www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau berri-ekarlea
Juan Antonio Ubillos
1785

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Christau doctriń berri-ecarlea, Fray Juan Antonio Ubillos (faksimilea). Euskaltzaindia, 1989

 

aurrekoa hurrengoa

XV. IRAKURTZA

JESU-KRISTOREN JAIOTZA

 

        Herodes Judeako Errege zan, denboran, ta Zesar Agusto Erromako Enperadore ta Agintari zanean, bizi zan, Nazaret zeritzan, Galileako Errian, Maria izena zuan, santutasun andiko donzella garbi bat. Joseph zeritzan, gizon santu batekin ezkondua bazegoan ere, beti birjiñ garbi bizitzeko, asmoan zegoan, ta ala bizitu zan. Tribu, etxalde edo Etxadi batekoak ziran Maria, ta Joseph; bada biak zetozen Judaren Etxetik, ta Dabiden odoletik. Maria Birjiñ oni bidaldu zion Jainkoak S. Gabriel Aingerua, adiraztera, Mesias, edo Jesusen Ama izan behar zuala: eta Mariak eman zuan orretarako bere baiezkoa, Birjiñ, ta ama Ispiritu Santuaren lanez ta bitartez izango zala, jakindu zuan ezkero. Hordu, ta une artan Aita Eternoaren Itza, Jainkoaren Semea, Eternidade guzian Jainkoagan egondu zana, eta Aita bezanbateko Jainko zana, egin zan aragi, edo egin zan, gu geran bezalako gizon, gureak bezalako gorputz bat, eta anima bat Maria Birjinaren sabel garbian egiazki artzen zituala. Jesus jaiotzeko zegoan, egunetan agindu zuan Agusto Erromako Enperadoreak, haren menpean arkitzen ziran, guziak billa zezaela, nongoak ziran, nondik zetozen, eta nola zerizten. Orañago giñion bezala, S. Joseph, ta Jesusen Ama Maria Dabid Errege andi Santuaren odoletik, ta Etxetik zetozenak ziran; eta Etxe hau Belenen arkitzen zan. Eldu ziran Belengo Errira, eta etzuen arkitu, non oñak sartu, horduko alabaña beteak zeuden ostatu, ta etxe guziak. Bazan, Belengo Errian sartu baño lenago, Etxola, edo lur utspe bat, ta Etxola onetan jaio zan Jesus Ama Birjiñagandik, argia bidriotik irteten dan, eran. Jaio zanetik, zorzigarren egunean egin zan, Lege zarrak agindurikako, aur jaio-berriaren Zirkunzisioa, ta ifini zioen aurrari, salbatzallea esan nai duan, Jesus izena. Zirkunzisioa zan, aurrari bere gorputzeko alde minbera batetik aragi piska bat kañibetaz kentzea. Egun batzuen buruan etorri ziran, Eguzkia sortzen dan, aldetik iru Errege Magoak, edo jakintsuak, Jesusi esku-muñ humillak, ta presentak egitera, eta present oek izandu ziran urrea, inzensua, ta mirrha. Herodesek aditu zuanean, iru Erregeak zetozela, Judatarren Errege jaio-berriari agur egitera, artu zuan, Errege berriak Erreinua kenduko ziolako suspetxak, gogoan-beharrak, eta bildurrak; eta agindu zuan, ill zitezela Belen inguruko aur guziak. Baña S. Josek Jesus, ta haren Amandre Maria artu, ta iges egin zuan Ijitora, ta an bizitu ziran, Herodesen illberria aditu arteraño. Gero biurtu ziran Nazaretko heren errira, ta an bizitu zan Jesus, ogeita amar urte bete zituan arteraño, iñork nor zan, ezagutu gabe, bere amak, eta San Josek agintzen zioena, egiten zuala, eta San Joseri zurgintzan, edo arotzian laguntzen ziola.

 

 

Galdeak, ta Eranzuak

 

        G. Nor izandu zan Jesu-Kristo, gure Jaunaren Ama?

        E. Birjiña Santa Maria.

        G. Zein Tribu, edo Etxadikoa zan Jesu-Kristoren Ama?

        E. Juda, edo Judas zeritzan, Jakob Patriarkaren seme baten Etxadikoa.

        G. Eta zein etxetakoa?

        E. Dabid Erregearenekoa.

        G. Norekin ezkondu zan?

        E. Etxe bereko San Joserekin.

        G. Nola jakindu zuan, Mesiasen Ama izan behar zuala?

        E. Jainkoak bidaldu zion, San Gabriel Arkanjeluak esan, ta jakindu zuan.

        G. Jesusen Ama izateko, noiz eman zuan Birjiña Mariak bere baiezkoa?

        E. Orregatik ere Birjiñ garbi geldituko zala, Aingeruak esan zionean.

        G. Eta zer gertatu zan horduan Ama Birjiñagan?

        E. Berbo Eternoa, edo Itz betikoa egin zan aragi.

        G. Berbo, edo Itz beti dirauen ori zer da?

        E. Jainkoaren Semea.

        G. Zer da Jainkoaren Semea aragitzea?

        E. Gu gizon geran bezala, hura ere gizon egitea.

        G. Non jaio zan Jesu-Kristo?

        E. Belenen ondoan zegoan, estalbe, edo Etxola batean.

        G. Zer esan nai du Jesusen izenak?

        E. Salbatzallea, edo erremediatzallea.

        G. Zein ziran, Jesusi agur egin zioen lenengo Jentilak?

        E. Eguzkiaren sortaldetik etorri ziran Errege Magoak, edo jakintsuak.

        G. Zer egin zuan horduan Herodesek?

        E. Agindu zuan, ill zitezela Belen-inguruko aur guziak.

        G. Nola gorde zan, ta libratu zan Jesus aurra?

        E. Ijitora eraman zuan San Josek.

        G. Nola bizitu zan bere denboran?

        E. Bere Amandre Maria Birjiñak, ta San Josek agintzen zioena, egiten zuala.

        G. Eta Jesusen Aita zan San Jose?

        E. Ez, baña ala zala, uste zuan Munduak.

        G. Zer langite, edo ofizio zuan San Josek?

        E. Zan Zurgiña, edo Arotza.

 

aurrekoa hurrengoa