www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Bertso berriyak
Txirritak jarriyak

 

              1

Zori gaiztoan fundatutako

Alemaniya'ko gerra,

aixa nai zuten eskuperatu

gure erreino ederra;

oraindik ere bada Frantziya'n

diruba eta indarra,

len zan bezela ipiñitzeko

izango degu biarra.

 

              2

Beljika'tikan galdetu zuten

lendabiziko pasua,

jakiñik nola zeguen Paris'a

andik bide erosua;

aitatik ere artubak dira

uste etzan erasua,

porrakatu ta puskatu zuten

naziyo txiki gaxua.

 

              3

Ogei ta amar milla milloiko

asi zitzaigun eskaka,

otso gaizto bat zirudillela

artaldiari oskaka;

jeneral Foch'ek bialduba da

Holanda aldera eskapa,

orain lau urte ainbat erronka

garai onetan ez dauka.

 

              4

Amorratubak ziruditela

etorri ziran Frantzia,

orain esaten errezago da

orduko gure trantzia;

jenerak Foch'ek eman diyote

uste etzuten partxia,

mereziko du diamantezko

estatua bat jartzia.

 

              5

Beren joera Paris aldera

egin ziguten aurrena;

ango etsiyak artu zituzten,

Verdun'a berriz urrena;

sei illabete sutan pasa ta

etzian sartu barrena,

ezta andikan gustora juana

Kaiser'en seme zarrena.

 

              6

Ernegatuta jarri giñuzten

zerbait egin biarrian,

zergatik gerra eman ziguten

arrazoi-bide txarrian;

jeneral Foch'ek artu zituben

danak guziyak aurrian,

gaur iru urte ainbat aleman

ez da Frantzi'ko lurrian.

 

              7

Lenbizi oiek pentsatzen zuten

ilko giñala guziyak,

bañan oraindik gure kuadrillan

bagera gizon biziyak;

indar aundiko armak dauzkagu

soñian ondo jantziyak,

Alemani'ko buru arruak

bajatu ditu Frantziya'k.

 

              8

Aleman batek neri esana,

biyok geudela kafian:

«Kaiser agintzen ikusiko da

laister Paris'ko kortian».

Zepelinakin aidetik eta

sumarinuak ur-pian,

disgusto asko eman digute

jun daneko lau urtian.

 

              9

Zepelin zarrak bonbaz betiak

goiko oroian tartian,

millaka minak itxasoan da

sumarinoak ur-pian;

oiek sumatzen ibilli dira

berrogei ta lau urtian,

Kaiser Paris'en ez da sartuko

Wilson bizi dan artian.

 

              10

Orrek etzuben errespetatzen

legorrik eta urika;

sententzi txarra emango zaio,

ortan ez dago dudika;

orrek nai zuben amenazatu

Frantzi'ko errepublika,

berriz Paris'en ez du egingo

len bezelako burlika.

 

              11

Gerra gaizto au eman zutela

au da bostgarren urtia,

oiek besteren interesakin

artu nai zuten partia;

inglesa eta amerikano

gu bezin jende fuertia,

alemanaidi eman diyote

izugarrizko golpia.

 

              12

Laguntzalliak nundik dituben

ezagutu du Frantziya'k;

geren setari eutsi diyogu,

ez giñan dudan asiyak;

biba gerra ontan gure fabore

ibilli diran guziyak,

nere partetik ematen diztet

eskerrak eta graziyak.

 

[1918]

 

aurrekoa hurrengoa