www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan
Sakramentuen gañean irugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        «Zer gauza dira Sakramentuak? galdetzen du dotrinak: eta erantzuten du: Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan, siñale agiri diran batzuek, oen bidez grazia eta birtuteak guri emateko. Zer gauza da grazia? Da Jainkozko izate, edo doai bat gizona Jainkoaren Seme, eta Zeruaren jabegai, edo heredero egiten duana. Zer birtute graziarekin batean ematen ditue Sakramentuak? Berezkiro iru Theologalak, edo Jainkoaganonz zuzen begiratzen duenak. Zeñ dira? fedea, esperanza, eta karidadea». Orra zer erakusten dizun dotrinak Sakramentu guzien gañean.

        Sakramentu oek dira zazpi, fedeak erakusten digun bezala. Dira siñale agiri diranak; zoaz ezperen Sakramentu bakoitza ematen danean, zer egiten dan begiratzera. Bataioan ixurtzen du bataiatzalleak ura aurraren burugañera, eta esaten ditu Sakramentuari dagozkan itzak. Orra nola bataioa dan siñale agiria: eta au bera gertatzen da beste Sakramentuetan ere. Siñale oek aditzera ematen ditue, animara dakartzien ondasunak: egin dezagun kontu, bataioan ura ixurtzeak adirazten digu, Sakramentuaren bidez Espiritu Santuak garbitzen duala anima bekatuaren loietik. Sakramentuak animara dakartzien ondasunak ez dira ekusten baizik fedeak erakusten ditu. Ondasun oen artean andienak dira grazia, eta birtuteak: orregatik doktrinak dio, Sakramentuai dirala, Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan, siñale agiri diran batzuek, oen bidez grazia, eta birtuteak guri emateko.

        Sakramentuak, ongi artzen badira, ematen dio animari, grazia deritzan apaindura ederra: au da doai bat Espiritu Santuak Sakramentuen bidez animari ematen diona, eta deitzen dio Jesu-Kristok eztaietako janziera: Vestem nuptialem. Ez da doai au galtzen, bekatu larriarekin baizik. Añ miragarri da doai, eta apaindura au, non egiten duan gizona Jaungoikoaren seme, eta Zeruaren jabegai, edo heredero. Jaungoikoaren seme, ez bere izatez, zeren gizonak ez duan, eta ezin izan dezakean Jainkotasunik, baizik zeren graziaren doai, eta janziera ederrarekin apaindua dagoana bere semetzat artzen duan Jaungoikoak, S. Juanek esaten digun bezala, Videte qualem charitatem dedit nobis, ut filii Dei nominemur, et simus. Zeruaren jabegai; Semea alabaña Aitaren ondasunen jabegaia da S. Paulok dion eran.

        Baña Zeruko Erreñua iritsi nai duanak amatu, eta serbitu bear du Jauna, eta onetarako bear ditu birtute egokiak, nekazari batek, lana egiteko, lanabes egokiak bear dituan eran, egin dezagun kontu atxurra, laiak, area, zerra, aizkora. Orregatik Espiritu Santuak graziaren doai, eta janziera ematean, ematen diozka animari, Zerurako lanak egiteko birtuteak, nola diran fedea, esperanza, eta karidadea, baita beste asekoere.

        Edozeñek beregan ezagutzen du, gauz onak egiteko, gerala nagiak, eta gogo gutxikoak; eta gogoaren kontra ari dan langillea askotan zabartu oida. Eritasun au sendatzeko, zer egiten du EspirituSantuak? Birtuteakin batean ixurtzen ditu animan bere zazpi doaiak, oekin egin ditzan, Zerurako egin bear, dituañ, lanak, ez nola nai, baizik gogoz, eta gustoz.

        Atzenean bear ditu animak gauz onak egiteko Zeruko laguntzak; oek gabe alabaña ez gera gai, edo gauza gogorazio on bat ere egiteko, ez eta Jesus bear bezala esateko ere, dio S. Paulok. Zeruko lagunz oetatik asko denbora egokietan ematen ditue Sakramentuak. Orra, zer, eta zertako diran zazpi Sakramentuak.

        Sakramentuak dakartzien ondasunen artean grazia da andiena, eta beste guzien sustraia. Azkeneko Erakusaldian asi nintzan adierazten, zeñ miragarria dan doai au. Onetarako begiratu genduan, zeñ onragarria dan animarentzat, eta zenbat kosta zitzaion Jesus onari doai au guretzat irabaztea. Gai oni beroni narraikala, gaur ekusi bear degu, benik beñ: nola graziaren doaiak piztutzen dituan, bekatuan illak, eta ustelduak dauden animak. Urrena, nola, animan sartzen dan unean bertan aienatzen dituan bekatu larri, edo mortal guziak. Atzenean animari ematen dion edertasun arrigarria. Enzun, nere Kristaua, arreta andiarekin.

 

 

§ I.

