www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau berri-ekarlea
Juan Antonio Ubillos
1785

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Christau doctriń berri-ecarlea, Fray Juan Antonio Ubillos (faksimilea). Euskaltzaindia, 1989

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIII. IRAKURTZA

JERUSALENEN GALTZEPENA, TA ERORTEA

 

        Ebanjelioaren berria banatu, ta etziran berealakoan galdu Jerusalengo Erria, ta Judeako Erreinua; bada iraun zuen, lege-gabeko Jendez Kristau-Eleiz berria batu zan arteraño. Ala behar ere zan; Zeren Israeldarren anziñako Elizari zegokan, Lege berriko Elizaren ondo, zimendu, ta sustrai izatea. Baña geroenean ere, Jesu-Kristok alde-aurretik esanik utzi zuan bezala, eldu zan, Jerusalen galtzeko, denbora. Judatarrak asaldatu ziran Erromatarren kontra: hoek inguruan artu zuen Jerusalengo Erria: asi zan guda edo gerra kruel gogor bat; eta sortu zan gose ain ikaragarria, non Amak heren semeak jatera behartu ziran. Aldi onetan il ziran Jerusalenen milla bider milla, ta eun milla persona. Tito zeritzan, Bespasiano Enperadoarearen seme batek lurrera egotzi zituan etxe guziak, errerazi zuan Tenploa edo Eleiz nagusia. Onela, anbat Profeten, ta Jesu-Kristo beraren odola isuria izan zan, zori gaiztoko Erri doakabe hura kastigatu zuan Jainkoak. Jesu-Kristo Erredentoretzat ezagutu, ta aitortu nai izandu etzuen, Juduak gelditu ziran katibu Erromatarren azpian ta menpean: erbestetuak eta aienatuak izan ziran heren Errietatik, ta banatuak Mundu guzian, ta arrezkero, bizitegi jakinik ez duela, milla, ta zazpi eun urteren buruan bizi dira guziz urrikari ta on-behar egiñak. Hordudanik galdu ziran anziñako legeko Zeremonia guziak; bada arteraño Kristauentzat ere zillegiak ziran.

 

 

Galdeak, ta Eranzuak

 

        G. Zergatik Jerusalengo Erriak, Ebanjelioa Munduan barreatu edo publikatu, ta ere, noizbait iraun zuan erori gabe?

        E. Lege-gabeko Jendeen Eleiz berria Judatarren Eleiz zarraren sustrai ta zimenduaren gañean ipintzeagatik.

        G. Nork lurrera, egotzi zuan Jerusalen?

        E. Tito zeritzan, Bespasiano Enperadoarearen seme batek.

        G. Jende asko ill zan horduan?

        E. Milla bider milla, ta eun milla persona.

        G. Andia izandu zan gosea?

        E. Ain andia, non emakumeren batzuek jan zituen heren humeak.

        G. Zergatik Jainkoak ain gogorkiro kastigatu zuan Erri hura?

        E. Zeren Jesu-Kristori eriotza eman zion.

        G. Zer egin zitzaien gero Juduai?

        E. Gelditu ziran besteren menpeko, ta mundu guzian banatuak.

        G. Eta gero?

        E. Orobat arkitzen dira oraindik ere.

        G. Zenbat denbora da?

        E. Milla, ta zazpi-eun urte baño geiago.

 

aurrekoa hurrengoa