www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Lopetegi'tar On Jose Maria'ri
Aste ontan Txirritak jarriyak

 

              1

Jose Maria Lopetegi du

euskaldun batek graziya,

igeltseruen kontratista da,

Irun'en jaio ta aziya;

omenaje bat oso ederra

degu orrentzat asiya,

nik bertsuakiñ goratuko det

al nezakien guziya.

 

              2

Alde ortatik izandu diran

diskursolari guziyak,

esan dirate nola dituen

arriturikan utziyak:

orrek kantari bukatzen ditu

aiek izketan asiyak,

merezitubak izango dira

ematen zaizkan graziyak.

 

              3

Biyotz oneko gizona zera

eta asko dakizuna,

nork du olako borondatia

izan arren jakintsuna?

Zuk dezu grazi partikular bat

Jainkuak eman zizuna,

Euskal-erriko jende geienak

maite zaituen gizona.

 

              4

Miserabliak sokorritzeko

orrek baditu moduak,

noizbait ederki ikasiya da

bienabenturaduak;

leku gutxitan billatzen dira

orren gizon onraduak,

ez dakit iñork emango dizkan

merezi ditun graduak.

 

              5

Nola Irun'go personajia,

ala Pauso aldekua,

jendiak pozaz akuditzen du

ori dijuan lekua;

bere legiak ukatu baño

naio luke autsi lepua,

erri bakoitzak biar genuke

gizon bat orrelakua.

 

              6

Zenbait bezela alperkeriyan

ez da egoten oyian,

mantendu ona kastatutzen da

oien etxeko mayian;

aste guziya lanian pasa,

diskurtsuetan jayian,

bere barrengo sentimentuak

adierazi nayian.

 

              7

Euskal-erriko anai maitiak,

aditu nere esanak:

Lopetegi'ri gustatzen zaizka

lege ona ta zuzenak;

erri bakoitzak iru balitu

zu bezelako gizonak,

oraindik ere argi litezke

illunpian dabiltzanak.

 

              8

Bertsuakiñ ez asarrretzeko

egiten dizut suplika,

nola dan gazte inozentia

Txirritak ez du kulpika;

norbaiten mende bizi biagu,

ortan ez dago dudika,

biar bezela ipiñtzen bada

ona da errepublika.

 

              9

Irun'go gizon onradu onek

au da itz egin duana,

pulamentuzko arrazoia ta

pozaz aditu nuana;

ez dakitenak enteratzeko

ez da denbora juana,

dudan dagona ikasitzera

etorri bedi gugana.

 

              10

Aspalditxoko laguna det nik

len esan degun jaun ori,

gizon gaixtua izan danikan

ez diyot entzun iñori;

martxa ederra jarri du eta

segitzen diyo lanari,

fameli ederra azi du bañan

mutill gazte bat diruri.

 

              11

Leku askotan korrituba da

Espaniya'n da Frantziya'n,

gizon onaren itxura dauka

gorputzian ta jantziyan;

izketan ere oso soseguz

Jaungoikuaren graziyan;

alkar maitiak izandu gera

geren denbora guziyan.

 

              12

Leku askotan ikusi zaitut

umildadez ta pakian,

itz bat bakarrik atera gabe

projimuaren kaltian;

grazi eder au egiten zaitzu

aurten Irun'go partian,

zure izena aitatuko da

beste larogei urtian.

 

Bertsolariya,

[1931-12-13]

 

aurrekoa hurrengoa