Bertso berriyak Begi-Txikiyak esan
da Txirritak jarriyak
1
Milla urte ta bederatzieun
ogei ta amargarrena,
eguna zein dan jakiteagatik
urriko illaren aurrena,
bertso berriyak jartzera nua
deskansatzeko barrena;
gorroto gabe bizi biagu
mundu ontan alkarrena.
2
Aditzera bat eman biar det
euskalduntarren tartian,
sega-apostu bat nola genduban
Gipuzkoa'ko partian,
Iturrioz'ko sorua deitzen
diogun toki batian;
deskansurikan ez degu izan
alkar probatu artian.
3
Prezisamente zu mendratzeko
ez ditut jartzen bertsuak,
aldamenetik izandu ziran
endredatzalle batzuak;
neska zar batek esaten zuen
zabaldurikan besuak:
«Allegatzea naikua egin du
aitona gixagaxuak».
4
Jendia pranko Astiasu'tik
juan zan Aia'ko partera,
Kortajarena kapitan zala
gizon erdiya jatera;
nere doblia ebaki baietz
egiña zeukan papera,
oraingo ortan ez dituzute
kontuak ongi atera.
5
Aitortzen dizut, Kortajarena,
gizon pizkorra zera zu,
gure Jainkuak eman zizun da
indarra pranko badezu;
au da lastima izugarriya:
gobernatzen ez dakizu;
Astiarrâ'ko Begi-Txikiyak
ederki neurtu dizkizu.
6
Askok esan du neregatikan:
«Juiziorik bai al du?»;
ni trankil negon iñork ez balu
desafiyorik bialdu;
indarrak ondo enpeñatuaz
pasa ditugu bi ordu,
nere doblia ebakitzeko
zu baña obia biar du.
7
Siñali ori ez balitz egon
biar bezela botia,
sekula ez nuan pensatuko nik
mendi ortara juatia;
gorputz aundiya ez daukat baño
bai zimela ta fuertia,
neonei asko gustatutzen zait
bestek egiña jatia.
8
Astiasu'ko bi mutill gazte
galdezka omen zebiltzan,
mixerikorditik ateratako
aitonen bat ote nitzan;
toki ederra omen da baño
ni ez naiz biartu izan,
denborarekiñ ikusiko da
aurrera nola gabiltzan.
9
Oitako batek neri esan ziran
Iturrioz'ko larrian:
«Zu bezelako gizon bat bazan
miserikordi zarrian».
Baju-bajutik erantzun niyon
pazientzi ederrian:
«Nungua naizen esango dizut,
atoz illunabarrian!»
10
Askok esan du apustu ori
ez dala izango piña,
ez giñan oinbeste enpeñatuko
tranpan ibilli bagiña;
bakoitzak bere aiegatikan
egiñ degu alegiña,
jokua eiten errezago da
gero irabazten baña.
11
Itxu-aurreko ona nuela
mundu guziak badaki,
esaten ziran: «Ibilli lasai,
ez kuidadurik eduki».
Lokate zarrak sega zorroztu,
Begi-Txikiyak ebaki,
bi aguriak alkar artuta
moldatu gera eroki.
12
Partiera ona egin genduen,
ez daukagu zer esanik,
okasiyuak ondorenian
ez du ekartzen gauz onik;
irabazi det jokua baño
klaro aitortzen dizut nik:
lan-klasi ortan ez det ikusi
zu bezelako gizonik.
13
Neronek ez det ikusi baña
bestek esanda det jakiñ,
nola diruba jokatu duten
bonbiyo aundiyarekiñ;
aitona batek kendu dizkate
berrogei duro birekiñ,
negu guziko ardotako ainbat
eraman zuben berekiñ.
14
Gusto dubenak letu dezala
zabalduko det gazeta,
oien kontuak jakiten ditut
aldian bizi naiz eta;
oraiñ aitona alegre dabill
ederki ardoz aseta,
zazpi illabeteko iristen zaio
egunik ainbat pezeta.
15
Oraingo ortan pasa zaiote
txiripa kuriyosua,
piska bateko onra badauka
Begi-Txikiyak jasua;
artzai tontuak dian mendian
ondo bizi da otsua,
gizon erdiyen billa juan zan da
neronek jan det osua.
16
Jaiotakuak pasa biar du
munduan zenbat otz-bero,
zeñek gerenak altxa ditugu,
zor artzekorik ez dago;
nik onenbeste lan egiterik
oiek etzuten espero,
aundi-txikiyak berdintzen dira
bentaja eman ezkero.
[1930]
|