www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Bertso berriyak
Txirritak jarriyak

 

              1

Orain bi milla urte inguru

bezela ziran asiyak

erromatarrak berendu nairik

gure zazpi probintziyak;

garaia artako abarkadunak

ziran jeniyoz biziyak,

baziran penaz amildu eta

beren ezurrak autsiyak,

lastimosuak izango ziran

aien orduko autsiyak!

 

              2

Denhora artako gerrero zarrak

ziran gizon onraduak:

aziyuetan irabazita

jazten zituzten graduak;

irurogei ta lau urtekuak

bazebiltzan soldaduak,

orain bezela etzuen iñor

engañatutzen diruak,

Lekobide ta Osobal ziran

Kantabria'ko buruak.

 

              3

Aitona oiek zer pensatu zuten

azkeneko eriyotzian

ez genduela jakiñ izango

pena daukat biyotzian;

arrats guziyak otzak guardiyan,

egunaz erdi gosian,

zenbat naigabe sufritu zuten

Erniyo'ko gurutzian,

aien orduko oraziyuak

ederrak izango zian!

 

              4

Gure izeben amen amonen

osaben aiten aitonak,

emen fueruak defenditutzen

ibillitako gizonak;

bertan batalla irabazita

gero Erroma'ra joanak,

Octaviano'k galdu zituen

berebiziko lagunak;

aundi gaiztuak diran tokiyan

pagatzen du txiki onak.

 

              5

Arrosa baño zabalagoko

gure zazpi probintziyak,

baratza eder bat bezela zauden

guziyak lorez jantziyak;

lau Españiya'n morroi gaudenak,

iru an ditu Frantziya'k,

gizon gaizto bat dala mediyo

ondatu giñan guziyak,

beste munduan ikusten badet

eman biazkat graziyak!

 

              6

Persegituak izandu gera

juan da zenbat urtian,

asko zebiltzan agindu nairik

Kantabria'ko partian,

mantxa gabeko lora ederrak

estalirikan lurpian;

errespetua guardatzen zuten

Lartaun emen zan artian,

oraindik ere denbora dago

berriro saia gaitian.

 

              7

Geren sallari segi zaiogun,

ez bestetara mugitu,

motiborikan asko badaukat

ongi esango nai baditu:

ni engañatzen ez baldin banaiz

Euskal-Erriyak baditu

Kantabria'ren izenik ere

nai ez dutenak aditu;

zazpi senide aita batenak

ezin gerade unitu.

 

              8

Zazpi senide aita batenak

danak euskaldun garbiyak,

Tubal zarraren artaldetikan

banatutako ardiyak,

aitan aitona nungua zuten

ez dakitenak erdiyak;

utzi ditzagun bide illunak,

billa ditzagun argiyak,

beti-betiko bere izena

izan dezan Kantabriya'k.

 

              9

Beren idea beste gauzarik

ez daukatenak buruan,

gaurko egunian alako asko

baditugu inguruan;

esaten zaie Kantabria onek

bere jabia nor duan,

kontra egiten asten zaizkigu

setosuaren moduan,

geren anaiak ez ditugula

esan gentzake orduan.

 

              10

Baldiñ egiyaz egiña bada

aurreko zarren papera,

zazpi probintzi euskerazkuak

Kantabriatarrak gera;

nere biyotzak daukan asmua

beti dijoa pakera,

bide askotatik martxa zuzenik

ezin gentzake atera,

onena zein dan ongi neurtuta

bildu gaitezen batera.

 

              11

Zazpi senide aita batenak

egotia emen triste

fortunatu da desgrazi batez,

bañan ez genduan uste;

maitatzen dute etorri dana

besteren gauzaren eske,

egunen batez aserre samar

ikusi biar gaituzte,

jakin dezaten bagerala gu

izena degun ainbeste.

 

              12

Mundu onetan ezin bizita

ez degu joan nai bestera,

gezurra esanda ez dago andik

etorritzerik ostera;

arrazoi gabe eman ziguten

lege kontrako jazkera,

gañera berriz kontari daude

galduko dala euskera,

gogor egiten ezpazaiote

oientzat aña ez gera.

 

              13

Kolka txarraren azpiyan dauden

txito urrikalgarriyak,

amarretatik bost iltzen dira,

beste bostak elbarriyak:

pizti gaiztuen bildurrez beti

gora begira jarriyak,

indar gutxiko gorputzak eta

suspiriyuak berriyak;

kastigu onen mendian bizi

gera gaur euskal erriyak.

 

aurrekoa hurrengoa