Bi gauzik onenak zer ote diran Aste ontan Txirritak jarriyak
1
San Tomasetan Donostiya'ra
juan naiz betiko moduan,
ni bezelako baserritarrak
asko ziran inguruan;
nere lagun bat an billatu det
meza nagusi onduan,
tabernan sartu eta zurrut bi
eran ditugun orduan,
sekula aitzen eztan seta bat
onlaxe artu genduan.
2
«Beste lan gabe etorriya nak
juntatziâtik irekiñ,
oraindik lengo jeniyo zarrak
emen zauzkiyat nerekiñ;
iñondik ere legerik balitz
kontu bat nai nikek jakiñ:
mundu ontan bi gauzik onenak
zer ote diran, Serafiñ».
«Nik osasuna eta dirua
artuko nizkikek, Juakiñ».
3
«Jesus! Serafiñ, ori dek ire
itz egiteko modua!
Onez onian esaten diyat,
aiñ aiz gizon onradua:
urtiak ere juan zaizkik eta
nastuba daukak burua,
konfiantza dek gauzik onena,
fiña eta segurua,
artatik asko daukan gizonak
zertarako dik dirua?».
4
«Konfiantzakiñ gauza-karraio
baldin baziña asiko,
buruko miña igual jarri
zeure denbora guziko;
saltzen daudenak ez luke asko
zurekiñ irabaziko;
ori da gauza baliyosua
baña denbora gutxiko,
urte askuan ala ibiltzen
ez lizuteke utziko».
5
«Baña, Serafin, xinista zazu
profeta zarren esana:
jakintsunaren arrazoietan
izan zaitia etzana;
beraz diruba berezi dezu
asko gustatzen zaitzuna;
bata-bestia istimatzia
munduan zeñen gauz ona!
Lapurrak ere ez dute iltzen
konpiantzako gizona».
6
«Nekatu gabe jan biar badu
diru gabeko gizonak,
laxter akabo konfiantza ta
aren amigotasunak;
xinistatuta bizi gaitezen
guraso zarren esanak,
orañ bajuban asko dabiltza
lenago altu izanak,
konfiantzaren faltarik ez du
diru askoko gizonak».
7
«Konfiantza da gizonarentzat
oso gauza egokiya,
diruba baño obiagotzat
jakintsunak edukiya;
daukan guziyak emango diyo
erariya edo jakiya,
kuidado gabe ari liteke
kendu artian plakiya,
baita're beste zernai gauza ta
lo egiteko tokiya».
8
«Gazte denborak aldegin ziran,
allegatu zait zartzia,
argatik nai det ez dakitenak
abertentziyan zartzia:
pobriak lan du nekatu gabe
bizi-modua sortzia,
edo bestela prezisua du
etxe askotan sartzia,
beñ eman eta lotsa biar du
berriz ara etortzia».
9
«Anaia batek bere arrebari:
Baso bat sagardo ekatzu.
Erantzun ziyon: An daukak giltza,
juanda zedorrek ar zazu;
baita iru ta lau ta bost ere
komeni baldiñ bazazu,
zu zaitutzera guazela gu
iruritutzen al zazu?
Ortik naikua berdindutzian
gora iyo ta jan zazu».
10
«Amaika biar juan gera, Juakiñ,
periya ikusitzera,
ta berriz ere desio nuke
lagun maitien antzera;
anaia baten puestora zuaz
bei esnedun bat artzera,
konfiantzak zer esan nai duen
ongi fijatzen bazera,
emango dizu gustora baño
zorretan zuaz etxera».
11
«Atzo juan nitzan dirurik gabe
zekor erdi bat artzera,
arakiñ zarrak eta andriak
etzuten egiñ atzera;
izketan ere tratatu naute
obispo baten antzera:
Gure morroiak eramango du
zu bizi zeran etxera,
kuidado gabe jan zazu lasai,
gizon gaiztua etzera».
12
«Konfiantzaren alde izketan
jarduten dira batzuak,
artzen duenak berak askotan
ipiñtzen ditu plazuak;
eta denbora datorrenian
estutzen dira lazuak,
berriz bertara etorri biar
luzaturikan besuak;
dirubak eta errezibuak
bukatzen ditu bertsuak».
Bertsolariya,
[1932-01-03]
|