www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMABOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean irugarrena,

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian itz egin genduan, Aldareko Sakramentua ipintzeko denboran gertatu ziran gauzen gañean. Orain lenbiziko Komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Ostian zer dago? Erantzuten du: Konsagrazioko itzak Apaizak esan ditzan artean, ogi piskabat, eta esan ezkero Jesu-Kristoren gorputza. Jesu-Kristoren gorputza bakarrik ote dago Ostia Konsagratuan? Ez, Jauna, baizik Jesu-Kristo Jaungoiko, eta gizon egiazko guzia. Beraz Ostia Konsagratuan Jesu-Kristoren gorputzarekin batean arkitzen dira beraren odola, anima, ta Jainkotasuna? Bai, Jauna. Nola ori? Zeren Konsagrazioko itzen indarrez jartzen dan Ostian Jesu-Kristoren gorputza bizirik, eta gorputz biziari ditxeozkanak diran odola, eta anima. Zeren gañera Jesu-Kristoren Jainkotasuna, gizon egin zanetik, bat egniña, edo unitua dagoan beraren gorputz, eta animarekin.

        Kalizan zer dago? Konsagrazioko itzak Apaizak esan ditzan artean, ardoa, eta ur piska bat, eta esan ezkero Jesu-Kristoren odola. Jesu-Kristoren odola bakarrik ote dago kalizan, konsagrazioa ezkero? Ez, baizik Jesu-Kristo Jainko, eta gizon egiazko guzia. Beraz kalizan Jesu-Kristoren odolarekin arkitzen dira beraren gorputza, anima, eta Jainkotasuna? Bai, jauna. Beraz Jesu-Kristo guzia dago, Ostia konsagratuan, eta guzia Kalizan? Bai, Jauna, baña Ostian ogiaren, eta Kalizan ardoaren anz eta idurien azpian. Ostia konsagratu utsarekin komulgatzen danak artzen ote du, Ostia eta ardo konsagratua artzen dituanak adiña? Bai, Jauna, artzen du alabaña, ala batak, nola besteak Jesu-Kristo Jainko, ta gizon egiazko-guzia. Zergatik Kristau guziak ez dira komulgatzen Ostia, eta ardo konsagratuarekin, Apaizak bezala? Ensun det, asko lekutan onela komulgatzen zirala Kristau guziak anziñako denboran, baña kendu zuala Eliz Ama Santak usanza au, zeren gertatzen zan Jesu-Kristoren odola Komunioko denboran ixurtzea, eta gañera zeren premiazko gauza ez dan, era onetan Kristau guziak komulgatzea». Orra lenbiziko komunioaren liburuak gai onetan dakarrena.

        Sakramentu on da Jesusen guganako ongi nai, eta amorioaren mirari andi bat: miraculum amoris. Amorio au agertu zuan Jesusek gugana etortzeko, eta gurekin bizitzeko egarriarekin. Agertu zuan, Sakramentu ori ipintzeko denboran gertatu ziran, gauz arrigarriakin, leneko bi Erakusaldietan ekusi degun bezala. Agertu zuan, eta agertzen du gañera Sakramentu orretan ematen digunarekin. Orregatik gaur ekusi bear dezu, nere Kristaua, zer, ta nola ematen duan Jesusek Sakramentu orretan. Urrena zer eskatzen digun Sakramentu orretatik. Emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Ongi nai, eta amorio egiazkoa emallea da; eta alde onetatik begiratzen badiozu Jesusen guganako ongi nai, eta amorioari, arriturik geratuko zera.

