Aurtengo estropadari Txirritak jarriyak
1
Milla beatzireun irurogei ta
amabigarren urtian,
estropada bat izandu degu
Donostiya'ko partian;
irabaztunak mesede zuten,
galtzallientzat kaltian,
ausuntu ortaz oroituko naiz
bizirik naizen artian.
2
Nere lagun bat inguratu zait
gizon prestuaren gisa,
denbora pasa dibertitzeko
kantak jarri al banitza;
triste daudenak konsolatzeko
pensamentuan dabiltza,
aren gustua egitiâtik
baietz eman diot itza.
3
Agur Pasai'ko San Pedrotarrak,
gora Manuel Arrillâ,
aita ta seme eta illoba
osatzen dira kuadrilla;
indar aundiko arraunlariyak,
patroia ere abilla,
Donostiya'ra lasai juan ziran
diru ta bandera billa.
4
Orain sei bandera errenkaran
eta len bi ekarriyak,
San Juandarrakin soziyokua
an du Miserikordiyak;
beste txiki bat Tolosa'tika
ongi arturik neurriyak,
orrekiñ ere onra ederra
dauka Pasaiko erriyak.
5
Lenbizikuan bere lanari
eman diyote segira,
jendia pozez egondua da
aldamenetik begira;
gero txalupak trukatu eta
mansotu zaie mugira,
dirua pranko galdutakuak
azkenekuan badira.
6
Ondarrabiya'k Pasaia'ri ta
Donosti'kuak elkarri,
lauak txalupak trukatu eta
korajez ziraden jarri;
asteko seña egin zanian
mugitu ziraden sarri,
irugarren zan San Pedro baña
bandera berak ekarri.
7
Biraje onian Donostiarrak
etorri ziran aurrena,
Ondarrabiya bigarren eta
San Pedro irugarrena;
nola oientzat tokatu baizan
txaluparikan txarrena,
uste zan baño nekexiago
sartu ziraden barrena.
8
Pasai San Pedro'n egun orretan
gertatuko kasua
pixka batian etzait aztuko,
ementxen daukat jasua;
«Biba Manuel!» esanaz dantzan
larogei urteko atsua,
gazte denboran etzan izango
fandangolari mantsua.
9
Lendabiziko lau txalupetan
etzagon jende narratsa;
bi bizkaitarrak egin digute
oso joera garratza:
biyak batian balizan buelta,
arraun-kolpia zorrotza,
lendabiziko zein etorri zan
etzan juzgatzen erreza.
10
Aginaga ta Zumaya'k ere
egin dute alegiña,
ziran indarrak enpeñatuaz,
ori da apustu fiña;
guziyak ezin iritxi degu
altueneko tamaña,
atzetik neurtzen errezago da
aurretik etortzen baña.
Bertsolariya,
[1932-08?-25]
|