www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Bertso berriyak

 

              1

Milla urte ta bederatzireun

ogei ta amaikagarrena,

bertso berriyak jartzera nua

deskansatzeko barrena;

egiyak garbi esplikatzia

ez da gauzarik txarrena,

orain iru urte okasiyo bat

izan genduen aurrena.

 

              2

Gaztetan ill nai ez genduen da

bildurrak gaude zartzeko,

ausuntu orrek obligatu nau

bertso berriyak jartzeko;

atenziyuan egon zaitezte

ongi goguan artzeko,

len oien berri ez dakiyena

eskarmentuan sartzeko.

 

              3

Anai batekin okasiyua

izandu nuan lenbizi,

buruan neuzkan illiak tente

zizkidan jarri-erazi;

asi ta ere ongi zekiyen

etzala izango nagusi,

ni koleratu niñuanian

etxera juan zan igesi.

 

              4

Igesi juan zan sujetu orrek

beste anai bat bazuan,

indartsuaren fama zeukana

etxian eta auzuan;

neri jipoia eman nayian

zebillen asmo osuan,

egun batian asi zan eta

kukuak oker jo zuan.

 

              5

Ugaldetxo'ko zubi gañian

ura izketa torpia!

Uju ein ziran: «Ustel zerriya,

ator ni nagon tokia!»

Botillarekin tiratu ziran

izugarrizko kolpia,

ni izan nitzan lendabiziko

berak azpira botia.

 

              6

Apartatutzen asi ziran da

arren lagunak uzteko,

bata bestia probatu arte

ez iñork galerazteko;

berriz gañera bueltatutzerik

nonbait etzuten uzteko,

denbora gutxi asko izan det

arri muturrak austeko.

 

              7

Odolak azkar berotzen zaizka,

ez dago mutill sotilla,

neri burura kolpe tira ta

puskatu zuan botilla;

bestiak lotan egon balira

ondo zebillen mutilla,

orrek merezi zuben moduan

bukatu degu batalla.

 

              8

Medikuaren etxera juan da

juezari eman parte,

kulparik gabe jo nuela ta

kastigatzeko ni fuerte;

orrek guardiya bialdu ziran

bere arma eta kate,

kalabozuan egondu nitzan

urrengo amaikak arte.

 

              9

Kalabozotik tribunalera,

ura zan larritasuna!

Au da lenengo arrazoi bat an

juezak neri esana:

«Bart arratsian purrukatuta

kolpatu dezu gizona,

jakiña dago zerbait kastigu

eman biarko zazuna».

 

              10

«Errespetatzen zaitut, jueza,

zeren daukazun gradua,

orañ artian izandu zera

leiala ta onradua;

baño gizona kastigatzeko

au ezta gero modua,

botillarekin kolpe tira ta

iya autsi ziran burua».

 

              11

Au adituta juez prestua

begira zitzaidan jarri,

esanaz: «Orañ ausuntu ori

bukatuko degu sarri;

lendabiziko kolpia zeñek

tiratu ziyon elkarri?

Orretarako zuk bi testigu

biar dituzu ekarri».

 

              12

Amar testigu etorri ziran,

pareja bat zan deitua,

guri begira egondu zana

an bueltan ibillitua;

ausuntu ori erabaki zan,

ezta dudan gelditua;

kastuetatik libratu nitzan,

irabazi det pleitua.

 

              13

Mundu guziyak jakiñ dezala

zabalduko det gazeta,

gezurrez eta testimoniyoz

ondo naukazu aseta;

kulparik gabe juezetara

deitutzen nazu maiz eta,

nik matsa nola ebakiko det

ardo-zalia naiz eta?

 

              14

Oraindik lengo gorroto zarrak

etzaude oso aitua,

ezagutzen da nola zauden zu

arrokeriyan oitua;

ni naiz matsikan ebaki gabe

juztiziyara deitua,

alare oso kontentu nago,

irabazi det pleitua.

 

              15

Bigarren txandan matsa moztuta

juezari eman parte,

pazientziya asko det baño

koleratu nitzan fuerte;

jeniyo fiña ibilliko da

orrengandikan aparte,

griña gaxtuak tiratuko du

bizirik dagoen arte.

 

              16

Gezurrarekin eman dituzu

ausuntu izugarriyak,

orrengatikan arrazoi gabe

utzi zinduen erriyak;

gusto duenak kanta ditzala

amasei bertso berriyak,

merezi duen sujeto bati

Batista Yarzak jarriyak.

 

[1931]

 

aurrekoa hurrengoa