Bertso berriyak ....................'k
bere andregaiari jarriak
1
Geuden milla ta bederatzi eun
amargarrengo urtian,
tratamentu bat asi genduen
or .............ko partian;
.............ko ermitatikan
ez da oso apartian,
neskatxa bati itz egiñ niyon
baña neretzat kaltian.
2
...........................det
nik dadukadan graziya,
............'arra eziñ ukatu
bertan jaio ta aziya;
.............ko neskatxa orrekiñ
nitzan tratatzen asiya,
ez da posible esplikatzia
merezi duen guziya.
3
Agoztubaren amazazpiyan
zortzi ta erdiyak aldian
neskatxa ori topo egin det
Donostiya'ko kalian;
iya nerekin konforme zegon
asi nazaion galdian,
baietz ta baietz erantzun ziran
izketa eder batian.
4
Itzak elkarri orla emanda
andikan illabetera
esan dit: «Biyak pasiatzera
biar genduke atera;
zuen etxera juan nai nuke
urruti samar ote da».
Erantzun niyon: «Aldian dago,
laister iritxiko gera».
5
.............n bizi gera gu,
ez oso eskas ta urri,
iru akuri Guarda-Plata'tik
aitak zituen ekarri;
ill da larrua kendu ziyoten,
amak kazuelan jarri,
merendatuaz kontu politak
esan genizkan elkarri.
6
Merendatuta au esan ziran:
«Ai, ............ neria!
Geren sallari segitutzeko
libre daukagu biria:
biyotz oneko emakumia
nola dan ama guria,
nai degunian esposatzeko
eman du libertadia».
7
Merenda ori egin genduen
elkartasun ederrian,
errespotoko itzak esanaz
guraso zarren aurrian;
sentimentubak deklaratzeko
ez gaunden gaita txarrian;
etxera zintzo lagundu niyon
gero illunabarrian.
8
Iñoiz bisitak egiten nizkan
guztizko borondatian,
persona fiñak fiyatzen gera
anbat geretzat kaltian;
neskatxa orrek serbitutzen du
juandaneko bi urtian
Donostiya'ko Juzgado ondoko
ostatu eder batian.
9
Donostiya'ra juntatu giñan
bere aizparen etxera,
len agindua nola baizegon,
amari itza kentzera;
esan dit: «Nere alabarekin
esposatutzen bazera,
mundu onetan egun ederrik
pasako dezu zartzera».
10
Egun ori da bisita egin
gendiyona Santa Kruz'i,
al zan guztiya errezatuaz
ez genduen arras utzi;
zer desiotan etorri ziran
orduan nuen ikusi:
amak eta aizpak gure etxia
biar zutela ikusi.
11
Esan bezela pentsatu degu
Lezo aldera juatia,
elizan pozik sartu giñaden,
zabalik zegon atia;
Santa Kruz'eri eskatu dizka
osasuna ta pakia;
fiñ zebillela uste nuen da
guztiya tranpez betia.
12
Gure etxera etorri eta
beidaka ziraden asi,
zelai, okullo, zerri ta beiak,
denak zituzten ikusi;
zezen-tokiya non egiñ ere
dama orrek zuen berezi;
guk ez genduen despreziyu au
zuregandikan merezi.
13
Ama Birjiña egun batian,
mezetara guazela,
izketa ori berritu degu
lenago iñoiz bezela;
beira jarri zat, au esan ziran
mudatu gabe azala:
«Gure amak diyo esposatzeko
gaztiegiya naizela».
14
Despatxu ori artu ta laister
atso batek esan ziran:
«Zuk biar dezun aingeru ori
dabil aldrebes antzian;
itzak ederrak ditu mingañez,
kariño fiña atzian,
disgustoren bat emango dizu
sartzen badezu etxian».
15
Motibo gabe ez naiz asiya
dama orrentzat kantari,
mundu guztiyak autan artuta
begira gure plantari;
ezkontzen dala ibilliya da
auzo denetan kontari,
kuidado ez dan abisatua
Amerika'ko aitari.
16
Mundu ontara jaio giñaden
gauza asko ikusteko,
maestra ederra billatu zaitut
eskola erakusteko;
ogei urteko neskatxa batek
orla bazterrak nasteko,
uste deanez obia zaude
artzeko baño uzteko.
[1910]
|