Bertso berriyak Txirritak jarriyak
1
Milla zortzireun irurogei ta
amaseigarren urtian,
ekaitz gaizto bat sartu zitzaigun
Kantabriya'ko partian;
lenago etzan kintik tiratzen
gure sor-leku maitian,
elementu au nondik sortu zan
ongi entera gaitian.
2
Kintak jarri ta ondorenian
beste ogei bat urtian
zenbait amaren seme onradu
Kuba'n sartu zan lurpian;
guraso askok negar egin du
ura saldu zan artian,
geienak lutuz jantzi giñaden
Kantabriya'ko partian.
3
Aberats askok pagatzen zuen,
soldadu juan zenbait pobre,
legi ori jarri ez bazan ere
arlotiarentzat obe;
atzenerako estranjerua
egin zan islaren jabe,
len ere Kuba saldu ziteken
oinbeste gizon ill gabe.
4
Orañ errege juan zaigulako
askok biyotzian min du,
ez antziñako oin portamena
ondo letuko bagendu;
aitak biyotza gogorra zuen,
orri etzaio bigundu;
orañ ederki bizi liteke,
naiko dirua egin du.
5
Urte batzuek pasa zituen
erreino ontan nagusi,
Donostiya'ra bueltak egiñaz
bere fameli ta guzi;
puska ederrak saldu zituen,
etzuen ezer erosi,
naikua bildu duen garaian
Frantzi'ra juan da igesi.
6
Zori gaiztuan sartu ziraden
oiek korteko atian,
lege berriyak jarri zituzten
euskaldunaren kaltian;
lenago libre bizi giñanak
lotu ginduzten katian,
oraingu ortan ere ez dakit
nola portatuak tian.
7
Milla zortzireun irurogei ta
zortzigarrengo urtian,
Urriko illak ogei ta zortzi
zituen egun batian,
garai orretan gure Fueruak
sartu zituzten lurpian;
errespetua guardatu zuten
amona zegoen artian.
8
Garai orretan aldegiñ eta
andikan zortzi urtera,
doña Isabelak bialdu zuen
karta zorrotz bat kortera:
letu zazute Bergara'n dagon
Konbeniyoko papera,
euskaldunak zer deretxo duen
ortik kontuak atera.
9
Zure amona zenbat egiya
munduan esandakua,
ogei ta bederatzi urtian
erregiñ izandakua;
orrek altuan zeukan konduta
jetxi nai zuten bajua,
emen fueruak ez galtziâtik
aldegiña da gajua.
10
Lengo gizonak kortian eta
lege berriyak non-nari,
esanaz: «Ara emen biria,
ortik barrena jon ari!»
Amaika burla egiten diyo
jende gaiztuak onari,
jeniyu oiek ez dituzu zuk
ikasiyak amonari.
11
Gure errege izandu ori
portatu da oso noble,
gerrik onena baño pakia
badakit degula obe;
orañ Alcalá Zamora dago
Españi'ko jaun da jabe,
nolabait ere konpondu dira
odolik ixuri gabe.
12
Semiak lana akabatu du
beraren aitak asiya,
gizon justua nola atera
oien tartian asiya?
Gure fueruak kendu zituzten,
Habana orla utziya,
len Kantabriya ondatu zuten
t'orañ Españi guziya.
Bertsolariya,
[1931-09-27]
|