        Zer ote da Jesusek Sakramentu orretan ematen diguna? Ematen digu eman al guzia, duan onena, eta nai degun aldi guzietan. Au nolerebait ezagutzeko, idiki tzatzu fedearen begiak, eta begira zer dagoan Sakramentu orretan. Ekusiko dezu, or dagoala Jesusen gorputza ogiaren anz, eta idurien azpian. Au da nere gorpuza, esan zuan Jesusek, eta nork sinistuko ez dio Jesusi? Ekusiko dezu, gorputzarekin batean or dagoala gugatik ixuri zuan, odola bera; Jesusen gorputza alabaña, piztu zan beñere ez iltzeko, eta beragatik Sakramentu orretan eztago illa, baizik bizirik, eta gorputz biziak berekin beardu bere odola. Ekusiko dezu, gorputz, eta odolarekin or dagoala Jesusen anima; anima alabaña bat egiña, edo unitua dago gorputz biziarekin. Egizu kontu, eltzen diola batek, errosarioak daukeen gurutze eder bati, eta erakartzen duala beregana: gurutzearekin batean joango dira errosarioaren amarreko guziak ere, zeren gurutzeari itsatsiak dauden. Era berean Konsagrazioko itzak Apaizak ostiaren gañean esaten dituanean, jartzen da an itzen indarrez jesusen gorputza, eta nola gorputzarekin bat egiñak dauden odola, eta anima, oek ere gorputzarekin batean jartzen dira ostian: eta au bera gertatzen da kalizan ere, ardoa konsagratzen danean: itzen indarrez jartzen da odola, eta odolari darraizka gorputza, eta anima. Ekusiko dezu, Jesusen gorputzak argi egiten duala eguzkiak baño milla bider geiago, eta edertasun au ezkutatzen duala, Sakramentua artzera dijoazenak izutu ez ditezen. Ekusiko dezu, bere esku, oñetan, eta saietsean dauzkala bere bost zauri, edo llagen siñaleak, eta bakoitzak distiatzen duala eguzkiaren eran.

        Ekusiko dezu gorputzarekin batean or arkitzen dala Trinidadeko bigarren Persona, Jaungoiko egiazkoa, gure amorioz gizon egin zana: orduan beregana artu zuan gorputz ori, eta ez du beñere utzi. Ekusiko dezu, bigarren Personarekin batean or dagoala Aita betikoa; eziñ alabaña aldegin dezake Aitak Semea gandik, ez eta Semeak ere Aitagandik. Amatzen banau ni norbaitek, amatuko du nere Aitak, eta biok etorriko gera argana, dio Jesusek: Si quis diligit me... et Pater meus diliget eum, et ad eum veniemus. (Joan. 14). Aita betiko ori da gu Zerurako bidean ipintzeko, bere Seme bakarra eman zuana. Eman zuan, mundura bidaldu zuanean. Eman zuan, eta egun oro ezin konta al bider ematen digu Sakramentu orretan. Ainbesteraño maite izan ginduan, dio S. Juanek, non eman zigun bere Seme bakarra: sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret (Joan 14) Atzenean fedearen argiak erakusten dizu, Aita betikoarekin, eta Semearekin Sakramentu orretan dagoala Espiritu Santua ere, irurak dira alabaña Jaungoiko bat bakarra.

        Ekusten dezu Kristaua, zer dagoan Sakramentu orretan? Atozea, eta au guzia ematen badigu Jesus onak, zer geiago, eta zer gauz oberik eman dezake? Ematen du au guzia ezer ezpaliz bezala, ogiaren idurien azpian ezkutaturik: ematen dio andiari eta txikiari, aberatsari, eta beartsuari, eta ematen dio nai duan aldi guzietan. Arritzen da S. Agustin, Jesusek Sakramentu orretan ematen digunari begiraturik, eta dio: izanik gure Jaungoikoa Guzialdun, edo Omnipotentea, ala ere eziñ eman duana baño geiago eman zezakean: Cum Deus sit Omnipotens, plus dare non potuit. Izanik guziz jakintsua, alaere etzuan jakin, zer geiago guri eman: Cum sit Sapientissimus, plus dare nescivit. Eta izanik guziz aberatsa, etzuan, izan zer eman geiago: Cum sit ditisimus, plus dare non habuit. Zer ongi nai, ta amorioa izango ez da bada Jesusek Sakramentu orretan guganako agertzen duana, Sakramentuan bertan ematen digunari begiratzen badiogu? Eta nork eztakus, bidez, eta egiaz deitzen zaiola ongi nai, ta amorioaren mirari, eta milagroa? Miraculum amoris? Dakuskun oraiñ, zer, eskatzen digun Jesus onak Sakramentu orretatik.

 

 

§ II.

