www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau berri-ekarlea
Juan Antonio Ubillos
1785

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Christau doctriń berri-ecarlea, Fray Juan Antonio Ubillos (faksimilea). Euskaltzaindia, 1989

 

aurrekoa hurrengoa

III. IRAKURTZA

JAINKOAREN SEMEAREN ARAGITZEA EDO ENKARNAZIOA,

TA GURE EROSPENA EDO ERRENDIZIOA

 

        Jainkoaren Seme bakarra da Jesu-Kristo, gure Jauna: esan nai du, betidanik, eta eternidade guzian Jainkoagan zegoan, Hitz andi edo Berboa egin zala aragi, ta bizitu zala gurekin. Jainkozko Hitz andi hau beti zan Jainkoa, eta Jainko izatea utzi gabe, zeritzan denboraz egin zan gizon, beregana artzen zituala, ta berekin batutzen zituala, gureak bezalako gorputz bat, eta anima bat. Alaz-guzi-arren ere Jainkozko Hitz aragitu hau, edo, (orobat dana) Jesu-Kristo Jainko egiazkoa, ta gizon egiazkoa Persona bakar bat da. Espiritu Santuaren graziaz ta bertutez sortu zan, jaio zan Maria Birjinagandik. Jaiotze hau izandu zan nornai arritu zezakeana, ta zana milagroz betea: orregatik Jesusen Ama, Jesus jaio baño lenago, jaiotzean, ta jaio ezkero, eta beti-beti izandu zan Birjina garbia. Jesus, Ama Birjinaren Sabelean bizitzen asi zanetik utzi zuan bere Aita eternoak Espiritu Santuz, graziaz, berezko Santutasunez, doaiez, ta bertutez, ezin geiagoraño betea, ta dan bekaturik txikienarako gairik batere gabe. Gugatik, gure onerako, gure erremediorako, gure animen osasunarako, gu Zeruratzeko, ta an gloriaz ta atseden-kontentuz betetzeko, egin zan gizon Jainkoaren seme Jainkoa. Txede onegatik beragatik padezitu zuan Ponzio Pilatosen mendean: izan zan gurutz-iltzatua, illa, ta obiratua. Ain andia zan, zigun, amorioa, non pozik, ta nai oso batekin eman zituan bere odola ta bizia, gure Erospenagatik, gu erredimitzeagatik, ta demonioaren katibutasunetik ateratzeagatik.

 

 

Galdeak, ta Eranzuak

 

        G. Zein da Jesu-Kristo gure Jauna?

        E. Da Hitz edo Berbo aragitua.

        G. Zer gauza da Hitz aragitu hau?

        E. Da Jainkoaren Semea.

        G. Zer esan nai du, aragitu zala, edo aragi egin zala esateak?

        E. Esan nai du egin zala gizon.

        G. Eta orregatik Jainkoaren Semea aldatu zan, edo len zanetik besterik egin bazan?

        E. Ez: gizon egin zan baño lenago, zan hura bera, ta len bezala Jainko gelditu zan.

        G. Baditu gorputz-animak, guk ditugun bezala?

        E. Bai: zeren dan gizon oso, utsik gabekoa, ta gizatasunari dagozkan, gauza guziak dituana.

        G. Gizona dan anbatean, noren semea da?

        E. Santa Maria Birjinarena.

        G. Ta Jainko danez noren Semea da?

        E. Bakarrik Jainkoarena, ta ez besterena.

        G. Persona bi dira, bada, Jainkoaren Semea, ta Mariaren Semea?

        E. Ez, baizik, Jesu-Kristo bakar bat.

        G. Zergatik esaten da, Espiritu Santuaren obraz, bertutez, ta graziaz konzebitua, ta sortua izan zala Jesu-Kristo?

        E. Ori esaten da guri erakusteagatik, mirakuluz, eta gizonek orretan egitekorik etzuala, sortu zala Birjina baten erraietan, ta jaio zala gero, haren Birjentasunari kalterik batere egin gabe.

        G. Eta zer geiago onetan esan nai izandu zan?

        E. Jesus, Ama Birjinaren Sabelean bizitzen asi zan, lenengo une doi-doi, edo puntu artan zala Santua berez bere izatez, ta jatorriz, bekaturako gairik batere gabe.

        G. Norgatik, edo zertako Jainkoaren Semea gizon egin zan?

        E. Gugatik, ta gure onagatik, gure animen osasunarako, ta gu Zerura eramateko.

        G. Zertako izandu ziran haren Pasioa, ta Eriotza?

        E. Gu erosteko, ta demonioaren katibutasunetik ateratzeko.

 

aurrekoa hurrengoa