 

        Baziñaki, esaten zion Jesus onak emakume samariarrari; baziñaki, Jaunak bidaldu dizun doaiaren berri! Si scires domum Dei. Au berau esango dizut gaur zuri, nere Kristaua. Baziñaki, zeñ miragarria dan, zure animan. Espiritu Santuak ixuri  zuan, graziaren doaia! Au da doai bat, bekatuan illak, eta ustelduak dauden, animak ere piztutzen dituana. Anima bat, bekatuan erortzen danean, dala hitzez, dala gogoz, edo pensamentuz, dala obraz, illa geratzen da, Ezekiel Profetak dion bezala. Anima, quae peccaverit, ipsa morietur. Gertatzen zaio animari bekatuarekin, gorputzari bere eriotzarekin gertatzen zaiona. Aldegiten du animak gorputzetik eta geratzen da au ezer ere ezin egin dezakean eran. Baditu begiak, eta ez du ezer ekusten. Baditu belarriak, eta ez du ezer aditzen. Baditu eskuak, eta ez da gai beatz batere altxatzeko. Baditu oñak, ta eziñ jaso ditu. Eta ona animari bekatu larri, edo mortalarekin gertatzen zaiona. Aldegiten du graziaren doaiak. Aldegiten du nolerebait Jaungoikoak, eta geratzen da anima illa, eta Zerurako obra on, eta irabazirik ezin egin dezakean eran, bekatutik irten dediñ artean, eta eziñ berez irten diteke. Gañera gorputza, iltzen danetik laster, asitzen da usteltzen. Biurtzen da ar, eta zikinkeria; alde guzietatik kiratsa dario. Au bera gertatzen da asko animarekin. Erortzen dira bekatuan. Ez due biotzik bekatua, eta bekatuaren bideak osotoro utzitzeko: eta bekatuaren obian dautza ustelduak bezala, eta kiratsa dariezala. Zuaz festa batera: ekusiko dituzu gizonezkoak alduen ongiena apainduak, eta zerbait dirala, uste duenak. Ekusiko dituzu emakumeak nornai llilluratu, ta txoraturik utzi lezakeen eran janziak. Nori gogorako zaio illak eta ustelduak daudela oriek? Ta ala egon oi dira geienak animaren aldetik. Dira obi kanpotik zuritua dagoan baten anzekoak. Ongi ematen du obiak, zuritua, eta armakin apaindua ekusten danean; baña ken bedi estalki ederra, zer ekusiko dezu? zer ezpada arra, sagua, zapoa; emen saietsezurrak, an buruaren, eskuen, eta zankoen puskak. Eta zer ekusiko dezu, gizon, eta emakume apaindu orien barrunbeari begiratzen badiozu? Ekusiko dezu, asko bekaturekin ustelduak daudela, kanpotik bizi dirala badirudie ere. Alaere an miragarria da graziaren doaia, non bekatari usteldu oek ere piztutzen dituan animan sartzen dan unean bertan. Piztutzen ditu gañera animak, bekatuan erori baño len egin zituan obra onak. Demagun, urlia, edo sandia denbora luzean bizitu dala bizitza on, edo birtutetsuan: eta gertatzen zaiola bekatu larriren bati leku ematea. Une artan bertan illak geratuko dira orduraño egindako obra on guziak, Apostoluen, eta Birjiña txit santarenak adiña izan balira ere. Añ izugarria da bekatu larriaren puzoia. Baña graziaren doaiak, animan agertzen dan bezala, piztuko ditu obra on aek. Ekusten dezu, Kristaua, nola graziaren doaiak piztutzen dituan, bekatuan illak, eta ustelduak dauden, animak? eta era berean len egindako obra onak? Eta doai au ezta guziz miragarria? Baña goazen aurrerasêago, eta dakuskun, nola animan sartzen danean aienatzen dituan bekatu larri, edo mortal guziak, diranak dirala.

 

 

§ II.

 

        Demagun, añ errebes-gaiztoa izan dala bat, non egin dituan munduaren asieratik gertatu, eta munduaren bukaeraraño gertatuko diran bekatu itsusi guziak. Jakizu, añ andia dala, graziaren doaiak bekatuaren kontra duan indarra, non gizon errebesaren bekatu guziak aienatuko litukean animan sartze utsarekin, eguzkiak gauaren illuntasunak aienatzen dituan eran. Au aditzera ematen digu Isaias Profetak, dionean, elurra beziñ zuri egingo dirala gure bekatuak, grana bezela balira ere: Si fuerint peccata vestra ut coccinum, quasi nix dealbabuntur. Eta alaere doai au ez degu oraindaño ezertan iduki?

