Bertso berriyak Txirritak jarriyak
1
Gaude milla ta bederatzi eun
ogei ta amaika urtian,
Kristo zerura iyo zanetik
orañdaño bitartian;
arrigarrizko kaso bat dago
Gipuzkoa'ko partian,
au Ezkio'ko Andua deitzen
zaion barriyo batian.
2
Amabi urteko alaba eta
zortzi urteko mutilla
amak auzora bialdu ditu
gaberako esne billa;
imajiña bat azaldu zaio
añ ederra ta umilla,
etxera juan da amari oska
aikiñ etorri dedilla.
3
Alabak amai esaten ziyon:
«Au eziñ al du ikusi?
Oso ederki jantziya dago
bere korona ta guzi».
«Ama Birjiña izango da ta
etzuaztela igesi!».
Belaunikatu lurrian eta
errezuan zian asi.
4
Aitak Jesusi iju in ziyon:
«Nere Jaungoiko prestua,
argitasun bat bialdu dezu,
etzaude gutzaz aztua;
neronek ez det ikusi baño
biyotza daukat poztua,
zerorren Ama izango dala
nik egin dedan juzkua».
5
Geoztik beste lagun batzuek
badirade ikusiyak,
aldi artara beiratzen dute
etortzen diran guziyak;
milagro aundiya izango dala
baditugu notiziyak,
izketan egon diradenari
adituta ikasiyak.
6
Sinistaturik nola dagoen
guretzat borondatian,
ejenplaria dator jendia
bire guziyak betian;
ataundar batek itz egiten du
egun bitatik batian,
iruritzen zait sartuko dala
zeruetako atian.
7
Imajiñ ori jantzi batekiñ
ikusi zuten lenago,
baño geroztik muatu ditu
beste bi-iru jenero;
ori beiñ bistan jarri zaionak,
ni enteratua nago,
berriz ikusi lezakiela
juaten bada egunero.
8
Geok ere guk toki artara
buelta bat egiñ genduan,
ango jenderik geientxuena
zegon sinismen senduan;
toki ori da Ezkio-mendin,
arbola biren onduan,
ainbeste jende izaten zanik
ez nuan uste munduan.
9
Mendi geiena betia zegon
emakumez ta gizonez,
negar-malkuak darizkiyela
errosaiua esanez;
arriturikan alkarri beira
ango seriyotasunez,
gaixto samarrak umildu ziran
naiz fede asko izan ez.
10
Elur-malua bezela dator
jendia arratsaldian,
estaziyotik Ormaiztegi'ra
Ezkiyo non dan galdian;
Zumarraga'tik automobillak
danak alkarren pelian,
orko kontuak aditu eta
zerbait ikusi zalian.
11
Ameriketatik abiyatuak
bai omen dia birian,
Ezkio'n dagon milagru ori
ikusitzeko idian;
ezkera noski surtan erreko
edo itoko urian,
zer izango dan iñork ez daki,
danak beldurrak aidian.
12
Kanta-paper au biar bezela
etzan erreza ditatzen,
saiatu biat fabori ori
ote genduken kitatzen,
Ama Birjiñai agur egiñaz
geren animak maitatzen;
aldez aurretik abisatu du
lenbailen presta gaitezen
Bertsolariya,
[1931-10-04]
|