www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO ERAKUSALDIA

 

Munduaren asieratik Salbatzallea etorri zan artean
izan ziran Sakramentuen gañean.

 

ALABATUA

izan dedilla Aldareko Sakramentu guziz Santua,
eta Birjiña txit Santaren sortze garbia,
zeña bekatu jatorrizkoaren mantxarik gabe
sortu izan zan. Gurutze Santuaren &.

 

        Zeñ on, eta maitagarria gure Jaun, eta Aita Zerukoa, gu betiko doatsu egiteko artu dituan, neurri ederretan! Egin ginduan bera ezagutzeko, ezagututa amatzeko, eta gero betikotasun guzian berarekin Zeruan doatsu izateko. Iru gauza bear ziran, gizonak Jauna bear bezala amatzeko. Lenengoa da ezagutzea Jaunaren Ontasun, eta Maitagarritasun baztergabea, animako graziaren, eta betiko bizitza doatsuaren emallea dan aldetik: ezin alabaña biotzak maite izan dezake nolerebait ezagutzen ez duan Ontasuna. Ezaguera au izan zezan gizonak, munduaren asieratik eman ziozkan Jaunak betiko bizitzaren berriak: eta bekatuan erori zanean, aditzera eman zion bidalduko zuala Salbatzallea. Etorri zan bere denboran au, eta ala berez, nola Elizaren bidez erakutsi dizkigu, Jaunaren antasun baztergabea ederki adirazten duen Misterio Andiak, eta oek bilduzituen Apostoluak Kredoan. Jauna bear dan eran amatzeko, ez da asko beraren Ontasun baztergabea ezagutzea, baizik egin bear dira beraren, eta Elizaren aginduak; baña egingo ditu gizonak oek, oen berririk ezpadu? Berri au guri emateko, utzi zizkigun Jaunak bere amar Aginteak, eta oek obeto gordetzeko ipiñi zituan Elizak ere bereak. Etzan au guzia ere asko gizonak bear bezala bere Jaungoikoa amatzeko, baizik bear zan irugarren gauza bat, nola dan Jaunaren grazian jartzea, eta Espiritu Santuaren lagunzak izatea. Gizonak, bekatuan dagoan bitartean, ez du amatzen Jauna, eta obra onak egin arren, ez dira oek Zerurako irabaziak. Gañera Jaunaren grazian arkitzen danean ere, ez da gai, edo gauza onelako irabaziak egiteko, ez eta Jesus bat bear bezala esateko ere, dio S. Paulok, Espiritu Santuaren lagunza gabe: Nemo potest dicere Dominus Jesus nisi in Spiritu Sancto Graziaren doai, eta apaindura ederra gizonari emateko, eta onekin batean Zeruko lagunzak ere bai, bidaldu zuan lurrera Aita betikoak bere Seme bakarra, eta onek erakutsi zigun Aita gurearen otoiz, edo orazio urrezkoa, iristeko Zerurako bidean bear degun guzia. Zer geiago? Utzi ziozkan bere Elizari zazpi iturri grazia, ta birtuteak beti ematen ari, eta beiñere agortzen ez diranak. Oek dira zazpi Sakramentuak. Askotan itzegin dizut, Kristaua, gauz oen gañean goizeko Mezetan, eta jai arratsaldeetan, Dotrinaren parteak azaltzeko denboran, baña zazpi Sakramentuak dira gauz añ andi, ta miragarriak, non doktrinako ukitze utsarekin ezin utzi ninzakean. Orregatik artu det asmoa Sakramentuen gañean betaz itzegiteko, Meza nagusietan. Ona da eguneko Abanjelioaren gañean itzegitea, baña gure errietan bearragoa da Sakramentuen berri, ta ezaguera Kristauai ugari ematea. Ojala itzegin albaneza nik gai andi onek eskatzen duan eran! Gaur, sarrera ongi egiteko, eman nai dizkitzut, Kristaua, Munduaren asieratik Jesu-Kristo etorri zan artean izan ziran, Sakramentuen berriak. Ondoren begiraldi bat emango diogu, Jaunak onetan agertu zuan, guganako ongi nai, ta amorioari. Enzun arretaz.

