www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Mundu ontako bizi-modua
Aste ontan Txirritak jarriyak

 

              1

Gure munduko bizi-modua

guziyentzat da laburra,

griña gaiztuak tiratzen gaitu,

ortatik dator makurra;

leku askotan ikusi oi da

lapur guardiyan lapurra;

animaliya ere igual

katua eta zakurra:

berak asko nai t'ezin sufritu

bestek daraman apurra.

 

              2

Armariyo zar batian nuen

esperientziya ikusi:

gure Pepita deskuidatuta

atia zabalik utzi,

katu Moñoña azkar sartu zan

bere bigote ta guzi,

sagua itota odolkiya artu,

goiko sapaira igesi...

Animaliyen artian ere

lapur aundiya nagusi.

 

              3

Alper askori gustatzen zaio

bestek egiña jatia,

berentzat zernai komenentzi ta

pobriarentzat kaltia;

lapur txikiyak preso sartuta

gañera berriz katia,

aundiyarentzat libertadia,

beti zabalik atia...

Kantabria'ko fueruak ere

olaxe kenduak tia.

 

              4

Mundu onetan dijuan martxa

etzait askorik gustatzen,

biar bezela portatzen baña

errezago da juzgatzen;

pobriarentzat amenazua,

kopeta dute beztutzen,

sermoi ederrak aditu arren

ez dira asko estutzen,

lapur txikiyak preso sartuta

berak milloiak ostutzen.

 

              5

Lapur txikiyak kastigatzeko

non-nai badago kartzela,

kupira gabe ematen zaio

denbora askoko itzala,

esanaz egindako okerrak

antxen pagatu ditzala;

aundiyak libre iksuten dira

pasiuan dabiltzala,

ez projimua maite bagendu

gere burua bezela.

 

              6

Zakurrak ere lapurren kontra

zaunkaz pasatzen du gaba,

nagusiyari adierazten

fuerte zabalduaz aba;

mataderiya non dan badaki,

maiz asko juango da ara;

usai oneko sudurra dute,

belarriyak erne para,

puska galantak artuko ditu

iñor deskuidatzen bada.

 

              7

Itsasuan zer gertatutzen dan

ez al dezute ikusi?

Txardiñ berriya eta antxua

izurdiaren igesi,

azpiyan eziñ aguantatu ta

gañera irten-arazi,

an ere arrantzaliak pronto

beren sare eta guzi;

anima salbo jende pobria

gaur olaxe gera bizi.

 

              8

Gure tartian gauza bat dago

izugarri itsusiya:

begiyetako bista ona ta

iñor ezin ikusiya;

juezak alde daukazkiyenak

irabazten du auziya,

eta orduan egingo diyo

berak nai duan guziya;

aundi gaxtuak nai duen arte

txiki onaren biziya.

 

              9

Mazopak ere txikiya janaz

bokoia añako aliak,

banda osua tragatzen dute,

izugarrizko jaliak;

komenentziya badaukate ta

mokadu onen zaliak,

mendekuari ematen dizka

kulparik gabe daliak,

uste gabian berak olaxe

tragatzen ditu baliak.

 

              10

Balia dute aundixkuena

arrai guziyen tartian,

kostara bakan arrimatzen da,

naiago du apartian;

ale batzuek gelditu dira

Kantabria'ko partian:

iru edo lau inguru ori

juan dan berrogei urtian;

egun ederrak pasatzen ditu

arpoia sartu artian.

 

              11

Maite zaituztet, presidentiak,

ministro, diputaduak,

biar bezela gauzak egiñaz

izan tzizute graduak;

garai onetan zuek zerate

Españia'ko buruak,

despreziyorik ez du merezi

Elizak eta kleruak,

guk republika maiteko degu

bañan ekarri fueruak.

 

              12

Arri-urdiñetako semia,

ai orañ bizi baziña,

ill da gero're maite zaitugu

munduan iñor ez aña;

orañ berroi ta amasei urte

sortu ziguten kuziña;

eskritura bat Ernani'n dago

egiyazkua ta ziña,

ori da Juan de Urbieta'ren

Pavia'ko azaña.

 

Bertsolariya,

[1931-10-11]

 

aurrekoa hurrengoa