        Demagun, Kristaua, zure baratza, edo berjeran agertzen dala iru orriko lore guziz eder bat. Begiratzen diozu, eta ekusten dezu, orri bakoitzean ezarriak daudela urrezko letra batzuek. Lenengo orriko letrak dioe era onetan: illak piztutzen ditu. Bigarren orrikoak dioe: gaitz mota guziak aienatzen ditu. Irugarren orrikoak dioe: gorde ni ongi, eta etzera gaixotuko, ez illko. Arriturik geratzen zera, letra oek dioena irakurririk. Aditzen dezu, ill dala zure adiskide bat: kentzen diozu lenengo orriari piska bat; ipintzen diozu adiskideari ezpañetan, eta piztutzen da. Nork esan, norañokoa izango litzakean orduan zure poza? Aditzen dezu geroago, zure auzoan dagoala norbait etsia, eta azkeneko asnasetan bezala. Artzen dezu bigarren orritik piska bat, eta ematen diozu eriari ardo gutxi batean. Ozta igaro du barrena, geratzen da gaitzik gabe, eta osotoro sendatua. Arriturik, eta zer gertatzen zatzun eztakizula geratzen zera. Artzen dezu irugarren orritik beste piskabat: sartzen dezu kutun eder batean, eta zerekin darabiltzu, eta geroztik ez dezu gaitzik batere: etzera moteltzen, zartzen, eta iltzen. Atozea, zer ez luke balioko lore miragarri onek? Zer ez lizake emango beraren orri bakoitzagatik? Pozik erreñu osoak ere emango lirake. Kristaua; eta eztakizu, lore eder au dala Espiritu Santuak zure animan ipiñi zuan graziarenlorea? Lore onek piztutzen ditu bekatuan illak zeuden animak. Lore onek aienatzen ditu animako gaitzmota guziak, eta lore au ongi gordetzen duana ez da beñere illko. Baña gauza negargarria! Lore eder au galtzen da sarritan, eta ezerezagatik! Non da, Kristaua, gure sinistea? Baña begira atzenean, graziaren doaiak animari ematen dion, edertasun arrigarriari.

        Ez degu begiz ekuzten, ez bekatuan dagoanaren itsustasuna, ez grazian dagoanaren animako edertasuna: orregatik ez da erraz bi gauza oek ongi adiraztea. Alaere zerbait argitasun eman diteke, Jaunak beñ baño geiagotan agertu duanarekin. S. Bernardok esaten digu, Erlijioso bati erakutsi ziola Jaunak Demonioa, eta añ itsusia, ta izugarria zan au, non kordegabe geratu zan Erlijiosoa, eta etzan beregana egun bat osoan. Santa Katalina Senakoari ere agertu zion beiñ Jaunak Demonioaren itsustasuna, ta izutu zan ainbesteraño, non esan oi zuan, naiago zuala munduaren bukaeraraño susko bide batean ibilli, ezen ez berriz ura ekustea. Eta nondik, eta nola ote da Demonioa añ itsusia, izanik len guziz ederra? Jaunaren kontra egin zuan bekatutik; Eta bekatu batek añ itsusia utzi bazuan Luzifer, begira, Kristaua, nolakoa egongo zeran Jaunaren begietan; bada egin, eta eragin dituzu ainbeste bekatu itsusi.

        Baña nolakoa ote da, anima bati graziaren doai, eta jañzierak ematen dion, edertasuna? Au da gauza bat, ez gizonak, eta ez Aingeruak ongi aditzera emango duena. Demagun, kristalezko onzi garbi batera biltzen dala, eguzkiak, eta izarrak, berjeretako loreak, urreak, zillarrak; perlak, eta diamanteak duen edertasun guzia. Ateratzen due eguzkitara onzi ura, an bildu diran edertasun guziakin; Zeñ ederra agertuko lizake? Baña edertasun au guzia ezer ez bezala izango lizake, graziaren doaiak animari ematen dion edertasunaren aldean. Santa Katalina Senakoari agertu zion beñ Jaunak grazian zegoan anima bat, eta añ andia zan aren edertasuna, Santaren iritzian, non esan oi zion Konfesoreari: O Aita! eta ekusiko balu grazian dagoan arima baten edertasuna! Uste det, anima bat edertasun onetan ipintzeagatik, pozik beñ, eta berriz jarriko litzakeala, eriotzaren perillean.

        Orra, zeñ miragarria dan graziaren doai, eta apaindura, ukitu diran iru alde oetatik begiratzen zaiola. Doai onek piztutzen ditu anima, bekatuan illak, eta ustelduak daudenak ere. Doai onek, animan sartzen dan unean bertan, aienatzen ditu bekatu larri, edo mortal guziak. Doai onek ematen dio animari edertasun bat eguzkiaren, izarren, lore, perla, ta diamanteen edertasun guzia garaitzen duana. Ta doai au galdu guk! Eta galdu, zergatik? Gura txar bati leku emateagatik. Arritu zaitezte Zeruak, eta desegin Zeruko ateak: Obstupescite Caeli et portae ejus desolamini. Zer egin aldezake bekatariak, kalte au desegiteko? Ezta besterik bear, S. Juanek esaten diguna baizik: oroi zaite, esaten digu, nondik erori zeran bekatu egitean, eta damuz beterik biur zaite Jaunagana: Memor esto, unde excideris; et age paenitentiam. Onela iritsiko dezu graziaren doai miragarria, eta gordetzen badezu, iritsiko dezu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa