www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Senarra ta emaztia
Txirritak jarriyak

 

              1

Esposatuta taberna jarri

zuten senar-emaztiak,

bi milla pezta zituen batek,

sei milla errial bestiak;

gizonari maiz agertzen zaizka

bere moduko trastiak,

andre gaxuak pasatzen ditu

gau eta egun tristiak.

 

              2

Nagusiya ta etxeko andria

asarre diran tokiyan,

bizi-modua ezta ikusten

oso planta egokiyan;

gizona zurrut lasai eginda

kantari dago alkiyan,

andriak lanak egiñik dabil

negarrez eta plakiyan.

 

              3

Gorputza oso bikaña dauka,

larrua ere leguna,

zurrut egiñaz alperkeriyan

pasatutzen du eguna,

esanaz: «Au da mundu ontatik

guk eramango deguna!».

Etxian ez da prenda ederra

olako bizi-laguna!

 

              4

«Esposatuta sei bat urtian

onla izanak ezkea,

orañ kolpian muatu zaigu

egun batetik bestea;

zurrutarena asko eztala

jokua berriz ostea,

danak ez ditu bakarrik jango,

neoni nua astea!».

 

              5

Orren ateera zelebria zan

sagardoteira juanda're:

«Non dia angulak? Benga txuletak!»

markesak aña bondade;

etxian dauzka eder askuak

andria ta bost landare,

gizona gaizki dabillelako

naiko ogiya jan gabe.

 

              6

Biyotzeraño sartu zitzaion

nik egin nuen marrua;

berialaxe lajatu zuen

bere jeniyo arrua,

utzi zituan mozkorkeriyak,

kartak eta zigarrua;

len eun kilo pisatzen zuen

orain ezta sei arrua.

 

              7

Bi-iru urte da pasatuxia

zintzotu zala gizona,

nekez bada're sinistu zuen

emaztearen esana;

lan-toki ona arrapatu du,

entregatzen du kintzena;

garai batian ori bezela

orañ ni nago gizena.

 

              8

«Biyotzetikan maitatzen zaitut,

nere senar ondradua,

kupira gabe emango dizut

merezi dezun gradua;

nere suplika aditu eta

bajatu dezu burua,

orañ ez dago mixeriyarik,

badator naiko dirua.

 

              9

Gosaldutzeko litro bat ardo,

etzan bestela eskerrik,

juan daneko lau urte t'erdiyan

etzaio pasa mozkorrik;

gure lan eta neke tristiak

izaten ziran alperrik,

danak guziyak zurrupatzeko

asko zan bera bakarrik.

 

              10

Aitortzen dizut, senar leiala,

gaizki portatzen etzera,

eguneroko zortzi pezeta

sartzen dituzu etxera;

orañ sasoia daukazun arte

onla ibiltzen bazera,

bizi bagera egun ederrak

guretzat dira zartzera.

 

              11

Nere ondora kuidado gabe

etorri zaite jatera,

maia konpleto jarriko zaitzu

kubierto ta platera;

jokuak eta zurrutak utzi

ziñuen alde batera,

bizi-modua nondik datorren

orañ kontubak atera.

 

              12

Orañ esaten aritzen dira

auzoko jende guziyak:

«Zure senarra txit ondo dabill,

poztu du irabaziyak;

egun batian utzi zituen

kostunbre gaixto guziyak».

«Bai, egiya da, txit ongi gera

Jaungoikuari graziyak».

 

Bertsolariya,

[1932-07-31]

 

aurrekoa hurrengoa