 

 

§ I.

 

        Munduaren asieratik Jesu-Kristo etorri zaneko igaro ziran gutxienez lau milla urte, eta iru denboratara biurtzen dira urte oek. Bata da inozenziakoa. Bigarrena lege naturalarena. Irugarrena, Moisesen legearena.

        Adan gure lenbiziko gurasoa bekatuan erori zan bitarteko denborari deitzen zaio inozenziako denbora. Arkitzen zan Adan Jaunaren grazian, eta adiskidetasunean. Arkitzen zan Zuzentasun, edo justizia orijinalaren doaiarekin apaindua. Au zan doai bat añ miragarria, non Adan, bera nor izatera, gordeko zuan gaitz guzietatik, zartze, eta eriotzatik. Doai bat, gizonaren gura guziak zeduzkana ezaguera zuzenaren, eta borondatearen mendean. Orduan gizonaren biotza zegoan pake osoan; etzuen alabaña asaldatzen bere gurak. Zori oneko denbora onek iraun zuan, Adanek Paradisuko arbola baten fruta debekatua jan zuan artean. Etzan orduan Sakramenturik batere izan Theologoak erakusten diguenez.

        Erori zan Adan bekatuan, eta ordutanik asi zan lege naturalaren denbora. Deitzen zaio onela, zeren mundua bizitu zan denbora luzean letraz ezarritako legegabe. Bitarte onetan jaio ziran eziñ konta al aur, eta guziak ziran bekatu jatorrizkoaren mantxarekin sortuak eta etzan artean bataioko Sakramenturik bekatu au barkatzeko. Ez ote zan aur gaxoai bekatu au barkatzeko modurik batere? Ez digu Eskritura Santak itzik esaten gai onetan; baña ez da sinisteko gauza, Jaunaren Ontasun baztergabeak ainbeste aur utziko zituala bekatu orijiñal, edo jatorrizkoaren sendagai gabe. Au da S. Agustiñen iritzia S. Gregoriok dio, gurasoen siniste, edo fedeak orduan barkatzen zuala aurren bekatu orijiñal, edo jatorrizkoa oraiñ bataioak barkatzen duan eran Gurasoak sinistuko zuen etorriko zala bere denboran munduaren Salbatzallea, siniste onekin emango zioen aurrari bendizioren bat, edo eskeñiko ziozkeen Jaunari doai, edo ofrenden batzuek, eta gisa onetan kentzen zitzaten aurrai bekatu jatorrizkoaren mantxa, eta geratzen ziran Zerurako bidean. Au aditzen da aurrentzat; zeren ezagueran sartutakoak baziran oek iritsi zezakeen bekatu jatorrizkoaren barkazioa fede, esperanza, eta karidadearekin.

        Onela joan ziran gauzak Abrahanen denboraraño bekatu orijinal, edo jatorrizkoari zegokan aldetik. Abrahani agindu zion Jaunak, marka zezala bere burua, baita ondorengo semeak ere Zirkunzisioko marka, edo epaiarekin; Abrahanen odoletik etorri bear zuan alabaña Salbatzalleak, eta nai zuan Jaunak ezagutua izan zedin non nai: Abrahanen jatorria marka arekin. Emen iru gauza aditzera eman nai dizkitzut. Lenengoa: Zirkunzisiora etzeuden beartuak Abrahanen ondorengoak baizik. Bigarrena, gizon jakintsu askoren iritzian Zirkunzisioko epaiarekin barkatzen zitzaten Abrahanen ondorengoai bekatu jatorrizko, edo orijinala. Irugarrena: emakumezkoai barkatzen zitzaten gurasoen fedearekin, len esan dan eran.