 

        Zer ote da Jaunak Sakramentu orretatik eskatzen diguna? Beretzat ezer ez, ez du alabaña gure bearrik beretzat; baña guri ongi naiez eskatzen digu, egin dezagula betiko zori ona iristeko egin bear dana. Zer bear ote da onetarako? Bear da benik beñ bekatutik aldegitea; bekatuaren saria da alabaña eriotza, eta betiko neke, ta oñazeak. Eziñ sartu diteke Zeruan bekatuz loitua dagoan gauzarik, S. Juanek esaten digun bezala: Non intrabit in eam alikid koinkinatum (Apocal. 21). Bear da bigarrena, bekaturako bideetatik, eta lagun gaiztoetatik aldegitea; bestela galduko da, Espiritu Santuak esaten digun bezala: Qui amat periculum, peribit in illo. Bear da irugarrena, bakoitzak bere gura, eta griña txarrak ukatzea, edo ezitzeko alegiña egitea. Au egiten ez dala, ez dago bekatua bekatuari erantsitzea baizik.

        Ala gertatzen da birauak botatzeko, edanean igarotzeko, itz desonestoak esateko, ukitze lotsagarriak egiteko, oitura duenakin: Nere ondoren etorri nai duanak, uka beza bere burua, edo bere griña txarrak, esaten digu Jesusek berak: Qui vult venire post me abneget semetipsum. (Math 16). Bear da laugarrena, Jauna amatzeko, eta serbitzeko eman zitzakun, biotza emengo aurkerietan, edo ezerezean ez ipintzea. Ene Seme, indazu niri, ta neretzat gorde ezazu zure biotza Praebe fili mihi cor tuum (Prover. 23).

        Au da, nere Kristaua, Jesus onak Sakramentu orretatik eskatzen diguna. Eta duan guzia ematen duanak au eskatzea, eta eskatzea gure onerako, asko, ote da? Ala ere ez degu egin nai izan, Jaunak eskatzen diguna! Zenbat bider Jaun au utzi degu bekatuaren atsegin-apur bategatik? Orregatik esaten digu S. Paulok: zer on, edo frutu atera dezue oraiñ lotsatzen zaituen gauz oriekin? Quem ergo fructum habuistis in illis, in quibus nunc erubescitis? Zenbat bider, bekaturako bideak utzi nai gabez, bizi da bekataria betiko su, eta garren artean amiltzeko zorian? Non dira beren gura, eta griña txarrak ukatu nai dituenak? Non, Jesus onagan biotza ipiñi nai duenak? Au da Jesus onak gugandik ekusten duan eranzuera ederra. Kristaua, ezagutu dezagun gure eskergabekeri itsusia, eta egin dezagun asmo oso bat, emendik aurrera gure Jesus maitagarriak eskatzen diguna egiteko. Jarri gaitezen onetarako Jaunaren aurrean belauniko, eta gogoan erabilli ditzakun, gaur ukitu diran gauzak. (Jartzen dira guziak belauniko eta Erakuslea ere bai).

 

1.

        Begira, Kristaua, lenengo lekuan, zer ematen dizun Jesus onak Sakramentu orretan, eta emendik igerriko dezu nolako ongi nai, eta amorioa agertzen digun. Ematen dizu eman al guzia, bada ematen dizu bera dan guzia, edo bere gorputza, odola, anima, edo Jainkotasuna. Zuk artzen dezunean Sakramentu on, zugana dator Trinidadeko bigarren Persona edo Seme Jaungoikoa, eta Semearekin batean Aita, ta Espiritu Santua. Zer ongi nai, eta amorioa ez digu bada agertzen Jesus onak Sakramentu orretan?...

 

2.

        Begira urrena, zer eskatzen digun Jesus onak Sakramentu orretatik. Ez digu ezerere beretzat eskatzen, baizik gure zori onerako bear dana bakarrik. Au da gure biotzak bekatutik, eta bekatuaren bideetatik gordetzea, eta ipintzea ontasun baztergabea dan Jaunagan. Eta au ere ukatuko diogu gure Aita maitagarriari?... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Aditu dezu, Kristaua, zer ongi nai, ta amorioa erakusten digun Jesus onak Sakramentu orretan, ematen digula eman al guzia. Ez gaitezen bada, oraindaño bezala, izan eskergabeak: biur gaitezen biotz osoz Jaunagana, eta amatu dezagun benaz. Onela iristeko gure bekatuen barkazioa, eta gero betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa