www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Nere andreari
Aste ontan txirritak jarriyak

 

              1

Frantzes euskaldun bat etorri zait

ipiñitzeko bertsuak,

deklaratuaz aren etxian

gertatu diran kasuak;

danak ez dira errexak baño

esango ditut batzuak,

argitasuna ematen badit

gure Juan amorosuak.

 

              2

Nere barrengo sentimentuak

nai ditut adierazi,

zer estadutan gelditu naizen

iñork nai badu ikasi;

izarra baño ederragoko

andria juan zait igasi,

oraiñ bi urte aldegiñ ziran,

geoztik ez det ikusi.

 

              3

Ogei ta amar urte daukazkit,

oraindik franko gaztia,

eta andriak bi gutxiago,

au bizi-modu tristia!

Ark neri egiñ dizkidan gauzak

esatekuak eztia,

txurrero batek engañatuta

eraman dit emaztia.

 

              4

Biar bezela funzionatzen

ez dago errex fabrika,

lau urte pasa alkarrekiñ da

ez degu izan aurrika;

alegiñ egiñ-faltan ez daukat

kontzientziyan zorrika,

orañ Paris'en txurruak saltzen

an omen dabill korrika?.

 

              5

Bi gona motz ta kamisa zar bat

besterik ez det ikusi,

ziran diruak arrapatuta

aldegiñ ziran igesi;

baita toxa bat ederra ere

bere tabako ta guzi,

jayian aita gonbidatzeko

ez ninduen gaizki utzi!

 

              6

Alaxen ere desio dizut:

izan zazu osasuna;

non ote dago garai bateko

gure aiskiretasuna?

Etsai gaxtuak au da burura

zuri bialdu dizuna,

orañ andriak bi toxa eta

bat ere gabe gizona.

 

              7

Txurrerua're lan senzillua

da asko irabazteko,

orrek biñipiñ ez du egiten

mantendu eta jazteko;

andriarekiñ alkar artuta

ni modu ontan uzteko,

bi kristau gaxto naikuak dira

baztar guztiyak nasteko.

 

              8

Andria iges juan zanian

arren anaiak esana:

«Nere arreba dek, Patxi, baña

etziak trapu zuzena».

Ni naiz orduan ajustadore

Baiona'n ari nitzana,

zuk orañ dezun txurreru ori

ez bezelako gizona.

 

              9

Ni emaztiak utzi ninduan

estadu triste batian,

beste batekiñ aldegiñ ziran

anbat beretzat kaltian;

txurruak janaz ederki dabill

diruak aitu artian,

zer esan biar ote dit neri

Josafatara juatian?

 

              10

Gauzik onenak eta diruak

arrapatuta juan zian,

nuen trajerik onena ere

ostu ta eraman zian;

gosiak zeon txurreru ori

jarri da taju-antzian,

orañ Paris'en bizi omen da

trapero baten etxian.

 

              11

Ez det milagro edukitzia

malkoz beteta muxuak,

kabi ta guzi iges egiñ dit

tamañ ortako uxuak;

nik berriz iñon ikusten badet

adituko du goxuak:

Non ote dira garai bateko

gure izketa goxuak?

 

              12

Txurreru ori zer gizona dan

sinistu entzun deguna:

lana egiteko gogua falta

eta mingaña leguna;

bedeinkatua izan dedilla

aldegiñ zuten eguna,

gizarajuak arrapatu du

bere moduko laguna.

 

Bertsolariya,

[1931-11-29]

 

aurrekoa hurrengoa