        Bekatu jatorrizko, edo orijinala barkatu ondoan, asko, ta asko eroriko ziran bekatuan, gaitzaren, eta onaren ezaguera iritsi ezkero, oraiñ bataiatuakin gertatzen dan bezela. Etzan orduan konfesioko Sakramenturik. Ez otezan bekatariarentzat barkaziorik? Bai, baldin fede, esperanza, ta onezko damu, edo kontrizio osoarekin biurtzen baziran Jaunagana. Gañera eskeintzen ziozkeen doai, ofrenda, edo Sakrifizioak, S. Gregoriok dionez, baña eztakigu Sakramentuen izena zegoten, edo ez. Orra nola egon zan mundua lege naturalaren denboran: etzan libururik, etzan Elizarik, etzan gurasoaz osteronekan Jainkoaren itza, eta Zerurako bidea erakusten zuanik: eta Adanen umeak amilduaz joan ziran bekatuaren bideetan, ainbesteraño, non damutu zitzaion Jaunari gizona egiñ izateaz. Bere aserrearekin bidaldu zituan mundu guzia estali zuen ujolak, eta Noe, ta bere etxekoak ez beste guziak bukatu zituan.

        Goazen oraiñ lege zarraren, edo Moisesen legearen denborara. Jakob Patriarkaren ondorengoak, edo Israelitak urte askoan bizitu ziran Ejipton katiberio gogorrean. Oek ziran Abrahanen jatorri, Jaunak esleitua, eta autua, munduari salbatzallea emateko, Urrikaldu zan oen nekeaz; atera zituan katiberio onetatik, egiten zituala gauz arrigarri asko: eta Sinaiko mendian eman zien legea letraz ezarria; eta deitzen zaio Moisesen legea, zeren Moisesen bidez eman zien. Deitzen ere zaio lege zarra, zeren Jesusek bere lege ederra ipiñi zuanean, aitu ziran aren zeremonia, sakrifizio, eta moduak. Atzenean deitzen zaio letraz ezarria, zeren ala ipiñi zuan Moisesek. Lege zar onetan bada baziran asko zeremonia, doai, eta Sakrifizio, eta batzuei eman oizate lege zarreko Sakramentuen izena. Oetatik ziran bekatuen konfesioa, eta oen barkaziorako eskintzen ziran doai, ta sakrifizioak: Pazkoako aparia bildots errearekin: Apaizak, eta Aita Santua konsagratzeko zeremoniak. Galdetu oi da, lege zarreko zeremonia, edo Sakramentuak indarrik ote zuen, graziaren apaindura emateko? Ezetz, dio Florenziako Konzilioak: Non causabant gratiam; baña nola ziran gauza Santuak, laguntzen zuen Jaunagana biotza altxatzeko, eta beraren grazia iristeko.

 

 

§ II.

 

        Ekusten dezu, Kristaua, zer Sakramentuak izan ziran munduaren asieratik Jesu-Kristo etorri zan artean? Etziran gure legekoen gereiza baizik, eta alaere ederki adierazten due Jaunaren guganako onginai, eta ontasuna. Egin zituan Aingeruak, eta Luzifer beste askorekin altxa zan Jaunaren kontra: bereala bota zituan betiko su, eta garren artera. An egon bearrak dira betikotasun guzian. Egin zituan gure lenbiziko gurasoak, eta ipiñi zituan Paradisuko leku atsegiñean. Autsi zuen Jaunaren Agintea. Aserratu zitzaion, egia da; aserratu zitzaion Jaunari: bota zituan Paradisutik, baña ez Aingeruak bezela, betiko su, eta garren artera. Au egin lekuan, eman zien denbora, ezagutzeko beren eskergabekeri itsusia: agindu zuan, bidalduko zuala bere Seme bakarra mundura, eta onek, arturik gizonaren janzia, garaituko zuala bekatuan amilderazo zituan, etsai galgarria. Urruti zegoan Salbatzalle onen etorrera; eta bitarte onetan iritsi zezeen Adanen umeak bekatuen barkazioa, begiratu zion, denboraz Salbatzalleak gurutzean eskeñiko zuan, Sakrifizioari, eta ipiñi zituan aditzera eman ditudan Sakramentu, doai, ta sakrifizioak. Atozea, Kristaua, neurri añ eder-miragarriak gizon eskergabearen onerako artu bazituan Jaunak, nork eztakus, zeñ ongi nai, ta ontasun andia agertu zuan guganonz? Eta Jaun au ez degu amatuko, eta serbituko? Au da, nere Kristaua, gure egiteko andi, eta bakarra: jarri degiogun bada, ta gure saria izango da ugaria, au da betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa