, eta animaren bizitza, dio S. Ziprianek: da birtute bat gizona Aingeruen anzeko egiten duana, dio S. Bernardok. Baña birtute eder au uxaldua, maskaldua, eta mastrikatua geratzen da gogorazio munduak ezertan artzen ez dituanakin ere. Bada Indietan belar bat lotsatia deritzana. Sustraiaren ingurutik goraño jantzitzen da osto berdez, eta gordetzen dioe gorputz guzia. Eder dirudi, baña ez da ukitu bear, zeren ukitzen bada edo eskuarekin, edo beste edozeñ gauzarekin, bereala maskaltzen zaizka bere osto ederrak, eta erortzen zaizka lurreronz. Au bera gertatzen da garbitasun, edo kastidadearekin. Txit ederra da, baña asko da gogorazio gaizto bati leku ematea, edo ukitze lotsagarri bat egitea, birtute onen edertasuna galtzeko. Kristala ere, garbitua dagoanean, ederra da, baña asnas utsa asko da illundurik uzteko. Zuk bada, gazte ezkongaia, ongi begira giozu garbitasun, edo kastidadearen edertasunari, baita zere buruari ere. Egokia izango ote da zuretzat garbitasun, edo kastidadea osotoro gordetzea eskatzen duan estadu, edo bizimodua?

        Bostgarrena: begira urrena ezkonduen bizimoduari. Bizimodu onetara asko dira deituak, eta Jaunak nai duan eran artzen bada, emango diezte Jaun berak ongi bizitzeko lagunzak. Baña ez uste izan, gaztea, guziak dituela estadu onek eskatzen dituan doaiak. Zer doai ote dira oek? Ara oetatik batzuek. Lenengoa da, paketsua izatea, zeren pakerik ezpada ezkonduen artean zer ongi nai, eta amorio izango dioe elkarri? Paketsua izateko gauza bearra da setaren, eta aserrearen griña txarra ezitzea. Bigarren doaia: bata bestearentzat leiala izatea. Onetarako ez da egin bear, Jaunak debekatzen duan, gauzarik, arrotzakin ezezik, bizilagunarekin ere. Badue ezkonduak gauza batzuetarako eskua; ez ordea Jaunak debekatzen diezten gauza nazkagarrietarako: eta askorentzat errazago da ezkonduen lanak osotoro utzitzea, ezen ez gauza debekatuetara ez igarotzea, esan zuan S. Agustiñek. Irugarren doaia: aurrik izaten bada, oei Zerurako bidea erakustea, eta era berean etxekoai. Eta nork eztaki, asko ez dirala onetarako egokiak? Nola erakutsiko du Zerurako bidea, dotriña ongi ez dakianak? Nola erakutsiko du Zerurako bidea, Sakramentuetatik igesi bizi danak? Laugarren doaia: umeak, eta etxekoak bear dituen gauzak ipintzeko arreta: ta bere nekearekin bizi bear duanak lankintzaren bati ongi jarraitzea. Au da egin-bide, edo obligazio bat ezkonduen estaduak berekin daramana. Esan zadazu oraiñ gaztea: egokia ote zera ezkonduen estadu, edo bizimoduan Jaunaren lege Santa ongi gordetzeko? Egokia bazera, eta estadu orretara makurtua badago zure borondatea, sinits dezakezu, au dala Jaunaren dei, eta borondatea.

 

 

§ III.

 

        Orra, gazte ezkongaia, Jaunak, eta Eliz Ama Santak nai duan eran ezkonzako Sakramentua artzeko, bear diran lenengo bi gauzak. Jauna esango didazu: orrenbeste neke artu gabe, egiñ oi dira ezkonzak, eta era baliz, are geiago egingo lirake. Aitortzen det au guzia; guziok dakigu alabaña, asko, ta asko ezkontzen dirala moxalak baño kontu geiago atera gabe; baña denbora berean edozeñek daki, onela egiten diran ezkonzetatik kalte asko datozela errietara, nola diran, ezkonduak elkar ezin ekusi duela bizitzea, umeen aziera txarra. Jaunak nai duan estaud, edo bizimodua artzen duenak ere ez dira Zerurako, leialki eranzuten ezpadieza eren egin-bideai. Ala gertatu zan Judasekin. Judasi Jesu-Kristok berak deitu zion Apostoluen malla onragarrira; ta alaere betiko galdu zan, zeren bere aldetik egin bear zuana etzuan egin. Zer izango da, baldin estadua artzen bada itsu-itsuan, eta Jaunaren borondatea ezagutzeko alegiñarik egin gabe? Ez dezazula, gaztea, orrelakorik egiñ. Begira arretarekin, zeñ estadu, eta bizimodu dan zuretzat egokiena: eta noronz deitzen dizun Jaunak. Onela errazago eranzungo diezu zure eginbideai, eta neke gutxiagorekin irabazi dezakezu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa