Bertso berriak Txirritak jarriak
1
Deklaratzera nua kaso bat
Valle Baztan'en pasia,
egun arretan bistan giñenak
akordatzeko klasia;
elizan zauden santuak urak
eraman ditu sasia,
mundu untako gaiztakeriaz
Jainkua dago asia,
azken juiziyo gañian degu,
desafioka asi'a.
2
Au zan milla ta bederatzi egun
amairugarren urtian,
desgrazi ori gertatu zaiku
Valle Baztan'go partian;
mendi, elizak eta etxiak
bota zituen golpian,
len bistan zauden terreno asko
tapatu ziran ur-pian,
erakutsi du nai balin badu
zer egingo ligokian.
3
Tenpestadi au Auza'tikan
olako modu torpian,
oraindik ere miñ artzen degu
ark eman zigun golpian;
elizari're erdia kendu,
bestia ia batian;
zubi zar asko, tente zaudenak
juan dan zenbait urtian,
egun orretan gelditu ziran
porrokatuta ur-pian.
4
Au juzgatzeko eztire asko
gure abilidadiak,
zergatik geran estudiatzen
iñon ibili gabiak;
mendi, elizak eta basuak,
denak zituen beriak,
urka añeko arbolak presan
ipurdiz gora pariak;
azken juiziyo eguna zala
pensatu zuben jendiak.
5
Biar bezala guztiak zuzen
ezin nitzake kontatu,
baño kasuak alde-aldea
nai nituke apuntatu;
Valle Baztan'go zubi geienak
jota zituen botatu,
Jesukristoren imagina're
etzuen errespetatu;
orrenbestian geradenian
izan gintezke kontentu.
6
Ama Birjiña ur golpi arek
leio batian utziya,
Santa Barbara mine-zuluan,
ura ango desgraziya!
San Pedro berriz arkaitz gañian
zegon beso bat autsiya,
gañera ala trastornatua
zeru ta lurren artzaya;
erri ortako bikarioa
etzen egongo lasaya.
7
Egun orretan gertatu giñan
franko estadu flakuan,
lenago elizan ziren santuak
gelditu ziren kanpuan;
jendia billa enpeñatu zan
urak bajatutakuan,
Jesukristori sube aundi bat
bildu zitzaion lekuan;
gauza guziak tristiak dira
desgrazia den lekuan.
8
Mangera onek begira nola
amenazatu gaituan,
gauza guziak beretako nai,
etzan kontentu kituan;
egun orretan iru andre're
urak eraman zituan,
aur bat ere an atera zuten
gaixua ia ituan;
negoni bistan enitzen baño
ala jakindu nituan.
9
Besotik aurra urak eraman,
ikaragarrizko lanak,
zer naigabia artuko zuten
aren aitak eta amak!
Merezi duen persona bati
eman bear dizkat famak;
gurutzetxo bat merezi luke
ura salbatu zuanak;
itua zala uste genduen,
oso triste geunden danak.
10
Urrutitikan beiratuta're
ematen zuben itsusi,
ganadu asko zeraman urak
bere ganbela ta guzi;
etxiak eta murallak berriz
porrokatu eta autsi,
jende guziak errezatuaz
mendiak gora iasi,
mundua galdu zidanez gero
ezta olakorik ikusi.
11
Marin bera're gaizki ibilli da
goitikan bera jatxita,
nora abiatu etzakiala
bide guziak itxita;
semia urak kanpora bota,
aita barrenan etsita,
pikatxoien bat arrapatu du
zerbaiten billa asita,
bere biziya an salbatu du
zielo rasua autsita.
12
Egun guzia uretan pasa,
allegatu zen arratsa,
Elizondo'ko jendientzako
tristia eta garratza;
almazenetan zauden barrikak
kalietan bera pasa,
gauza egiten ezta izaten
ondatzen bezein erreza,
garai onetan etzeuden lasai
Jabier eta Galarza.
13
Ur golpi orrek zerra-fabrikan
egin duan pikardiya,
zenbatan ezin juzka litake,
ain zan ikaragarriya;
amar minuto baño lenago
eraman zion erdiya,
beren biziya ezin salbatuz
jendiak ura larriya!
Felix Opoka'k ongi gostata
egiña dauka berriya.
14
Ainbeste egur urak eraman,
fabrika geiena bota,
baporia ta majineriak
etzuten gutxi inporta;
diran bezala esango ditut
enteratua nago-ta,
ongi dakiyen gizon prestu bat
neri jardun zait ojuka:
geien-geiena kastigatua
dala Don Felix Opoka.
[1913]
|